ARTZIBAR: NOIZ SORTUA. LEHEN DATUAK.
Historia
LEHEN DATUAK. SORRERA. ADMINISTRAZIOAREN HISTORIA.
El meu país és tan petit
Que sempre cap dintre del cor si és que la vida et porta lluny d’aqui i ens fem contrabandistes, mentre no descobreixin detectors pels secrets del cor. I és aixi, com m’agrada a mi I no en sabria dir res més. Canto i sempre em sabré Malait d’amor pel meu pais. |
Ene sorterri ttipia
bihotz barnean sartzen da, bizitzak hemendik urrun bazaramatza, eta kontrabandista bihurtzen bagara, bihotz barneko sekretuak atzemateko gailuak asmatzen ez dituzten bitartean. Eta horrela, horrelaxe dut gustuko, eta ezingo nuke jakin deus gehiago erantsi. Kantuan nabil, eta beti egonen naiz ene herriarenganako amodioak jota. |
Lluis Llach, musikari eta poeta katalana
Gaur egun, ez dakigu noiz eta nola sortu zen gure Ibarra. Lehen agiriak XII. mendekoak dira, eta Ibarraz mintzo zaizkigu; beraz, mende hartarako antolatua zegoen Ibarreko administrazio gunea.
Zenbait datu soltek galdera batzuk utzi dizkigute Ibarraren hasierako egituraz, eta zalantzak baditugu ere, zerga administraziorako zantzuak dira, dirua biltzeko datu batzuk, baina eratze bidean zegoen administrazio-egitura baten lehen urratsak izan daitezke. Honatx datu gutxi batzuk ikerketa egiteko:
1.- Aezkoa-Artzibar. Dirua biltzeko zerrenda batzuetan Garralda eta Garaioa ageri dira; hasieran, jatorriz Aezkoak herriak dira, eta Artzibarko herriekin batera ordaintzen dute. Esate baterako, 1268an, biek ere Artzibarko gainerako herriekin ordaindu zuten: Peitas de val d’Arci […] Peita de Guarraba et de Garayoa, I k. II ar., que recude a los caçadores.”.
Gauza bera gertatu zen 1284ko ordainketetan: “De pecta de Garayoa et de Garralda, que ad venatores pertínet vallis d’Arci, 1 kafícem, 2 roba, domnus Corbaranus tenet.”
Halaber, besteak beste, 1285, 1286, 1290 eta 1294ko ordainketetan ageri dira, edota ezagutzen dugun azkenean, 1328an: “In uillis de Garralda et de Garayoa, de pecta que ad uenatores pertinet, 15 solidos. Defficunt 2 solidos, 6 denarios ut in annis preteritis.”
2.- “Val d’Artozqui”. Denboraldi batez, agirietan “Val d´Artozki” ageri da, hau da Artozkibar edo Artozki ibar, eta Irati ibaiaren inguruko Artzibarko herri gehienak bildu zituen. Horrela, 1268an, “Val d’Artozqui” honako herriokin ageri da: “Artozqui, Arizcuren, Huli, Yriverri, Chipua, Sarrassu, Horay, Azpparren, Orotz, Oçotz, Munyain, y Hurdaci”.
Oçotz Usotz da, eta Chipua, berriz, badirudi jende gune bat dela, eta fonetikoki, beharbada, egungo Txigua toki-izenarekin lot dezakegu, Orotz Beteluko errota zaharraren ondoan. Agiriren batean Iriberri-Sarasu ageri da, eta aipatu dugun horretan, hasieran berezita ageri dira. Bestalde, badakigu non dagoen Orai, baina ez dakigu non egon zen zehazki Urdazi, Azparren eta Artozki artean bai, baina non zehazki ez. “Huli” Uliberri da, eta Arizkuren gaineko toki-izena bat ez da ageri, “Irisar”. Urtasunek Iriberrirekin lotu du, baina zalantzazkoa da.
Otsa Ibar honetan egon zitekeen kokapenaz, baina 1259ko agiri batean erraten da ez dagoela Artozki ibarrean: ”Caueria de Val de Artozqui con Ocha, 6 lib”.
