Valle de Arce

Valle de Arce-Artzibar

Ibaiak.

Geografia eta Natura

Ibaiak.
Ibaiak.

IBAIAK. (Testugilea eta hasierako irudiak: Jose Etxegoien)

lerdengibel 130413 06

Ura Pirinioetako ibarrotako ardatz nagusietako bat da. Eta hara, Artzibarren hiru arro edo ibai daude, eta hori ibar gutxitan gertatzen omen da; gurean baizik ez, beharbada. Honatx hiru ibaiak: Irati, Urrobi eta Gurpegi. 2005etik aitzinera, Irati Artzibartik desagertu da, gure ibar honetako tartea urtegi bihurtu baita bere osoan: Itoizko urtegia da, alegia.

Urrobi ibaia misteriotsu xamarra da. Ortzanzurieta edo Girizuko mendi-magaletan sortua, Auritz-Orreagako ordoki zabaleko urak biltzen ditu gozo-gozo, eta ordokiaren bukaera aldean, Urrobi hasten da, Aurizberri eta Artzibar arteko muga egiten duten mendiak ixten hasten diren tokian, hain zuzen. Sigi-saga doa aurrera mendien arteko pasabide meharrean beheiti, errepidea bidelagun duela, eta ibar zabalxeago batean ikusiko du argia, mendien arteko zirku batean; ibaiaren ezkerraldean Hiriberri eta Arrieta daude, eta eskuinaldean, berriz, Lusarreta eta Saragueta. Herriok ez daude ibai-bazterrean, Arrietako Benta bertzerik ez (Saraguetako dermioan); han, duela urte gutxi arte, inguruko arrain-haztegi bakarra egon zen, amuarrain goxoak ekoizteko. Piraguistak ibaian beheiti ibiltzen dira mendiek hertsitako tarte horretan, Hiriberri-Arrietako zubia jo arte. Leku ederra da zinez, ibaiari argazkiak ateratzeko modukoa.

Gero, ibaiak zubi erromatarra edo “Eskeletokoa” zeharkatuko du; zoritxarrez, hondatua dago, eta duela oso urte gutxira arte, ederki ikusten zen Erdi Aroko arku handia, erdikoa.

Zandueta-Artzi-Nagore aldean, tarteka, ibaia desagertzen da, urak lur azpian sartzen baitira. Azterlan batzuen arabera, Erro ibaira isurtzen dira. Nagoreko zintzur edo potxe ederra, bertako bide atsegina, antzinako errepide bihurgunetsua… horiek oro betiko gelditu dira Itoizko uren azpian, eta potxearen zati bat agerian badago ere, argi dago ez dela inola ere bazterrotan barneratzen zen bidaiaria agurtzen zuen atari handi eta ikusgarri hura.

Gurpegi ibaia ahantzia dugu denok. Ibai txikia da, erreka, eta erdi ahaztua dagoen ibar txiki batean irekitzen da. Komunikazioak txarrak izanagatik ere, garai batean, arroak sei herri izan zituen: Gurpegi, Olorizgoiti, Olorizbeiti, Zazpe eta Ekieta Artzibarren, eta Erdotzain eta Olaberri, Longidan. Errepide berria berandu iritsi da Artzibarko herrietara, baina badirudi mugimendua dagoela Zazpen, eta oraindik ere zerbitzua emanen die Longidako auzokide gutxi horiei.

lerdengibel 130413 07 pan

ARTZIBARKO IBAIAK: IRATI, URROBI eta GURPEGI.

lerdengibel 130506 06

Irati, Ibaia bere izeneko mendi eta oihan garaietan sortzen da, Pirinioetako hegoaldean, eta Aezkoako iparraldera erortzen dira: ibilbidea iparraldetik hegoaldera egiten du, Aezkoan eta Artzibarren barna, non, Ekizan, ekialdetik isurtzen baitzaizkio Arizkuren eta Uliberriko gainetatik jaisten diren errekak, eta Orotz Betelu ondoan Abaurreetatik (Aezkoa) jaisten den beste bat jaso ondoren. Hego-mendebaldetik, Urrobi doa, eta Orbaitzen (Longida ibarrean) Iratiri eransten zaio, eta aipatu ibar horretan, Erro ibaiaren urak hartzen ditu, Liberri eta Billabeta herrien ezkerrean, eta Irunberrin, Zaraitzu ibaia, hegoaldetik sartzen zaiona, eta beheitixeago, eta Zangozara iritsi aurretik, Aragoi ibaiarekin elkartzen da. Emaritsu samarra da, eta hartatik garraiatzen dira bere izeneko oihaneko zurak, eta mastatarako baliatzen dira, eta arras ugaria da amuarrain goxoetan eta bertze arrain batzuetan.

