Valle de Arce

Valle de Arce-Artzibar

Pertsonaiak. Biografiak

Pertsonaiak

Pertsonaiak. Biografiak
Pertsonaiak. Biografiak

PERTSONAIEN BIOGRAFIAK 

(Testugilea eta hasierako irudiak:Jose Etxegoien)

Arrieta? Nekane 1910

Ama eta alaba, Arrietakoak? 1910eko hamarkada.

 

Emakumea historia idatzian: “Emakumeen gaineko isiltasuna, beraz, etxeko esparruetan eta eremu pribatuetan gertatzen den gauza ororen gaineko isiltasuna da, eta aldi berean, arreta nagusia esparru publikoetan pausatzen da, eta pausatu ere, haien erdian dabiltzan pertsonaiengan eta pertsonaia horiek egiten dituzten gauzetan; horregatik, halako protagonismo bat ematen zaie, eta indartu egiten du haien boterea legitimoa delako ustea, eta sendotzen da naturaltzat jotzea haien unibertso mentala eta haien balio-sistema“.

Amparo Moreno, 1991

 

 Emakumeei buruzko isiltasuna saihestu nahi genuke azterlan honetan. Zaila da, ordea. Historiari buruzko datuak agiri idatziak dira; ofizialak, gehienbat, eta mundu hori nagusiki gizonezkoena da. Beraz, erabat murritza da emakumeek eguneroko bizitzan izaniko parte-hartzearen gaineko ezagutza. Leireko “Becerro” izeneko agirian pertsona-izenak ageri dira, eta azterlan baten arabera, izenen % 5 baino gutxiago dira emakume-izenak. Ikerlariak dio portzentaje hori ohikoa dela Erdi Aroko agirietan.

Hortaz, atal honetan gizonezkoak agertuko dira, baina espero dezagun Ibar honetako bizitzan aldez edo moldez parte hartu zuten hemengo emakumezkoez ere betetzen joatea.

Bitxikeria gisa, aipa dezagun 1366ko erroldan aipatuak ageri diren lau emakumeen zerrenda (Nafarroako lehena). Zazpen, María Periz eta Oria;  Galdurotzen, Tota Leyun, eta Asnotzen, Maria Martiniz. 

Webaren atal hau eta gainerako guztiak zabalik dago eta ekarpen berriak egin dakizkioke. Eta datuak eskuratu ahala, tokiko biografia hauek aberastuko ditugu.

 

 

MARTIN DE ANDOSILLA (Azkoien 1452-Iruñea 1521).

Apez honek “De supertitionibus” lana idatzi zuen, eta horregatik da ezaguna. Lan interesgarria da, eta garai hartako sineskeriak eta ohiturak kritikatu zituen, eta ongi azaldu, mende haietako nafar bizitza eta pentsamoldea. Gaztambide ikerlariak lan horretaz erran duen bezala: “Lanean hainbat aldiz aipatu zuen Nafarroako Erresuma guztia igarlez eta aztiz beterik zegoela, eta jendeak egunero jotzen zuela haiengana, etorkizuna jakiteko, edota gauza galduak berreskuratzeko, baita gauzarik hutsalenak ere”.

Honatx Gaztambide ikerlariak idatzitako pasarte batzuk Andosillako apezari buruz:

Martin de Andosilla 1452 inguruan jaio zen Azkoienen (Nafarroa). Herria Pierres Peraltakoa familia boteretsuaren erdigunea zen. Gurasoak Diego de Arles eta Nicolasa de San Juan izan ziren. Hala ere, hark beti Martin de Andosilla deitu zion bere buruari. Garaikideek ere horrela ezagutu zuten, hogeita hamarren bat agiri ofizialetan jasotakoaren arabera. Inoiz edo, bakan, aitaren abizena erantsi zuen: Martin de Andosilla y Arles. […]

25 urtetan, Iruñeko katedralean hartu zuen abitu kanonikoa. Nobiziotza-urtea bukatakoan, erlijioan jardutea eskatu zion apezpikuari, Miguel Orondrizkoa eta Migel Ubanikoa ikaskideekin batera. Alonso Carrillo Jaunak mandatua eman zion Migel Erredingoari, Oibarko artxidiakonoari, hiru haien profesioa onartzeko, behin ikusi ondoren hirurek ere bizitza eredugarria eraman zutela probatze urtean eta kalonjeak izateko duin zirela. Une hartan, “Martin de Andosilla” azpidiakonoa zen (1478ko azaroaren 12a). […]

Artean ere bi urte iragan gabe, Alfonso Carrillo jaunak Oibarko arzedianatoa eman zion, eta hil arte kontserbatu zuen. Agiria latinez dago eta «Martin de Andosilla»ri zuzendua dago, gure eliza katedraleko kalonje erregularra (1480ko ekainak 30). Eskumendean zuen barrutiak 40 legoa baino gehiago zituen inguruan, eta Oibar, Itzagaondoa, Untzitibar, Ibargoiti, Lizoainibar, Longida, Arriasgoiti eta Artzibar barnebiltzen zituen; guztira, 136 herri, eta haien artean, Zangoza, Agoitz, Zare eta Oibar nabarmentzen ziren. Bidesari eskubideez landara, haietako bakoitzean 10etik 20ra bitarte sos kobratzen zituen bisita-saritako. Lurraldean bisita pastoralak egitea haren kargu-mailari zetxezkion betebehar nagusietako bat zen. Bisitak inoiz edo Andosillak berak egin zituen. […]

Oibar ibarreko lurralde hura pobreenetakoa zen kabildo errentetan. Andosillak nola edo hala eutsi egin behar zien. Errentak ez galtzeko, Oibar ibarreko arzedianatoko errenta Liburuaren kopia bat atera zuen. Liburu originala udalbatzaren liburutegian zegoen. Liburuan erraten da nor izan zen egilea: “por el venerable don Martín de Andosilla, alias de Arlas, canónigo et arcidiano de la Val de Aibar”, baina, egiari zor, Andosillak huraxe transkribatu eta osatu zuen. Zeren, gure gizona ez zen konformatu errentak kontserbatzearekin, eta handitzen ere saiatu zen.

