Valle de Arce

Valle de Arce-Artzibar

Oihan ustiapena: almadiak eta enborrak errekatzea.

Ohiko ekonomia, Historia

Oihan ustiapena: almadiak eta enborrak errekatzea.
Oihan ustiapena: almadiak eta enborrak errekatzea.

OIHAN USTIAPENA: ALMADIAK ETA ENBORRAK ERREKATZEA. (Testugilea eta hasierako irudiak: Jose Etxegoien)

1990-irati almadia 01

Almadiak Irati ibaian. (Argazki birmoldatua)

(Pirinioetako ibaiei buruz). Ikusi dugu ibar bakoitzak bere ibaia duela, eta ibai bakoitzak bere uhaldi garaia. Ur-goraldirik iraunkorrena elur urtzeak eragindakoa izaten da, apiriletik agorrilera. Orduan, Pirinioetako ibai nagusiak enborrez beterik ageri dira, halako baltsa bat edo almadiak osatuta, han erraten zaien bezala, 6nakoak, 12nakoak, 20nakoak, eta are gehiagokoak ere, enborren diametroaren eta luzeraren arabera, edo haien pisuaren arabera, eta era berean, herriaren, eta uren zabaleraren, urlasterraren eta ugaritasunaren arabera; eta ziztuan jaisten dira Tortosara eta Mediterraneora, haietako bakoitza 2 edo 3 gizonek gidatua, zeinek behin baino gehiagotan beren lasaitasuna probatzen dute nabigazio guztiz berezi horretan. Oro har, Ebrora jaisten diren enborrek beren neurri ezagunak dituzte (ez, ordea, masteria hidraulikorako erabiltzen direnak, zeren neurrira egiten baitira, eta bereiz gidatzen dira). Batzuk 20 kuart eta erdi dira diametroan; bertzeak, 24, eta dagokion lodia; bertze batzuk, 30, 40, 60 , bai eta 80 ere. Gehienbat, zur ori guztia pinua da. Itsasontziko masta batzuk 150 oin adina artekoak dira, eta horretarako ere ez dira zuhaitzik handienak aukeratzen, baizik eta zuzen-zuzenak izateaz gain, gazte mardulak ere badirenak. Batzuek eta bertzeek arras ongi landuak jaisten dira mendietatik.

Madoz entziklopedia. 1850

 

Artzibarren ere ibaian beheiti garraiatu da zura, baina itxuraz Iratin baizik ez. Lehenbizi, almadiak izan ziren, eta gero, 1910eko hamarkadatik aitzina, errekatzaileen teknikari jarraiki, enbor solteak, 50-60 urteetara arte, zura kamioiz garraiatzea merkeagoa baitzen. Ez dago daturik Urrobi erabili ote den zura garraiatzeko. Ur gutxi baitakar, eta bide erdian desagertu egiten da; beraz, ez zen gauza egokia izanen.

Gure inguruko almadiei buruzko aipamen idatzia 1389koa da, agiriak baitio Iratin beheiti zura garraiatzen dela Tuterako gaztelurako. Ondoren, badugu 1587ko berri bat, Zaraitzun, itsas armada espainiarrak 1.040 arraun enkargatu baitzizkion Zaraitzuri, eta baliteke horiek guztiak Iratin barrena eraman izana. Baina datu bakanak dira, jarraipenik gabeak, XVIII. mendera arte. Mende horretara arte, Ansoko eta Hechoko jendea arduratu zen almadiak gidatzeaz, baina gorabeherak izaten ziren, haien ibaiak Aragoira isurtzen baitziren, eta Nafarroatik igaro behar zuten. Herriak zeharkatzean, bidesariak ordaindu behar izaten zituzten, eta horrek ika-mikak sortzen zituen, eta herriek behin eta berriz erreklamazioak egiten zituzten, enborrek presa eta zubietan eragiten zituzten kalteengatik.