Urrobi, Astobiskar-Ibañetako iturrietan du jatorria, Orreaga eta Aurizko dermioetan: herri batzuk bustitzen ditu Artzibarko eskuinean eta ezkerrean, non gainetatik jaisten diren erreka aunitz jasotzen dituen, eta Orbaitzen, Iratiri lotzen zaio; urre-koloreko pintoak dituzten amuarrainak hazten dira, arras gustu berezikoak.

Juan Bautista Carrasco, Geografía…,1861

 

IRATI IBAIA.

“Oihanaren atal nagusia Aezkoako alderik sakonean dago hedaturik, baina Zaraitzuk ere parte hartzen du oihan aberastasun miragarri horretan. Hamaika errekak gurutzatzen dute oihan zeharkaezinaren barnealdea, hala nola Urtxuriak, Urbeltzak eta bertze batzuek, eta guztiek ere lorez ñabartzen dute lurzoru haren askimotz landare betiraunkorra, non eta eguzkiak bere indarra sarraraztea lortzen duen alderdi gutxi horietan, harik eta urlaster gardenak besarkatu arte; erreka horiek Irati ibaia osatzen dute, zeinak bere bidea egiten baitu ibar hondoan barrena, oihan txikien masa estuak olanaztatua, harik eta Gorrizko soiletara ateratzen den arte, non Urrobirekin elkartzen baita…

Pedro Madrazo, 1886.

Zaraitzun sortzen da, Urtxuria eta Urbeltza errekek elkartuta, Erroiarria-Bettattu alderdian, Elurretako Amaren ermitaren ondoan (Sanferminbizkarra). Ekialde-mendebalde norabideari jarraikitzen zaio, eta Aezkoara iristean, Irabiako urtegiak ura biltzen du, eta iparraldetik Egurgioko erreka eransten zaio. Orbaizetatik kilometro batera, Altzatean, mendebaldetik Legartza erreka batzen zaio, eta behin betiko, iparralde-hegoalde norabidea hartzen du, Orbaizeta, Orbara eta Aribe herriak zeharkatuta, bai eta Orotz Beteluko Olaldea auzoa ere; berehala, Artzibarren barneratzen da. Gaur egun, ibaia desagertzen da, Itoziko urtegiak tarte hori guztia harrapatu baitu.

Itoizko urtegia eraiki aitzinetik, Iratik Lakabe, Muniain, Artozki eta Usozko zoroak eta baratzak ureztatzen zituen; gero, ura bilduta gelditzen zen Usozko presa txikian, eta ondotik, Longida ibarreko Ezkai, Gorritz eta Itoitz zeharkatzen zituen.

Agoitz gainean, Longidan, urtegiko horma dago; horik behera, berriz ere ibaia agertzen da. Aos baino lehen, Gurpegi ibaiko urak hartzen ditu, eta handik tarte txikira, Errokoak. Gero, Longidan eta Urraulbeitin behera jarraitzen du, eta Irunberri lekuko dela, Zaraitzu ibaia elkartzen zaio mendi-zintzurra zeharkatu baino lehen. Ondoren, Ledea gurutzatu,eta Entrambasaguas alderdian, urak Zangozako zubipetik igaro baino lehen, Aragoi ibaira isurtzen ditu urak; hortxe bukatzen da Iratiren ibilbidea.

Urtegiak hainbat herri hondatu eta ur azpian utzi zituen: Artozki eta Muniain, Artzibarren, eta Ezkai, Gorritz, Orbaitz eta Itoitz, Longidan. Hortaz landara, Iñarbe eta Artozkiko zentral hidroelektriko historikoak, Usozko presa, eta Agoizko zentralera zihoan ubidea.

