Skip links

Ohiturak eta tradizioak

Artzibarko ospakizunak eta tradizioak ibarreko nortasunaren osagai dira. Errituak, jaiak eta ohiturak belaunaldiz belaunaldi igaro eta urteko egutegian ziren mugarri, eguneroko bizitzaren, komunitatearen eta ingurunearen arteko harremanaren adierazgarri.

Carnaval

Artzibarko inauteak Epifaniatik Aste Santura bitarte ospatzen ziren, lehenago edo geroago, herriaren arabera.

Bildu diren inaute jardueren artean, honakoak dira nabarmentzekoak:

  • Etxez etxeko eskea edo puska biltzea, mutilek jatekoa jasotzeko: xingarra, txistorra, arrautzak, bai eta dirua ere.
  • Bildutako elikagaiak gerrenetik zintzilikatzen ziren. Gerrena haga edo burdin bat zen.
  • Mozorro-jantziak eta ibilbideak herrian barna.
  • Txantxak eta jostaketak, hala nola auzokideak urez, irinez, errautsez edo lohiz blaitzea.

Herri aunitzetan, egun nagusiak igandea eta asteartea ziren; egun bat eskean ibiltzeko eta, bestea, berriz, bazkaria edo merendua egiteko.

Ospakizunok 1920ko hamarkadatik aitzina galtzen hasi ziren eta diktadurak debekatu zituen.

Mozorrotzeko tenorean, mutilek arropa hau edo hura janzten zuten, hots, arropa zaharrak, emakumezkoen soineko zaharrak eta maskara soilak. Horrela mozorrotutako mutilei honela deritze, herriaren arabera: muzizarko, mozizarko, zaratako, moxorro eta muxuzarko.

Neguburuaren inguruko ohiturak

Gabon Gaua eta Eguberri Eguna

Gabon gauean, etxeko supazterrean, enbor handi bat edo bi pizten ziren, luzaroan irauteko, herri bakoitzaren ohiturarekin bat. Lusarretan, enborrari baztarreko erraten diote, bai eta txunbil edo zunbil ere. Hiriberrin, berriz, gauza bat da sukila, eta beste bat, baztarrekoa. Gorraitzen, supazterrari txakurtegi erraten diote. Enborra ikazten zenean, ikatz puskak arditegiko atean paratzen ziren basa piztiak uxatzeko asmoz. Ibarreko herri batzuetan, enborretako bat Jainkoari eskaintzen zitzaion, eta bestea, Ama Birjinari; Saraguetan, konparaziora. Enborrak denbora luzeagoz edo laburragoz iraun behar zuen piztuta. Arrietan, adibidez, urte berrira arte, eta sukilaro erraten diote (heze samar mozten zuten, enborrak piztuta iraun zezan).

Gabon gaueko ohiturak

Gabon gaueko afariaren ondotik, ohikoa izaten zen afalondoren kartetan jokatzea, musean bereziki, oilar meza entzutera joan arte.

Mezaren ondotik, bilkor zopak hartzen ziren.

Ohiko postrea ere bazuten: etxeko turroia, eztiarekin eta intxaurrekin egina.

Nochevieja

Urtezahar gauean, sukaldean erratza pasatu ondoren (edo Urteberri egunean, zenbait herritan), zoko-mokoren batean gari pikorrik edo arto alerik agertzen bazen, uzta onaren seinaletzat jotzen zen.

Errege Egunaren bezpera

Erregealdia

Etxekoak Errege egunaren aitzineko gauean elkartzen ziren, haietako bat errege aukeratzeko. Familia buruak edo zaharrenak kartak banatzen zituen, banaketan Jaungoikoa eta Ama Birjina ere barne hartuta. Errege aukeratutakoak txokolatea jatera edo gosaria hartzera gonbidatu behar zituen familiako kide guztiak Errege egunean goizean.

Lusarretan, esaldi bat erraten zuten erregeari betebehar hura oroitarazteko: «besugada ordaindu behar duzu». Baina iduri dezakeenaz bestela, hura libra bat txokolate zen. Beste zenbait tokitan, kartak gazteenak banatzen zituen (Lusarreta) edo erraten da errege urreak izendatzen zuela erregea (Hiriberri) edo bateko urreak (Ekiza, Gorraitz). Arrietan, adibidez, ez dute Ama Birjina banaketan sartzen. Lakaben, familia gutxi bizi baitziren, familia guztiak etxe bakar batean elkartzen ziren hautaketa egiteko. Erregea aukeratutakoan, gazteak karrikara jaitsi, eta zalaparta handiz ibiltzen ziren aziendaren ezkilak edo joareak astinduz eta errege aukeratuaren izena etxe bakoitzean erranez.

