Valle de Arce

Valle de Arce-Artzibar

Euskararen lekukoak: ARTZIBAR eta OROTZ-BETELU

Euskara

Euskararen lekukoak: ARTZIBAR eta OROTZ-BETELU
Euskararen lekukoak: ARTZIBAR eta OROTZ-BETELU

Gorka Lekaroz filologoa da eta bere blogean  http://linguanavarrorum.blogariak.net/ duela gutxi artikulu bat idatzi zuen Artzibar eta Orotzen inguruan. Artikulu hori gure web gune honetan txertatu dugu, bere baimenez.

Mila esker, Gorka, egin duzun lana gurekin partekatzeagatik eta zure blogean gure web gunearen lotura txertatzeagatik.

 

Urrobi eta Irati ibaiak ardatz, 1.646 biztanle zituen Artzibarrek XIX. mendearen erdialdean; haietarik 177 Nagore haranburuan bakarrik. Ez dira askoz gehiago gaur ibar osoan bizi direnak, behinolako populazioaren %85 galduta. Artzibartik banandu ostean 800 bizilagunetik gorako izandako Orotz-Betelun, aldiz, 200 ere ez dira egun. Tantaka-tantaka hustu zaizkio herriak iragan mendean zehar inguru eder honi; halaxe hustu zaio berezko euskara ere, XIX. mendera arte nagusi, gizaldi hura azkentzean Longida aldetik makaltzen hasia, XX.a heldu bitartean iparraldeko herrietan transmititua, eta milurte berriaren atarian ahitu eta galdutakoaren oihartzunari baino eusten ez diona. Ikaratzeko moduan ibili dira parean Artzibarren euskararen ahultzea eta orain biziberritu nahi duen haranarena berarena. Bizkortuko ahal dira biak.

Joana da, izatez, ibar honetako euskara; baina ezagutu nahi dituenarentzat arrasto, istorio eta lekuko franko utzirik. Hemengo laburpenean baino ederkiago dastatu daitezke ingurune eder hau sakon ezagutzearekin batera www.valledearce.com webgune interesgarrian.

Aspaldiko lekukotasunak

XIX. mendera arte euskara izan zen hizkuntza nagusi ibarrean; ez da horren adibiderik han-hemenka falta.

ARIZKUREN

Arizkuren; behinolako herria 1940ko hamarkadan hustu zen (Iturria: www.lebrelblanco.com).

XVI. gizaldiaren hasierak J.M. Satrustegik 1992an ezagutzera emandako euskarazko ezkontitzak utzi zizkigun Artzibarren, Nafarroako beste hainbat eskualdetan bezala. Catalina Arizkurengoaren eta Uliko Martin Jasoren arteko auzia eragin zuten: Catalinak ezkontitzok esan, nonbait, eta ukatu egin zuen beranduago baliozkoak zirenik; aitaren beldur zen, antza denez, eta esanak esan ez zuen haren baimenik gabe ezkontzeko asmorik. Prozesuan Arizkurengoak eta jasotarrak elkarri eman bide zioten agindua bildu zuten: njc prometaçen derauçut / ez secula çuri faltaceco / eta çuçaz verce emazteric / ez egujteco. Aurreraxeago, azken horren ordez, honela dator: vici naycen artean ez agujteco.

Ez da XVI. mendeko agiriek eskainitako lekukotasun bakarra: Arrietan (1554), idatziz jarri zuen eskribau batek —sarritan gertatu bezala— herritarrei jakinarazi beharreko ohar bat erromantzez eman ostean euskaraz azaldu behar izan ziela: les ley del principio hasta el fin la dicha sentencya declarándoles y dándoles a entender en bascuençeXabier Itulain ikertzaileak bildu du datua.

oroz betelu

Orotz-Betelu.

Mende amaierakoa da, bestalde (1598), Fernando Maiorak ezagutarazitakotraydore, bellaco, ynçaç mandory esaldia (Esaldiaren interpretazio zuzena irakurtzeko, jo sarrera osteko oharretara. Mila esker, Borja!). Orotz-Beteluko abadeak zaltegi batean mando bat zela-eta izandako liskarrari buruzko prozesuan agertu da, Nafarroako Artxibo Orokorrean.