Irati ibaiaren arroa garrantzitsua da benetan: 1.546 km2. Beraz, 88 km-ko ibilbide labur horretan, erreka aunitz jasotzen ditu. Nafarroako ibai emaritsuetan, hirugarrena da, Aragoi eta Argaren ondotik. Hona hemen urak Iratira isurtzen dituzten erreka batzuk::

Eskuinaldea: Erroiarria, Blanca eta Semillero Zaraitzun, eta Aezkoarekin muga egiten duena, Egurgio; lehenago, tarte batzuetan Idaibea erraten zioten –urtegiaren egungo eremua-, eta Egurgio. Gero, Erlan, Bizkarraundi, Ezkerren borda, Sariozar, Xidran, Ariztui, Legartza, Aizurtin, Aizura, Aztapar, Atinibar eta Arrerreka, guztiak ere Aezkoan. Askaberri, Arrigorrieta, Txoriturri eta S. Pedro Orotz Betelun; Lakabe ¿?, Manzanar eta Artozki, Artzibarren; eta Ezkaialdea eta Patarran, Longidan, Urrobi iritsi baino lehentxeago. Azkenik, aurreraxeago, Gurpegiko erreka heldu da, Aos iparraldean, eta hegoaldean, herri berean, berriz, Erro ibaia. Irunberriko bidean, Errekagaitz, Usiain eta Eskargaitz erreketako ura biltzen du.

Ezkerraldea: Burdinzokoa eta Arrantzaren erreka, Zaraitzunm eta Kakollako erreka, hau da, Aezkoako muga. Berrendipea, Errebelu, eta Garaioa, (tarte batzuetan ere Aztapar deritzo), guztiak Aezkoan. Orotz Beteluko dermioan, Pausandi, Eka eta Azparren. Oiarbeltz, Sarate, Ekiza eta Aintzuria, Artzibarko azken tartean. Longidan, Potxe eta Rala, bertze ibai-bazterretik Urrobi, Gurpegi eta Erroko urak bildu baino lehentxeago. Aragoi ibairako bidean, ezkerraldean nabarmentzekoak dira Zarikieta naiz Sastoia errekak, Urraulgoitik jaisten den Areta ibaia, eta Zaraitzu, izen bereko ibarra eta Nabaskozeko Almiradioa zeharkatzen dituena.

Iratik errota aunitz mugiarazi zituen. Horrela, XIX. mendean, Arga, Aragoi eta Egaren ondotik, Iratik mugiarazi zituen errotarririk gehien. Hona hmen labur emanik 1868ko estatistika bat, eta urteko pikor ekoizpena anegatan eta erreguetan neurtua, (Nombela, 1868):

 

Ibaiak

Errotak

anegak

erreguak

errotarri

1

1 baino

gehiago

Arga 17 2 42.795 273.684
Ega 13 2 66.800 24.320
Aragón 7 71.350 12.000
Irati 9 2 31.560 9.600
Salazar 9 20.777 5.900
Bidasoa 6 2 5.735
Erro 8 15.000
Urrobi 3 2.500

Errota batzuek, halaber, pila izeneko tresna zuten, artilezko oihalak lantzeko; Garraldakoak, adibidez. Aezkoan ehule aunitz zeudenez, bertze bi errotak ere pila zuten. Aipatu behar da Iratik ere oletako tresneria mugiarazte zuela, hala nola Aezkoak munizioa ola, Orbaizeta gainean, eta Olaldeakoa, Orotz Betelun.

Orotz Beteluko paper-lantegia 1894tik 1912ra egon zen zabalik, eta lehen istripu edo “delitu” ekologikoa erran genezakeena eragin zuen. Hara zer gertatu zen gutxi gorabehera:

1899an, Agoizko alkateak paper-lantegia salatu zuen, egun delitu ekologikoa erran geniezaiokeena egin zuelakoan. Salaketa Diputazioko Osasun Batzordeak jaso zuen: Erran bezala, Agoizko alkateak aurkeztua Irati ibaiko urak kutsatuak zeudelako, eta Herriko Osasun Batzordeak Orotz Beteluko paper-lantegiari egotzi zion horren erruduna izatea, eta Urari buruzko Legearen 219. artikuluarekin bat, afera aztertzeko Batzordea bat izendatzeko eskatzen zuen. Baina, hara, paper-lantegiko burua Mercader jauna zen, Batzorde horretako kidea eta farmazialaria. Batzordea sortu, eta handik gutxira, salaketa desagertu zen.

