Industria hidroelektrikoa
Ohiko ekonomia
INDUSTRIA HIDROELEKTRIKOA. (Testua eta hasierako irudiak: Jose Etxegoien)
Irati Nafarroako ibai nagusia izan da ekoizpen hidroelektrikoan, orain arloa gainbehera etorri bada ere, hainbat zentral desagertu ondoren. 2013ko urrian, presaren oinetan, Itoizko zentral hidroelektriko berria inauguratu zen, eta prentsaren arabera, 7.000 kw sortzen ditu orduko; hau da, Itoizko urtegiarekin desagertu diren lau zentralek gutxi gorabehera ekoiztutakoa hainbat (6.100 kw/h).
Irati ibaiko industria hidroelektrikoa erabat ahaztu da. Azpiegituraren zati handi bat desagertu da edo Itoizko urtegiarekin erabiltezin gelditu da. Zentralak, urtegi txikiak, ubideak…. Duela urte gutxi Penintsulako industria ondare eta arkeologiaren laginik onenetakoen artean sailkatu zen.
Gaur egun, inor ere ez da txosten haiez oroitzen, gehiena desagertua baitago. Halaber, azpimarratu behar da zentral horiek eragin ekonomiko apala izan zutela eskualdean. Duela 100 urteko akordioak zaharkituak gelditu ziren laster. Egia da bere garaian lanpostu batzuk sortu zirela, baina era berean erran behar da ehun urtean enpresa hidroelektrikoek izugarrizko irabaziak eskuratu dituztela, eta gaur egun, hein batean mantentzen dute, eta herrietara irabaziaren % 1 ere ez da iristen.
Bitxia bada ere, gaur egun jende guztiak ekoizpen elektrikorako errotak nahi ditu, udalerrietan dirua uzten dutelako, baina hidroelektrizitateari dagokionez, duela 100 urtetik gorako lege eta akordioak daude indarrean, eta horrek ez du herrietan etekinik uzten.
Ziurrenera zentrala Artozkira itzultzeko tenorea da, edo zen. Baina enpresak jada enpresa elektrikoari ordaindu zion.
Non dago itzulera hori, eta non dago herriarendako eta auzokideendako ordainketa?
Inork erreklamatuko al du? Arrain handiak arrain txikia jan du.
Zentral hidroelektrikoak.
Leoncio Urabayenen gaineko liburuan idatzitako kronologia ekarriko dugu lerrootara, Irati ibaiko ekoizpen hidroelektrikoaz, zuzenean Artzibarri eta Aezkoari eragiten ziona:
“Ura eta elektrizitatea. Urte gutxitan, Irati ibaian makina bat zentral sortu ziren bata bestearen atzetik, oihanetik Agoitzeraino; aldi behin, potentzia handitzen zitzaien, eta Nafarroarako elektrizitatea sortzen zuten, bai eta Errenteriako paper-lantegirako ere.
1901ean, “Electra Irati” sortu zen, Orozko “Irati” zentral hidroelektrikoarekin, garai artako informazioen arabera. Europako bigarrena izan zen boltaje handia erabiltzen, 20.000 volt.
1902ean, Agoizko zentrala egin zen, 1910ean handitua, bai eta Iñarbekoa ere.
1906an, Artozkikoa, eta handik urtebetera, “El Irati SA” enpresa sortu zen, Papelera Españolarekin batera ingurua kontrolatuko zuena.
1914an, su handi batek Orozko zentrala erre zuen.
1921ean Irabiako urtegia eraikitzeko lanak hasi ziren, eta 1923an, Orozko zentrala berriz ere lanean hasi zen, baina handiagoa.
1932an, Usozko presa eta zentrala inauguratu ziren. 1943-1947 artean, Irabia handitu zen, eta horma oineko zentrala eraiki zen, bai eta Betolegikoa ere.
Azken zentralak zortzi urte baizik ez du, Olaldeako bigarrena, turbina bertikalak dituena. 1955etik aurrera, “El Irati” enpresaren sektore elektrikoa Iberdueroren filiala izan zen, eta 1986an Fensarekin batu zen. Gaur egun, Accionaren eskuetan dago gure inguruko ia azpiegitura guztia. Hona hemen zentralak, laburbildurik, 2007ko datuen arabera.
Izena |
Dermioa |
Potentzia (kw) |
Oharrak
|
Irabia | Aezkoa-Irati | 950 | |
Betolegi | Orbara | 2.900 | |
Olaldea II | Olaldea (Orotz Betelu) | 760 | |
Olaldea I | Olaldea (Orotz Betelu) | 3.200 | |
Irati | Orotz Betelu | 2.100 | |
Iñarbe | Orotz Betelu | 1.272 | Itoizko presarekin desagertua |
Artozki | Artozki | 1.280 | Itoizko presarekin desagertua |
Usotz | Gazteluko arroila | 800 | Itoizko presarekin desagertua |
Agoitz | Agoitz | 2.724 | Erabilgaitza |