Artzibartarren ohiko hizkuntza euskara izanik, bada espero bezala horren oihartzunik 1587ko herri bascongadoen zerrenda ezagunean ere: multzo hartakotzat jo zituzten arrieta, V.ª nueu, esparrien, equiça, orizbetelu, gorraiz edo mizcoz [Mizkotzjaso izan da azken euskaldun zaharren ahotan ere egun Imizkotz dena aditzera emateko].

XVII. mende hasierakoa da (1626) Asnotz herrixkan gertatutako istorio xelebrea. Maria Enekoitz izeneko neska aezkoarraren aita hil ostean, Aurizko eskribau Pedro Bergararekin ezkondu zen ama. Kalterako izan zuen Maria gazteak aitaordea etxean sartzea: Bergara eginahalak egiten hasi zen bere seme bat alabaordearekin ezkon zedin, horrela emaztea hiltzen bazen Mariari egokitu beharreko aita zenaren ondasunak eskuratu nahirik. Aitaordearen ahaleginak ahalegin, neskak ez zuen amore eman. Izan ere, beste mutil bat zuen gustuko: Juan Iribarren, Asnozko jaun gaztea, Mariaren osaba baten iloba umezurtza.

Bergara aita-semeek haien asmoen aurkako ezkontza hura inola ere onartuko ez zutela eta mehatxuka hasiak zirela ikusirik, Maria eta Juan amarru bidez ezkondu ziren osabak lagunduta. Baimenak aurrez lortu, proklamak Aezkoan zein Asnotzen irakurri, eta Orreagara joan ziren, Juan Beltran bikarioarengana; aspaldiko adiskide zuen osabak Beltran hura. Bikarioa gaixorik zegoela baliatuta, eta bisitatzeko aitzakiaz, ohe ondora hurbildu eta bere aurrean esan zituzten Asnozko mutilak eta Maria Enekoitzek ezkontitzak: —Nay nauzu zure senarretaco? —Bay, naycen dizuz (sic). Esan orduko presaka egin zuten ihes: apaizaren borondatearen kontra eta Elizaren legeak hautsita izan arren, ezkontza xelebre hura izan, bazen, formula esan eta abadeak hitzak entzun egin baitzituen. Epaitu egin zuten nolanahi ere amarrugileen jokabidea, jakina, eta zigorrak ezarri —ezkontza behar bezala errepikatzea, barau egitea, purgatorioko animen aldeko hainbat meza agintzea…— baina zigor arinak irudituko zitzaizkion Maria Enekoitzi, Pedro Bergararen semearekin ezkondu beharretik askaturik. Aurreraxeago aipatuko dudan On Javier Ibarrakeman zuen argitara albiste hau 1930eko hamarkadan.

NHE 1767

Artzibar eta Agoitz ingurua —beste batzuen artean— erdaldundutzat jo zuten komisariek 1767an (Iturria: J. M. Jimeno Jurío).

XVIII. mendean Artzibarrek euskaldun zirauen arren, gaztelania ere pixkanaka-pixkanaka hurbildu (edo hurbilarazi) izanaren lehen zantzuak antzeman daitezke. Blogean behin baino gehiagotan azaldu bezala honako honetan ere, Nafarroako Erret-Kontseiluko komisari erdaldunek Artzibarren gaztelania aski ezaguna zela argudiatu zuten 1765etik aitzim, eta horrenbestez, gehiengoa euskaldun izan arren, bazuketela aurrerantzean beraiek ere herri haietan lan egiterik, eta ez komisari euskaldunek bakarrik: la mayor parte de personas hablan la lengua vascongada (…) los más saben y todos entienden el castellano, por haberse introducido este idioma generalmente con la plausible providencia de enseñarlo los Maestros en las escuelas que se han puesto, no sólo a los niños, prohibiéndoles el hablar bascuence, sino es también a las demás personas del pueblo. Romanzadotzat jotzeko eskatutako herrien zerrendan Artzibarko hauek guztiak bildu zituzten:Asnotz, Zazpe, Espotz, Zandueta,  Hiriberri, Arrieta, Saragueta, Uritz, Nagore, Urdiroz, Imizkotz, Lakabe, Usotz, Gorraitz, Lusarreta, Orotz Betelu etaGurpegi. Haran osoa, hitz gutxitan.