Errotak edo paper-lantegia bezala, bertze atal batzuetan Irati ibaiko ekoizpen hidroelektrikoa aztertuko dugu, Nafarroako garrantzitsuenetakoa, eta gaur egun, ekoizpenari zati bati eutsi diona.

Madoz entziklopedia.

Madozen entziklopedian (1845-50), Iratiri aipamen zabala egin zitzaion, hainbat aldetatik ikusita: geografia, almadien trafikoa, errotak, burdinolak, eta garai hartako bertze gauza jakingarri zenbait. Ibaiak mendez mende izaniko garrantzia da nabarmentzekoa, baina gaur egun Artzibarko tartean dena desagertua da, Itoizko urtegiak eraginda. Pasarte interesgarria da, eta bere osoan emanen dugu; hori bai, euskara egokitua, eta laburtzapenak kenduta:

 

IRATI: ibaia Nafarroako probintzian, Agoizko barruti judiziala. Izen bereko oihanaren erdian sortu eta hartzen du izen hori, Urtxuria eta Urbeltza erreken elkargunean. Urtxuria Orhi mendiko magaletan jaiotzen da, eta Urbeltza Irati-Soroko bortuetan, Garaziko eta Zuberoako ibarretan, Frantziako erresuman; zehazki, aipatu elkargunetik 2 edo 3 legoara sortzen dira. Urtxuriak ekialdetik mendebalderako bidea egiten du, eta Urbeltzak, berriz, iparraldetik hegoaldera, eta bestea baino hiru aldiz handiagoa da emariz. Izenek dioten bezala, erreka horietako bakoitzak bere kolorea du. Iratiri Ur Handia ere erraten diote bertakoek, eta izena hartzen duen lekutik kilometro batera, Egurgoako edo Idaibea izeneko erreka eransten zaio, 2 legoa gorago jaiotzen dena, Ateburu eta Artxilondoko magaletan, eta iparraldetik hegoaldera doa. Legia bat beherago, halaber, ezkerraldetik Fajolla edo Zazpiturri elkartzen zaio, Abodiko gainetik jaisten dena, eta Aezkoa eta Zaraitzu arteko muga egiten du, alde hartan. Aezkoan, Irati ekialdetik mendebaldea doa ibar hondoan aitzina, Orbaizeta ondoraino, eta bertan, munizio olako errekaren urak jaso ondoren (Orbaizetako erreka), norabidez aldatu, eta iparraldetik hegoaldera doa, eta ez du norabidez aldatuko, harik eta Aragoi ibaiarekin elkartu arte, Zangozatik hurbil, Orbaizetatik 10 legoara. Iratiri eransten zaizkion beste erreka eta iturrien artean, Abaurreetakoa da nabarmentzekoa, ezkerraldetik Aribetik hurbil elkartzen ziona; Aribeko erreka ere eransten zaio, herritik behera ezkerraldeko ibaiertzean sortzen dena, ur emari apartarekin; Orotz Beteluko erreka, herri horretan berean, eskuinaldetik; Artozki eta Arizkurengo errekak, ezkerraldetik, Orreagakoa, eskuinaldetik, Gorritz herriaren parean; Erroko ibaia, Urrotz gurutzatu ondoren, Iratiri eskuinaldetik Agoitz baino legoa erdi beherago lotzen zaiona, Aos aurrean; Artaxoko eta Arripodasko errekak, ezkerraldetik, eta azkenik, Zaraitzu ibaiaren urak biltzen ditu ezkerraldetik Irunberrin; Zaraitzu Orhi mendiko hegoaldeko magaletan sortu, eta Zaraitzu ibarra eta Nabaskozeko Almiradioa zeharkatzen ditu. Irati ibaia emaritsu xamarra da, baina udako hilabeteetan, urek aunitz urritzen dira, eta orduan ikusten dira hainbat kobazulo, non ibaia hondoratu eta, beherago, ateratzen den; baina hori hasieran eta oihanaren erdian baizik ez da gertatzen. Urbeltzako kobazulo batean, ibaiaren zati handi bat sartzen da, ez bada ahoa estaltzen, estaltzen baita, eta uste da ez dela beste inon berriro azaleratzen, edota eizn izan da ikertu. Iratik herri hauek edo herrion inguruak zeharkatzen ditu: Orbaizeta, Orbara, Aribe, Orotz Betelu, Artozki, Ezkai, Gorritz, Agoitz, Aos, Artaxo, San Bizente, Arripodas, Irunberri, eta Ledea; eta irin errota eta pilategi hauek mugiarazten