Honatx zer-nolako harremana izan zuen Artzibarrekin, Gaztambideren arabera:

Artzibarko elizetako apezak kabildoarekin auzitan zebiltzan, diru ordainketa batzuen kontura. Bat-batean, afera bakebidean konpontzeko saiakera izan zen. Bi aldeek lau arbitroen eskuetan utzi zuten konponbidea. Bata Martin Andosillakoa, teologia sakratuan doktorea; Juan de Santa Maria, txantre eta ofiziala; Lope Orozkoa, batxilerra dekretuetan, Oroz Beteluko apez lehena, eta Miguel de Urzurrun, bi zuzenbideetan doktore (1511ko urtarrilaren 13a). Saiakerak, ordea, huts egin zuen, eta auziak bere bidea egin zuen bikario nagusiaren aurrean. Bikarioak 1513ko azaroaren 27an eman zuen epaia; baina apezek errekurtsoa tartekatu zuten. Geroago, hobekin pentsatu, eta epaia onartu zuten. Horrela, 1514ko martxoaren 22an, bilera egin zen Iruñeko txantriako etxean. Han zeuden: “Martin Andosillakoa teologian doktorea, kalonjea eta Oibar Ibarreko artxidiakonoa, eta kapituluko presidentea; Johan de Sancta María, batxilerra dekretuetan, Iruñeko txantre eta ofiziala eta aipatu kapituluko sindikoa”, biak ere erlijio-gizon beneragarri eta onestak”. Eta apelaziotik urruntzeko erabakia jakinarazi zieten, epaia laudatu eta adiskidantza doitu zuten eroritako fruituengatik. Zaharrena zenez, Martin Andosillakoa, teologia sakratuan doktorea, kapitulu-bilera bateko burua izan zen, eta kabildoak ahalordea eman zion Juan Cruzati (artetan maisu eta kalonjea) korporazioaren izenean jasotzeko Artzibarko elizetako ale, hamarren eta oblazio guztien laurdenak. (1514-IX-15).

GEHIAGO JAKITEKO: Gaztambide, José Goñi. 2010. El tratado “De supertitionibus” de Martín de Andosilla. Príncipe de Viana aldizkaria, 251. 1011-1069. or.

RODRIGO ARTZIKOA (XVI. mendea).

Honatx Jabier Ibarra lakabearrak idatzitako pasartea nafar ospetsuez ondutako biografietan (testua egokitua dago).

ARCE (RODRIGO). Mesedetako ordenako anaia izan zen, Artzibarko herri ñimiño batean sortua, Artzin, eta Artzibar bera izen horretaz jabetu zen. Zalantzarik gabe, Gaztelako probintziako komentu batean sartuko zen, ez baita ageri Nafarroako komentuetako sarrera-zerrendetan. 1576an ageri da lehen aldiz Mesedetako ordenaren historian, Toledoko komentuko komendadorea baitzen, eta urte hartan bertan, lehen aldiz Erredentore izendatu zuten. Cervantesek (handik gutxira Aljerren gatibu) Fr. Rodrigo Artzikoaren karitatea eta adorea laudatu zituen “Don Quijote de la Mancha” lan hilezkorrean. Aldi hartan 139 gatibu erreskatatu zituen, guztiak ere Valentziako Graora iritsitakoak, zeharkaldian hildako laurak izan ezik. 1574an, Erredentore ere izan zen Aljerren; ez da inon jasoa zenbat gatibu erreskatatu zituen. Hirugarren aldiz ere egin zuen lan hura, Luís de Matienzo aitarekin batera, zeina bahituta egon baitzen 1580ko urtarrilaren lehenetik 1583ko abuztuaren lehenera, eta lan handiak pairatu zituen. Fr. Francisco Salazar ordenako jenerala izan zelarik, Andaluzia Gaztelatik bereizi zen, eta Mesedetako ordenaren probintzia osatu zuen. Andaluziako bigarren probintziala Rodrigo Artzikoa izan zen (1579-1583). Hortaz, gure nafar ospetsua, gobernurako zeuzkan goi dohainak zirela-eta, bi aldiz izan zen Probintzial, Gaztelako lehena, eta gero, Andaluziakoa; eta lagun hurkoarenganako karitate suharrak bultzaturik, hiru aldiz izan zen gatibuen Erredentore. Eta honaino, beraz, Mesedetako ordenaren agirietatik hartaz atera ahal izan duguna.

 

ARCEIZ, LOP edo LOPE. (1079-80).

“Lop de Arceiz” Agoizko eta Nagore jaun gisa ageri da. 1079an, Ahoiz et Nagore”; 1080ean, “in Aoyz et in Nagore”.

Ez dakigu garai hartan Nagoreko administrazioa Artzibartik bereizita ote zegoen, edo besterik gabe, baliteke gizonak bi herri horietako zergak bildu eta kontrolatzea.

AVALLE-ARCE, JUAN BAUTISTA. (1927-2009)

(Tomado de http://www.euskomedia.org/aunamendi)

Hispanista, 1927ko maiatzaren 13an Buenos Airesen jaioa. Familia jatorriz nafarra (Leialtasunaren markesak), Artzibar. Iruñean hila (Nafrroa), 2009ko abenduaren 25ean.

Sei urtetik hamalaura bitarte, Eskozian ikasi zuen. Gerrek eraginda, hau da, lehenbizi, Espainiako gerra zibilak (1936-1939), eta gero, II. Mundu Gerrak eraginda, familiak ez zuen Nafarroara itzultzerik izan, asmo hori bazuen ere. Horrenbestez, Bautista Argentinan bizi izan zen, eta han Amado Alonso ezagutu zuen, nafarra, Leringoa, Filologia Institutuko zuzendaria, eta adiskide minak izan ziren. Institutu horretan espezializatu zen historian eta Espainiako literaturan.

21 urtetan, Alonsorekin batera, Harvardeko Unibertsitatera jo zuen, Alonso hara gonbidatu baitzuten, eta hura karrera profesional bikainaren hasiera izan zen. Izan ere, Ohio State University-n izan zen irakazle 1955etik 1960era; Smith College-n, 1961etik 1969ra; University of North Carolina at Chapel Hill-en,1969tik 1984ra eta University of California-n (Santa Barbara), 1984tik aurrera, non eusko ikaskuntzak katedrako titularra On Joxemiel Barandiaran izan baitzen.

AEBko hispanistarik ospetsuenetakoa, erakundeotan kide: Hispanic Society of America, Academia Argentina de Letras, Real Academia de Buenas Letras (Bartzelona) eta Academy of Literary Studies (AEB). Hamaika hitzaldi eta klase eman zituen Cervantesi buruz, bai eta aunitz idatzi ere. Honako liburuen gaineko edizio kritikoak ondu zituen, guztiak ere bikainak: El Quijote (1979), Los trabajos de Persiles y Segismunda (1969), Novelas ejemplares (1990) eta La Galatea (1961), azken hori erudizio handikoa.

1994an, Nafarroako Gobernuak Asturiasko Printzea letren saritarako proposatu “Espainiako literaturaren azterketara eta hedapenera eginiko ekarpenarengatik hispanismoaren nazioarteko esparru guztian, Artearen eta Bizitzaren artean eginiko zedarritzearengatik Espainiako arazo kulturalean; Miguel de Cervantesen obran, bereziki”.