Inguru horretako bi herri ez dira ageri, hots, ez Ekiza, ez Lakabe. Ez al zegoen garai hartan horrelako herririk? Ez zalantza dugu Adasa eta Gorraitz herriek sartuta egon beharko ote zuten, haien kokapen geografikoari erreparatuta.
Bitxia bada ere, ordainketetan “val d’Artozqui” Artzibarko petxen barnean ageri da gehienbat, eta gainera, aipatu herri batzuen ordainketa sorlteak ere ageri dira, eta Garaioa eta Garraldarako aipaturiko datetan, 1268tik 1328ra.
– 1259an, “Caueria de Val d’Artozqui, 5 k. 1 ar. Deficit, 3 k. 1 ar. 2 q., et de antan, 2 k. 1 ar. […] Caueria de Val d’Artozqui, 14 k. 3 ar. Deficit, 10 k. 2 ar. 2 q., et de antan, 6 k. 1 ar. 1 q. 2 alm. […] Caueria de Val de Artozqui con Ocha, 6 lib”.
–1280an, “Peita de val d’Artozqui, IIII s. que recude a los caçadores. Ibi, de val d’Artozqui, XX s.”
– 1284an, “De pectis vallis d’Arcii […] De pecta vallis d’Artozqui, 21 kafices, 3 roba, 1 quartalem, domnus Corbaranus tenet.”
– 1298an, “Peytas de val d’Arçi, […] En val de Artaoçqui, peyta 5 k. Deficit 1 k.. por 2 axaderos que van por puertas.”
Espero dezagun herri horiei buruzko agiri gehiago aurkitzea, eta beharbada, den-denak kokatzeko bidea izanen dugu.
3.- Agoizko eta Nagoreko jauna. Lehen agirietan, Artziko Jauna ageri da, hau da, erregeak Ibarrean zuen ordezkaria: batzuetan, ibarreko jauna dela erraten da, eta bestetan, eskumena ere beste Ibar batzuetan zuena; Aezkoan, konparaziora. Baina salbuespen bat ere ageri da. 1079. eta 1080. Urteetako agirietan idatzia baitago “Lope Arceiz” ”Ahoiz et Nagore”-ko jauna zela. Beharbada, aldi baterako, noble bati egindako mesede edo dohaintza gisara, Nagoreko eskumena ere eman zitzaion, Ibarreko eskumenetik bereizita. Bada zer ikertu.
4.- Amokain-Galdurotz. Bi herri horiek agertu ziren, Ibarretik urrun, baina biak ere Artzibarkoak. Zer dela eta? Nork daki ez ote ziren izanen Artzibarrekin zerikusia zuen jaun baten jabetzapekoak. Nor ote? Artzi familia? Uriztarrak?
LEHEN DATUAK.
XII. eta XIII. mendeen artean, Iruñeko erregearen hainbat ordezkarik Artzibar kontrolatzen zuten, garai hartan erregea Iruñekoa baitzen, hala erraten zitzaion. Ordezkari horiek hainbat eginkizun izanen zituzten: zergak kobratzea, justizia egitea…. Zenbaitetan, Artzibarren bakarrik arituko dira, eta beste batzuetan, berriz, ibar mugakideetan ere izan zuten eskumena. 1079- 80. urteetan, arestian aipatu dugun“Lope Arceiz” ageri da, hau da, Agoizko eta Nagoreko jauna.
1135eko agirian, Lope Garzes Artzibar osorako ageri da. 1171koan, berriz, Lop Arcez Artzibarko eta Aezkoako jauna izan zen; “Lupus Arcez in val d’Arze et in Aezcoa”.