Badira aldaerak, herriaren arabera:

  • Lusarretan, gazteenak banatzen ditu kartak;
  • Hiriberrin, errege urreak erabakitzen du;
  • Ekiza eta Gorraitzen, bateko urreak;
  • Arrietan, ez zaio Ama Birjinari kartarik banatzen;
  • Lakaben, hainbat familia etxe bakar batean biltzen ziren.

Cencerradas

Erregea aukeratu ondoren, gazteak leihoetara atera, eta haren izena adierazten zuten oihuz:

“Biba urlia errege!”
Urlia errege!

Gero, karrikara jaitsi eta herrian barna ibiltzen ziren, lepoan edo gerruntzetan lotutako ezkila eta zintzarrien bidez soinua egiteko.

Batez ere, hamasei bat urtera arteko gazteek parte hartzen zuten.

Zenbaitetan, ibilbideak luzeak izaten ziren. Konparaziora, Artozkiko eta Elkoazko gazteak Ekiza baserriraino iristen ziren eta, ordainez, jan-edana jasotzen zuten.

Ez da jantzi berezirik dokumentatu ohitura horretarako.

Erleak

Etxeko bat hiltzen zelarik, etxeko erleei eman behar zitzaien heriotzaren berri. Horretarako, abaraskan jo eta erraten zaie: «Halakoa hil da. Egizue argizari hildakoendako, eta eztia, biziendako». Sinesmenaren arabera, erleei heriotza jakinarazten ez bazitzaien, erleak hiltzen ziren. Beste batzuek diote hura halako abisu bat zela erleek argizari gehiago egin zezaten hileta-elizkizunetarako.

Dantzak

Bertako dantzak

Gure berriemaileek gogoan daukaten dantza tradizionalik zaharrenari Larrain dantza erraten zitzaion. Ibar guztian dantzatzen zen eta, oro har, XX. mende hasieran galdu zen. Azken urteotan, talde lana egin da Ingurutxoa berreskuratzeko eta berezko ingurutxo bat ere sortu da, auzolanean sortu ere, herrietako festetan jotzeko eta dantzatzeko.

Larrain Dantza erraten zaio, herriko festetan larrainean dantzatzen zelako, hau da, garia eultzitzeko herri larrainean. Ingurutxo gisako bat zen, neska eta mutil gazteek bikoteka parte hartuta, larrainaren inguruan borobila osatuta. Bikotea eskuz lotua dago. Musikari dagokionez, bi zati zituen, erritmoz ezberdinak: bata, 3/4 edo 3/8, eta bestea, 2/4.

Dantza mota horri dantza laxoa ere erraten zitzaion, eta horrela ere erraten zaie jotei eta baztandarrei. Mende hasieran galdu zen.

Gaiteroek lagundurik dantzatzen zen, bai eta klarineteak eta biolinak lagundurik ere.

Musikariak eta instrumentuak

Betiko txistulari edo ttunttuneroaren ordez, XX. mendearen hasieran gaiteroak eta akordeoilariak hasi ziren jotzen. Ondotik, hein batean, boskoteen garaia etorri zen. Aldaketak moden, gustuen, gaitasun ekonomikoaren… bilakaeraren emaitza dira.

Artzibarko ohiturak eta jai egutegia

Artzibarko jai egutegian badira herrietako bizitza urte osoan gobernatu zuten ospakizunak, errituak, ohiturak eta jarduera komunitarioak.

Jai egutegia ezagutzeko, funtsezkoa da Mikel Aranburu Urtasun ikerlariak egindako azterlana, 1986 aldean Iruñean egindako jardunaldi batzuetan irakurritakoa eta, ondoren, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra (1989) eta Eusko Ikaskuntza (1990) aldizkarietan argitaratua. Balio handiko lana da; bereziki, ibarrean ahozko lekukotasunen bidezko azterlan gutxi egin delako.

Bi urtean, 27 lagun elkarrizketatu zituzten; gehienak, 69 urtetik gorakoak. Horri esker, sekulako memoria bildu zen ibarreko XX. mendeko lehen hereneko jaien eta ohituren inguruan, gaur egun ia guztiz galdua den memoria.