Sorterriari oso lotua, Etxeberria deitzen zen bere etxea, han, Kaliforniako Santa Ines herrian. Gloria Castresana eta Juan Cruz Mendizábalekin batera, eusko ikaskuntzen nazioarteko biltzarra antolatu zuen, baina hainbat gorabehera izan zirela medio, ez zen hura egin. Society of Basque Studies in America elkartearen sorreran ere izan zen, 1979an. Urtekari bat argitaratzen du: Journal of the Society of Basque Studies in America.

2003an erretiratu ondoren, Nafarroara itzuli zen eta azken urteak Eneritz herri txikian bizi izan zen.

Ehunka argitalpen akademikoren egilea da, eta berrogeita hamarren bat liburu ere idatzi zituen. Azkena 2006an plazaratua: Las novelas y sus narradores. Liburu batzuk Miguel de Cervantes liburutegi birtualean daude.

 

 

ELIZALDE, JUAN CRUZ. (XIX. mendearen erdialdean).

Ez dakigu ia deus ere gizon horretaz. Louis Lucien Bonaparte ikerlari eta filologoak eskaturik, kristau dotrina Artzibarko euskaraz idatzi zuen, eta euskararen aldaera horretan idatzitako testu nagusia da. Bonaparte 1864ko otsail-martxoan ibili zen Artzibarren, eta Uritzen gelditu zen.

ELIZALDE, MIGUEL. (Urdirotz)

Honatx Jabier Ibarra lakabearrak idatzitako pasartea nafar ospetsuez ondutako biografietan:

“Urdirozko josulaguna. VIDA DEL V. FRANCISCO DE JERONIMO lana itzuli zuen gaztelaniara, aita Oddi, S. J., M. S-k italieraz idatzia.”

ENRIQUEZ DE GURPEGUI, MARTIN. (Gurpegi, 1563-Taytay, 1593).

(Gran Enciclopedia Navarra liburutik hartua).

Josulaguna. Alcalako Unibertsitatean teologia ikasi zuen. Jesusen Lagundian sartu zen, 1583ko apirilaren 5ean. Mexikora eta Filipinetara bidaiatu zuen. Hainbat liburu idatzi zituen tagalo hizkuntzan: “Catecismo”, “Práctica del confesionario” eta “Sermonario de todos los Evangelios del año”.

GARRALDA, LORENZO. (Nagore ¿1607?- Molukak 1644).

Honatx Jabier Ibarra lakabearrak idatzitako pasartea nafar ospetsuez ondutako biografietan:

GARRALDA (FR. LORENZO.) Aita frantziskotarra, fedearen martiria. Nagoren jaioa (Artzibar), 1607 inguruan. Aita Migel eta ama andere Maria Nagorekoak. Eliz-ikasketak egin zituen, ziurrenera Iruñean, eta behin apeztutakoan, Filipinetara joan zen, zalantzarik gabe fedegabeak kristautzeko. Behin uharte haietan, abitu frantziskotarra eskatu zuen, haren ministerioa probetxugarriagoa izanen zelakoan erlijio ordenaren batean sartuta. Abitua, beraz, Manilako San Frantzisko Komentuan jantzi zuen 1632ko otsailaren 4an, eta profesioa 1633ko otsailean egin zuen. Aita Iranzu nafarraren eskuetan utzi zuten, haren espiritua probatzeko. Aita Iranzuk honakoa idatzi zuen Aita Garraldaren erlijio bizitzaz eta heriotzaz. “Ene konpainian izan nuen urtebetez bertakoen hizkuntza erakusteko; bestela, ez baitago deus egiterik. Tarte hartan, harengan ikusi eta frogatu nituen Berri Onaren ministroak izan behar dituen ia dohain guztiak: eredugarria zen, bereziki; hau da, Uharteotan (Moluketan) bizi izaniko lau urtean ez zitzaion munduko gauzarik txikiena ere nabaritu. Halaber, karitatetsua zen oso, onbera eta atsegina guztiekin; horregatik, jendeak estimu handian zuen. Obedientzian hain zen esanekoa, non harengan ez zen sekulan gaitzespenik txikiena ere izan; alderantziz, hura bera eskaini zitzaidan lan eta bide luzeetarako. Bereziki, arimak kristautzeko suak egiten zuen dirdir harengan, eta horrela, haren arreta eta ahalegin guztia arimak erakartzea zen, etsenplu onaren bidez, eta hitz eraikigarri eta kartsuen bidez. Hein batean, bere desio santuen betekizuna lortu zuen, zeren, kristautu eta bataiatutako 740 heldu eta haurretarik, bi heren Aita Garraldaren lana izan baitzen. 1644an, Caleko Misioetan izan zen buru, hau da, Manados probintziako hiriburua. Apostolutza-lanean ziharduela, matxinada bat piztu zen, espainiar soldaduek indiarrei egindako irain eta laido batzuk aitzaki. Idoloen apezek bertakoen eta espainiarren arteko gorrotoa hauspotu zuten; misiolariak aztiak zirelako ideia zabaldu zuten, indiarren sinpletasunaz baliatzen zirenak. 1644ko abuztuaren 10ean, idoloen apezek asaldaturik eta sumindurik, hamar mila lagunek armak hartu zituzten, oihuka: hil bitez misiolariak. Aita Garraldak, bera bakarrik baitzegoen herri hartan, mendira ihes egin zuen, Iranzu Aitarenganako obedientziak behartuta, eta atzetik jarraitu zitzaizkion, harrapatzeko. Belaunikaturik aurkitu zuten, hiltzeko prestatzen ari zela. Indiarrak iritsi, eta haietako batek labankada eman zion. Ez baitzen berehala hil, batek batek erran zuen aztiak dira, eta jantzietan ere aztikeriak daramatzate. Tunika frantziskotarra eta gainerako jantziak erauzita, lantza-ukaldi bat eman zioten, eta gorputza alderik alde zeharkatu zion. Zortzi egunera, espainiar batzuk hara joan, maitasunez eta begirunez gorpua hartu eta Manilara eraman zuten, frantziskotarren komentura, eta aldare nagusiaren ondoan lurperatu zuten, eta han dirau ustelgabe eta malgu.» (“Historia de los Franciscanos en las Molucas y Cébeles” aita Lorenzo Pérezek idatzia)

Auñamendi entziklopedian biografia laburragoa da, baina datu berriren bat dakar. (Iturria: http://www.euskomedia.org/aunamendi Egilea: Pedro de Anasagasti)

