Olozi
Herri hau era ezberdinetara agertzen da idatzia, Uloci, Ulozi eta Olozi, eta horrek nahasketa sortu du batzuetan. Euskaltzaindiak Olozi-Uloci izendatzea erabaki zuen. Antzinako dokumentuetan badirudi Olozi dela gailentzen dena, Uloziren aurrean.
Erreka baten bazterrean zegoen eta gaur egun Itoizko urtegiko beso baten bazterrean dago. Harremanak zituen Uliberri eta Arizkurengoekin, baita Rala eta Longidako Ezkaikoekin ere, hurbil zeudelako.
605 metroko altueran dago, oso jende gutxi bizi izan zen eta eliza ere bazegoen. Noble batena zenez, maizterrak ziren bertan bizi zirenak, aldaketak etengabekoak baziren ere.
Ez da 1366ko suen liburuetan agertzen, bai berriz 1427an, herri hustu gisa.
Ia ez dago biztanleei buruzko daturik. Biztanlegoari dagokionez aurkitu diren datuen arabera zazpi bizi ziren 1802an eta 1940 eta 1952 artean 6-4 biztanle zeuden erroldan.
Interesgarria da Latxaga apaiz ikertzaileak 1970an egin zuen bisitaren ondoren idatzitakoa, 1976an argitaratua; bisita Azparrengo Benito Urtasun apaizarekin batera egin zuen eta idatzitako kronikan eraikinen hondakinak, erretaula barrokoa eta inguruko pobrezia deskribatu zituen. Tokia Jauregizarko markesarena zela esaten du:
“ULOZI’ko bidea» Beruntz artu ta ondo ikusten ziran etxe eroriak. Eliza, larrak artua, alderdi guzitik lertzen; 18 garren gizaldiko erretaula baten aztarnak ikusten ziran. Inguruan etxeen ormak txintxilik eta bizpairu zugaitz. Lur erre arek etzuen itxura onik. Azkeneko sendiak orain dala 30 urte alde egin zun. Erri onen nagusia Jauregizar’ko markesa amen. Erri oneri buruz esaera bat da dago “Ulozira, erria emanta ere ez diteke bat joan”. Ango itxura txarra ikusita, biotza oztuta gelditu zitzaigun. Erreka aldera abiatu giñan sartalderuntz. Ura bera ta gu ondotik gora: sasiak eta baso itxia ondoan.”