Enero

Errege egunaren aurreko gauean, etxe aunitzetan erregealdia ospatzen zen, hau da, karta-joko baten bidez familiako erregea aukeratzen zen. Normalean, kartak bildutakoen arteko zaharrenak banatzen zituen, Jaungoikoa eta Ama Birjina ere barne harturik, hau da, haiei ere platerak paratzen zitzaizkien mahai gainean eta, zenbaitetan, baita aulkiak ere.

Erregea aukeratzen zuen karta desberdina zen, herriaren arabera:

  • ezpata erregea, toki aunitzetan;
  • urre erregea, Hiriberrin;
  • bateko urrea, Ekizan eta Gorraitzen.

Aukeratuak txokolate-jana, gosari bat edo Errege eguneko postrea ordaindu behar zuen. Lusarretan, betebeharra esaldi honen bidez oroitarazten zitzaion:
“Urlia, besugada ordaindu behar duzu”, hau da, libra bat txokolate.

Erregea aukeratu eta gero, gazteak leihoetara edo karriketara ateratzen ziren erregearen edo erreginaren izena oihuz adierazteko, zalaparta handia eginez, ezkilen eta eltzeen bitartez, baita tiro hotsen bidez ere. Euskaraz, oihu hau zen:
“Urlia, erregea”.

Horrez gain, zintzarraldia egiten zen, hau da, Pirinioetako ohitura bereizgarria. Jendea karrikaz karrika ibiltzen zen zintzarriak joaraziz espiritu gaiztoak uxatzeko eta Errege Magoei herriak non zeuden jakinarazteko.

Egun horren inguruan ere beste ohitura batzuk bildu ziren, hala nola:

  • Lakaben, olatak banatzen zituzten. Lehen zatia gazteenari zegokion, eta azkena, etxera iristen zen lehen behartsuarentzat gordetzen zen;
  • sukaldean erratza pasatzen zen eta, arto alerik edo gari pikorrik agertzen zen edo ez, uzta onaren edo txarraren seinaletzat jotzen zen.

Febrero

Kandelario egunean bedeinkatutako kandelak babesgarriak ziren, hau da, babesten zuten.

Izan ere, Kandelario egunean, urtean erabiliko diren kandelak bedeinkatzen dira, ekaitzetatik babesteko eta, hala bada, biderakoa jasotzeko. Kandelek ohi baino purutasun handiagoa izaten zuten. Hirurogeiko kandelak ziren, hau da, kandelaren ehuneko hirurogeiren osagaia erle argizari birjina zen. Normalean, ordea, proportzioa ehuneko 30 izaten da, baita elizkizunetarako kandeletan ere. Ekiza baserriko eta Lakabe herriko bizilagunak Artozkira jaisten ziren eliz atarian prozesioa egiteko. Kandela horietako argizari tanta batzuk hildakoen gorputz gainera isurtzen ziren Imizkotzen eta, oro har, Erramu Igandean bedeinkatutako gurutzeetan, ereinda zeuden alor eta soroetan paratzeko.

Elikagaiak eramaten dira elizara bedeinkatzeko eta babesa emateko. Ez da arau finkorik zer elikagai mota bedeinkatu behar den. Jendearendako eta aziendarendako janaria bedeinkatzen da. Konparazio batera, ogia, txokolatea, baratxuriak, gatza, gozokiak, gailetak eta beste bedeinkatzen ziren, edota pentsua, oloa, etab. Bai eta zintzurreko minak sendatzeko erabiltzen den ura ere. Egun horretan bedeinkatutako elikagaiak egunean berean edo biharamunean jan behar dira. Ura, ez, ordea, arestian aipatu dugun xederako gordetzen baita.

Arrietan, barau egiten zuten eguerdira arte.

Marzo

San Gregorio eguna eskolan zebiltzan haurrei zegoen eskainia gure Ibarrean. Haurrak etxez etxe ibiltzen ziren eskean, apezpikutxo bat buru zutela, gehienetan eliz mutil jantzia soinean, eta gurutze bat zeramala.

Honatx zer eramaten zuten puskak biltzeko:

  • gerrena, hartan xingarra eta txistorra zintzilikatzeko,
  • arrautzak eramateko saskia,
  • ogi zakua,
  • eta dirua eramateko erretilu bat.

San Gregoriori eskainitako koplak abesten ziren, adibidez:

“San Gregorio Coronado
fue obispo muy honrado”

edo

“Cantaremos una, cantaremos dos,
una limosnita por el amor de Dios”

Artzibarko inauteak Epifaniatik Aste Santura bitarte ospatzen ziren, lehenago edo geroago, ez baitzuten egun finkorik. Artzibarren, nagusiki igandean eta asteartean ospatzen ziren; aunitzetan, igandean eskean aritzeko, eta asteartea, merendua egiteko.