Misiolari frantziskotarra, Nagiren jaioa (Nafarroa). Filipinetara joan zen, eta Moluketan jardun zuen. Indigenen hizkuntza ikasi zuen, haien artean Berri Ona zabaltzeko. 1644ko abuztuaren 10ean, molukako jendeak hil zuen. Haren lagunak Aita Garraldaren martirioa nola izan zen idatzita utzi zuen: “Indiarrak ikusi bezain laster, lurrean belaunikatu zen eskuak jarrita, eta haien esklabo egiten zezatela eskatu zien. Haiek, Aita Garraldaz trufaturik eta burla iseka eginez, labankada bat eman eta hil zuten. Batek erran zuen: “Aztiak dira, eta aztikeriak jantzian ekartzen dituzte”. Eta horrela, abitua altxatuta, lantza-ukaldia eman zioten, gorputza alderik alde zeharkatu zuena. Eta gero lepoa moztu, eta burua herrira eraman zuten, haien jainko faltsuei kantatuz eta jai handiak eginez, garaipen handi hura ospatzeko. Gero, abiatua eta guzti, makilan batean jarri zuten plaza erdian, eta haren buru santuaren inguruan dantzatu ziren, urtebetez, jai handi eta Jainkoei eskainitako kantuen artean, gizonak arrosaz beteta, eta emakumeak, biluzik gerritik gora, eskuetan labanak zituztela, eta urte osoan, gastu handiak jateko eta sakrifizioetan beren jainko faltsuen omenez”.

GÓRRIZ, PEDRO ESTEBAN. (Subitza 1804- Iruñea 1870).

“Pedro Esteban Garriz Jaunaren babesean -zeinari Espainiak zor baitio Hiendelaencinako meategi aberats-aberatsen aurkikuntza-, La Pamplonesa izeneko sozietate bat osatu da hemen, eta oraingoz Lusarretan dauden bi meategi ustiatzen ditu (Artzibar), eta badirudi emaitza zoriontsuak izanen direla. Arlo hori hauspotu beharra dago, beso aunitzi lana emateko behintzat, eta hain mendi pobreetako jendea bizi dadin ”.

Meatzaritza aldizkari batetik hartuta, 1851

Meategi ikertzaile ezaguna zen, Hiendelaencina izeneko zilar meategi handia aurkitu zuena (Guadalajara). Aezkoan, besteak beste, zinabrio meategi bat aurkitu zuen Ariben. Parisko Museo Nazionalak Gorrizi eskertu zion Arineko zinabrio lagin batzuk igorri izana, kobre grisa. Beharbada, Lusarretako meategietako laginak ere izanen ziren.

Ariben, Abeleira ingeniariarekin lan egin zuen, eta ingeniariak Lusarretako meategiei buruzko txosten bat egin zuen (Ikusi meatzaritzari buruzko atala). Halaber, beruna ikertzen aritu zen Artikutzako edo Zeraingo (Gipuzkoa) meategietan.

“La Pamplonesa” meatzaritza-enpresa sortu zuen. Bezunartea jauna ere enpresako kide zen, hau da, Iratiko oihana Irati enpresarekin ustiatu zuen lehenetarikoa, Agirre luzaidarraren bazkidea (gero hartaz mintzatuko gara). Gorriz, aitaren aldetik umezurtza, pobreziatik Nafarroako industria-gizonik garrantzitsuenetako bat izatera pasatu zen, eta gainera, inbertsio handiak egin zituen desamortizatutako ondasunetan. Bitxikeria gisa erran dezagun egungo La Perla hotela dagoen eraikina eraikiarazi zuela, Iruñeko Gazteluko plazan.

Artzibarren ere ibili zen ikerlanetan, eta bi meategi aurkitu zituen, baina ez dakigu luzaroan ustiatu ote zituen. Honatx bi meategiak:

– Luzarretako “La serpentina” meategia.  Pedro Esteban Gorrik 1851n erregistratua. Lusarreta Balbino Marteache auzokidea izanen du ordezkari. Meategia “llano de Oncaneta” alderdian dago, eta alde guztietatik,  “prado de San Paú” alderdia du mugakide, eta jabea Garaikoetxea da. Agirien arabera, aipatu mineralak edo haztegia kalikata sinpleetan dago agerian.

– Urrobi-Arrietako “Santa Rita” meategia. Kobre eta beste metal batzuetako meategia, 1851n Pedro Esteban Gorrizek erregistratua. Lizarrako Balbino Marteache zen ahalduna, Lusarretako auzokidea. Hark dio Urrobin dagoela, Arrietako dermioan, baina lurra hiru herrirena da: Arrieta, Imizkotz eta Urdirotz. Deskribapenean dio iparraldean José Javier Palaciosen alor bat duela mugakide; hegoaldean, Urrobi mendia; ekialdean, Juan Francisco Espinalen alor bat, eta mendebaldean, Indako soro bat.

HUARTE ILÁRRAZ, GERARDO. (Nagore, 1943).

 

Gerardo Huarte Nagore 01

Gerardo, telebistak egindako elkarrizketa batean, Nagoren. (2014)

Informazioaren Zientzietan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean.

“El Pensamiento Navarro” egunkarian lan egin zuen. Espainiako Trantsizio aurreko urteetan eta trantsizio garaian, “Europa Press” albiste agentziako berriemailea izan zen Nafarroan. 1980ko hamarkadaren lehen erdian, “La Acción Social Navarra” aldizkaria zuzendu zuen, UTECOk argitaratua, kooperatibetako nekazari eta abeltzainentzat. 1985ean, Nafarroako Gobernuko prentsa kabinetean hasi zen, eta 1996tik aitzina, unitate horretako burua izan zen 2003ra arte, urte hartan Komunikabideen Zerbitzuko zuzendari izendatu baitzuten. 2008an hartu zuen erretiroa. Bere lan ibilbidean, lankidetzan aritu da estatu mailako hainbat argitalpenekin.

 

Huarte-libro-billetes-falsos-01Halaber, Iruñeko Prentsa elkarteko idazkaria izan zen, eta geroago, Nafar Ateneokoa.

Jubilatutakoan, 2011n “Billetes falsos en Navarra (1917) con epicentro en Aoiz y Nagore” liburua plazaratu zuen (Ikusi bibliografia), eta espero da laster bukatzea eskuartean darabilen ikerlan historiko bat.