Garai hartako errege-agiri gutxi daude gure Ibarraz. Baina badakigu errege Antso Jakitunak pribilegioak eman zizkiola Artzibarri 1159-64 inguruan, eta gero, errege Teobaldo II.ak pribilegioak berretsi eta hobetu zituen, noiz eta Erroibarren Aurizberri sortu zuen urte berean. Artzibarrek, urtero, 50 kahiz olo ordaindu behar zituen zergetan, bai eta 60 sos ere. Antso Jakitunaren agiriaren zati bat ekarri dugu hona. Agiria hondatua dago, eta historialariek puska bat besterik ez dezakete irakurri. Halaber, Teobaldo II.aren testuaren zati bat ere ekarri dugu. Honatx:
1159-64. urtea […] Ego Sancius, per Dei gratiam rex, fació hanc cartam vobis totis meis scançianis […] ante me et soltó vobis illos dúos solidos quos misit vobis Lop Arçeiz de Arc et per rogo que fecit michi Petro de Araçuri quod habeatis illud et possideatis saluum et ingenuum […] scilicet .XLª. kafiz auene ad festum sancti Michaelis et .LX. solidos et ad festum sáncte Crucis .centum […]
- urtea […] Ego Sancius, per gratiam rex, facio hanc cartam vobis totis meis escancianis […] tum. Placuit mihi libenti animo et expontanea voluntate, quod dono vobis et conçedo et con […] unt ante me, et solto vobis illos duos solidos quos misit vobis Lop Arçeitz de Arcx. Hec […] et per rogo que fecit michi Petro de Aracuri quod habeatis illud et possideatis saluum et inge […] seculorum amen, salua mea fidelitate et de omni mea potestate, per infinita secula seculorum amen […] scilicet, .XL. kafiz auene ad festum Sancti Michaelis, et .XL. solidos et ad festum Sancte Crucis, cen[sa] omnibus sint liberi et soluti erga omnes homines. […]
Otsak ere baditu errege-agiriak. Lehenbizikoan, 1189koan, Antso jakitunak Otsako 28 ezkonduei eman zizkien foruak. Bigarrena, berriz, 1196-1201koa da, eta Antso Azkarrak derrigorrezko lanak gutxitu zizkien:
Año 1189. In nomine Domini nostri Ihesu Christi. Ego Sancius, per Dei gratiam rex Nauarre, facrio istam cartam co[n]cressionis et confirmacrionis [de foro quod dono ad illos] .XX. et VIIIo casados qui sunt in Oxxa inter uarones et mulieres. [Notum sit ita que] ómnibus hominibus tam presentibus quam futuris quod placuit michi Sancrio [rege Nauarre] et ideo libenti animo et spontanea uoluntate concredo et confirmo ad pre- [dictos meos] casados de Otsa pro foro quod in unoquoque ano donent michi .C. et .XX. solidos ad festum sancti Michaelis et non donent ullam alima peytam. Uolo etiam et stabilio ad illos et concedo quod non habeant potestatem neque allium caualero pro seniore n[i]si me. Istud forum dono ad illos supradictos casados de Otsa quod abeant illos et generacrio illorum et confirmo illud cum meo signo, salua mea fidelitate et de mea posteritate per sécula cunta. […]
Año 1196-1201. Ego Sansçius júnior, per Dei gratiam rex Nauarre, conçedo et dono in forum perpetum abendum ad predictos [casados] de Otsa quod non uadant ad meos labores nec fas;iant michi facenderam, nec ipsi, nec rota illorum futura generaçio. Et ad maiorem huius consçesionis firmitatem hinc pagine si[g]num meum inprimo mea propria manu factum. Signum Sançi regís Nauarre. Ego Forro cantor Tutelis et domini regís cancellarius, de manda[me]nto ipsius istud super adidi et hoc signo signauit.
Ibarra nobleziaren eta Elizaren mendean. Noblezia Ibarraren hasieratik egon zen bertan sustraitua, eta jabetzapeko lur aunitz zituen, eta mendeek aitzinera egin ahala, herri osoez ere jabetu ziren: Arizkuren, Zazpe, Asnotz, Artzi; Gurpegi ere beharbada… Baina jabetza horiei buruzko azterlan bat egin beharko litzateke, eta noizkoak diren eta zenbat Ibarrean zeuzkaten onibarrak eta etxeak.
