Valle de Arce

Valle de Arce-Artzibar

Artzibarko eguberrietako ohiturak

Etnografia

Artzibarko eguberrietako ohiturak
Artzibarko eguberrietako ohiturak

Gabon gaua eta eguberria

Gabon gauaren egunean enbor bat edo bi jartzen ziren suaren erdian eta ahal zen denbora gehien iraunarazi behar zitzaien. Enbor horiek espresuki ekartzen ziren oihanetik, eta, diotenez, gizon bat baino gehiago behar zen sukalderaino eramateko (jasotako informazioaren arabera enbor bakoitzak ehun kilo inguru pisatzen zuen).

Enborrari ematen zitzaion izena aldatzen da herri batetik bertzera, Lusarretan bazterreko erraten zioten, baita txunbil edo zunbil ere. Hiriberrin bi izen erabiltzen ziren, enborraren arabera, sukil eta bazterreko. Gorraitzen beheko suari txakurtegi deitzen zioten. Enborra erre ondoren gelditzen zen ikatza arditegiaren atarian paratzen zen, piztiak izutzeko.

Ibarreko zenbait herritan, Saraguetan adibidez, enbor bat Jainkoari eta bertzea Ama Birjinari eskaintzen zieten.

Enborren iraunaldia ez zen berdina, Arrietan urte berria arte iraun behar zuen eta sukilaro deitzen zioten (irunarazteko hezea zegoenean mozten zuten) Hiriberrin Gabon Gauari sukilero eguna erraten zioten (Erroibarko Mezkiritzen subilero eguna). Azparrenen bi enbor jartzen zuten, txukilak, eta Errege Eguna arte iraun behar zuten. Sukilero eguneko ohitura zen afalondoan kartetan aritzea, musean, oilar-mezara joan arte eta haren ondoren urin-zopa hartzen zuten. Gabon gaueko postre tipikoa etxeko turroia izaten zen, eztiz eta intxaurrez egina.

Urtezaharra

Urtezaharraren edo urte berriaren ondotik sukaldeari erratza pasatu ondoren gari edo arto pikorrak agertzen baziren, urte berrian uzta ona izango zenaren seinale hartzen zen.

volver arriba