Erreferentziak interneten. Fernando Hualdek aipamen luze eta interesgarria egina du Billetes falsos en Navarra (1917)bere blogean, eta Diario de Noticiasen argitaratu zuena (2012-VI-11).

http://patrimonionavarra2.blogspot.com.es/2012/06/11-de-junio-de-2012.html

– Elkarrizketa bitxia hiru kazetari beteranori (besteak beste, Gerardo Huarteri), , Kennedyren heriotzaren albisteaz 1963an. Diario de Noticias, 2013-XI-17). http://www.noticiasdenavarra.com/2013/11/17/politica/asi-se-conto-en-navarra

–25 minutuko elkarrizketa Youtuben, Navarra Televisión telebistak egina (Noiz emana; 201-XII-13.) http://www.youtube.com/watch?v=1o8Ip2sQb7o

– Elkarrizketa jubilatu berritan. (Diario de Navarra, 2008-X-5):

http://www.diariodenavarra.es/20081005/navarra/la-rueda-prensa-proyeccion-fue-buitres.html not=2008100501105883&dia=20081005&seccion=navarra&seccion2=politica

 

IBARRA MURILLO. JAVIER. (Lakabe, 1876-XI-26 / Orreaga1951-IX-12).

«Jaunaren orazioa iltzen bazerate zeruan sartuko zate eta betiko zori onekoak izain zerate, baña bekatu larrian iltzen bazerate, zer gertatuko zaizzute Infernuko lezean sartuko zate eta betiko su eta betiko su eta garren ertean erretzen egoin bearko zerate».

Javier Ibarra, Erroibarko erromeriako predikua, 1922 aldean (Ibarra 2008) 

Lakabeko Ederrena etxean sortutako apez eta historialaria. Aita Lakabezkoa zuen, eta ama, berriz, Hiriberrikoa (Artzibar). Beraz, bere ama hizkuntza bertako euskara izan zen.

1900ean apeztu zen, eta Ostitzen(¿?), Lakaben eta Muniainen aritu zen, (1901); Arrietan (¿1901-1912?); Hiriberrin (Artzibar) (1912-13); Arraitz Orkinen (1913); Bizkarreta Gerendiainen (¿1914-20?) eta Iraizotzen (¿1920-22?). 1922an Orreagako Kolegiatan sartu zen. 1939az geroztik, historiako irakaslea izan zen, eta bertako artxiboaz baliatu zen Orreagako historia idazteko. Lanak Patronato de la Biblioteca Olave” saria jaso zuen, 1934an. Eusko Ikaskuntzako bazkidea izan zen. Lanak:

Liburuak:

1935, “Historia de Roncesvalles”.

1940, “Historia del Monasterio benedictino y de la Universidad de Irache”.

1951-54, “Biografías de los ilustres navarros”, (XVI-XIX. mendeetako lau liburuki).

Aldizkariak.  Hormiga de Oro eta Avalancha aldizkarietan idatzi zuen.

Euskarazko sermoiak. Berrikitan Orreaga Ibarrak euskarazko hainbat prediku argitaratu ditu, Javier Ibarrak Kolegiatako mezetetarako idatziak, haren artxiboan berraurkituak. (Ibarra, 2008).

Ikerlana ikusteko, sakatu: Ibarra, 2008

Artzibar 012 Ibarr Orreaga Ibarra

Javier Ibarra Murillo Orreagako eliza zaharberritu zuen arkitektoarekin, 1941. (Orreaga Ibarrak utzitako argazkia).

 

INDA NAVAZ, MARIANO. (Azparren 1912- Urotz, Lizoainibar, 1936).

Mariano Inda Navaz 24 urteko azparrendarra izan zen. Juventudes socialistas taldeko kidea, 36ko abuztuan Agoitz inguruan atxilotu, eta Urotzen hil zuten (Lizoainibar).

Badirudi Irati” enpresako langilea zela. Agorrilean ezkutatu zen, faxistek gerrara eraman ez zezaten. Baina guardia zibilak haren adiskide Neftalí Martínez, ez baitzuen gerrara joan nahi, eta aitortu zuen non zeukan Mariano gordeta. Azparrendar gaztea atxilotu zuten, Agoizko Juventudes socialistas taldeko beste bi gazterekin batera: Valentín Carlos Beroiz eta Pablo Gastesi Expósito. Hiribururako bidean, Urozko bidegurutzetik hurbil gelditu, eta metrailatu zituzten. Hirurak ere hilzorian gelditu ziren ezpondan.

Diotenez, herrikoek gau osoan gazteen intziriak entzun zituzten, baina inor ere ez zen ausartu etxetik ateratzera. Biharamunean, hilik jaso zituzten. Harez geroztik, jendea atxilotu eta desagertzen zenean, edota inor fusilatzen zutenean, familiakoek galdetzen zuten ea Urozkoek bezala sufritu ote zuten. 

Oraingoz ez dugu bestelako daturik haren bizitzaz, ezta haren heriotzaz ere.

 

Joaquin Jamar erretratua 01

 

JAMAR DOMENECH, JOAQUÍN. (Nagore, 1837-XI-29 / Donostia 1887-I-22).

[…] barne-administrazio ororen oinarria da gipuzkoar herria bere buruaren jabe dela, eta oinarri horrek, gobernu arlo guztietan aplikaturik, erakunde multzo osoa osatzen du, eta erakunde horiek dira herriak herriaren alde gobernatzeko moldearen errealizazio praktikoa.

Joaquín Jamar, (hil ondokoan argitaratua). 1900

 

Zenbait ikerlanetan ageri bada ere 1837an jaio zela, 1836ko azaroaren 29an sortu zen Nagoren, eta jaio agiria, inguruko beste herri batzuetan bezala, ez zen inskribatu karlistaldia bukatu arte, 1839-XI-29.

Aita Garraldakoa zuen, Miguel, eta aitaren aldeko aitatxi eta amatxi ere bai: Gregorio Jamar Sagardoy Urtxutiena etxekoa, eta Ana Engracia Gurpide Irigaray, Berradre etxekoa. 1801ean ezkondu eta hainbat etxetan izan ziren maizter; lehenbizi, Ariben, eta gero, Garraldan. Ezkondu zirenean, Ariben bizi ziren, eta 1804an, lehen semea izan zuten, Juan Andrés, Garraldako Amasar etxean. 1806an, bigarrena jaio zen, Juan Gracián, Garraldako Antxarandoi etxeko maizterrak zirela. Eta Joaquinen aita 1809ko urtarrilaren 28an jaio zen, Miguel Gracián, Garraldako Txipirrin etxean. Aitare aldeko berraitonak Ariakoak ziren: Martin de Jamar eta Graciana Sagardoy. Biak Garraldako Urtxutiena etxearen jabeak izan ziren.

Ama, Gregoria, Hiriberrikoa zen (Aezkoa), eta aitatxi eta amatxi ere herri berekoak: Joaquin Domench eta Manuela Burusco. (www.antzinako.org helbidetik hartuta, eta neure apunteak).

Hona Auñamendi entziklopediak eskainitako artikulua. Bertan erraten da 1832an jaio zela (Iturria: http://www.euskomedia.org/aunamendi Egilea: Urbano Asarta Epenza).