Bildu diren ohituren artean, honakoak dira nabarmentzekoak:

  • mozorroak;
  • etxez etxeko eskea:
  • xingarra, txistorra, arrautzak eta dirua biltzen ziren.
  • Jendea urez, irinez, errautsez edo lohiz blaitzea.
  • Ibilbideak herrietan eta baserrietan barna.

Artzibarren izen hauek ageri dira:

  • Ihautrea
  • Ihautre eguna
  • Zarratrakoa
  • moxorroa
  • muxuzarkoa
  • muzizarkoa
  • mozizarkoa

Inauteriak 1920ko hamarkadan galtzen hasi ziren eta Francoren diktadurak guztiz debekatu zituen.

Mozorrotzeko tenorean, mutilek arropa hau edo hura janzten zuten, hots, arropa zaharrak, emakumezkoen soineko zaharrak eta maskara soilak. Horrela mozorrotutako mutilei honela deritze, herriaren arabera: muzizarko, mozizarko, zaratako, moxorro eta muxuzarko.

Abril

Mayo

Egutegi erlijiosoko jairik garrantzitsuenetakoa zen. Herri guztietan prozesioak egiteaz gain, aldareak paratzen ziren karriketan, zintzilikarioak balkoietan, eta gainera, karrikako zolak ihi, belar eta loreekin estaltzen ziren.

Zenbaitetan, tiroak edo salbak jotzen ziren, baina ohitura hori arriskutsua zen.

Ibarrean, herri bakoitzak hainbat prozesio eta erromeria egiten zituen. Ibarreko garrantzitsuena Orreagakoa da, urtero egiten baita maiatzeko bigarren igandean.

  • Nagore, Bideko Andre Mariaren baselizara;
  • Artozki, San Migel baselizara;
  • Azparren eta Gorraitz, Orotz-Beteluko Elurretako Andre Mariaren baselizara;
  • Hiriberri, Juandetxakoko zelaietara;
  • Arrieta eta Hiriberri, Bizkar gainera;
  • Arrieta, San Martin baselizara;
  • Azparren, herriko baselizara; egun, desagertua;
  • Uritz, errogatiban San Blasera eta dokumentatuak dauden beste prozesio batzuk;
  • Saragueta, gurutzera.

Junio

Bezpera

Udaburuko suaren erritua eta haren ahalmen profilaktiko eta sendagarria Artzibarren gehien ospatu den ohituretako bat izan da. Izan ere, San Joan bezperan, ilunabarrean, etxe aunitzetako atean pizten ziren suak. Batzuetan, su bakarra egiten zen herri guztirako.

San Joan eguna

San Joan egunean, goizaldean, purifikazio-errituak egiten ziren. Haietako batzuk bereziki urarekin lotuak. Eguzkia atera baino lehen, herri batzuetako bizilagunek leku jakin batera joateko ohitura zuten; adibidez, herriko iturrira berera, aurpegia garbitzeko eta, horrela, begietako gaitzetik babesteko (horrelaxe Azparrenen, Imizkotzen…), edo sarnatik babesteko (Arrietan) edo, oro har, ezpurutasunak eragozteko (Ekiza).

Ohitura ere izaten zen ura baraurik hartzea.

Halaber, arrosak eta perrexila bedeinkatzen ziren, bihurrikeriak egiten ziren, eta “eguzki-lorea” babeslea zela erraten zen.

Uztaila, abuztua eta iraila

Udako hilabeteetan, eguraldi onena egiten zuenean, eta kanpoan bizi ziren bizilagunak herrietan zeudela, herrietako festak ospatzen ziren.

Festa aunitz egunez aldatu ziren:

  • lehenik, udazken edo negu aldean ospatzen ziren festak garai epelagoetara eraman ziren;
  • eta geroago, XX. mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan, udarantz.

Festek hiruzpalau egunez irauten zuten, bezperaz gainera. Oro har, honatx osagaiak:

  • mutil-nagusiak eta neska-nagusiak;
  • musika, etxez etxekoak eta dantzak;
  • meza nagusia;
  • bazkariak eta hamaiketakoak etxeetan;
  • eta azken eguna ezkonduei eskainia.

Herriko festetan, neskek zortziaren moldean txirikordatutako opilak oparitzen zizkieten mutilei, anisezko bolatxo txiki koloretsuz apainduak: piperropilak.

Jendeari aunitz gustatzen zitzaion. Piperropilek, gainera, sinbolismo handia zuten, oparia ez baitzen aliritzira edo edonola egiten.