Hala ere, urte haietan bertan (1782), almadiak zirela-eta sortutako hainbat gorabehera aztertzeko Artzibar, Aezkoa eta Zangozako ordezkarien arteko bilera izan zenean, erretoreak ere joan behar izan ziren aezkoar eta artzibartarrekin; izan ere, Zangozakoek ez zekiten euskaraz eta bi haranetako agintari zibilak nekez moldatuko ziren haiekin: no saben bascuenz y los diputados y regidores de los Valles de Aezcoa y Arce por lo regular, no saben otro idioma. Albistea ez dator bat komisari erdaldunek agertutako hizkuntza-paisaiarekin.

Are gehiago; XIX. mendea hasita —Jimeno Juríok Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan topatutakoaren arabera— Orbaizko eta Artziko erretoreak Otsako parrokia eskuratzeko lehian hasi zirenean, baztertu egin zuten otsarrek Orbaiztik zetorkiena ia ez baitzuten zerabilen mintzoa ulertzen, por ser muy diferente del de este País. Nekez izango zen hura euskalki-arazoa, Artzibarko Otsa eta Longidako Orbaitz elkarren ondoan egonik. Antza denez, oso euskaldun zirauen Artzibar hegoaldeko Otsak duela 200 urte. Ez zen luzerako izango, mendean zeharreko albisteek erakutsi digutenez; aldiz, Itzagaondoko Urbikainen bezalatsu, hamarkada gutxitan euskararen nagusitasuna hankaz gora joan zela ematen du.

Izan ere, Bonaparteren mapa da Artzibar inguruko euskara pattaltzen hasi izanaren lehenbiziko lekuko argia. Haran hegoaldean ezarri zuen printzeak hizkuntza nagusi zeneko eremuaren muga 1863an: mugaz beheiti utzi zituen Longida erdaldunduagoa bertatik bertara zuten Olorices baserrietako bat, Otsa bera eta Zazpe herrixka, mapan kolore argiagoa zutelarik.

Bonaparte

Bonaparte, 1863. Euskara ahul Longidan eta Artzibar hegoaldean. Urraulgoitin (behean, eskuin, Ezkaniz) desagertze bidean.

Artzibarri buruzko xehetasunak jasotze aldera, 1865 eta 1869 bitartean Arrietako maisu Juan Cruz Elizaldek prestatutako doktrina-testuak baliatu zituen printzeak. Bonaparte Ondareko 60 eta 61. eskuizkribuak dira eta Nafarroako Artxibo Orokorrean daude ikusgai.

gurpegi-130309-18

Gurpegik 30 biztanle izan zituen behinola, XX. mendean hustu aurretik. 1860an euskara zuen nagusi (Iturria: J. Etxegoien)

Brocak (1874) oso antzeko albisteak eman zituen bere mapan; kontuan hartzekoa da hori, sendagile frantziarraren eta Luis Luziano Bonaparteren datuak ez baitziren beti bat etorri. Sainte-Foy-la-Grandekoari helarazitako txostenen arabera haranaren iparraldeko Urdirotz eta Gorraitzen euskara baino ez zuten ibiltzen;  Uritzen eta Espotzen, aldiz, —zer esanik ez hegoalderago— bi hizkuntzak zerabiltzaten ordurako. Erraza da erabilerari buruzko albiste hori Bonaparterek ezagutzaz emandakoetan txertatzea: Artzibar iparraldea guztiz euskalduna zatekeen oraindik baina gaztelania haranean gora zetorren, hegoaldean nagusitzen ari zen ordurako (zenbait herritan euskal hiztunak gutxiengo bihurtzeraino) eta erdialdean oraindik nagusi izan ez arren euskararen tokia hartzen hasia zen. Denbora baino ez zen behar hizkuntza-aldaketa erabatekoa bihurtzeko.

1900dik hona: harana eta euskara, gero eta itzaltzenago

Belaunaldiz belaunaldiko transmisioaren azken oihartzuna larri-larri heldu zen XX. mendera Artzibar iparralde eta ekialdeko zenbait herritan; ikusi bezala gainerakoetan are zaharragoa zen etena. Duela 115 urte euskara zen nolanahi ere askoren hizkuntza ibarraren erdialde zabalean zehar. Bistakoa da hori Artzibarko apaizek 1904an Elizbarrutiak egin galdeketari eman zioten erantzunari begira:  lau baino ez ziren izan “¿Se habla vasco?” galderari “No” erantzun zioten herriak: aspaldixko erdaldundutako Otsarekin batera Artozki, Uritz eta Zandueta. Erantzuleen interpretazioa gorabehera, nekez ulertu behar da horri begira azken hiruretan bederen euskaldunik ez zegoenik: Uritzen, esaterako, 75 urte beranduago ere baziren.

