ARTZIBAR KARTOGRAFIA HISTORIKOAN. (Testua eta hasierako irudiak: Jose Etxegoien)
Mapen historiaren gainean.
Mapak eta planoak funtsezko tresnak izan dira mundua ulertzeko, baina aldi berean, politikarako eta propagandarako baliatu dira, abantaila batekin, gainera; hots, objektibotasun faltsuaren aire batekin aurkeztu dira, <<deskribapen zientifikoa>> balira bezala, eta benetako interesak ezkutatu dira, hau da, noren zerbitzuan ari diren, eta zer aurreiritzik inspiratzen dituzten ere bai. Geopolitika alemanak, adibidez, mapak erabili zituen, lurraldea hedatzeko xedeak justifikatzeko, eta horrek ederki adierazten digu noraino manipulatu daitekeen adierazpen kartografikoa.
Josep Fontana, 1999
Zalantzarik gabe, modu aunitz dira mapak ikusteko. Haietarik guztietarik, bi nabarmendu nahi ditut; bidaiariaren ikusmoldea, eta setiatuaren ikuspegia. Sobran dago erratea mapen zer ikuspegi mota aplikagarri zaien Hezkuntzako gure arduradunei. Ez gara errepikatzen hasiko denok gure egiten ditugun ideiak, hau da, zeinen garrantzi handia duen kartografiak gizarte zientzien irakaskuntzan, eta bereziki, kontzeptuzko eta jarrerazko edukiez egiten den manipulazio subliminala, kartografia historiko anakronikoen bidez, iragana egungo interes jakin batzuetara eta haien etorkizuneko proiektu ideologikoetara doitzeko; baina nire ustez, egokia da erratea zer hezkuntza-eredu datzan mapen ikuspegi defentsibo, militar eta setiozkoaren ikuspegi horren azpian: xedea ez da neska-mutilak prestatzea bizitza heldu autonomo eta kritiko baterako, nork bere iritzia izateko, baizik eta pelaioak sortzea. Horrela, pelaioak ez dira harrituko telebistan ikusteaz zonaldekatze zentzugabez beteriko eguraldi mapak, zeren, iduri baitu debekatu egin nahi dietela ipar-mendebaldeko euriei foru lurralderako sarbidea, miasma separatistaz kutsaturik etortzen badira ere …
Bixente Serrano Izko, Nafarroako mapei buruz. 2002
Mapa, hasieran, ia irudi metaforikoa eta apainketarakoa izan zen; metaforikoa, zeren oso gutxi adierazten baitzuen errealitate geografikoa, eta apainketarakoa, zeren, arlo artistikoa gehiago azpimarratzen baitzen, informazioa baino.
Erdi Aroan hobetzen joan zen, eta poliki-poliki, errealitate geografikora hurbiltzen ari ziren. Erregeek, nobleek eta elizgizonek gero eta gehiago jakin nahi zuten zer luze-zabalera zuten beren jabetzapeko lurrek, mapen alde artistikoa ahaztu gabe.
XVIII. mendean gero eta gehiago hasi zen tokian bertan aztertzen, erliebea fidelago marrazteko eta interpretatzeko. Alderdi militarra gorpuztu zen, bide nagusien, ibai, mendi, mendikateen, mugen eta abarren deskribapena hobetu zen. Eta distantziak markatzen hasi ziren.
Arlo militarra kartografiaren garapenaren eragile nagusia izan zen, geografia aztertzen laguntzeko, Yves Lacosteren geografia-liburu baten izenburuak dioen bezala: “geografia, gerrarako arma da”.
Geografia eta kartografia militarren nahiz estatuen eskutik helduta joan ziren, konkistetarako, gerretarako… , zertarako eta haien interes kolonialistak garatzeko, haien ekonomia sustatzeko.
- mendeak aplikazio berriak ekarri zituen; ekonomia, turismoa… eta, gaur egun, guztion eskura dago. Horrela, kartografia modernoan nabarmentzekoak dira ortofotoak edo satelite bidezko argazkiak, oso errazak baitira eskuratzeko, eta haietan oinarrituta, eta GPSaren bidez, edonork bidea trazatu eta nahi duena ikus dezake.
