Valle de Arce

Valle de Arce-Artzibar

Errege egunaren bezperako ohiturak

Etnografia

Errege egunaren bezperako ohiturak
Errege egunaren bezperako ohiturak

Familia Errege Egunaren bezperako gauean elkartzen zen eta erregea hautatzen zuten, familia kideen artean. Hautaketa zoriz egiten zen, kartak erabiliz. Familia buruak edo adinez nagusienak kartak banatzen zituen, Jainkoa eta Ama Birjina ere sartuz, eta haientzako platerak jartzen ziren, egokitzen zitzaizkien kartak paratzeko. Zenbait familiatan aulkia ere jartzen zieten.

Kartak banatzean adina eta agintea hartzen ziren kontuan. Jainkoarekin hasi eta etxeko txikienarekin bukatzen zen. Ezpata erregea egokitzen zaionari errege izendatzen zuten.

Hautatutako erregeak txokolate jatera edo Errege eguneko gosarira gonbidatu behar zuen familia. Zenbaitetan postrea ordaintzera behartzen zuten. Hautatua Jainkoa edo Ama Birjina zenean, noski, ez zen aipatutakoa betetzen, eta zenbait herritan zozketa errepikatzen zuten. Eta izendatua txikiena zenean gurasoek ordaintzen zuten gonbidapena.

Erregea izendatu ondoren, leihoetara ateratzen ziren, haren aldeko oihuak eginez “fulano erregea”. Aldi berean joarez eta eltzeez asots handia egiten zen, eta, zenbaitetan, eskopetako tiroez lagunduta. Lusarretan erregeari oroitarazten zioten gonbidatu behar zituela, normalean txokolate libera izaten zen.

Herri horretan karguak urtean zehar irauten zuen, ohikoa izaten baitzen etxeetan sartzean erregea edo erreginaren baimena eskatzea. Ohiturak herri batetik bertzera aldatzen ziren, adibidez Lusarretan ohikoa zen karten banatzailea gazteena izatea, Hiriberrin urre-erregearen karta erabiltzen zuten erregea izendatzeko, eta Ekiza eta Gorraitzen, aldiz, urre-batekoa. Arrietan ez zuten Ama Birjina sartzen banaketan. Lakaben, familia gutxi zeudenez, guztiak etxe batean elkartzen ziren hautaketa egiteko.

Zenbait herritan ohitura honi txokolate-jan deitzen zioten (Ekiza) baina gehien zabaldu zena erregealdia zen.

Zintzarrotsak

Erregea aukeratu ondoren jendea leiho eta balkoietara ateratzen zen haren izena oihukatuz eta gero herriko karriketan barna ibiltzen ziren zintzarrak eta joareak joz. Zintzar handienak erabili ohi ziren. Zintzarrotsean hamasei urtetik beherakoek hartzen zuten parte.

Ohikoena zen herrian barna ibiltzea, baina zenbait kasutan ibilbide hori luzatzen zen, adibidez Elkoaz (Urraulgoiti) eta Artozkin, Ekizaraino iristen baitziren, herritik sei kilometrora, eta han jaten eta edaten ematen zieten.

Ez dago jantzi edo antzeko zerbait berezia jartzen zenaren testigantzarik.

volver arriba