Ibarreko ibilbideak eta Artziko aztarnategia
18
TURISMO AKTIBOA
Artzibarko ibilbideak. Ezagutu ezazu zure erritmoan.
Hona hemen 16 ibilbide, gure inguruneari darion funtsaz gozatzeko. Denetarikoak daude, hots, familiendako ibilaldi lasaiak ur-jauzi eta pagadien artean, gure erromatar historia erakutsiko dizuten bidexkak, gure herriak gurutzatzen dituzten bideak, haietako batzuk ezin hobeak bizikletaz ibiltzeko.
Ikuspegi ikusgarri ederren bila bazabiltza, igoerak ere aurkituko dituzu Pirinioetako kaskorik ospetsuenak jotzeko. Aukeratu zure bidea, deskargatu Wikiloc tracka eta utzi zeure burua gure Ibarreko naturaren eskuetan.
01
Pirinioetako Erromatar Galtzada

26 km-ko ibilbide lineala da. Artzibar gurutzatzen du, 2017an berreskuratu zen antzinako erromatar galtzadaren trazatuari jarraikiz. Etapaka egin daiteke eta, ibilian, aztarna interesgarriak ikusiko ditugu, hala nola miliarriak eta Artziko eta Iturisako (Auritz) erromatar kokalekuak.
02
Zazpe, eta Gurpegi, borobila

Zazpetik abiatuta, mendi-itzuli borobil polita da. Ibilaldiko toki garaienetik, Elke eta Pausaran mendiak ikusiko ditugu bere ederrean. Gero, Gurpegi herri hustua jo, eta atzera eginen dugu.
03
Artzi - Txintxurreneko potxea edo mendi-zintzurra - Otsa herri hustua

Txango luzea baina erraza Itoizko talaietako bat ezagutzeko: Txintxurreneko potxea edo mendi-zintzurra. Bidean, Otsa joko dugu, gure Ibarreko herri hustuetako bat, alegia.
04
Uritz

Ibilaldi borobila da, Uriztik abiatuta, Espotz gurutzatuta, Uroa edo Ukua Haitzera eta Maldandiko tontorretara igota, ondotik Zanduetara jaisteko eta Uritzera iristeko. Bide gehiena pista barna egiten bada ere, Ukuako eta Maldandiko igoerak bidexketan eta harri artean egiten dira. Bi kaskoak aukerazkoak dira, hau da, ibilaldia tontorretara igo gabe ere egin daiteke.
05
Zaldun Ospitalarioen Ibilbidea (Nagore)

Tracka PR-NA27 gisa dago balizatua, Nagoretik Lutxandi eta Zaziaingo tontorretara igotzeko. Nagoreko urtegiaren bukaeretako batetik hasiko gara igotzen, Sagarmin errekatik, herritik km batera baino gehixeagora.
06
Ibilaldia Nagoreko urtegian barna

Ibilaldi borobil lasaia da, haurrekin egiteko modukoa, Itoizko urtegiko iparreko bukaerara joateko, Nagoreko presa berriaren inguruan.
07
Gorraitz –Elke-Pausaran-Gorraitz

Gorraiztik abiatuta, Artzibarko bi kasko adierazgarritara igoko gara: Elke eta Pausaran. Lehenik, Elkera. Gero, jaitsi, eta malda latza izanen dugu Pausaranera igotzeko. Atzealdetik mendi-lepora jaitsi eta, handik, Gorraitzeraino joanen gara. Zailtasunik handiena Pausaranera igotzeko malda gogorra da. Tontorretatik ikuspegi ederrak gozatuko ditugu.
08
Jaun Done Xakue, Imizkoztik

Desnibel apaleko igoera motza da jende gutxi ibiltzen den Otsako mendiko tontor horretara, Imizkoztik abiatuta. Ikuspegi zoragarriak izanen ditugu ibar osora, zuhaitzik gabeko aurre-tontor belartsutik.
09
Saragueta-Urdirotz-Saragueta