 

Joaquín Jamar Domench. Escritor y economista vasco, nacido en Nagore (Navarra) en 1832. Murió en Donostia-San Sebastián en 1887. Después de estudiar parte de la carrera eclesiástica se estableció en la capital de Gipuzkoa, donde se dedicó a estudios económicos e industriales. Defendió la importancia comercial del canal de Suez, a cuya inauguración asistió, invitado por el Jedife de Egipto. Desencadenó una intensa campaña contra las tarifas de los ferrocarriles que transportaban a Lisboa el comercio de los países europeos, en perjuicio de las provincias norteñas de Gipuzkoa, Bizkaia y Santander. Defendió la postura económica del librecambio y puso gran empeño en la constitución de las Cámaras de Comercio de España. Trabajó también por la formación de la Sociedad General del puerto de Pasajes, de la que fue secretario. En su ideario político defendió la autonomía del País Vasco. Como representante de Villabona (Gipuzkoa), tomó parte en las Juntas generales de Hondarribia (1869). Diputado provincial de Gipuzkoa, por el distrito de San Sebastián, proclamado en noviembre de 1886.

Hil zenean, probintzia-diputatua zen, eta Madrila joan zen, Gipuzkoak igorria, Gipuzkoako probintziaren eta Gobernu zentralaren arteko ekonomia ituna berritzeko ekitaldira. Honako idazlan hauek argitaratu zituen: El ferrocarril de los Alduides (1864 aldean); Industria de hierros, 1865-1866; Intereses materiales de Guipúzcoa; Lo que es el Fuero y lo que se deriva del Fuero. Estudio político sobre el Fuero de Guipúzcoa, 1868; Memoria al ministerio de Fomento sobre la trascendencia mercantil de la apertura del Canal de Suez; La cuestión social, 1879; Datos concretos para un tratado de comercio con Inglaterra (ingelesera itzuli zen, eta erregina Viktoriaren gobernuak hedatu zuen).

Erreferentziak: Urtasun y Villanueva, Benito: Valle de Arce y Oroz-Betelu, “Temas de Cultura Popular”, 1970, 14. or.; Jon Bilbao: Bibliografia, “Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco”. “Enciclopedia Universal Ilustrada Europeo-Americana”.

La Joven Guipúzcoa. Hiruhilekoan behingo argitalpena, probintziako interés guztien organoa, 1863an hasitakoa, Joaquín Jamarrek zuzendurik. 

Joaquin Jamar eskela 01

1898 Benito Jamar erretratua

JAMAR DOMENECH, BENITO. (¿? 1848 / Donostia, 1898)

Ideia berriek eta sentimendu berriek arraza oni berez dagozkion izaera hura eta zuzendaritza berezi hura ere har ditzaten; horrelaxe iraunkortzen baita herriei darien espiritua. Gure ohiturak (egiazki originalak) galtzen ari dira ohitura berrien nahasketa nahasian, gureaz arras bestelako gizartean bizi izan diren jendeek hona ekarriak. Gure hizkuntza ere hizkuntza ezagun guztiez arrunt bestelakoa da, heriotza bidean doa, eta hori barkaezina da: […].

Ataka honetan, gure foru-araubidea ezabatzen badute, eta Diputazioak eta Batzar Nagusiak betirako desagertzen badira, hemendik mende batera “baskongadismo” zantzu oro hila izanen da hiri eta herrietan.

 

Benito Jamar, (hil ondoko argitalpena), 1899

Joaquinen anaia da, baina oraingoz ez dakigu non sortu zen, Nagoreko elizan ez baita haren jaio agiria agertzen. Karlistaldiak behartuta, familiak herritik alde eginen zuen, eta ez dakigu nora joan ziren. Honatx Auñamendi entziklopedian eskaini dioten artikulua. (Iturria: http://www.euskomedia.org/aunamendi. Egilea: Idoia Estornés Zubizarreta)

Gipuzkoako gizon ospetsu errepublikarra, 1848an jaioa. Gaztetako bigarren karlistaldiak haren barnean arrasto sakona utzita, lehenik alderdi liberalarekin bat egin zuen, bai eta errepublikazaletasuna ere; eta gero, karlisten aurkako koalizio liberalaren alde agertu zen tinko. Foruzalea izan zen, eta euskal elizari leporatu zion boterearen aurka matxinatu izanak eragin zuela gerra, eta ondoren, foruen ezabaketa. 1885ean «La Voz de Guipúzcoa» egunkaria sortu zuenetako bat izan zen, 1936ra arte arrakastatsu iraunen zuena. Bere pentsamoldea egunkari horretako orrialdeetan isuri zuen, eta haren artikulu nagusiak liburu moldean argitaratu ziren: La cuestión religiosa en las Provincias Vascongadas, Donostia, 1888 (46 or..) eta La cuestión vascongada, 1891, Donostia, (135 pp.). Fermín Herránek idazki horietako batzuk bildu eta Escritos de Benito Jamar liburuan plazaratu zituen, gure gizona hil eta urtebetera (Bibl. Vascong., 1899).

 

Benito Jamar eskela 01

La voz de Guipúzcoa. Gipuzkoako egunkari errepublikazalea. Lehen alea Donostia agertu zen, 1885eko urtarrilaren 1ean (jatorrizko Baroja etxea). 1936-39ko gerra arte iraun zuen, hartaz La Voz de España (1937) jabetu baitzen. Gai politikoak jorratzen ez zituen La Semana (1883-1884) izeneko aldizkari batetik sortu zen. Honatx sortzaileak: Manuel Urcola, Benjamín, Guillermo eta José Brunet, Tomás Bermingham, Ramón Usabiaga, Francisco Goitia, Andrés Egoscozábal, Marcelo Garat, Benito Jamar, Blas Escoriaza, Víctor Acha, Feliciano eta Antonio Echeverría, Agapito Ponsol, Leandro Uranga, José Manuel Oa, Samperio eta Erquicia.

BIBLIOGRAFIA OHARRA. Azkenaldi honetan, Unai Belaustegi ikerlariak aztergai izan du bi anaiek zer-nolako lana egin zuten Gipuzkoako errepublikazaletasunean. Anaien ekarpenari buruzko laburpen bat Galeusca biltzarrean dago, 2012an, egina, eta interneten argitaratua. Lana euskaraz dago:

http://www.galeuscahistoria.com/documentos/GALEUSCAHISTORIA2014.pdf

Gaztelaniaz, sarean badago ikerlariaren tesiaren laburpen-artikulu bat, hau da, errepublikanismoa Gipuzkoan; Gasteizko “Sancho el Sabio” aldizkarian, zehazki.

http://www.fsancho-sabio.es/Web_revista_español/316788_Unai%20Belaustegi.pdf

Aldi berean, Euskal Herriko Unibertsitatean argitaratu du bere tesiaren laburpena: errepublikanismoa Gipuzkoan. Honatx:

Belaustegi, Unai. 2014. Errepublikanismoa Gipuzkoan (1868-1923). Euskal Herriko Unibertsitatearen argitalpena. Bilbo.

