Imizkotz
Leku ikusgarrian dago, bertatik dauden ikuspegiak ederrak dira. Hortaz, Artzibarko begiratokia deitu ahal zaio. Parean Elomendi, Elkeko paretak eta Jaundonexakue mendia daude.
900 metroko altueran dago, lautada txiki batean. Gaur egun bide asfaltatua dago hara joateko. Bide zaharra Urrobitik zuzenean igotzen zen.
Herri txiki honetan bost su edo etxe zeuden 1366an eta hiru 1819an, eta biztanle kopuruei begiratuta, 48 izan zuen 1858an eta 1950-70 hamarkadetan 29tik 6ra jaitsi zen.
Inguruan meategi batzuk egon ziren, dirudienez Urrobin, baina hura biztanlerik gabe gelditu zenean bere lurrak Imizkotzen eta Urdirotzen artean erabiltzen hasi ziren.
Done Petriren eliza. Monumentuen katalogoan esaten da XIX. mendekoa izan daitekeela, baina Erdi Aroko hondakinak aprobetxaturik egin zela. Nabe bakarra dauka, eta sarreran kanposantua dago. Elizan gelditzen den Erdi Aroko elementu bakarra bataiarria da. Badaude barroko estiloko lau irudi.
Dirudienez, bi baseliza egon ziren herrian, Salbatore eta Santiagorenak.
Etxeak. Etxe gutxi dago baina ederrak dira; batean puntu erdiko harrizko ataria nabarmentzen da. Inguruan eraikin baten hondakinak daude eta Erdi Aroko leiho bat ikus daiteke, baliteke jauregiaren hondakinak izatea.