XVIII. mendearen hasieran, itsas armada espainiarrak Erronkariko, Zaraitzuko eta Aezkoako izeidiak eta pagadiak jo zituen begiz; agiri batek Erronkariko ustiapenari buruzko albistea dakar (1697), edota Ibar horrekin ustiapen kontratu bat egin zela (1706). Gero, 1770eko hamarkadan, Pedro Vicente Gambra erronkariarrak bere Ibarrean oihangintza bultzatu zuen erabat.

almadiak artozki 01

Artozkiko idazkia, 1746. (Labeagaren liburutik hartua, 1992)

Almadiek eta zuraren jabeek izaten zituzten arazoen artean, bat-bateko uhaldiak zeuden; hau da, urak ustekabean igo, eta erreka bazterrean prestaturik zeuden enborrak eramaten zituzten, eta are gehiago, eginak zeuden almadia batzuk bideak suntsitzen ziren. Enbor lotu gabeek ibaian beheiti segitzen zuten, eta ibai bazterreko herrietako auzokideek berentzat hartu eta baliatzen zituzten. Jabe batzuek, enborrak galtzekotan, monasterioei ematen zizkieten. Horrela, Artozkiko auzokide Juatxin Aranakoak honako dohaintza hau eman zion Zangozako Karmeliten monasterioari, hots, bere jabetza markarekin (A formako marrazkia) agertzen ziren enbor guztiak:

“1746ko abenduaren 29an, Artozkin bizi den Juatxin Aranakoa komentura ailegatu baitzen, eta limosnatako eman zituen Irunberriko zubitik beheiti bere markarekin igarotzen ziren bere enbor guztiak […],  Frantziako dermioetan moztu ohi duten gainerako fabrikatzaileengandik ahalmena duten gisan”.

XVIII. eta XIX. mendeetan, Orotz eta Artozkiko enpresaburu txiki batzuk agertu, eta zura ustiatzen eta almadiatan garraiatzen aritu ziren. Zangozako bidesariaren zerrenda batean (almadien pasaerari buruzkoa, 1819), honako izen hauek ageri dira (data parentesi artean eman dugu): “(1819-II-22) Fernando Elizondo de Oroz 300 tablas pagó… (IV-26) Bautista Bidondo de Oroz 200 tablas pagó… (IV-26) Martín Legumberri de Oroz 200 tablas pagó… (V-25) Fernando Elizondo de Oroz 300 tablas pagó… (V-25) José Barceló de Oroz 250 tablas pagó… (VI-22) Bautista Bidondo de Oroz 150 tablas pagó… (VI-22) Juan Legumberri de Oroz 150 tablas pagó…”. (Carasatorre: http://documentanavarra.blogspot.com.es/).

1779an, Plácido Correa militarrak Iratiko Oihana ustiatzeko plana jarri zuen abian, itsas armadarako. Correak hainbat teknikari deitu zituen, eta haien artean,  Pedro Vicente Gambra erronkariarra nabarmendu zen. Honatx 1795eko txostena:

“en el año de mil setecientos setenta y dos empezó a ensayarse por especulación en el corte y transporte de maderas por agua desde aquellos montes, a las Fábricas de Navarra, Aragón y su Canal Ymperial. En el de mil setecientos setenta y nueve acompaño a Don Plácido Correa, comisionado por SM., en el reconocimiento que hizo del río Yrati para la conducción por él, hasta Tortosa, de mástiles y otras piezas para la Real Armada y Astillero de Cartagena y Mahón. Tomando a su cargo por contrata la apertura y cauces de los ríos, formación de puestos, rampas, presas y exclusas, como otras obras desconocidas hasta entonces en el Reyno y que dio concluidas en mil setecientos ochenta y uno […] Concluidas felizmente hizo montar y echar al agua las tres primeras almadias que condujo por si, acreditando prácticamente el cumplimiento de la obligación que contrató, como la solidez y satisfacción que tenía de sus obras”.

