Valle de Arce

Valle de Arce-Artzibar

Inauterietako ohiturak Artzibarren

Etnografia

Zarratrakoa, moxorroa, muxuzarkoa, muzizarkoa eta mozizarkoa ziren Artzibarko pertsonaiak.

Epifania eta Aste Santuaren artean ospatzen dira, batzuetan lehenago, eta bestetan, geroago; zenbaitetan, gazteek erabakita; eta finkoak baziren, gehienetan Aste Santu aitzineko egunetan.
Zenbait herritan, pertsonaia bat, animalia bat, izaten zen inauterietako ardatza. Konparaziora, “Hartza” Auritzen, ”Axeria” Luzaiden, baserrietan arrautzak lapurtzen zituena… eta beste toki batzuetan, aldiz, gaizkile bat, gaiztagin bat izaten zen, jendeak harrapatu, epaitu eta sutan hiltzen zuena. Halaxe izaten da Lantzen (Miel Otxin), Uztarrozen (Aitandi-txarko) eta abar. Inauteriak ostegun gizenetik hausterre eguneko (asteazkena) bezpera arte egiten ziren.
Ohiko usadioen artean, mozorro-jantziez gain, eskea egiten zen, eta horretarako, gazteek gerrena eramaten zuten, hau da, burdin luze bat, etxez etxe biltzen zituzten urdai edo xingar puskak eta txistorrak hartan sartzeko. Halaber, saskietan arrautzak biltzen zituzten, eta poltsaren batean, dirua.
Bidean aurkitzen zuten jende guztia zikintzen zuten lohiz edo gorozkiz, edota, Artzibarren bezala, urez, ardoz, irinez edo errautsez, eskura zegoen edozein gauza erabiliz. Halaber, lokatzetan blaitutako erratzak erabiltzen zituzten jendea jotzeko (Orbaizetan, kasu), edota zerri-maskuri edo zahatoekin (Auritz).

Artzibarren, egun nagusiak igandea eta asteartea izaten ziren. Honela dio Aranburuk:
“Zenbait herrik igandea baizik ez dute ospatzen, eta beste batzuek, aldiz, asteartea besterik ez. Lehenbizikoen artean, Imizkotz, Lusarreta, Artozki eta beste batzuk daude, eta bigarrenen artean, berriz, Nagore. Beste zenbaitetan, berriz, bi egun horietan ospatzen zituzten, eta ohikoa izaten zen igandean eskean aritzea, eta asteartean merendua antolatzea.”

Eskean zenbait kopla kantatzen ziren. Aranburuk gaztelaniazkoak eta euskarazkoak bildu zituen: «La patrona de esta casa es una santa mujer /pero más santa sería si nos daría de beber» (Azparren). Bertsoaren bukaera hauxe izan daiteke, «… si nos diera de comer», edo bestela, «…si nos diera un café».
Hiriberrin erran digute “txingar” urdaia dela, eta honetaz oroitzen dira: «riai talagarai txingar piskat ez eman nahi».

Arrietan, orduen kontrako zentzuan aritzen dira eskean, eta bi egunetan banaturik. Igandean goialdean, eta asteartean, herriaren behealdean. Batzuetan, ibilbidea aski luzea izaten da; adibidez, Artozkiko gazteak Ekizako baserriraino igotzen ziren, eta Gorraizkoak Lakaberaino iristen ziren”.

Inauteriak 1920ko hamarkadan hasi ziren galtzen, eta Francoren diktadura garaian, guztiz debekatu zituzten.

volver arriba