ditu: Orbaizeta, Hiriberri, Aribe, Garralda, Orotz Betelu, Artozki, Muniain, Agoitz, Ledea eta Zangoza; halaber, Orotz Beteluko ola zahar bat, orain berriz ere eraikitzen ari dena labe garaiak izateko, eta Irati konpainiako zerra hidraulikoak, eta zatar-papera egiteko lantegi bat, biak ere Agoitzen. Urtxurian badira esklusa txiki batzuk, eta 3 nabarmenak, konpainia harenak, Urbeltzaren elkargunean, Orbaizetatik gora legoa erdira, eta Aribe azpian, iturriaren ondoan, aspaldian errege armadak eraikiak, eta Iratiko konpainiaren bizkar egin ziren, zurak oihanetik Agoitzeraino errazago garraiatzeko, Iruñera eta Donostiara eramate aldera, bai eta Zaragoza eta Tortosaraino ere, Mediterraneoko portuetarako. Orbaizetan zurezko zubi bat dago Irati gaineanM Orbaran, arku handia duen harrizko bat; harrizko beste bat, 3 arkukoa, Ariben, arkuetako bat 1822an moztua eta oholekin konpondua; beste bat zurezkoa, 2 arkukoa, Orotz Betelun; beste bat harrizkoa, 3 arkukoa, horietako bat gerra zibilean moztua eta zurekin konpondua, Orotz Betelun bertan; beste bat harrizkoa, 3 arkuduna, Artozkin, azken gerra zibiletik moztua, eta auzokideek konpontzerik izan ez dutena, zubi behar handian egonda ere, haien indarrez gaineko obra baita, arku moztuak 70 oin argi baino gehiago baititu; harrizko beste bat, altuera handikoa, 3 arkukoa, Agoitzen: molde bereko beste bat Aosen, baina aunitzez ere meharragoa eta zubi-bularrik gabea, eta zurezko arku konpondu batekin; harrizko beste bat, 4 arkuduna, eta erabiltzen ez dena, ibaia Artiedan ibilbidez aldatu delako, eta azkenik, harrizko zubi bat, oso ona, Irunberrin; herri bakoitzak berea ordainduta, eta zubi-saririk kobratu gabe, Irunberrin ez bada, non erreal bat ordaintzen baita ardi-aziendako 100 buru bakoitzeko. Horrez gain, 3 txalupa dira Ezkain, Artaxon eta Ledean, eta udan, ibaia aunitz tokitan pasatzen da, eta bereziki, Agoiztik gora. Irati oso kanalizatua jaisten da haitzen artean Agitzeraino; baina oso nabarmentzekoak dira mendi-zintzurrak, bertan Potxe erraten diete; Orotz Betelu ondoren bada bat, eta Otsan, Artozki eta Ezkai artean, haitzak goian baitaude, eta behealdean meharra da, eta bereziki da nabarmentzekoa Irunberri eta Ledea artekoa, haitz bizian pikotxez egina dela iduri duena, 600 kana baino gehiago da luzeran, 100 metro garaieran, eta 6tik 12ra bitarte, zabaleran, ia elkarzut mendi kaskotik hondoraino edo ibai-ibilguraino. Urei bide egiten dien ebakidura miragarri horrek, halaber, balio du uhaldi handien enbatak geldiarazteko, Zangozako jendearen mesede nabarmenean; zeren, bestela, aunitzez ere arrisku handiagoak izanen bailituzke, Aragoikoak ere handi datozenean, zintzur hartako mehartasunak Irati geldiaraziko ez balu. Iratin arras ugaria da arrantza, oso ugaria amuarrainetan Agoiztik gora, eta barboetan eta aingiretan, behera. Urak iturri aunitzek osatuta daude, bortuetakoak, ibilguan behera haitzen artean harrotuak, eta denak dira garden, osasungarri eta oso goxoak ahoan. Agoitz lekurik aproposenetako bat da oihalak eta beste gauza batzuk lantzeko lantegiak eta manufakturak ezartzeko, hainbat arrazoi direla medio, hala nola Iratiren emaria eta ur-jauziak; izen bereko eta inguruko oihanak eskaintzen dituen erregaien eta materialen ugaritasuna; bizi-gaien eta jornalen merketasuna, eta Iruñea hurbil izatea, errepide ona baitago hirira iristeko, eta beste elementu mesedegarri batzuk

URROBI IBAIA.

urrobi 130324 02 pan

URROBI IBAIA.

