Espotz
Espotzera Uriztik joaten da. Igoera aldapatsua da, 890 metroko altueran baitago, Labiako mendilerroaren magalean, Erroibarko mugaren ondoan.
Espoztik bi ibilbide tipiko egin daitezke: Ukuako harkaitzetara igo edo Espozko leizetara joan, Larrogaingo magalean.
Demografikoki ez da aldaketa handirik egon su edo etxe kopuruan, hiru zeuden 1366an eta beste hainbeste 1819an. Biztanle kopuruari dagokionez kopururik altuena 1858an izan zuen, 33 pertsona zeuden erroldatuak, eta kopurua jaitsiz joan zen, bost zeuden 1960an eta bakarra gaur egun.
Done Marti eliza.
1989ko monumentuen katalogoan eliza “erabat utzia dagoela” esaten da. Txikia da eta atariaren ondoan kanposantua dago, antzinako gurutzea, pare bat hilarri zahar eta berriago beste batzuk ditu.
Atariak teilatu txiki bat dauka, eguraldi txarraz babesteko. Erdi Arokoa da, puntu erdikoa, eta apaindutako inpostak ditu.
Oinplano laukizuzena dauka eta ezkila-dorre txiki bat.
Barnealdea xumea da eta badago Erdi Aroko bataiarria, apaingarririk gabea.
Erretaulak bi gorputz eta hiru atal ditu, baita Ama Birjina eta haurraren irudia, XVI. mendekoa.
Etxeak.
Etxe gutxi dago baina ederrak dira; antzinako jauregia nabarmentzen da, atari eta leiho ederra ditu eta gaur egun nekazaritzarekin zerikusia duten jardueretarako erabiltzen da.
1624. Espozko apaiz gitarrista. Martin Espozkoa gitarra oso ongi jotzen zekien Espozko apaiza zen. Eta hori ari zen egiten Iruñean liskar baten eta hilketa baten lekuko izan zenean.