Euskalerriko itzulia Artzibarren
Historia
Jose Mari Apaolazaren kolaborazioa
Euskalerriko Txirrindulari Itzulia 1924an sortu zen, EXCELSIOR kirol-egunariaren ekimenez.
Excelsior zen Espainiako estatuko lehendabiziko kirol egunerokoa eta Jacinto Mikelarena zen zuzendaria. Bere eta Villalongako kontearen eskutik abiarazi zuten Euskalerriko Itzulia.
Excelsiorrek 20mila ale banatzen zituen egunero eta lau lagunek osatzen zuten erredakzioa, Bilboko erdigunean.
Itzuliaren lehendabiziko bi ekitalditan (1924an eta 1925ean) hiru etapa osatu ziren, eta bi ekitalditan ibilbidea berdina izan zen (Bilbo-Iruñea; Iruñea-Donostia eta Donostia-Bilbo).
Bigarren etapa izan ohi zen luzeena (270 km) eta bera zen Artzibarretik pasatzen zena. Agoitzitik iparralderuntz egiten zuten, Artzibar alderik alde pasa eta Ibañetako gainetik Ipar Euskalerrira. Iruñea-Donostia etapa honetan txirrindulariek Garazi, Maule eta Baiona pasatzen zituzten. Helmuga Kursaal etorbidean egoten zen Donostian, orduan ospe handikoa zen kasinoaren pare parean. Aipatzekoa da 1925eko etapa hau dela Itzuliaren historian iraupen handiena izan duena: Felix Sellier belgikarrak hamar ordu eta berrogeita bi minutu (!!!!!!) behar izan zituen.
Lehen ekitaldian berriz, 1924an, Henri Pellisier frantziarrak irabazi zuen bigarren etapa hau (lehen Itzuli hura Francis bere anaiak irabazi zuen).
Euskalerriko Itzulia 1924ko abuztuaren 8an pasa zen lehendabiziko aldiz Artzibartik.
Orduko egunkarietan Nagoreko harroilaren edertasuna goraipatzen dute: “freskura nabaritzen da inguru eder hartan”. Gogoan izan behar da lehendabiziko Itzuli haiek abuztuan jokatu ohi zirela.
Lehendabiziko bi ekitaldi haien ondoren ere Itzuliak Artzibartik pasatzen segitu zuen. Hala izan zen 1926, 1927 eta 1928an ere. Hiru etapatik laurako pausoa emana zuten antolatzaileek baina Artzibartik pasatzen zen honek segitzen zuen Itzuliko luzeena izaten. 1926an Julien Delbeque belgikarra nagusitu zen, 1927an Victor Fontan frantziarra (Itzulia berak irabazi zuen) eta 1928an Andre Leducq frantziarra.
Ondorengo bi ediziotan (1929an eta 1930an) Itzulia ez zen Artzibartik pasa. Bi urte horietan Iruñea-Baiona izan zen etapa eta Iparraldera Belate eta Izpegi mendateak pasa ondoren iritsi ziren.
1930etik 1935era ez zen Itzulirik egin, hainbat arrazoi tarteko. Baina izan zen Artzibartik pasatu zen azkeneko aldi bat Gerra Zibila lehertu aurretik. 1935ean izan zen.
Iruñea-Baiona izan zen etapa, 213 kilometrokoa, Agoitzetik barrena ARTZIBAR hegoaldetik iparraldera pasatu zuena. Gino Bartali mitikoak irabazi zuen etapa hura eta saioaren bataz bestekoa, orduko 28 kilometro eta 589 metrokoa izan zen.
zp style=”clear:both”>Itzulia Artzibartik pasatu zen sei ekitaldi hauetan, Agoitz ibilbide-orriko 28garren kilometroan ageri da eta Auritz-Burgete 54garrenean. Tartean beraz, Artzibarren barrena, goi goi mailako txirrindularitza.