URROBI: Nafarroako ibaia, Agoizko barruti judiziala; Ibañetako gainaren oinean sortzen da, Orreagatik hurbil eta haren dermioan; gero, Aurizko Arrobi edo Urrobi alderdia zeharkatzen du, izena eman diona,; aurrerago, Aurizberriko errotara iritsi baino lehen, Aurizko mendietatik jaisten den beste erroka bat elkartzen zaio eskuinetik, eta elkarrekin, Artzibar erditik doaz, Arrieta, Lusarreta, Zandueta, Urdirotz, Uritz eta Nagore herriak zeharkatuta, eta Itoitz herriaren azpian sartzen da Iratin, Longida ibarreko Gorritz parean. Urak ziztuan doaz ibilguan behera; arras gardenak eta onak dira; amuarrain ugari eta goxoak hazten dira, eta hain irin-errota mugiarazten dituzte. Alde guztietan zeharkatu daiteke eta urtaro guztietan.

Madoz hiztegia, 1845-50.

[…] Otsa eta Orbaitz. Herri horren azpian, Iratiri eransten zaio: 34 km-ko zeharkaldia egin ondoren, eta bidaiariari zortzi zubi eskaini ondoren Auritz, Aintzioa, Lusarreta, Arrieta, Imizkotz, Uritz, Artzi eta Nagoretik hurbil, azken hori harrizkoa; ibai-bazterrean bost irin-errota ditu.

Florencio Sanz de Baeza, 1858

Auritz eta Aurizberri arteko mugan sortzen da, Xuringoa eta Aetzubia erreken elkargunean, egungo industrialdean eta kanpinean, eta biek ere urrobi izena dute. Ibaiak 32 km-ko ibilbidea egiten du, eta haren arroa 119 km2 da.

Aurizko Xuringoa errekak Atalozti mendian du iturburua, Atalozti eta Urrerreka errekastoen elkargunean. Aetzubia, bestalde, Auriztik hurbil sortzen da, ekialdean, Basajaunberro eta Arranosin erreken elkargunean.

Urrobik badu gauza nabarmen bat, Zandueta eta Nagore aldean desagertzen baita hainbat zulotatik, eta zenbait urtetan, udan idortu egiten da. Azterlan batzuen arabera, ura Erro ibaira isurtzen omen da. Gaur egun, Artziko jaurerritik aitzina, Urrobi desagertzen da Itoizko urtegira iristean. Bazen asmoa urtegi bukaeran beste urtegi bat egiteko, Nagore aldean, baina gaur egun, ez dago hura eraikitzeko eperik. Honatx erreka nabarmen batzuk:

 

urrobi elurra 03 130108Eskuinaldea: Astigariturri, Los Castaños, Arangoa, Errekaldea, Sagarmin eta Vivero, Artzibarren. Longidan, Arbea eta Alotze.

Ezkerraldean: Iturriotz, Zokoeta, Artatzea, Lakabealdea, Izaga, Errekagaitzeta eta Izurtzu, Artzibarren. Longidan, Otsaldea eta Zalpidea; azken hori Itoitzen elkartzen zitzaion.

Arrantza egiteko toki hauta izan da, baina Nafarroako Pirinioetako gainerako ibaiak bezala, gainbehera etorri da. Honatx zer idatzi zuen bertako Elizburuk 1977an bertako arrantzari buruz:

“Urrobi, desnibel handikoa baita, indarrez jaisten da, osin, taula edo baltsa gutxi ditu, eta edertasun liluragarria dauka arrantzaleentzat. Zati handi batean zaila da ibai-bazterretan ibiltzea, landaredi oparoak estalita baitaude. Eta zailtasunak ere badira urak bultzada handia dakarrelakoz, batez ere trebatuak ez daudenentzat. Ibai-ohean badira harri handiak eta errekarriak, lohi irristagarri batek estalita; zenbaitetan, botetako grapan ere ez baitzaizkie segurtasunez lotzen. […]

Ibaiaren idorte garaian, tarte handi bat ia bere osoan desagertzen da. Ura ibai-ohe harritsuan iragazten da, arrailez betea baitago, eta leize-zuloren batek ura gogo biziz xurgatzen du Nagoretik hurbil. Beraz, onena behar bada ez, baina arras tarte interesgarria gelditzen da erabiltezin. Ibai honetako amuarrainak suharrak eta oso kirolzaleak dira, ongi sartzen dira euli artifizialaren amarruan, eta draga naturalaren amuan –salbu eta zizarean–. Koilaratxoa eraginkorra izaten da egin batzuetan, baina ez da hain segurua. Ibai honetan ez dago arrantza barrutirik, eta dena da libre.”

