Ibarraren aurkezpena
ARTZIBAR, ATZENDUIBAR
Artzibar ibar atzendua da, Pirinio eta aurrepirinioaren artean dagoenez batetik bestera pasatzeko bidea da, eta, beharbada horregatik, bertan gelditu eta ezagutzeko denborarik ez dugu izaten.
Gizakia bertan bizi zeneko lehenengo testigantzak megalitoak dira. Berriki aurkitu izan dira erromatarren garaietako megalitoak, J.M. Martinez Txoperena ikertzaileari esker -Auritz-Agoitz galtzada, Artziko herrixka, historiaurreko La Peña eta Asnozko herrixkak…-, ibarreko historia aberastuz.
Geografikoki bi ibar daude, Irati eta Urrobi ibaiek sortuak, eta beste bat txikiagoa, Gurpegi ibaiarena; Amokain eta Galdurotz herrixkak Artzibarkoak izan ziren, nahiz eta mugetatik kanpo egon.
Iparraldean abeltzaintza, nekazaritza hegoaldean. Hori izan da, neurri handi batean, ibarreko historia ekonomikoa. Artzibar klima eta landaretza piriniotarra eta mediterraniarraren arteko trantsizio gunea da; muga Larrogain, Elke-Pausaran, Peñas Baxas eta Lareki mendiek osatzen duten irudizko lerroa izango litzateke, Zandueta-Uritz eta Artozki-Muniain artean. Lerro horren iparraldean abeltzaintza eta basogintza izango lirateke jarduera ekonomiko nagusiak, eta hegoaldean nekazaritza, horren barne zereal-landaketa eta ardogintza; bertan ekoiztu izan zen nafar txakoli gorria.
Almadiazainak Iratin, burdin eta kobrezko meatzaritza Orotz, Urrobi, Lusarretan…, ikazkinak, kuxetagileak, Nagoreko ilaginak, txokolategile zenbait… dirua ere ekoiztu egin zen, modu ez oso legezkoan, eta 80ko hamarkadan petrolio-prosprekzioak egin ziren Zazpe-Olorizgoitin.
Ibarreko komunikazio txarrek ez zuten bat ere lagundu eta industriarentzako traba izan ziren, Orotzen adibidez industria galdu zen: burdin eta paper-fabrikak… “El Irati” eta “Papelera Española” enpresak Iratiko sektorearentzako motorra izan ziren. Itoizko urtegia egin arte industria hidroelektriko inportantea zegoen: Iñarbe, Artozki eta Usozko zentralak, eta Orotzen zeuden beste hiruak ere.
Artzibar meategien ibarra izan bada ere, kultura, ondarea eta naturaren meategia ere bada, oraindik ikertzeko asko baitauka.
Biztanleria.
Emigrazioa etengabekoa izan da, batez ere XIX. mendeko erdialdetik; garai haietan populazio kopururik altuena eman zen ibarrean eta orduan gertatu zen emigraziorik garrantzizkoena. Gerra ondoren emigrazio masiboa gertatu zen Iruñera eta Iruñerrira, industrializazioa han garatzen ari zelako eta kualifikaziorik gabeko langileak behar zirelako.
Gure lehenengo estatistikak 1366koak dira. Garai haietan suen zenbaketa egiten zen, hau da, etxeen zenbaketaren antzeko zerbait. Su bakoitzeko 4’5-5 pertsona kalkulatu ohi zen, baina mendialdean portzentai hori zalantzazkoa da. Urte hartan Artzibarren 127 su zeuden, hots, gehienez ere 635 biztanle. 1553an 176 su eta 1819an 210.
Popuolazio kopururik altuena 1786ko datuek ematen dute, 1893 biztanle; 1858-60an, Orotz, Amokain eta Galdurotz ibarretik atera ziren eta kopurua 1627ra jaitsi zen. Hortik aitzina biztanle kopuraren jatsiera etengabekoa izan zen eta 1950-70eko hamarkadetan oso nabarmena izan zen, 1.053 biztanletik 320ra jaitsi baizen. Geroago Itoizko urtegia iritsiko zen…
Baina horretaz guztietaz web gunearen beste zati batean arituko gara.
Ongi etorriak izan. Gure web gune honetan Artzibarren oraindik gordeak dauden altxorrak aurkeztuko dizkizuegu, datu, testu, historia… eta irudien bitartez.
Ongi etorri!