Almadiak AEguna 2009

Almadiak Irati ibaian, Aribe, Aezkoa. (Aezkoako Eguna – 2009)

Haren asmoetako bat zen Irati Agoitzeraino nabigagarria izatea, eta horretarako, ibaia Orbaizetan, Orotzen, Artozkin… mehartzen zuten haitzak hautsi behar ziren, eta almadiendako pasaguneak egin Aezkoa, Artzibar, Longida eta Urraulbeitiko errotetako presetan; eta Agoitz herrian. Artzibarren,  Olaldeako, Artozkiko eta Otsako presak zeuden. Almadiendako pasaguneek 13 oin izan behar zituzten zabaleran (3’38 m inguru.). Eran dezagun Orotzen presetako pasagune horri “pasalis” erraten zitzaiola. Herrietan, ordea, laster kontra eta kexaka hasi ziren, asmo horrek ekar zitzakeen kalteengatik: ur gutxiago errotetako presetan, kalteak alorretan haitzak lehertzean …

Almadia kopuruak goiti egin zuen, eta horrekin batera, kalteak eta kexak ere bai. Horrela, 1782ko urtarrilaren 4an, aetzak Ibarreko Etxean batzartu ziren Ariben, kalteen gainean elekatzeko eta ordezkariak igortzeko. Urtarrilaren 6an, Artzibar eta Longidakoak Agoitzen bildu, eta Otsako ordezkariak erran zuen kalte larriak zituela errotako presan, alde batean almadiendako pasagune bat ireki zelako. Gero, Zangozan ordezkari guztiak bildu ziren. Ibarretakoak apezekin jaitsi ziren, itzultzaile lanetan ari zitezen, zangozarrek ez baitakie euskaraz, eta Aezkoako eta Artzibarko erregidoreek, orokorrean, ez baitakite bertze hizkuntzarik.

Agorrilean txosten bateratua taxutu zuten erregearentzat, zubi eta presetan gertaturiko arazo guztiak zehatz-mehatz azalduta. Otsa-Osa errotazain Manuel Pintadok 1782ko uztailean adierazi zuen, presan almadiendako pasagunea ireki ondoren, ez duela urik ezta neguan ere, ur aunitz galtzen baita. Bezeroek aunitz denboraz egon behar dute, eta irinaren kalitatea ez da ona, errotarriek ezin dutelako zahia deskargatu, ez baitago behar aski urik. Erran zuen, halaber, jada ez direla joaten errotara Artozkiko auzokide bat eta Orbaizko bi; eta obra egin badute ere, urari indar handiagoa emateko (oin eta erdi jauzi handiagoa), arazoak bere horretan dirau. Gehitu zuen berriz ere ireki beharko litzatekeela Ezkaiko ibaiertzaren aldean egindako lehen pasagunea, ur gutxiago galtzen baitzen. Merkea izanen zela, eta ibaiaren zoko batean osatzen den uharte bat bakarrik kendu behako litzatekeela.

1790ean, Diputazioak ibai bazterreko herriak ohartarazi zituen, ez hartzeko Estatuaren jabetzapeko enbor solte eta markaturik:

“En el tiempo sucesivo puede acontecer que las crecidas o riadas, extraigan de dicho real Monte de Irati algunas porciones de maderas y, para precaver de todo perjuicio a la Real hacienda se apropiasen de aquellas los vecinos, habitantes y moradores de dichos lugares […] Lugares e interesados a quienes conviene se pase cualquiera providencia general que se sirviese tomar el Tribunal de la Cámara de Comptos relativa a el tránsito y seguridad de las Armadías del Rey: Roncesvalles, Orbaiceta, Villanueva, Arive, Garralda, Ferrería de Oroz, Muniain, Artozqui, Osa, Górriz, Ezcay, Aoiz, Artieda, Artajo, Lumbier, Liédena, Sangüesa, Cáseda, Galipienzo, Ujué, Murillo el Fruto, La Oliva, Carcastillo, Santacara, Mélida, Caparroso, Milagro, Villafranca, Marcilla, Alfaro, Valtierra, Arguedas, Tudela. […] Visto, se manda que los lugares que están a las dos márgenes de los ríos por donde se conducen las almadías y constan de la nota adjunta, que sean dueños de presas, tengan estas desembarazadas en la forma prevenida, de modo que no cause embarazo ni detrimento a los Armadieros, y que las respectivas justicias las den todo auxilio, y celen que por persona alguna no extrañen ni oculten efecto alguno perteneciente a la Real Hacienda…”