Gaur egun, tarte batzuetan debekatua dago arrantza, arrantza-egutegia ere, tamainak kontrolatzen dira, harrapaketa kopuru finko bat dago, heriotzarik gabeko arrantza eremua… eta Itoizko urtegitik behera bakarrik egion daiteke arrantzan era librean.

1920. Urrobi ibaiaren ikuspegi erromantikoa. Hona Txangoa eta Urrobi ibaiei burz 1920an idatzitako artikulu bat. Egilea Miguel Iragui Urrizola iruinsemea izan zen, eta . Betharrameko Jesusen Bihotz Sakratua ordenako anaia. Eusko Ikaskuntzako bazkide izan zen, eta hainbat artikulu idatzi zituen Avalancha aldizkarian, horietako bat Olivako monasterioari eskainia, 1926anMisioetan hil zen, Talín, txinan, 1944an. Artikulua Iruñeko La Avalancha aldizakrian idatzi zuen, 1920ko apirilaren 24an (605. zk., 132-133. or.), eta Montevideoko (Uruguai) Euskal Erria aldizkariak berrargitaratu zuen 1923ko otsailaren 1ean (418. zk., 34-35. or.).

NAFAR LURRALDEAREN GAIN. Urrobiren otoitza eta Txangoaren otoia. Harkaizti hezigaitz eta bihurriak, hantxe dauzka Urrobik bere urak urratuak, tontorrek eta maldek urratuak, mendian beheiti datorrela, ibilbidea laburtuz harik eta Andresaroko zintzur meharreraino iritsi arte, non irudi baitu gelditzen dela Pirinioetako sakontasun lorios haiek hobeki besarkatzeko.

Ibai emaritsua, bitartean, laster doa kontra egiten dioten arroka izugarrien bihurguneetan barna sigi-saga, eta haren uhin uhinduen inarrosaldiaren gainean, ilargiaren argitasunek ñirñir dagite harribitxizko oparotasun magikoz. Gauaren erromantizismoak poesia-iturri agortezina izaten jarraitzen du niretzat, hots, paisaiaren begiesten dudan honentzat. Hara, lurraren ebakidura aunitzen ondotik, hara doa Urrobi Argaren handinahietan galtzera, baina lehenik, alor eta ibar euskaro oparo eta emankorrak bustita, hartan baizik ez baitute aurkitzen arto-soroendako bizigarria.

Urrobiren arima euskal herri gogoangarri honetako arima bera baita, historiaurreko epopeien ingude harritsuan landua, bake eta independentzia egarriz bizi diren bihotzen sentimentalismoetan samurtua.

Urrobi, beraz, Pirinioetako zintzur zuten gainetik jaistean, mendi garaiek eta haitzarte tetrikoek gizonak eta zaldiak desberdintzen dituzten lekuetan, defentsa ezinezko eta erasoa hilgarri egiten duten tokietan, han, gozo eta garden labaintzen da Orreagako haitzarteko amildegia sakon eta isilera, eta mendetako harkaitzen artetik iragaitean, betiereko otoitza du xuxurlatzen, eta bitartean, Txangoak musu ematen die isilean Astobizkar eta Ibañetako erroitz hondogabeak, gainari eskari bat arrenka eskatuz, gizakiak sekulan etenaraziko ez dutena …

Horrela, hiri lo dagoen eta ibarra lasai datza bitartean, ariman sartu zait ikuspegiaren edertasun gailena, eta Txangoak otoitz egiten dituen hitzak ditut entzuten, eta betiereko fedearen otoitza iruditzen zaizkit, aberriaren defentsan bizia emanik han hil zirenen omenez. Horra hor Urrobiren otoitza, txangoaren eskaria, arrazaren otoitza, aberriarena, eta aberria indar handiz sentitzen da han, Pirinioetako oihan ospel eta malkartsuetan.