Nolanahi ere nabarmena da erdarak zekarren indarra, hegoaldean bezala erdialdean; horren arrastoa utzi digute Eki ezizendun idazle anomimo batek Napartarra aldizkarian 1916tik aurrera karrikaratutako zazpi kronikek. Haran inguruko mintzoa hainbat hitz garbizale eta bestelakorekin nahasi-mahasi samar erabiliz, gogor kritikatu zituen Ekik Artzibarren euskara bazter utzi zutenak eta, bereziki, aspaldiko mintzoari garrantzirik ematen ez zioten agintariak. Hizkuntzaren egoerari buruzko zeharkako albiste baliotsuak ere eman zituen: Urdiroztik goiti eta Irati arroan hizkuntza mintzatua euskara zela iradokitzen dute hark idatzitakoek. Litekeena da berriemaile hura ere herri haietako batekoa izatea. 1917an isildu ziren, tamalez, bere kronikak.

Urte batzuk beranduago —1920ko hamarkada hasieran—, beste hainbat eremu bezala Damaso Intzak Artzibar ere aditz-joko nafarra aztertu nahirik zeharkatu eta gero, Erizkizundi Irukoitzarako inkestak egin zituzten haranean: Azkuek Arrietan, eta Etxalarko Eusebio kaputxinoak Orotzen eta  Azparrenen. Ez dira guztiak gorde, zoritxarrez. Arritan Juana Ibarrola izan zen lekuko; Orotzen Graciana Escabel, Angel Orradre eta Fermin Arbunies. Azparrenen, aldiz, Fermin Etxandi. Urte haietan ari zen koxkortzen edota gazte bihurtzen Artzibarko azken belaunaldi euskalduna.

hiriberri-130322-03

Hiriberri (Iturria: J. Etxegoien).

Hamar bat urte beranduago beste ikertzaile bat (Aingeru Irigarai) Artzibarko euskararen mugez arduratu zenerako, nekez entzungo zen aldaera hura inongo gazteren ahotan ere. Iratialdean topatu zuen Irigaraik hizkuntza bizien, gibelka ordea: Azparren eta Orotzen, eta baita horren ondoko Gorraitzen ere. Haietan ba omen zen 30 urtez gorako euskaldunik, baina mendearekin batera jaiotako belaunaldi hark ez zerabilen euskararik eta 50 urtetik goitikoen ezpainetan baino ez zen entzuten. Adin hartan bertan zegoen antza ezagutzaren eta erabileraren muga Hiriberri, Arrieta, Saragueta etaUritzen. Imizkotz eta Lusarretako 50 urte ingurukoek erabili ere ez zuten egiten; antzeko zerbait antzeman zitekeen Lakabeeta Gurpegin, eta euskara-pixarrak baino ez gainerako herriren batean. Ez da Urdirotz, Espotz edota Arizkurengo albisterik Irigarairen zerrendan; izango zen euskaldunik han ere. Dena den, ziztu bizian zihoan iheska euskara Urrobin zein Iratin gora.

Ez dut XX. mendearen erdialdeko albiste handirik ezagutzen, baina pentsatzekoa da 1904ko inkestan artean euskaradun jo zituzten haran hegoaldeko herri denetan —eta erdialdeko askotxotan— urte haietan desagertuko zirela azken hiztunak. Eta herriak berak hustu inoiz, hondar euskal hiztun horiek desagertzearekin batera. Lakabeko seme Javier Ibarra Murillo apaiz euskalduna (1626ko Asnozko pasadizoa ezagutzera eman zuena) 1955ean hil zen. Ederrena etxean jaioa zen 1876an; guraso biak artzibartarrak zituen. Huraxe izango zen Lakabeko azken euskaldun zaharretako bat; herria bera handik gutxira hustu zen. 1951n Gorraitzen hildako Patricia Bizkai Barber azparrendarra ere euskalduna zela badakit. Gazte samar hil zen (1895ean jaioa izanik) Azparrengo azken belaunaldi euskalduneko andere hura.

