Lakabe
Herri hau biztanlerik gabe gelditu zen 60ko hamarkadan eta 80koan jendea etorri zen berriro bertan bizitzera. 745 metroko altueran dago.
Ibilgailuz joateko bideak txarrak ziren, baina Itoizko urtegia egin zenean errepide berria egin zen eta herritik 500 metrora pasatzen da.
Estatistiken arabera, 1366an bi su edo etxe zituen, sei 1553-1587an eta bost 1819an. Biztanle kopururik altuena 1858an izan zuen, 47, eta hortik jaitsiz joan zen, 21 zeuden 1950ean, 7 1960an eta, urte gutxira, biztanlerik gabe gelditu zen. 80ko hamarkadan gazte talde bat etorri zen bertan bizitzen gelditzera eta komuna bat osatu zuten; 1986an 14 biztanle zeuden eta gaur egun 40 (2012).
1991tik kontzejua da.
Santa Luzia eliza. Herria urte anitzetan husturik egon zen eta elizako gauza anitz lapurtu zuten. Gaur egun egoera onean dago baina ez da elizkizunetarako erabiltzen; dorrea etxebizitza da. Oraindik ere XIII. mendeko aztarnak nabari dira. Oinplano laukizuzena dauka eta koruko zatia nabarmentzen da. Atariak arku zorrotza dauka, gotiko estilokoa. XVI. mendeko margoak dituen ola multzoa, gurutzea eta zilarrezko kaliza apezpikuaren museoan daude.
Ondoko hilerrian zeuden gurutze gehienak desagertu badira ere, hilarriak bertan mantendu dira.
Deigarria da eliza herritik 200 metrora egotea, tontor txiki batean.
Zenbait toponimo:
Kalbarioxar. Hitzak bi zati ditu: Kalbario+zar. Herritik ipar mendebaldera dagoen bizkar baten izena da, bertan, ziur aski, gurutze bat edo hiru egongo ziren, Kristoren kalbarioaren oroigarri. Lehengo ohitura zen herritik hurbileko bizkarretan gurutzeak jartzea eta noizeanbehin bedeinkatzera joatea.
Muskilda. Gorraizko bide zaharreko leku baten izena da, mugan bertan dago. Izen hori harrien multzoa izendatzeko erabiltzen zen, eraikin zahar, tumulu eta antzekoen hondakinak izendatzeko hain zuzen ere.
2010-V-5. Lakabe, komunitate-proiektua.
Herriko proiektuaren inguruko artikulua, Argia aldizkarian argitaratua.
Sakatu hemen artikulua PDFn ikusteko: Argia Lakabe 20100509