Kartografia maite dugunok, funtsezko bi webgune ditugu eskura. Batetik, Google Earth, mundu zabalean barna bilatzeko, eta bertzetik, Sitnaren ataria, zehaztasun eta kalitate handikoa.
Artzibar mapetan.
Nafar Pirinioak XVII. mendean hasi zen lehen aldiz mapetan agertzen; frantses kartografoek Nafarroari buruz egindako mapen deskribapenetan. Zehaztasunik ez dute, eta askotan, ibai nahiz herri izenak ageri ziren, mapan kabitzen ziren ala ez.
Denborarekin, bide nagusiak agertzen hasi ziren, ibaiak eta herriak zehatzago kokatzen dira, eta ibar izenak ere ageri dira.
Joko horretan, Artzibar da kaltetuena, “Val de Roncevaux” edo Orreaga Ibarra edo Aezkoako izena Irati ibar guztira zabaltzen baitzen.
Mapa batzuek besteengandik kopiatuko dira; batzuk teknikariak hasi ziren bidaltzen, tokian bertan informazioa jasotzeko; erresumen edo estatuen arteko mugak zehatz-mehatz zedarritzen hasi ziren; beraz, mendira joan beharra dute mugaketa-lerroa erabakitzeko…
XIX. mendean hasi ziren Pirinioetako bideak mapetan agertzen, eta herrien izenak ugaltzen; ia denak agertzen ziren, eta are gehiago, mugak eta ibarraren izena ere ageri dira erdaraz: “Arce”.
Urrobi bidearen bidea marraztu zen, ibarreko errepide bakar eta nagusia; gero, Garraldatik Orotzera doan errepidea, 1920ko hamarkadan Itoitzeraino luzatu baino lehen; tarteka, bide garrantzitsu batzuk agertu eta desagertzen ziren, hala nola, Lusarreta-Esnotz, ia errepide bihurtutakoa; bide bat ageri da aipatua Nagoretik Erroibarrera, baina ez dakigu oraindik zein. 1889tik aurrera, errepide berria kokatzen hasi zen, hots, Hiriberri-Arrieta-Lusarretako bidegurutzetik Auritz-Aurizberriko ordokiraino, beti trazatu berria eta zaharra markatuta…
1924an, abelbide azterlan bat egin zen. Horrela, Aezkoakoa Arizkuren ondotik ageri da, edota Ibarreko 45. “traviesa” , Azparrendik Orotz, Muniain, Nagore eta Olorizbeitira zihoana, Zazpetik Lizoainibarrera igarotzeko. (Bide interesgarria, gutxienez ere tarte bat lehengoratzeko).
Gaur egun, ordea, teknologiak kartografia tradizionala gainditu du, eta toki guztietara iritsi da; tira, sakelakoak ez ibar osora, eta internet hortxe-hortxe.
Ondoren, Ibarreko historia kartografikoaren ikusizko ibilbide txiki bat egin dugu, mapa historikoen xehetasun batzuk nabarmentzeko.
Beharbada, mapei buruzko olerki eder honen bidez bukatu beharko genuke. Anibal Nazoak eta Juan Carlos Núñezek egina, Rosa Leónek edo Soledad Bravok abesten zuten.
1. Entre tu pueblo y mi pueblo
hay un punto y una raya
la raya dice no hay paso
el punto vía cerrada. |
3. Caminando por el mundo
se ven ríos y montañas
se ven selvas y desiertos
pero ni puntos ni rayas. |
2. Y así, entre todos los pueblos
raya y punto, punto y raya
con tantas rayas y puntos
el mapa es un telegrama. |
4. Porque esas cosas no existen
sino que fueron trazadas
para que mi hambre y la tuya
estén siempre separadas. |
MAPA HISTORIKOAK.
1620-51. urtea. Nafarroako mapa baten xehetasuna.
1650. urtea. La Guienne, -Guyenaren maparen xehetasuna, N. Sansonek egina. Mapak zenbat eta eremu gehiago hartu, orduan eta zehaztasun gutxiago ematen zen.
1652. urtea. Nafarroako mapa baten xehetasuna, N. Sansonek egina. Ibai nagusiak hobeki kokatu zituzten, bai eta haien inguruko zenbait herri ere.
1657. urtea. Nafarroako mapa baten xehetasuna.
