Gorraitz Artzibar
Gorraitz lautada txiki eder batean dago, 910 metroko altueran. Gaur egun Imizkoztik doan bide asfaltatutik joan daiteke, eta Oroztik lurrezko pista batetik.
1366an bi su edo etxe zituen eta lau 1587an. Biztanle kopuruari dagokionez, altuena 1858an izan zuen, 43 biztanlerekin, eta 36ra jaitsi zen 1930an. 60ko hamarkadan biztanlerik gabe gelditu zen. Azkeneko urteetan 10 pertsona daude erroldatuak, gutxi gora behera.
Gorraiztik Elke-Pausaran mendietara igo daiteke.
Zaila da herri honi buruz ikertzea, batzuetan ez baita zehazten Eguesibarkoaz ari diren edo Artzibarkoaz. 1986an babespeko kontzejua zen eta 1991tik aitzina kontzeju izateari utzi zion.
Martin Deuna eliza. 70ko hamarkadan berritua. Oinplano laukizuzena dauka, lau zatitan banatua eta kanoi erdiko ganga dauka. Dorrea bi alturako kanpai-horma da, lehenengo altueran puntu erdiko leihoen itxura duten bi zulo ditu eta bigarrenean zulo bakarra, barnean burdinazko gurutzea daukana. Ama Birjina eta haurraren irudi barrokoa dago elizaren barnealdean. Hilerria elizako sarreran dago, ibarreko beste eliza askotan bezala.
Historia aurreko herrixka. Biskaxun-El Castillo.
Gorraiztik ekialdera, Biskaxun gainean, badago toponimo bat, gaztelaniaz “El Castillo” deitua, eta hor historia aurreko herrixka bat dago. Ikertu gabe badago ere, Burdin Aroko zeramika hondakinak aurkitu dira bertan.