Azken hiztunak

1970etik aurrera beste aditu belaunaldi batek Artzibarko euskal hiztunen nondik norakoa ikertzeari ekin zionerako desagerpenaren aurreko urratsean topatu zuten haraneko hizkera.

arrieta2

Arrieta (Iturria: J. Etxegoien).

Irizarrek (1970) estatistika gordina utzi zuen: Orotzen 11 euskaldun aipatu zizkioten, eta Artzibar osoan beste 16 (lau Arrietan, hiruna Lusarreta eta Hiriberrin, bi Uritzen eta bana AzparrenEspotz, Imizkotzeta Saraguetan). Zehaztasun handiko datuok Benito Urtasun ikertzaileak eman zizkion, azken euskaldunak 1900ean jaiotakoak zirela berretsiz. Urtasunek berak Orotz-Beteluko toponimia jaso zuen eta 1971n FLV aldizkarian ezagutzera eman ere bai. 65 urteko Manuel Arzelus izan zuen berriemaile. Arzelustarrak izan zien Orotzen euskara jaso zuten azkenetakoak, azkenak agian; dena den, Manuelen bost anaia-arrebak Uruguaira joan eta bertan gelditu ziren, eta ez dakit baten batek euskarari eutsi zion ala ez. Zaharrenak –Florencia eta Carmen arrebak- 1990 eta 1995ean hil ziren.

Artolak, bestalde, haraneko mintzoa biltzeari ekin zion 1971n bertan Hiriberrin, eta hainbat herritako hiztunak elkarrizketatu zituen hogei bat urtez: donostiarrari eta azken labekadako hiztun haien ekarpenari zor dizkiegu Artzibarko aldaeraren inguruko xehetasun asko. 1980an Artola bera eta Josu Tellabide baleko hiztun bila euskararen hego-mugak orrazten aritu zirenean,  honako herri hauetan topatu zituzten euskaraz ongi(ska) defendatzen ziren artzibartarrak:Lusarretan, Hiriberrin, Arrietan, Imizkotzen, Urdirotzen, Uritzen, Espotzen, Azparrenen eta Orotz-Betelun. Azken bietan, ‘ozta-ozta’ gainera, hiztun osoei muga-hiztunak gailentzen hasita nonbait. Artolak aurkitu zuten lekukorik gazteena, Soledad Arbonies, 51 urtekoa zen. 1971 hartan bertan hil zen Calixto Legasa artzibartar euskalduna, II. Errepublikan zinegotzi izandakoa eta Artozkiko Juriko etxera ezkondua. Ez dakit, ordea, Artozkin bertan sortua ote zen.

Jarraian, azken urte hauetako hondar hiztun eta muga-hiztunen zerrendatxo bat emango dut; denak ez badira gehien-gehienak bederen Koldo Artolak berak elkarrizketatu zituen 1971etik 1989ra bitartean. Batzuk informazio gutxi emateko gauza izan baziren ere, beste zenbaiten ekarpena garrantzi handikoa izan zen Irizarren adizkera-lanetarako:

Saturnino Etxamendi

Saturnino Etxamendi arrietarra (1985), eta Francisca Zilbeti emazte erroibartarra; euskalduna hura ere. (Iturria: Fontes Linguae Vasconum)

Orotzen Gregorio Arzelus Arzelus (1904-1986), Manuel Arzelus Gortari (1906-1985) eta Dionisia Lekunberri Orradre (1899-1991), nik dakidala herriko azken euskaldun zaharra.

ArrietaMarterena etxeko Saturnino Etxamendi Larrea, 1901ean sortua. Koldo Artolak Artzibarren izandako berriemailerik baliotsuenetako bat; 1981etik 1992ra bitarteko harremana izan zuten. Ibarreko azken euskaldun osoa izan zen Etxamendi seguru asko; Barañainen hil zen 1993ko abuztuaren 25ean.

Azparrenen Gregoria Bizkai Escabel (1901-1989), herriko euskara tirriki-tarraka gorde zuen azkeneko hiztuna.

Espotzen Manuel Zazpe Garde (1905) izan zen euskararen apurrak emateko hondar lekuko balekoa, baina hura ez zen zahartzaroan hizketan aritzeko bezain ongi moldatzen.

Lusarretako Jose Larrea Arozena (1902-1990) berriemaile izan zen baina muga-hiztuna baino ez zen hura ere. Hango euskararen berri eman zezakeen azken pertsona izan arren, ulertu besterik ez zuen egiten; ez zen elkarrizketa bat izateko gauza.

