Site icon Valle de Arce – Artzibar

Saragueta

saragueta 130414 02 pan

Ibarreko iparraldean dago, 765 metroko altueran, Labia mendilerroaren azpian eta ikuspegi ederrak ditu. Azkeneko urteetan ezaguna izan da 2000n Montxo Armendarizen “Silencio roto” pelikula bertan grabatu zelako, eta, horren ondotik, herriaren goiko aldean pelikularen interpretazio zentro txiki bat egin zen. Demografikoki bazituen 7 su edo etxe 1366an eta 6 1819an, eta biztanleei dagokienez, 1900ean 85 pertsona zeuden; kopurua jaitsiz joan zen, 1950eko 77 biztanletik 1970ean 25era pasatuz.

ARTEA.

San Joan Bataiatzailearen eliza.

Herriaren erdian dago, erdi arokoa da eta berrikuntza batzuk egin zaizkio. Nabea laukizuzena da, hiru atal eta ertz-ganga ditu . Koroa zurezkoa da eta haren sabaia aizuna da. Atariak puntu erdiko arkua dauka eta XVI. mendekoa da. Bataiarria erdi arokoa da, oso arrunta. Erdi Aroko gurutzatua ere badago, XIV mendeko gotiko estilokoa, monumentuen katalogoan landugabea eta neurririk gabekoa dela esaten da. Sakristian badago ama birjinaren irudia, haurra besoetan duela, barroko estilokoa, XVII. mendekoa. Erretaula nagusia San Joan Bataiatzaileari eskainia da, XIX. mendeko neoklasiko estilokoa, baditu San Joan, Xabierko Frantzisko eta Mikel deunaren tailak eta goiko aldean kalbarioa. Erretaularen bi aldeetan errenazimenduko pintura batzuk daude, baliteke aurreko erretaulakoak izatea, eta badituzte kalitatezko irudiak, erretaularen zutabeek neurri batean estaltzen badituzte ere.

Gurutzea. Landarteko bidean gurutzea zegoen, gaur egun plazan dago, zaharberritu ondoren hor jarri zutelako. Eskualdean dauden gurutzetatik hoberenetakoa da, XVI. mendekoa.

Errota Arrietako errota Saraguetako dermioan dago. Errota hau zentral elektrikoa ere izan zen 60ko hamarkada arte, eta orduan erosi zutenek amuarrain-haztegian bihurtu zuten. Gaur egun piszifaktoria itxita dago.
Lixibategia. Herriko irteeran lixibategi zaharra dago, badu bere teilatua eta arropa garbitzeko tokia, harriak barne.
“Bentak”. Badirudi Saraguetako bentak ibarreko bakarrak izan zirela (beharbada Urrobin ere izan ziren) eta horietako bat betidanik Arrietako benta deitzen da, nahiz eta Saraguetako dermioan egon. Bide zaharraren bazterrean zeuden eta eskualdeko jendearentzako garrantzizkoak izango ziren, hartu-emanak eta erosketak egiteko, tratuak, baita berriak ezagutu eta festak egiteko ere.

 

 

Exit mobile version