Orotz Betelu
Orotz-Betelu ibarreko erdi gunea zen Iratiko arroan, Urrobikoan Nagoren zen moduan. Nafarroako Pirinioko industria gehien izan duen herria izan da. Bi auzo ditu, nagusia, eta 3 km. gorago bestea, Olaldea, horretan ezarri zen gehienbat industria. Gutxi gora behera 605 metroko altueran dago. Industriak garrantzia izan duenez, biztanle asko izan zituen, 1910ean kopururik handien eman zen, 894 biztanle zituela, horien ia erdia Olaldean, paperezko lantegia itxi baino urte batzuk lehenago. Ordutik jaitsiera nabarmena izan da, eta 2012an 166 biztanle zituen erroldan, 89 gizonezko eta 77 emakumezko.
1844an Artzibartik banandu eta Udala izatera pasatu zen.
ARTEA. Adrian Deunaren eliza.
Erdi Aroko eraikina, konponketa asko egin zaizkio, batez ere XVI. mendean. Nabe bakarra dauka, hiru ataletan banatua eta koroa ere badu. Erretaula nabarmentzen da, XVII. mendekoa. Ataria modernoa da eta beirategietan tokiko irudiak agertzen dira, gehienbat erromesaldiaren ingurukoak. Dorreak itxura zaharra mantentzen du. Sarrerako berdegunean Orotz eta Azparrengo hilarriak daude jarriak. Orozko hilarriak elizako zolan aurkitu zituzten, 50eko hamarkadan eliza konpondu zutenean. Kanpoko lorategian badago Orreagako Ama Birjinaren kopia, Eusebio Rebolek egina.
Mirarien edo Elurretako Ama Birjinaren baseliza. Herritik hurbil dagoen gain batean dago eta 1963an zaharberritu zuten.
Industria. Orozko burdinolaren lehenengo berria XIV. mendekoa da. XIX. mendean zehar ekoizpen gehien izan zuen baina mende horren bukaeran hertsi egin zen. Ondoren paper-fabrika ireki zen eta 1914a arte iraun zuen. 1913an Olaldeako zentral hidroelektrikoa jarri zuten martxan, eta, ondoren, Orozkoa. Gaur egun hortik sortzen den elektrizitatea Zubirira doa eta Zubiritik Orkoienera.