1806ko Errege Agindu batek pasaeraren doakotasuna eta kalteen ordainketa arautu zituen, eta agintariak agindu haren bidez saiatu ziren herrien kexak kontrolatzen, presa eta zubietan gertaturiko kalteengatik, eta almadiazainen kexak ere, herriek kobratzen zituzten bidesariengatik. Arazoek, ordea, bere horretan iraun zuten, almadiakari otsagiar bati 1825ean gertatu zitzaion bezala. Iratiko zura erosi zioten, Alloko eliza konpontzeko, baina almadietan egindako bidaian ez zuen bidesaririk ordain behar izan Aezkoa eta Artzibarko herrietan, ezta Zangozan ere. Iruñetik herri guztiei agindua eman zitzaien, bidesariak edo “gabelak” itzultzeko, eta bakarrik salatu eta kobratu ahal izanen dituztela, ibaiko presetan eta zubietan kalteak gertatzen badira.

Irati, almadia-ibai. Ibaiari ere horrela erran izan zaio. Honatx zer idatzi zuen Ramírez Arcas jaunak 1848an: “Irati. Ibaia bere izeneko mendi eta oihan garaietan sortzen da, Pirinioetako hegoaldean, eta Aezkoako iparraldera erortzen dira […] Emaritsu samarra da, eta hartatik garraiatzen dira bere izeneko oihaneko zurak, eta mastatarako baliatzen dira, eta arras ugaria da amuarrain goxoetan eta bertze arrain batzuetan.”  Halaber, 185eko hiztegian, almadiazainak ageri dira aipaturik. Artzibartik bereizi eta gutxira, Orotzi buruz erran zen egur ikatza egiten dutela burdinolarako, eta “haritzezko oholak egiten dituztela upeletarako, eta Iratin barrena gidatzen dituztela Ebroraino, eta Ebron beheiti Tutera eta Aragoiraino”. Eta Azparrenen, “eraikuntzako zurak mozten dituzte, Iratin barrena hainbat tokitara garraiatzen dituztenak”.

XIX. mendean barrena, gerrek gorabehera aunitz eraginda ere, almadien jaitsierak iraun egin zuen. Honatx 1891ko albiste bat, almadiakari bat Irati ibaian hil zela: “Agoizko Guardia Zibilak (Nafarroa) aditzera eman du Irati ibaian eta Orotz Beteluko dermioan Matías Villanueva almadiazainaren gorpua agertu dela, aipatu herriko auzokidea, urlasterrak eraman baitzuen hil honetako 9an, goizean, almadia bat gidatzen ari zela”

Olaldea. Presa eta pasalis

Olaldea. Harri landuaz egindako presa ederra, eta atzeko aldean almadientzako pasabidea, “pasalís” deitua.

XX. mendea

“Istripua Irati ibaiak. Bi lagun itorik. Zangozatik istripu larri baten berri eman diote gobernu zibilari, Irati ibaian gertatua. Probintzia honetan ohituran den bezala, 14 gizabanako abiatu ziren aipatu herritik zurak gidatzeko, zurez osaturiko zazpi almadiatan nabigatzeko. Irunberritik hurbil dagoen zubi baten azpitik igarotzean, ibaiaren bat-bateko uhaldiak harrapatu zituen, urek almadiak hondoratu, eta gizonak uretara erori ziren. Horietariko bi, Domingo Maiz eta Simón Elizalde, larri-larri atera zituzten ibaitik. Ezbeharrak eskualdeko jendea hunkitu du.”

