Valle de Arce

Valle de Arce-Artzibar

Artzibartik barnako galtzada erromatarreko 26 kilometro zabaldu dira.

Etnografia, Berriak

Artzibartik barnako galtzada erromatarreko 26 kilometro zabaldu dira.
Artzibartik barnako galtzada erromatarreko 26 kilometro zabaldu dira.

Patricia Carballoren erreportajea, Diario de Noticiasen argitaratua.

Artzibarko Udalak ibilbidea egokitu du balizak eta panelak jarriz eta “app” bat sortu du.

Artzibarko Udaleko ordezkariek eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek Artzibartik barnako Pirinioko galtzada erromatarreko ibilbidea aurkeztu zuten Saraguetan. Ekitaldian honakoak ere egon ziren: Nieva Uriz, Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuko Produktu Turistikoen Garapeneko Ataleko teknikaria; Amaia Ekisoain, Cederna Garalur Elkarteko lehendakariordea, Cedernako bertze agente batzuk eta ondoko Udaletako agintariak.

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Luzaide, Orreaga, Auritz, Erroibar, Artzibar, Agoitz eta Longidako Udalen artean hitzarmena sinatu zuten galtzada erromatarra, haren aztarnategiak eta eskualdeko natur- eta kultur- ondarea balioan jartzeko.

“Gure arbasoen aztarnen bila urte anitz eman ondoren, 2011n miliario erromatarrak aurkitu genituen eta ikertzen hasi ginen, galtzada erromatarraren aztarnak izanen zirelakoan, eta 6 urte daramatzagu lan horretan” Juan  Mari Martínez Txoperena,  Aranzadiko kidea.

Aurkikuntza horien ondotik Campo Realetik (Zaragozako mugan) Donazaharreraino doan galtzada erromatarra identifikatu zuten eta sei miliario eta galtzadari zerbitzua ematen zioten aztarnategia batzuk kokatu zituzten, Zaldua eta Artzibarkoak nabarmenduz. “Kolegiata (Orreaga) baino gehiago ere bagara, ibar hauek ikuspegi zabalez eta sentimenduz begiratu behar dira. Galtzada balio erantsi handia da eta Artzibar mapan kokatzen laguntzen du”, zioen Juantxo Agirrek, Aranzadiko idazkariak. Hain zuzen ere, Artzibarko Udalak interes handia erakutsi du galtzada erromatarra sustatzeko, horren ezezaguna den bailara honen balioa nabarmenduz turismoa erakartzeko helburuarekin. “Sendotu nahi dugun proiektu bizia da eta gure asmoa da hurrengo urteetan jarraipena ematea”, zioen Javier Diezek, Artzibarko Udalaren zinegotziak.

BIDE ZABALA ETA ZELAIA

Bidea  Ekai-Longidatik sartzen da Pirinio aurreko eremuan, Artzibar zeharkatu eta Ibañetako lepotik Luzaideraino doa; aurten 26 kilometro egokitu ditu Artzibarko Udalak Landa Garapeneko Europako fondoei (FEADER) eta Cederna-Garalurreko agenteei esker.

Nattura Navarra enpresak garbiketaz eta seinalizazioaz arduratu da. Maiatzetik hona galtzadaren informazioa ematen duten 28 zutabe, 45 baliza eta hiru panel handi jarri dira, bai eta sei kartel informagarri ibarreko zenbait herritan eta app bat ere. Bideak sei metroko zabalera dauka, haren malda %6 baino gutxiagokoa da eta oinatz morez dago seinaleztatua, erromatarren garaian erabiltzen ziren kaliken (larruzko sandaliak) arrastoak irudikatuz.

“Saiatu gara galtzadaren ibilbidea jatorrizkoarekin bat egiten, kontuan hartuz zenbait zatik gaur egungo errepidea eta lur jabedunak zeharkatzen zituztela”, zioen Txoperenak, Artzibarko bizilagunen laguntza eskertzen zuen bidenabar.

Hau izan da egokitu den Pirinioko galtzada erromatarren lehenengo zatia, eta Erroibarren, Auritzen edo Orreagan ere lanei jarraipena ematea espero dute.

volver arriba