Imizkozen euskara pixar batzuk besterik ez zituen gorde Vicente Inda Errok (1907-1991).

Hiriberrin 1901ean jaiotako Ambrosio Usoz Imirizaldu (1928an Estatu Batuetara alde egin eta Kalifornian iparraldeko artzai franko mintzakide izandakoa), Francisca Larragueta Imirizaldu (1905-1983) eta arestian aipatu Soledad Arbonies Larrageta, 1920an sortua. Andere hau, euskaldun oso baino hartzaileagoa izan arren (asko xamar ulertzen du baina mintzatu gutxi, Koldo Artolaren hitzetan) oso lagungarri izan zuen Aitor Aranak duela hamar urte Artzibarko hiztegiari buruzko liburua argitaratzeko. Tafallan bizi da gaur egun, 94 urteak beteta.

Hauek guztiek eta beste hainbatek emandako informazioaren laguntzaz, Orreaga Ibarra edota Iñaki Camino ere aritu dira XXI. mende honetan Artzibarko mintzoa ikertzen eta mendeetako ondarea galbidetik ateratzen. Ondare horren erakusgarri, hona hemen Arrietako Saturnino Etxamendik Koldo Artolari 1981ean abestu zion gaztetako Gabon-kanta (Iturria: FLV 113 (2011), 300-301. or.).

– Kantatzen zenuten euskaraz zerbait?

– Ni… jústo-jústo oròitzen náiz zerbáit: Jaiki, jaiki artzaiñak, ernatu goizean, Belengo ziudadean Jesus jaio da ta. Eztuzie jinestatzen ikusi artean, antxen deskansaturik, zure triste ori. Ni, no sé, alguna cosa así era.

– Eman, eman berriz…

Jaiki, jaiki artzaiñak
Ernatu goizean
Belengo ziudadean
Jesus jaio da ta.
Eztuzie jinestatzen
Ikusi artean
Antxen deskansaturik
Zure triste ori 

No sé, algo lo he cambiaö, e?

– Kontxo, oso polita da… eta bertzerik ez zen?
– Yo me acuerdo justamente… jústo-jústo oròitzen náiz, artzáiak, juàtentziré, mezára? eguérdiko… o gabérdiko mezán? altxinàrruekín ta… ¿cómo le llaman al zamárro? zamárruák? ta… bére górro… áundi aetái? ta abàrkekín, ta axúri zenbáit óla… bésoan, aurrári adóratzerá, a Jesús, a adorar…
– Muin ematera, edo muxu edo pott edo… nola erraten da?
– Ápa emáterá. Fiárki pollíta ìten züté orduan; géro yá… galdú ze déna, gáldu ziré.

Artzibarko euskararen galera 3.0

Artzibarko euskararen galera. Egin klik irudian gertuagotik ikusteko. Gorriz, azken hiztun ezagunen heriotza-urtea. Berdez, euskaldun osoak ez ziren azken muga-hiztunena. Urdinez, herrietan euskaldunen bat gelditzeari buruzko albisterik berankorrenak noizkoak diren.

A la vez que el drama de la despoblación que tan duramente le ha golpeado a lo largo del último siglo, el navarro valle de Arce / Artzibar ha vivido en paralelo durante ese mismo tiempo el progresivo debilitamiento y la desaparición de su habla vasca autóctona, extinguida en la práctica durante el último cuarto del siglo XX y cuyo último exponente es la hiriberritarra de 94 años Soledad Arboniés, que de niña, en época ya muy tardía (década de 1920) llegó a hacer suyo en parte el euskera de sus mayores. La crónica del euskera de Arce debe necesariamente recoger, por un lado, los ecos de largos siglos de vitalidad presentes en innumerables topónimos y que van aflorando también en diferentes archivos; y, por otro, el recuerdo de aquella última generación de artzibartarras que aún hace pocos años dieron testimonio del habla que alcanzaron en mayor o medida a aprender, y que los convierte en transmisores del patrimonio inmaterial del valle; por ello acompaña a esta entrada una lista con buena parte de esos últimos hablantes que lo poblaron hasta tiempos muy recientes.


Gorka Lekaroz
http://linguanavarrorum.blogariak.net/

volver arriba