El Imparcial, 1902-XII-7

“Eusebio Yáñez izeneko gizon bat itota hil zen, Irati ibaian zurak zeramatzala.”

El Imparcial, 27-I-1910

 

Mende berrian, almadiazainen arazoak hasi ziren, lurreko komunikazioak hobetzearekin batera: errepideak, Iruñea eta Zangoza arteko Irati trena… 36ko gerraren ondotik, gorantz egin zuen pixka bat, erregai gutxi zegoelako, baina Esako urtegia eraiki eta zabaltzearen ondorioz, bukatu egin zen 1952an ibarrotako lanbide gogorra. Mende hasierara itzulita, erran dezagun El Irati, enpresak iraultza ekarri zuela oihangintzara: lantegiak, azpiegiturak, oihan ustiapenak izugarri egin zuen gora hala Iratiko oihanean nola inguruko bertze oihan batzuetan.

1910eko urteetan, El Irati enpresak Amerikatik ekarri zuen enbor solteak ibaian beheiti errekatzaileek lagunduta jaisteko teknika; teknika azkarragoa eta arriskutsuagoa almadiak baino. Hala ere, ordura arte, almadia trafikoak bereari eutsi zion. Toki beltzak ere baziren, eta haietan, almadiazain batzuk hil ziren. Urabayenek, 1916an, toki beltz horietako batez idatzi zuen:  Ferretazulo, hots, Arrigorri azpiko ur-jauzi txiki bat, Ariztokian:

“Olaldeatik goiti, Aribeko dermioan, maila ikaragarri horietako bat dago: Ferretazulo erraten zaio, eta metro eta erdi inguruko altuera du. Han, hainbat almadiazain hil dira. Bertze pasabide gaitz batzuk mendi-zintzurrak dira […]; Iratik ibaiko arriskutsuena Orotz Betelutik eta paper-lantegiaren artekoa da; hartan badira harri handi aunitz erorita, urlasterra izugarria da, eta bihurguneak, azkar-azkarrak.  Almadietan, pinuak Castejoneraino iristen dira, eta haritza eta izeia, berriz, Agoitzeraino, eta gero, trenbidez garraiatzen dituzte helmugaraino. Zura almadien bidez garraiatzea garrantzia galtzen ari da, zeren mendi haiek ustiatzeko bi sozietateek ez baitituzte behar almadiak osatzeko moduko atalak.”

Ez dago langile zerrendarik, baina aetzek eta Irati aldeko artzibarrek lanbide horietan lan egin zuten, bai almadiazain, bai errekatzaile. Bukatze aldera, Agoizko José Amichis jaunak honela deskribatu zituen errekatzaileak (Gutiérrez, 1989):

“Pikatzaileek beren pika luze kakodunak eramaten dituzte soinean. Ia militarki osatuak, paper-lantegi izaniko eraikin zaharrerantz joko dute, eta han, suaren inguruan, arropak lehortuko dituzte. Lehortuta edo erdi lehortuta, erdian arrantxoa jartzen dute… Otordua bukatuta, nor bere etzalekuan sartzen da biharamunera arte; behin jaikita, berriz ere ibaira joanen dira zura gidatzera, larruzko zamarra eta kapela jantzita, eta pika soin gainean. Gogor lan egiten dute, oinetan espartinak lotuta, eta ura beti gorputz erdiraino, baita neguan ere.”

Autopista eta hegazkin aro honetan, interesgarria da iraganeko garraiobideak gogora ekartzea, gure arbasoek egiten zuten lan nekosoa aintzat hartzeko. Ibaiak, beraz, almadiazainen ur-errepideak izan ziren, azkarrak, baina arriskutsuak bezain gogorrak. Enborrak elkarri lotu eta hainbat tartez osaturiko baltsak egiten zituzten, gobernatzeko zailak; eta lan nekoso eta latzaren ondotik, beti bustirik, Zaragozara edo Tortosaraino iristen ziren. Itzulbidea, nola ez, zangoen gainean egiten zuten.

volver arriba