Dakigunez, baziren jauregian Arizkuren, Artozki, Arrieta, Azparren, Artzi, Asnotz, Gurpegi, Imizkotz, Orotz Betelu eta Uritzen. Artzibarren, 1366ko lehen zenbaketan, baziren 127 su; beraz, horrekin bat, 635 biztanle izanen zituen, 28 herritan banaturik, baina haietariko lau jada jenderik gabe zeuden. Su horietatik, 88 nekazariak ziren, eta 39, nobleak. Nabarmentzekoa da Uriko su guztiak, hamazazpiak, nobleak zirela, eta Arrietakoak, seiak, ere bai. Aetzekin alderatuta, noble ehunekoa oso altua da, eta aurrepirinioarekin dute antz handiagoa.
1127-34an, Orreagako monasterioa sortu zen, eta haren baita, kofradia bat zegoen, inguruko auzokideek osatua; besteak beste, Artzibarkoek. Kolegiatak, laster, Artzibarko lur aunitz bereganatu zituen, dohaintzak eta erosketak zirela eta. Hona hemen hurrenkera kronologikoan Orreagak Artzibarren eskuratu zituen jabetzak, XIII. mendekoak bakarrik:
– 1176. ¿Ekieta? Kolegiatak lau erregu babaz osaturiko petxa bat dauka “Equie” izeneko tokian. 1244an, ez da petxa gisa ageri, zentso gisa baizik. Mirandak (1993) dio “Equie” Longidan dagoela, baina Artzibarko Ekieta ere izan liteke, Longidarekin mugakide den herria.
– 1196. Arrieta. Otsoa Eslabakoak eta haren emazte Elbira Arrietakoak hainbat onibar eta nekazari-morroi eman zizkioten dohaintzan herri batzuetan: Olatz, Olaeta, Erdotzain… eta Arrietako lur batzuk ere bai.
– 1201, Hiriberri. Onibar batzuk eman zizkioten dohaintzan, bai eta herrian dituzten nekazari-morroien bi herenak ere. (Nekazari-morroiak edo Collazo izenekoak lotuta zeuden salerosten zen lurrari; hau da, lurrarekin batera salerosten zituzten).
– 1206, Urrobi. “Sancha de Aox” izeneko andreak lau nekazari-morroi eman zituen dohaintzan “Urrobi de Aurrouieta” izeneko lekuan, eta nekzari-morroi bakoitzak hiru peoi eman behar zituen lanerako.
– Hacia 1206. Uliberri. Zentso-onibar baten dohaintza.
– 1200-15, Arrieta. Orreagak onibar bat eta hari lotutako nekazari-morroia erosi zuen, 40 morabetinotan eta 340 sosetan. (Nekazari-morroiaren izena: Gutierre Guerreterizo).
– 1219, Ekiza. “Sancho de Muro” soldaduak eta haren emazte Jordanak bi nekazari-morroi eman zituzten dohaintzan, eta halaber, afari bat bi erlijioso-anaiarentzat eta bi zelabererentzat. 1427rako, Ekizako eliza-patronatua ere Kolegiatarena zen.
– 1220, Asnotz. Nekazari-morroi andrazko bat eman zen dohaintzan; 2/3 Orreagarentzat, eta 1/3, San Joan ordenarentzat.
– 1244. Ekieta? Equié” izeneko lekuan, nekazari-morroi bat eman zuten dohaintzan “Aniz de Cirauqui”-ko lur baten truke.
– 1261, Artzi. Etxalde bat erosi zuen. Garai hartan bertan, data argirik gabe, hainbat dohaintzat; besteak beste, herri erdia.
– 1261-63, Orotz Betelu. Bi oinarren dohaintza.
– 1290. Zazpe. Urte hartarako, Orreagak jada bazituen hainbat lursail eta errota.
Leireko monasterioarentzat, ez zuen hainbesteko garrantzia gure Ibarreko ahalmen ekonomikoak. Urrunxko baitzegoen bere artaldeen ibilbideetatik, baina Aezkoa abelbidea ere erabiltzen zuten, eta abelbide horrek Ibarraren ekialdea ukitzen zuen. Leirek ingurua kontrolatzeko gune bat zuen Longidan, hots, Billabeta, eta aipatu abelbidean, berriz, Aristu, Azparren herriaren mugakidea. Iduri du Artzibarrek jabetza batzuk bakarrik eduki zituela Gurpegin, hau da, eliza eta bi onibar.
