Artzibar eta bertako legezko eta ez legezko diru-lantegiak (Nagore)
Historia
Artzibar eta bertako diru-lantegiak Nagoren. (Testua eta hasierako irudiak Jose Etxegoien eta Gerardo Huarterenak)
Erdi Aroan Nagoren izaniko moneta lantegi baten zantzuak badira eta, ustez, hondar arkeologikoren bat edo beste ere bai. Egun arkeologia erabiltzerik ez dugula izanen ematen du. Izan ere, lantegi horren ustezko kokalekua Itoizko urtegiaren azpian baitago; beraz, ikerlariren batek susmo horiek baieztatuko dituen agiriren bat ateratzea espero dugu. XX. mendearen hasieran izan zela da dakiguna eta garaiko epaiketarik entzutetsuenetako batean burutu zena ez legezko diru lantegi bat izan zen. Nagoreko kazetari eta ikerlari Gerardo Huartek ikertu zituen prozedura hartako sumarioak eta auziaren gaineko liburu hagitz interesgarria argitaratu zuen 2011n. Berak laburtu du liburua lerro bakar batzuetan eta orain dela ia-ia 100 urte gertatutakoa irudikatzen lagunduko digu.
“BILLETES FALSOS EN NAVARRA (1917), CON EPICENTRO EN AOIZ Y NAGORE” lanaren edukia (Gerardo Huarte Ilarrazen testua).
“BILLETES FALSOS EN NAVARRA (1917), CON EPICENTRO EN AOIZ Y NAGORE” lanak 1917ko urtarrilean hasi eta 1919ko otsailean amaitu zen epaiketaren historia jasotzen du. 115 lekukok deklaratu zuten bertan eta guztia bi delituren jazarpenaren inguruan: billete faltsuak jaulkitzea (moneta faltsua eskuratu eta zirkulazioan jartzea) eta billeteak faltsutzen saiatzea. Sumario zabalaren instrukzioa amaitutakoan, epaimahaia zuten bi ahozko epaiketa egin ziren. Lehenbizikoan, 1918ko martxoaren 5a eta urriaren 7a bitartean egindakoan, auzipetutakoak errugabetzat jo zituzten; Iruñeko auzitegiak, ordea, erabaki hori baliogabetu egin zuen eta, aldi berean, beste epaimahai baten izendapena agindu. Ondorioz, bigarren epaiketa bat egin zitzaien 1919ko otsailaren 10a eta 14a bitartean eta bertan lau auzipetuak errudun deklaratu zituzten. Hari zegokion zigor epaia honako termino hauetan adierazi zuen epaimahaiak: billeteak faltsutzen saiatzeagatik, launa urte, bina hilabete eta egun bana kartzela zigor zentzagarria lau auzipetuei (Faustino Lizasoain -49 urtekoa, Agoizko medikua- ; Manuel Balmaña -45 urtekoa, upelgilea, Zaragozako Magallon herriko semea eta Bartzelonan bizi zena-, Domingo Giol -32 urtekoa, grabatzailea, Bartzelonako semea eta bertan bizi zena- eta Enrique Velandia -25 urtekoa, iruindarra eta familia Iruñean inprenta baten jabe zuena-) eta 100 pezetako billete faltsuak jaulkitzeagatik, 14 urte, zortzi hilabete eta egun bateko kartzela zigor mugatura, zigorra bete bitartean zegozkien debeku zibiletara eta biziarteko inhabilitaziora, bi lehenbizikoak (Lizasoain eta Balmaña). Lizasoainek eta Balmañak indultua jaso zuten 1921ean eta 1924an, hurrenez hurren. Beste bi zigortuek 1919an lortu zuten barkamena.
Aipaturiko Faustino Lizasoainek eta Nagoreko bizilagun Policarpo Sagastik sortu zuten auzi hau. Sagasti -51 urtekoa 1917an eta herriko alkate garai hartan- ez zuten epaitu, urte hartan Argentinara joan baitzen ihesi eta 1919aren amaieran bertan hil. Ostatu baten jabe zen eta kontrabandoan ere aritzen zen. Nabarmenak ziren haren buru azkarra eta bidaiatzeko erraztasuna. Izan ere, oraindik alkate ere izan gabe, Nagorera argia ekartzea “ PapeleraEspañola”rekin negoziatzeko mandataria izan zen, Nicomedes Minondo idazkariarekin batera. Eta haiei agindutako zeregina ezin hobeki bete zuten, Nagorera argia iritsi egin baitzen, 1913ko abuztuaren 9ko gauean. Policarpo billeteak Nagoren faltsutzen saiatu zen, nahiz eta liburuaren egilearen iritziz, han ez zegoen behar adina baliabide, ez material aldetik eta ez giza baliabideen aldetik asmo hura arrakastaz gauzatzeko.