Bi herrien arteko ibilaldi borobil ona da. Urrobi ibaira jaisten da, ibilaldia are atseginagoa eginda. Toki horretan, “hezurdura zubia” erraten zaion zubi lehengoratu berria ikusiko dugu, hau da, Urdirotzera iristeko sarbidea izandakoa.
10
Saragueta –Larrogain –Saragueta

Saraguetatik abiatzen den mendi-itzuli borobila da, Larrogaingo kaskora igotzeko, Saraguetatik Urdirotzera (igoeran) eta Aintzioara (jaitsieran) doazen bide zaharrak baliatuta.
11
Lusarreta, Lezestali, Lusarreta

Ibilbide borobil goxoa da, Lusarreta herritik abiatua, Lezestali izeneko leizera joateko. Ibilaldia San Pauleko lepotik igarotzen da eta, handik, Erromatar Galtzadako bideari lotzen zaio, harik eta leizerako bidea hartzen den arte. Itzulia Aurizberri Lusarretarekin lotzen duen errepide zaharrean barna eginen dugu.
12
Hiriberri – Lerdengibel – Arrieta

Hiriberri-Artzibartik abiatzen den ibilaldi borobila da, Lerdengibel mendiko kaskora igotzeko eta Arrieta herrian barna itzultzeko. Bidean historiaurreko hainbat tumulu ikusiko ditugu.
13
Hiriberri-Arrieta-Hiriberri. Pottoken ibilbidea

Bi herriak lotzen dituen ibilbide borobila da, haurrekin erraz-erraz egiteko modukoa.
14
Jaun Done Xakue edo Juandexako, Arrietatik

Jaun Done Xakue kaskora eramanen gaituen igoera erosoa da. Izen ofiziala horixe da, eta biztanleek gaur egun Juandexako erraten diote. Igoera-tarterik handiena pisten bidez egiten da azken zatira arte. Tontorretik ikuspegi oso polita dago; batez ere, Pirinioetarantz.
15
Iruerrekako ur-jauzia

Ibilaldi lasaia Iruerrekako ur-jauzira iristeko. Bide erraza da pagadi sarrian barna, une oro paraleloa Iruerrekako errekarekin. Ezin hobea haurrekin egiteko.
16
Baigura eta Azparrengo elorri monumentala (Artzibar)

Ikuspegi eder ikusgarriak daude Arrietako mendilerroko tontor gorenetik. Nola-halako desnibela duen mendi ibilaldia da, zailtasun handirik gabea, tontorreko harriak kenduta, oso irristagarriak baitira euriarekin, elurrarekin edo hezetasuna dagoenean. Bidean, Azparrengo elorri ikusgarria topatuko dugu, Nafarroako Zuhaitz Monumental deklaratua.
17
Hezurdura Zubia

Ibilaldiak Hezurdura Zubiaren hondarretaraino eramanen gaitu. Harrizko zubi zaharra da, Urrobi ibaiaren gainean kokatua, Urdirotz eta Imizkotz herrien artean. Ibilbidean Urrobi izeneko herri hustu zaharraren ingurunea ezagutuko dugu; alderdia Artzibarko meatzaritzaren historiari eta bide zaharrei dago lotua.
18
EUROVELO 3 (Bizikleta)

Nafarroako Pirinioak Organbideko lepotik Agoitzeraino gurutzatzen dituen ibilbide zikloturista da. Balio handiko parajeak zeharkatzen ditu, bai naturari bai ondareari begira, hala nola Orbaizetako arma ola zaharra, Orreaga, Auritz eta Aurizberri. Artzibarren barna, Irati eta Urrobi ibaien artean doa, leku nabarmenak gurutzatuta, hala nola Artziko Andre Maria, Urizko dorretxea eta Nagoreko urtegia. Bide-tartea seinaleztatua dago eta egokia da mendi edo gravel bizikletan ibiltzeko.
Artzibarko bidexkak
Foiletoa: hartan, ibilbide nagusiak daude jasoak, bai eta Artzibarko mapa bat ere.

