Urak lasai eta gozo labaintzen diren gauez zintzur meharrean barna, gandu itsuzko hodeien artean labaindu ere, hodeiek landareak eta gailurrak oro babesten dituzten bitartean. Bada, gurtza sakonaren antzera, ur horiei darien espirituak iragan handitasunak bizi izan zituen, gure zainetatik dabiltzan odol tantak iduri.

Gizonek, ur hauek bezala, historia ez dute ezagutuko, ahanzturak edo ez ikasteak eraginda; baina, finean, gizonen borondatea bultzatzen duten arrazoi ezezagunetan, arrazen kontserbazio senean bezala, hantxe bizi da gizonak adoretuko dituen indarra, eta egunen batean –hurbil egonen ahal da– haien arimetan handitasun berriak konkistatzeko desioa piztuko duen indarra.

Handitasun berrio horiek ari zaie Urrobi kantuan eta otoizka, eta haiengatik ari da Txangoa xuxurlatzen bere eskaria ilargi gau misteriotsuetan, hau da, Pirinioetako zintzurretako labar eta harkaitzak zeharkatzean, uhinak zilarrez janzten zaizkion bitartean …

Han, mendi erroldoi eta malkartsuetako gailurretan, hodeizko eta ganduzko etxe-orratza, arraza sendoko eta pentsamendu nobleko gizon baten espirituak kolegiata bat zuen altxatu, eta bertako dorre motza zut dago zerurantz otoitz eskean, amildegiko hondoan mendetako loan dautzanen alde. Eta horixe du Txangoak otoitz egiten, mendi gainetik akitua jaisten denean amildegiko lurrari muin egitera, behinola atzerriko odolaz eta bertako odolaz osaturiko uharrak zeharkaturiko toki berberera.

Aski ongi baitakite Txangoako uhinek arrazaren balentriaren berri!…

Oraingo eta etorkizuneko belaunaldiek ezin konta ahala datu eta xehetasun dituzte istorioetan, erran dudana frogatzeko; horregatik, orain eta beti, gure heroismoa gure aberriaren sorterria berreraikitzera bideratu beharra dago …

Jainkoak nahiko ahal du huraxe hurbil egotea!…

GURPEGIKO ERREKA.

Mapa batzuetan Zelaiko erreka deritzo, ibar txiki ahantzi bat eratu du, Itoizko urtegia inguratzen duen errepide berriak berraurkitua; bide berriak iparraldetik hegoaldera jaisten da, paraleloa inguruko ibaiekin, hau da, Erro mendebaldean, eta Urrobi, ekialdean. 12 km-ko ibilbide txikia du, eta 25 km2-ko arroa.

Auzamendiko magaletan sortzen da, Labiako mendian. Hainbat herri hustu zeharkatzen ditu, hala nola Gurpegi, Olorizgoiti, Olorizbeiti, Zazpe, eta urrunxeago, Ekieta Artzibarren, eta Longidako bi herri, hots, Olaberri eta Erdotzain, eta urak Iratira isurtzen ditu, Billabeta eta Ekai artean, Aostik hurbil.

Arro honetako urek erreka txikiak biltzen dituzte, baina izenak oraindik ere ikertu gabe daude, edota beharbada, ez dugu jakin izenok aurkitzerik. Hona hemen batzuk: Urbioi, Ostiñerreka, Zazpe, Guriol…

lerdengibel 130413 10Ibai efluenteak eta influenteak os ríos efluentes e influentes.

Urrobi ibaia ez da “influentea” “influentea” baizik, erran nahi baita, ura eremu karstikoetako akuiferoetarantz isurtzen da, eta horregatik, lur azaleko ura galtzen da.

Irati ibaia, ordea, Urribitik hurbil eta paraleloan badoa ere, ibai efluentea da, hau da, akuifero batzuk baina beherago baitoa, eta akuiferoek ibaira isurtzen dute, eta ez alderantziz. Horrela, agorraldian, udan, edota ur gutxi dakarren garaietan, Urrobi ia urik gabe gelditzen da, eta Iratik emariari eusten dio, bere bidean zeharkatzen dituen akuiferoak urez husten zaizkiolako, ibilgua baino gorago baitaude.

volver arriba