Valle de Arce

Valle de Arce-Artzibar

Pueblos

Artozki

Artozki. Betidanik laket izan dut Artozki, zuzen ez dakidalarik zerengatik. Aezkoatik sausten eta Irati ugaldea segituz mehar eta ilun da bidea, dena oihan, harregi xut, oro malkar. Supituki, mendiak idekirik, hor agertzen da Artozki, ugaldez bertzaldean, zabalko argitsu ederrean emana. Kolorea ere bertzelakoa da, berdetik horixkara iraganik garia nagusi beita alorretan. Funtsean bapateko aldaketa honek harritzen ninduen gehien herritik bizikletaz joaten ginelarik. Inguruari so egitean iduri luke sekulan ez dela deus gertatezn bazter lasai hortan, eguneroko laborari beharretan tink, baina ez da beti hala izan. Urteetan barna herriak gertaera latz eta larriak montioka ditu pairatu. Duela gutxi idatzi nuen bezala, hemen ere iraganeko trajedien plazan gabiltza ustekabean.
1872. urtean karlistek eta liberalek bertan egin zuten topo, Muniainpean, Artozkiko ordokian hildako anitz suertatuz. Erregebide ondoan omen daude lurperaturik, at zendurik. Zubia ere bota zuten karlistada hontan, lemixikoan bezala bertzalde. Trajedien artean lerrokatzen ere dut arima galdu zuenekoa, erran nahi beita, euskaldun luzaz iraun ondoren, erdaldundu zutenekoa XX. mende hastapenetan. Bertzelakatze gaitza.
Aurten berrehun urte badira egunez-egun, herriari su eman zakotela frantsesek 1794. urtean. Espainia-Frantzia arteko Konbentzione gerlan etxeen erdia kiskaldurik ikusi zuen Artozkik, biztanleek, bizia salbatu beharrez, ihesari ematen zakotan bitartean. Tamalez gehiago bada ere, bego hortan. Makurrak-makur aintzina egin zuen herriak eta doi-doi bizirik heldu da gaur egun artio.
Eta bihar? Zeren xakin behar beituzie Itoizko (balizko) urtegiak bete-betean harrapatzen duela Artozki. Iraganean suak abantxu kiskali eta orai urak itoko ote? Gaizo Artozki! Ez zira sekulan bizi artoski!

Xamar, idazle aetza, Nafarkaria 1994-VII-22.

artozki 1990 01

Artozki 550 metroko altueran zegoen, Iñarbe eta Gaztelu arroilen arteko lautada txiki batean. Baratzak, pentzeak eta labore-lurraz gain, mahastiak ere bazeuden, Artozki eta Muniain mahastiak zituzten iparralderagoko herriak ziren. Paisaia mediterraneoagoa zen.

Hiru su edo etxe zituen 1366an eta hamalau 1819an. Eta biztanle kopuruari dagokionez, 165 zituen 1858an eta 150 1950ean, eta hortik aitzina jaitsiera nabarmena izan zen.

Herria Itoizko urtegiaren azpian gelditu zen 2003an. 2010ean Artzokiko kontzejua desagertu zen modu ofizialean, eta bertan erroldatuak zeudenak Azparrenera pasatu ziren. Bizilagun batzuk etxeak egin dituzte Azparrenen eta beste batzuk Nagoren.

Ama Birjina sortzez garbiaren eliza.

XIII. mendekoa zen. Oinplano laukizuzena zeukan, lau nabe, eta burualdearen bi aldetara kapera bana. Kanoi-ganga zeukan. Ataria sinplea zen, puntu erdiko arkukoa, eta ataripe estalia zeukan. Ezkila-dorrea altua zen eta leihoak zituen ezkilentzako. Barnean XVII eta XVIII. mendeetako irudiak zeuden.

Zilarrezko kaliza nabarmentzen zen.

Itoizko urtegia egin aurretik harriz harri beste toki batera eramatea aurreikusita zegoen, baina azkenean, 2003an bota egin zuten.

San Migel baseliza

NOK 74 artozki

Herritik hurbil, gain batean, San Migel baseliza zegoen, eraikin xumea, oinplano laukizuzenekoa eta ezkila eusteko horma zuena. San Migelen irudia XVI. mendekoa zen.

Errota eta jauregia ere bazeuden.

Zentral hidroelektrikoa. 1906an hasi zen lanean, Electra Aoiz enpresaren ekoizpena %50ean handituz. Beranduago Orozko zentrala elkartu zitzaien.

“Artozkibar”.  XIII. mendean, zergak ordaintzeko zerrendetan egitura berezi bat ikusten da, Artozki harana, eta haren hedadura besterik ez dakigu. Artzoki Ibarrean herri hauek zeuden: “Artozqui, Arizcuren, Huli, Yriverri, Chipua, Sarrassu, Horay, Azpparren, Orotz, Oçotz, Munyain, eta Hurdaci”.

volver arriba