Juantoren azterlana lehen mendeez eta haren administrazioaz .
Consuelo Juanto Jiménez historialariak (1996) Ibarreko lehen garaiak ikertu ditu. Beraz, gure artikulu hau bukatzeko, haren ikerlanaz baliatuko gara Artzibarri buruzko agirietan dauden lehen datuen arrastoei jarraitzeko. Azterlanari ekarpenik egiten ez dioten oharrak kendu ditugu. Baina hark aipatzen dituen datuen batzuen gaineko azalpen batzuk mantendu ditugu, hori bai zenbakikuntza berria ezarriz:
Zaila da zehatz-mehatz erratea zer unetan eratu ziren Artzibarko herrixkak; nolanahi ere, herriok jada antolatuak zeuden XII. mendean, zeren, 1127 aldean, esanguratsua eta garrantzitsua baita Artzeko kofradiakideen presentzia Orreagan.
Hurrengo mendeetan, Ibarra oinordetzako jaurerri iraunkorra zen, errege Karlos III.ak 1413an bere seme natural Godofreri dohaintzan emana, eta semeak honela jaso zuen jaurerria: bere ” pechas, homicidios, sisantenas y jurisdicción baja y mediana”.
Oinordetzako jaurerri iraunkorra Godofre jaunari dohaintzan emateko agirian, Artzibarko herri gisa ageri dira: Lusarreta, Arrieta, Espoz, Gurpegi, Zazpe, Nagore, Artozki eta Azparren, Muniain, Lakabe, Orotz, Oloriz, Iriberri, Adasa, Garralda, Otsoa eta Orai.
Jaun Godofrek, geroago, jaurerria Tuterako deani eman zion eman zion, hau da, Sancho de Oteizar-i, zor zizkion 5.000 libera ordaintzeko. Handik gutxira, deanek San Joan Jerusalemgo ordenako zaldun eta priorearen eskuetan utzi zuen jaurerria, hots, frai Martin Martinez Ollokikoari. Dena dela, jaurerria berriz erregeen eskuetara itzuli zen, zeren, Bianako Printzeak, 1453an, bere kontseilari eta “maestre hostali” eman baitzizkion jaurerriko herrietako petxak eta zalduneria ordena, bai eta osteinto eta baturratu izeneko petxak ere (1). Gizon hura Joan Martinez Urizkoa zen, Artiedako jauregiko jauna, alegia. (2)
Badirudi, jaurerria berriz ere Koroaren eskumenera itzuli zela, zeren, 1466an, Andere Leonorrek betirako eman baitzion dohaintzan Artiedako jaunari, hots, aurrekoaren oinordekoari, Karlos Artiedakoari. Agiriaren arabera, dohaintza aipatu jaunarentzat, ezkontza legitimoan jaiotako seme eta ondorengoentzat egin zen, eta Jaun Karlosek jaurerriarekin batera hari zegozkion petxak eta errentak jaso zituen. Baina, XVIII. mendean jaurerriak erregearen ondareari egiten zion ekarpena, “Ascárraga, Igunin y Urroz”-ekin batera (3).
Orreagak Artzibarren zuen jabaria herriotan oinarritzen zen: “Adasa, Oroz-Betelu, Oloriz de Suso o superior y Olóriz de Yuso o inferior”.
Oloriz eta Urrobi herriak Joan Egurbidekoaren noblezia jaurerriak izatera pasatu ziren 1466. urtean, andere Leonor printzesak dohaintzan emanak.
Baina, Urrobi berriz ere erregearen eskuetara igaro zen, zeren, 1448an, erregeak Arrietako eta Saraguetako hainbat auzokideri laga baitzien (4); dena den, handik gutxira, berriz ere erregearen ondarera itzuli zen, zeren, 1666ko agiri baten arabera, erregeak Urrobiko benta saldu baitzien Urdirozko hainbat auzokideri 200 dukatetan, baina erregeak beretzat gorde zuen lekuaren gaineko zuzeneko jabaria.