LOPEZ DE URIZ, SANTSO. (XIV. mendea).

(Iturria: http://www.euskomedia.org/aunamendi)

Nafarroako Erresumako arma-sarjentua XIV. mendean, Artzibarren sortua. 1370ean, errege Karlos II.ak aita santu Gregorio XI.a bisitatzera bidali zuen, Avignon hirira, bai eta Anjouko dukea eta Frantziako erregea bisitatzera ere. , al Geroago, erregearen aholkularia izan zen, eta Irulegiko gazteluko gazteluzaina. Erreferentzia: Urtasun y Villanueva, Benito: “Valle de Arce y Oroz-Betelu”, TCP, Iruñea, 1970. 89, 13. or.

LOPIZ DE LUSARRETA, PELEGRIN. (XIV-XV. mendea).

(Iturria: http://www.euskomedia.org/aunamendi ).

Nafarroako Erresumako Comptos erakundeko diruzaintzako elizgizona. Artzibarren sortua (Nafarroa). Hamazazpi urte baino gehiago eman zituen Gortean notario (1395etik aitzina). 1447an, agirietan erraten da printzearen notarioa zela.

Erreferentziak: Urtasun y Villanueva, Benito: Valle de Arce y Oroz-Betelu, «TCP, Iruñea, 1970, 89, 14. or.

 

MINONDO ROTA, SEGUNDO. (Nagore 1888-Mexiko ¿?).

Zuzenean Garraldari lotua, familiaren zati bat herri horretara bizitzera joan zen. Inguruko jende aunitz bezala, Segundo 19 urtetan joan zen Amerikara; Veracruzera (Mexiko). Hura iritsi eta urtebetera, anaia iritsi zitzaion, Jeronimo. Ohi zenez, ezagunen bidez iritsi zen, edo hango euskaldunek hartu zuten. Industriagintzan hasi zen, eta laster, euskal enpresa batean parte hartu zuen, ia bere osoan nafarra, Cervecería Modelo izenekoa. Akziodun nagusiak baztandarrak ziren, baina garraldar bat ere bazegoen (Andrés Barberena Urrutia), ultzamarrak, Anuekoak,… Segundo enpresako gerentea izan zen.

Hemendik hara diru bila joandako emigratzaile baten istorio hutsa da, baina zerbait erantsi behar da. Enpresa garagardo egile hori munduko lehen garagardo-ekoizleetako bat da, hots, “Corona” garagardo ezaguna egiten du, eta Penintsulan “coronita” erraten diote. 2001ean, munduko laugarrena izan zen garagardogintzan. Beraz, “coronita” bat edaten baduzu, gogoratu haren iraganaren zati bat Artzibarkoa dela.

SANTXEZ DE GURPIDE, ENEKOT. (XV. mendea).

Gurpegiko apez hau Aezkoako almirantea izan zen, eta olaren egilea. Beraz, horrek adieraz dezake nola sartu zen abizen hori Aezkoan, eta bereziki, Orbaizetan, eta hantxe iraun zuen hainbat mendez, adar garrantzitsu bat Auritzera aldatu bazen ere.

Gogoratu behar da genealogisten arabera, Gurpide abizena Gurpegitik heldu dela.

1424an, Aezkoak almirante izendatu zuten, hau da, Aezkoako agintari gorena, alkatearen parekoa, eta 1432an, berak eta Joan Ezpeletakoak ola bat eraikitzeko eskatu zieten errege-erreginei Aezkoako herri-lurretan; horra hor Aezkoako olen gaineko lehen aipamena.

1427an, Orbaizetako etxe edo su zerrendan Yenego Gurpide ageri da, lurjabea. Eta Nafarroako errege-erreginek herriko elizaren patronazgo eskubidea eman zioten dohaintzan 1437an.

Leinu hori estuki lotua egon zen Nafarroako errege-erreginei. Gaztelak Nafarroa Garaia konkistatu ondoren (1512-1529), Gaztelako erregeen zerbitzuan jarraitu zuten.

Auñamendiko sarrera: (Iturria: http://www.euskomedia.org/aunamendi):

“Erregeren ganberako elizgizona eta Comptoseko entzulea; 1420an jaso zuen notario titulua. 1421ean, erregeren altxorreko elizgizona zen. Urte hartan berean, erregeak errenta bat eman zion Barasoaingo petxaren gainean. Halaber, 226 libera eman zizkion Musker izeneko herri hustua erosteko. Erregeari mahasti bat eman zion Tafallako jauregietatik hurbil, lorategia egiteko, Tafallamendi izeneko erroten ordainez. Gurpidekoa zen sortzez, eta 1423an, bertan etxe bat ari zen eraikitzen, eta erregeak, horretarako, herri batzuen kuartelak edo “donatiboak” eman zizkion. 1424an, erregeak Tafallako preboste-kargua eta judutarren baile-barrutia eman zizkion. Urte berean, Barillasko eta Lor gazteluak erosi zituen, eta beste ondasun batzuk. Erregeak Aezkoako almirante egin zuen 1424an, eta Tafallako errege-zigiluaren zaintza ere eman zion. 1431n, Comptoseko entzule izendatu zuten. Erregeak ola bat egiteko ahalmena eman zion, harentzat eta oinordekoentzat, Aezkoako lurretan.”

  1. DE NAGORE. MIGEL. (XIV. mendea).

(Iturria: http://www.euskomedia.org/aunamendi . Egilea: Xabier Lasalle).

XIV. mendeko gizon ospetsua, Artzibarkoa sortzez. Elizgizona, eta Nafarroako errege Karlos II:aren eta Karlos III.aren gorteetako notario. Tuterako katedraleko kalonjea. 1387an, errege Karlos III.ak misio diplomatikoan igorri zuen Aragoiko erregearengana.

 

URTASUN VILLANUEVA, BENITO. (Azparren 31-V-1926/ 26-VI-1981).

urtasun liburuxka artzibarApez eta ikerlaria, Orotz Beteluko parrokoa izan zen. Hainbat ikerlan argitaratu zituen gure inguruari buruz.

Ikerlanak. Hainbat azterlan “Temas de Cultura Popular” izeneko bildumak argitaratu zituen, Nafarroako Diputazioak argitaratuta, eta gero, Nafarroako Gobernuak plazaratuta. Lan batzuk, halaber, Fontes Linguae Vasconum, FLV aldizkarian.