1667. urtea. Guienne, -Guyenaren maparen xehetasuna, N. Sansonek egina. Zenbat eta datu eta marrazki gehiago sartu (mendiak, ibaiak…) informazio zehatz gutxiago eman ahal zen.
1690. urtea. Nafarroako mapa baten xehetasuna, G. Cantellik egina.
Urrobi ibaiaren inguruari “Orreagako ibarra” eta Irati ibaiaren inguruari Aezkoa deitzen dieten lehenengoetako mapa.
1691. urtea. Nafarroako mapa baten xehetasuna. Aurrekoaren antzera, “Roncesvalles eta Ahescoa” ibarrak nabarmentzen ditu. Garaiko bide nagusiak ere aipatzen dira.
1695. urtea. Aurreko bi mapen antzekoa, “memoria historikoa” nabarmentzen da, espainolek Nafarroa ebatsi zutela aipatuz.
1700-50. urtea. Mapa osatzeko herrietako izenak zoriz jartzen zituztela nabaria da, lehenagoko mapetan agertzen ez ziren izenak ikus daitezkeelako. Horren adibideak: “El Borheto” Auritz-Burguete, “Lazareto”, Lusarreta, Ymiscoz, Equiça u Osso, Otsa.
1703. urtea. Nafarroako maparen xehetasuna, S. d’Abevillek egina. Mapa zenbat eta handiago izan, xehetasun gehiago ditu eta herri gehiago agertzen dira, honetan “Villanueva, Gurpegui, Arze, Muniain, Arrosqui (Artozki), edo Arizcuren”.
1724. urtea. Nafarroako maparen xehetasuna, J. de Hortak egina. Mapa eskematikoa, ibaiak nabarmentzen dira eta herri askoren izenak agertzen dira, horien artean Artzibarko anitz. Beharbada ibarraren izena, “Arce”, agertzen den lehenengo aldia da.
1787. urtea. Mapa hau argitaratu gabe dago eta helburuak bestelakoak zirela dirudi, militarrak, bide nagusiak deskribatzen baititu. Hartara, norbait eskualdean barrena ibiliko zen, landa lana eginez. (www.gallica.fr-tik hartua)
1793. urtea. Plano honetan bideetako eta ibaietako zehaztasun gehiago ematen dira, gehienbat helburu militarrak kontuan hartuz. Gerra hurbil zegoen eta muga gero eta zehaztasun gehiagoz ezagutzea beharrezkoa zen. Frantsesak eta britainiarrak jakintsuenak ziren kartografiaren alorrean.
1818. urtea. Mapa eta planoak gero eta zehatzagoak baziren ere, oraindik klasikoagoak eta zehaztasun guxiago dutenak ere erabiltzen dira. Ibarraren izena gero eta maizago erabiltzen da.
1835. urtea. Mendebaldeko Pirinioko mapa orokor baten xehetasuna. Bide nagusiak agertzen dira, eta, deigarria da bide bikoitza agertzen dela Esteribar eta Aurizberri artean.
1849-52. urtea. Hezkuntzako liburuetan mapak agertzen hasten dira. Batxillergoko liburu batean Nafarroako mapa hau agertzen da.
1861. urtea. Coello-Madozen maparen xehetasuna. Beharbada, Nafarroako mapa modernoen lehenengoa da, xehetasun asko agertzen baitira. Agoitz-Nagore-Auritz errepide gisa agertzen da eta Zubiri-Erro-Auritz bide gisa.
1863. urtea. Nafarroako postaren maparen xehetasuna. Mapak, helburu militarrez gain, hezkuntzarako edo zerbitzuen antolaketarako, posta kasu, erabiltzen hasi ziren.
1863. urtea. Bonaparteren euskalkien mapa. (Artzibar eta Orozko mugen marra guk egina da). Euskalkien lehenengo mapa; euskalkiak koloreen arabera sailkatuak, Aezkoako euskalkia Nafarroa Beherekoarekin batera sailkatzen da. Iñaki Camino ikertzaileak frogatu zuen duela 20 urte aezkera Artzibarko euskalkiaren berdina zela. Bonapartek euskara erabiltzen zen eremuaren hegoaldeko muga Artzibartik hegoalderago jarri zuen.
