Biztanleriaren bilakaera
Artzibarko demografiaren historiak hainbat hutsune ditu, baina suen eta biztanleen erregistroei esker, badakigu nola bilakatu zen XIV. mendetik gaur eguneraino. 1366ko errolda hartzen da hasierako oinarritzat. Urte hartan, 127 su zenbatu ziren, hau da, 635 biztanle inguru, 28 herritan banatuta, haietako batzuk jenderik gabe gelditzeko bidean, mendearen erditsuko izurrite handien ondorioz. Gainera, jendeak herri handiagoetara jotzen zuen, herrilurrak hobeki aprobetxatzeko eta auzolanean aritzeko.
Ibarreko biztanleria mendez mende
XV. eta XVI. mendeetan zehar, biztanlerian gorabehera nabarmenak gertatu ziren, Nafarroako gerra zibilak eragindako segurtasunik ezaren ondorioz, bai eta petxa, elizaren hamarrenak eta gisako zergak ordaindu behar izatearen ondorioz ere. 1568. urtea da nabarmentzekoa, Ibarrak sekulako dirutza ordaindu baitzuen (4.580 dukat urretan), handik aitzina jaunei zergarik ez ordaintzeko. Gastu horrek eta hainbat urtetako eguraldi txarrak eraginik, demografiak nabarmen egin zuen beheiti, etxe aunitz zorretan sartuta. Ondorioz, morrontzapean sartu behar izan zuten edo, bestela, eskualde oparoagoetara bizitzera jo.


XVII. mendetik aitzina eta XVIII.ean zehar, migrazio joera gertatu zen hurbileko hiribilduetarantz (Agoitz) edo hiribururantz (Iruñea), bereziki emakumeena, eskasia zegoenean landa-eremuko biztanleria erregulatzeko bide gisa. Gero, XIX. mendean sarturik, gatazkak bata bestearen atzetik piztu baziren ere, hala nola Konbentzio Gerra edo Napoleonen aurkakoa, 1819ko zenbaketak erakusten du biztanleriak goiti egin zuela (210 su). Hala ere, XX. mendeak landa-exodoa ekarri zuen eta, ondorioz, nabarmen jaitsi zen urte osoan jendea bizi zen etxe kopurua gure Ibarreko herrietan.
Lurraldean izaniko eraldakuntzak
Oro har, XIX. mendean, demografiak goia jo zuen inguruko ibarretan, mendearen erditsutik akaberara, baita Artzibarren ere. Horrela, 1858an izan behar zuen biztanle kopuru handiena, baina kontua da urte gutxi batzuk lehenago Orotz-Betelu, Galdurotz eta Amokain independizatu zirela. Beraz, herri horietako biztanleak batuz, 1858an, 2.207 biztanle izanen ziren guztira, hots, 1.511, Ibarrekoak; 623, Orozkoak, eta 73, Galdurotz-Amokaingoak. Une hartatik aitzina, atzera hasi zen poliki baina etengabe, 1900-1910 urteak kenduta, pixka batean goiti egin baitzuen. Baina, berriz ere behera hasi zen poliki eta etengabe, harik eta 1950-1981eko emigrazio “boom” hura iritsi arte, Iruñerria industrializatzearen ondorioz.


Egungo egoera
Gaur egun, 2026an, Artzibarko biztanleria gutxigatik dago 300etik behera. Hori ikusirik, hainbat politika ezartzen ari dira mailaka despopulazioari aurre egiteko eta Ibarrera biztanle berriak erakartzeko. Ekimenon lehen helburua da belaunaldi txandaketa bermatzea eta egungo biztanleria lurraldean geldi dadila erdiestea; horretarako, etxebizitza eskuratzearen aldeko neurriak hartu eta zerbitzuak garatu dira, jendearen bizi-kalitatea landa-ingurunean hobetzeko.
Mirando al futuro
Ibarrak etorkizunik izanen badu, kontserbazioaren eta berrikuntzaren arteko oreka bilatu beharko da.
Landa-ingurunean bizitzeko modu berriek, natur eta kultur ondareari balioa ematearekin batera, aukerak ekartzen dituzte gure lurraldea bizirik mantentzeko.
