  1. Valle de Aézcoa. TCP, 126.
  2. Valle de Arce y Oroz-Betelu. TCP, 89.
  3. Toponimia de Oroz Betelu. FLV, 9, 333-348. or.
  4. Burguete. TCP, 157. José Antonio Pedroarena Orradre apez auriztarrarekin elkarlanean.
  5. 1975. Valle de Erro. TCP, 219.
  6. Espinal. TCP, 44.
  7. Aoiz. TCP, 290.

Bitxikeria gisa, aipa dezagun Latxaga ikerlariak aipatu zueña bere liburu famatuan. Latxaga 1970 aldean iritsi baitzen Oroz Betelura, eta elkarrekin Artzibarko hainbat herri bisitatu zituzten; guztiak, Irati ibaiaren ezkerraldekoak: Ekiza, Olozi, Uliberri eta Arizkuren. Latxagak hauxe idatzi zuen, zehazki: “Parrokira urbildu nintzan. Benito Urtasun erretora adiskidea dut. Erretoretxeko atea jo bezin aguro atean nuen besoak zabalik: -gurekin bazkalduko duzu. Zerbait artu. Ba nuen zu ikusteko gogoa, lan berriak egiten ari naiz. OrozBeteluko toponimia bukatu dut-. Txanda artu ezinik genbillen. Eliza gotikoa beti bezala garbi ta txukun zeukan. Kafea artzera etorriko zala agindu zidan. Azparren’dik Abaurregaine‘rako bidearen berriak galdetu nizkion. «Lagunduko zaituet» esaten zidala utsi nuen.”

 

Uritz Kalifornia 1953

California 1953. Blanca Grosso, Urizko alaba, beste euskaldun batzuekin, Motxo, Atxeritobehere eta Ramón Presto ( Lintzoain-Erroibar)

EMIGRATZAILEAK. ARTZIBAR MEXIKON.

Bukatzeko, ohiko kontu bat euskal Pirinioetako ibarretan. Emigrazioa. Zenbat ahaide ez ote dituen Artzibarko jendeak munduan barna? Ameriketan, bereziki. Interesgarria litzateke, zinez, zerrenda egitea. Hona hemen oinarrizko datu batzuk:

Arestian aipatutako Segundok eta Jeronimo Minondo Rotak bezala, Artzibarko beste jende aunitzek ere erabaki zuen itsasoz bestaldera joatea; Mexikora, hain zuzen. Ikerlan bati esker (ikus Arcelus 2001), izen sorta bat badugu eskura, guztiak ere hemendik lurralde hartara joanak, 1870-1950 artean. Nabarmentzekoa da zenbat jende joan zen Orotz Betelutik. Izan ere, mende aldaketan, paper-lantegia gainbehera etorri zen, eta gero itxi, eta horrek emigrazio handia eragin zuen, lantegi hartan dozenaka langile aritzen baitziren.

 

– Arcelus Echeverria familia. (Garralda-Orotz Betelu). Bi herrietan bizi izan ziren, eta seme-alabak jaiotzean, bien artean banatu ziren:

Ambrosio (Orotz Betelu 1911-Iv-4 / Mexiko ¿?). 1931 aldean iritsi zen Mexikora, eta besteak beste, “papelero” lanetan aritu zen. Olaldea izeneko herrixka eraiki zuen Edomexen. Guadalupe Irozekin ezkondua, sei seme-alaba izan zituzten.

Carlos (Garralda 1902-I / Mexiko 1991-V-15). 1922 aldean iritsi zen Mexikora. Merkataria. María Ángeles Pérezekin ezkondua, zortzi seme-alaba izan zituzten.

Lorenzo. (Orotz Betelu 1919-X-14. Mexiko ¿?). Industrialaria, paper-lantegi bateko ekoizpen-burua. 1946an iritsi zen. Mercedes de Diegorekin ezkondua, hamar seme-alaba izan zituzten.

Manuel. (Orotz Betelu 1913-IV-30 / Mexiko 1976). 1944an iritsi zen. Paper-lantegi batean aritu zen lanean. Martina Echamendirekin ezkondua, hiru seme-alaba izan zituzten.

Ruperto. (Garralda 1904-III-22 / Mexiko 1955-II-5). 1923an iritsi zen Mexikora. Merkataria eta onibar artekaria. Josefina Galarzarekin ezkondua, bost seme-alaba izan zituzten.

– Arcelus Ramírez Gregorio. (Orotz Betelu 1896 aldean / Mexiko ¿?). 1925 inguruan iritsi zen. Okindegi bat gobernatu zuen.

– Barro Arista, Policarpo. (Nagore 1899 aldean – Mexiko ¿?). 1924 aldean iritsi zen Mexikora.

– Eguía Astivia, Francisco. (Orotz Betelu, 1901 aldean- Mexiko 1936-IV-27). 1922 aldean iritsi zen. Okindegi batean lan egin zuen.

– Eguía Astivia, Víctor. (Orotz Betelu, 1906 aldean – Mexiko ¿?). 1926an iritsi zen Mexikora. Okindegi batean lan egin zuen Dolores Astiviarekin ezkondu zen.

– Enecoiz Oroz, Jesús N. (Nagore 1904- Mexiko 1935) 1923ean iritsi zen. Enplegatua.

– Garmendia Aldaz, María. (Orotz Betelu 1900- Mexiko 1993). Ez da bestelako daturik.

– Garralda López, Pedro (Nagore 1896- Mexiko 1970). 1923 aldean iritsi zen. Okindegi bat gobernatu zuen. Antonia Iriarterekin ezkondua, bost seme-alaba izan zituzten.

– Ibañez Villanueva, Aniceto. (Nagore 1898 – Mexiko 1959). 1912an iritsi zen. Nekazaria izan zen.

– Larrea Kotz, Joaquín. (Arrieta 1906-II-13, Mexiko 1935). 1924an iritsi zen. Enplegatua.

– Larrea, Miguel. (Nagore 1902, Mexiko ¿?): 1924an iritsi zen. Enplegatua.

– Noain Orradre, Andrés (Orotz Betelu 1910 – Montana 1926). 1926an iritsi zen. Okindegi bat gobernatu zuen.

– Orradre Mina, León. (Orotz Betelu 1894 – Mexiko 1983). 1929an iritsi zen. Okindegiko langilea.

– Urroz Arcelus, Fermín. (Orotz Betelu 1893 – Mexiko ¿?). 1902an iritsi zen. Merkataria; irin-errota bat izan zuen.

– Urroz Arcelus, José (Orotz Betelu 1906 – Mexiko ¿?). 1924an iritsi zen.

 

 

 

volver arriba