1876. urtea. Katastroa egiteko ere mapak erabili zituzten. Planoak herriz herri egin ziren, lurren erabilera zehaztuz. Hemengoa ibarreko mapa orokorra da, zehaztasun handiz egin zen lehenengoa. ( www.cfnavarra.es-tik hartua)
1876. urtea. Errepide eta bideetako mapa orokor baten xehetasuna, kilometroak aipatuz. Lusarreta-Esnotz eta Nagore-Ardaitz bideak agertzen dira, bai eta Agoitz-Gorritz-Arizkurendik Aezkoara doan abelbidea ere.
1886. urtea, Ibarlucearen mapa honetan bide nagusiak koloreztatu ditugu. Agoitz-Nagore-Aurizkoa nabarmenduta agertzen da, eta Zubiri-Auritz-Luzaidekoan Zubiri-Aurizberri zatia puntuz nabarmendu da, oraindik egiten ari zelako eta ez zegoelako argi hortik egin behar zuten edo Esnotz-Lusarretatik (gorriz nabarmendua).
1888. urtea. Rolleten mapa honetan mendilerroak berdez seinalatu dira eta bideak gorriz; argi ikus daiteke bide nagusia Erro-Esnotz-Lusarretakoa dela, Erro-Aurizberrikoaren aldean, azken hau bigarren mailan ageri da.
1891. urtea. Mapetan kolorea erabiltzen hasten dira landaretza, geologia, eta gainerako ezaugarriak desberdintzeko. Hau Pirinioko mapa geologikoa da, “Orozko domoa” eta ibarra bi egitura geologikotan banatua antzematen dira.
1893. urtea. Mapa honetan mendietako altuerak agertzen dira eta ibarraren egitura ongi antzematen da, Urrobi eta Irati ibaiei jarraituta.
1910. urtea. Urte hauetako mapetan eskualdeko errepideak agertzen dira, Aezkoako errepidea Garaioaraino iristen zen, eta Orbaizetakoa ezin zen erabili defentsa arraoiengatik, inbasioak sahiesteko. Artzibarko errepidea Urrobi ibaiaren ondotik doa, eta Lusarretako biak ikus daitezke, zaharra eta berria. Garraldako errepidea Orotzeraino iristen da, baina 1910.eko hamarkada arte ez zen Itoitzeraino ailegatu.
1924. urtea. Abelbideen planoa. Urrobi ibaiaren ondoko errepidea ikus daiteke, kilometroak adierazita, Aezkoako abelbidea Arizkuren ondotik pasatzen da, eta hura zeharkatzen duen beste bidea, P-45 deitua, Azparrendik Orotz-Muniain-Nagore-Olorizgoit-Zazpe aldera pasatuz, eta handik Lizoainibartik barna sartuz.
1920ko hamarkada. Azkenean Orotz Betelutik Itoitzera daon errepidea egin da!. Aezkoan, Errepublika baino lehen, errepidea Abaurregainaraino iristen zen eta Orbaizetakoa 30ko hamarkadan egin zuten.
1933. urtea. Nafarroako euskararen maparen xehetasuna (Aingeru Irigaray). Lerroek euskararen erabilera noraino iristen zen adierazten dute. Azpikoa XVIII. mendekoa da, bigarrena Bonaparteren ikerketan oinarritutakoa da (1863) eta goikoa Irigarayek 1933an egindako ikerketan oinarritu da, horren arabera Artzibarko iparraldea euskalduna da.
1953. urtea. Mapa militarrak saltzen hasi ziren eta hoberenak zirela esan ohi zen. Toponimiari dagokionez akatsak izaten zituzten baina sestra-kurbei eta bideei dagokienez oso onak ziren. Honetan Artzibarko iparraldea agertzen da. Aurrerantzean badakigu ibarrak bi mapa ofizial zituela, 116. orriak ibarraren gehiengoa hartzen zuen eta 142.ak ibarreko hegoaldea.
1953. urtea. Xehetasuna. Mapa hauek bideak, kilometroak, desnibelak, herriak, lerro elektrikoak… zehazten zituzten. Duela gutxi arte mendizaleek asko erabili izan dituzte. Oraindik ere bide zaharrak berreskuratzeko balio dute.
1962. urtea. Errepideetako mapa. Artzibarren bideak zolatu badira ere oraindik ez da errepide berririk egin. Urrobikoa C-127 errepidea zen. Oraindik Lusarretako errepide zaharra agertzen da.