Nagoreko jaurerriak (5) Olorizgoiti hartu zuen tributu iraunkorrean, eta Arzizkurengo noblezia-jaurerriaren jabea Migel Periz Donamariakoa izan zen 1539an.
Honatx Ibarreko errege-jaurerri batzuk: Artozki, Azparren, Nagore, Otsa, Hiriberri, Lusarreta eta OroTz Betelu.
XIX. mendean, herriok Artzibarkotzat jotzen dira: Amokain, Arizkuren, Arrieta, Artozki, Asnotz, Azparren, Ekiza, Espotz, Galdurotz, Gorraitz, Lakabe, Lusarreta, Muniain, Gurpegi, Imizkotz, Nagore, Orotz Betelu, Otsa, Saragueta, Uliberri, Urdirotz, Uritz, Usotz, Hiriberri, Zandueta eta Zazpe; horiez gain, Oloziko baserria, eta Urrobi, Olorizgoiti, Olorizbeiti eta Adasa, laurak ere jendez hustuak.
Aipatutako mendera arte, Ibarreko herri horiek Kontzeju beregainak ziren, herriko gaiak administratzeko; baina gerra garaian, Ibarreko alkateak gobernatzen zuen, aldi berean gerra-kapitaina baitzen, eta Nagoren bizi zen.
XIX. mende hasieratik, gobernu batzorde batek gobernatu zuen Ibarra, alkateak, diruzainak eta bost diputatuk osatua. Udal araubide batua jartzearekin batera, Ibarreko Udalak eta Hogeiko Batzordeak kudeatu zuten Artzibar. Hogeiko Batzordean kide ziren alkatea, sei zinegotzi, idazkaria eta Ibarreko hainbat lurjabe.
1845ean, Orotz Beteluko udal dermioa Artzibartik bereizi zen; hiribilduaren maila eman zitzaion eta bere Udala eratu zuen.
OHARRAK: (1). Baturratu izeneko petxa bat eta urratu hitzez osatuta dago; hau da, bat urratzea edo desegitea, hildakoaren petxa desegiten baitzen, eta petxa oinordekoen artean banatzen zen, oinordetzan jasotzen zituzten ondasun petxadunen arabera. Zehazki, baturratu petxa ondasun petxadunez ari da, eta seme bilauen artean, ondasun horiek herentzian jaso behar zituzten nortzuek eta semerik gabe eta testamentua egin gabe hildako anaiaren anaiek, erran nahi baita, haiek bezala, hildako anaiak ama bilauarengandik herentzian jasotako zatia hartzen zuten. Bizirik zirauen alargunak ere aipatu zatia jasotzen zuen herentzian. YANGUAS Y MIRANDA, J., Diccionario de los Fueros y Leyes de Navarra. Iruñea 1964, 204. oharra.
(2). Urte hartan bertan, Bianako Printzeak Artiedako Jauregiko jauna izendatu zuen, Irunberriko kapitain kargurako aipatua, bai eta Bigotzari, Aizpurgi eta Nabaskozeko gotorlekuetako kapitain kargurako ere. Cf. lnfra, nota 127. Aipatu izendapenerako arrazoien artean aipatzen dira printzeak jaun horri Artzibarko jaurerria emateko arrazoi berberak: “por que le rendió su deudo debido de naturaleza, e por libertar nuestra persona, e poner en libertad, quiso poner é puso la persona suya en raenas por Nos en la preson, donde Nos, en nuestra persona, fincabamos detenido et preso, en la preson é cárcel de Zaragoza, por el seinor rey nuestro seinor el padre”.
(3). Jaurerriak eta herri horiek hauxe ordaintzen zuten zentso-tituluarekin: alde batera, 180 tarja, eta beste aldera, 18 tarja eta 12 kornada, errotarengatik; baina zor hori kitatu zuten, batera kantitate hau ordainduta: 4.516 rs. de piara doble. AGN. Mercedes Reales. 24. liburua, 170. Extracta YANGUAS, Diccionario … T-III, , 2 17.
