Arrieta
Ibarreko ipar mendebaldean dago, 785 metroko altueran. Ibarreko alde hau Pirinioko beste ibarren antza gehiago dauka, klimatikoki zein landaredia eta faunari dagokionez, pagadiak nabarmenduz.
Arrieta Urrobi ibaiaren ezkerraldean dago, Errazugaina mendiaren magalean. Inguruan badaude bide zahar batzuk, gaur egun gutxi erabiliak, baina lehen garrantzizkoak zirenak, Garralda eta Orotzera zeramatenak adibidez.
Demografikoki biztanle gehien izan dituen herrietako bat izan da. 1366an sei etxe zituen eta hamaika 1819an, eta biztanle kopuruari dagokionez 210-233 izan zituen 1858-1887an, eta hortik aitzina jaitsiz joan zen, 1950-86an jaitsiera nabarmena emanez, 114tik 47ra.
Badakigu XX. mendearen hasieran merkatua zegoela, baina ez dakigu noiztik eta noiz arte iraun zuen.
San Lorenzo eliza. XIII. mendekoa, aldaketa asko egin zaizkio mendeetan zehar, azkeneko aldaketa 1950ean izan zen. Oinplano laukizuzena dauka, lau zatitan banatua eta bi kapera. Kanoiko ganga dauka, gaur egun estalia. Bi aldetara dauden kaperek barroko estiloko gangak dituzte, XVI. mendekoak, eta haien nerbioek izar itxura osatzen dute. Puntu erdiko ataria harrizkoa da eta ateburuan gurutzea dauka.
Done Marti baseliza. Hilerriaren ondoan dago, erromaniko estilokoa da, oinplano laukizuzen xumea dauka eta barnealdea argitzen duten gezileihoak. Atariak puntu erdiko arkua dauka.
Arrietako Jauregia. Plazatik hurbil dago eta hiru eraikin ditu. Lehenengoa ukuilu gisa eta belarra gordetzeko erabiltzen zen; lehenengo pisuan arku zorrotz handia dauka. Erdiko eraikina berritua dago, harriz egindako leihoak ditu eta balkoia ere. Ataria harrizkoa da, puntu erdikoa, eta goiburuan armarria dauka. Armarria bi zatitan dago banatua, batean basurdea haritzaren pean irudikatu da; horretan Aezkoako armarriarekin edo Aurizko armarri zaharrarekin du antza. Beste zatian puntuak ditu . Atariaren gainean leiho bikia dauka, erdiko zutaberik gabea. Dorreak oin-karratua dauka, gutxienez hiru altuera ditu eta arku konopialak dituzten leiho bikiak.
Zenbait etxe nabarmentzen dira, bere tamaina eta atariengatik.