Hau guztia 1917aren amaiera aldera hasi zen. Jakin zen, Agoitzen, 100 pezetako billete faltsuen trafikoa zegoela, Espainiako Bankuak 1906ko ekainaren 30ean jaulkitakoen irudira egindakoak, hain zuzen. Gertaera haren ondorioz, Agoizko Lehen Auzialdiko epaileak sumarioa jarri zuen abian berehalakoan, eta hura izugarri handia izan zen, ikerketa ez baitzen Agoitzera mugatu, beste leku askotara ere iritsi baitzen, hala nola, Nagorera, Arizkurena eta Azparrena (Artzeibarreko herriak), Iruñera, Urrotza, Urotza (Lizoainibar), Zangozara, Napala (Erromantzatua), Nardozera (Urraulbeiti), Aezkoara, Bartzelonara, Madrila, Donostiara, Santanderra, Gasteiza…
(Huarte, 2011) liburutik hartutako irudia.
Aipaturiko toki batean baino gehiagotan ez zen inolako zantzurik agertu. Horrela, instrukzio- epaileak Aezkoa Ibarreko udal epaileei erregua helarazi zien, “iazko (1917. urtea) urtarrilaren 28a baino geroago (Untzitibarren) norbaiti buruzko informazioa jasotzeko, 2.000 pezetako ahari kontua jaso zuen, 1906ko ekaineko jaulkipeneko 100 pezetako zazpi billete faltsu eman omen zizkioten eta. Eta Aezkoako udalerrietako udal- epaileek ez zekitela deus erantzun omen zioten. Ez ditugu aipatuko Agoizko dendetan barna ibilitako billete faltsuak. Adibide ugari dago. Nabarmenduko dugu bai, Nagoren, 100 pezetako bi billete faltsu agertu zirela, bata kontzejuan, tabernako maizterrak emandakoa. Dena dela,billetearen ezaugarrien berririk ez zuen jabeak, eta bestea, zorroztaile galego baten eskuetan, eta Sagastiren ostatuan jaso zuela adierazi zuen.
Lehenago azaldu dugun bezala, auzi judizial honek adar ugari izan zituen eta aipatzekoak dira honakoak: Agoizko gazte batek Iruñeko Bearan etxean ordainketa bat egin zuen eta ohartarazi zuen billete bat faltsua izan zitekeela (eta hala izan zen). Antzeko zerbait gertatu zen Zangozako bizilagun batekin, Iruñeko Quintana hotelean, Gazteluko plazan, Txoko eta Casino Eslava tabernen artean zegoenean, eta behin baino gehiagotan, Ernest Hemingway Literatura Nobel Sariaren ostatu izandakoan; antza denez, ordaintzean, hark ere billete faltsu bat erabili zuen. Eta bukatzeko, Arizkungo bizilagun Apolinario Zazpe gogoratu behar dugu, honakoa adierazi baitzuen, Urrozko ferian bi bildots saldu zituela 46 pezetan eta erosleak 100 pezetako billetea eman ziola (1917 urtea); baina diru xeherik ezean, Agoizko ganaduzale Salvador Machicot-en harategira jo behar izan zuela diru eske eta hark hartu egin ziola billetea; eta faltsua zela jakitean erre egin zuela. Eta azken aipamen bat Azparrengo bizilagun Fermin Iturrirena: hark, 1917ko otsailean, pegar bat pattar erosi zuen Agoitzen billete faltsua erabilita, hala esan zuen behintzat Agoizko bizilagun Luis Orbaizek. Azparrengo biztanleak, inon den borondaterik onenaz, billetearen jatorriaren inguruko uste batzuk azaldu zituen, baina ezin izan ziren probatu, ordea.