(4). Oloriz eta Urrobi herriak andere Leonorrek eman zizkion dohaintzan Joan Egurbidekoari, emaniko zerbitzuen saritan, eta gizon horrek haien dermio, mendi, larre eta ur guztiak jaso zituen, betirako jaso ere, eta “hacer de todo a su propia voluntad”. AGN. Comptos atala, 159. kutxa, n° 50. Extracta YANGUAS, Diccionario … ,, T-1, 268 y 287 eta T-III, 145. Urrobi herria Arrieta eta Saraguetako auzokideei lagatzeari dagokionez, aipatu lagapenetik kanpo utzi zen Urrobin auzotasuna zuten aitoren semeen eskubidea. YANGUAS Y MIRANDA, J., Diccionario … T-III, , 34, 145 eta 465. Hainbat auzi gertatu ziren Urrobiko dermioei buruz, garai hartan jada jenderik ez zuena. 1482ko auziaren gainean, epai arbitrarioa eman zen, eta beste bat, erregearen ondarearen eta Saraguetako, lmizkozko eta Urdirozko auzokideen artean, 1496koa. YANGUAS Y MIRANDA, J., Diccionario … , T-III, 465.
(5). Nagoreko Jaurerria, 1200 urte inguruan, “merkatuko alkatearen” “osatuetako” bat zen. “Ostatu” horiek merkatuko alkateendako ostatu etxeak ziren, eta merkatua egiten zen herri bakoitzean zegoen. Alkateei ematen zitzaien zerbitzuetako bat zen, baina ez haiei bakarrik, baita merio, oinetxe-jaun eta gizon aberatsei ere. Etxe horiek alkateendako dotazio bidetik ordaintzen zituzten zergak, baina salbuetsiak zeuden beste etxe batzuen gaineko zergak ordaintzetik, “casas escusadas” baitziren. FGN, 5, 3, 14, YANGUAS Y MIRANDA, J., Diccionario … , T-III, 357; egile berarena: Diccionario de los Fueros y Leyes de Navarra… , 5. oharra.
Artzibarko armarria. Armarriak.
Ez dakigu Artzibarko armarriaren jatorria. Urtasunek honela deskribatu zuen (1970):
“Artzibarko armarria azur da eta zuhaitz sinople bat (berdea), eta haren gainean zilarrezko bi ezpata, sotuer moldean gurutzatuta, balantza bati eusten dioten urrezko heldulekuekin, eta balantza justiziaren ikurra da”.
Artzibarko armarriaren deskribapena da. Inguruko ibarrek auzokide guztiendako zuten armarria, XV. mendean biztanle guztiendako kaparetasuna lortu zutelako (Aezkoan edo Zaraitzun, adibidez).
Artzibarren, erregeen, nobleen eta monasterioen herriak zeudenez,auzokideek ez zuten armarria erabiltzen. Atari batzuetan dauden armarriak herriko jaunarenak ziren: Arrieta, Azparren, Uritz… eta, horregatik, Artzibarko armarria ez da etxeetan ageri.
Herrietako armarri zerrenda egina dago, eta Nagoreko Ibar Etxeko leihateetan daude bilduta. Badirudi batzuk herriko jaunenak direla, eta beste batzuen jatorria ikertzeko dago.
Nafarroako Erresumako Armarri Liburuko armarriak, 1575. Liburuan, ibar batzuetako armarriak ageri dira, bai eta erresumako nobleenak ere. Besteak beste, Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkari ageri dira; ez, ordea, Artzibarkoa, beharbada artean ere Ibarrak armarririk ez zuelako, eta Ibarreko nobleena baizik ez dira ageri. Ondoren, irudietan daude ikusgai, eta herri bakoitzaren atalean ere eman eta azaldu ditugu. Jauregiotako armarriak dira: Uritz, Orotz Beteluko bi, – “de suso y de yuso”-, Arrieta, Azparren, Gurpideko bi bertsio, edo Artziko jaunarena.