Jai nagusiak dataz aldatu zirenean, herri aunitzetan zerbait ospatzen jarraitu zuten zaindariaren egunean, halako jai txiki bat, hots, gehienez meza, bazkaria eta musika zerbait.

Octubre

Noviembre

Iduri duenez, hilerrira joateko ohitura 1940ko hamarkadan hasi zen Nafarroan.

Artzibarren, ohitura zen goizean eskean ateratzea, eta fruitu lehorrak eta goxokiak ematen zitzaizkien. Arratsaldean, “olatak” eramaten zituzten elizara eta, behin bedeinkatutakoan, berriz ere banatzen ziren. Abesten ziren bertsoen artean, Aranburuk bi estrofa solte bildu zituen. Lehena, Saraguetan: “Txingila mingila kurruskario / abre las puertas del armario.” Eta beste aldaera bat osorik euskaraz: “Zingila mingila kurruskario / sagarrak merke ta udareak kario”. Baina akabera hori alda zitekeen: “… udareak merke ta sagarrak kario”.

San Martin artzainei eta abeltzaintza bizitzari zegoen lotua. Arrietan, prozesioa egiten zuten herriko baselizara eta, egun horretan, herriko ardi eta ahuntz artalderako artzainak kontratatzen ziren.

Diciembre

Gabon gaua eta Eguberri eguna

Gabon gauean, etxeko supazterrean, enbor handi bat edo bi pizten ziren, luzaroan irauteko, herri bakoitzaren ohiturarekin bat. Lusarretan, enborrari baztarreko erraten diote, bai eta txunbil edo zunbil ere. Hiriberrin, berriz, gauza bat da sukila, eta beste bat, baztarrekoa. Gorraitzen, supazterrari txakurtegi erraten diote. Enborra ikazten zenean, ikatz puskak arditegiko atean paratzen ziren basa piztiak uxatzeko asmoz. Ibarreko herri batzuetan, enborretako bat Jainkoari eskaintzen zitzaion, eta bestea, Ama Birjinari; Saraguetan, konparaziora. Enborrak denbora luzeagoz edo laburragoz iraun behar zuen piztuta. Arrietan, adibidez, urte berrira arte, eta sukilaro erraten diote (heze samar mozten zuten, enborrak piztuta iraun zezan).

Urtezahar gaua

Urtezahar gauean, sukaldean erratza pasatu ondoren (edo Urteberri egunean, zenbait herritan), zoko-mokoren batean gari pikorrik edo arto alerik agertzen bazen, uzta onaren seinaletzat jotzen zen.

Erregealdia

Etxekoak Errege egunaren aitzineko gauean elkartzen ziren, haietako bat errege aukeratzeko. Familia buruak edo zaharrenak kartak banatzen zituen, banaketan Jaungoikoa eta Ama Birjina ere barne hartuta. Errege aukeratutakoak txokolatea jatera edo gosaria hartzera gonbidatu behar zituen familiako kide guztiak Errege egunean goizean.

Lusarretan, esaldi bat erraten zuten erregeari betebehar hura oroitarazteko: «besugada ordaindu behar duzu». Baina iduri dezakeenaz bestela, hura libra bat txokolate zen. Beste zenbait tokitan, kartak gazteenak banatzen zituen (Lusarreta) edo erraten da errege urreak izendatzen zuela erregea (Hiriberri) edo bateko urreak (Ekiza, Gorraitz). Arrietan, adibidez, ez dute Ama Birjina banaketan sartzen. Lakaben, familia gutxi bizi baitziren, familia guztiak etxe bakar batean elkartzen ziren hautaketa egiteko. Erregea aukeratutakoan, gazteak karrikara jaitsi, eta zalaparta handiz ibiltzen ziren aziendaren ezkilak edo joareak astinduz eta errege aukeratuaren izena etxe bakoitzean erranez.

Artzibarko jai egutegian badira erlijio ospakizunak, eskeak, errogatibak, inauteak, herriko festak, erritu babesgarriak eta ohitura komunitarioak, herrietako eguneroko bizitzaren osagai izandakoak. Egun zehatzez haratago, egutegiak etxearekin, aziendarekin, uztekin, komunitatearekin eta urtearen joanarekin harremanetan sartzeko modu bat erakusten du.
Artzibarko ohiturek erakusten duten bizimoduan sakon loturik zeuden jai arloa, etxe arloa eta arlo komunitarioa.

Jarduera horien bidez, balioak, sinesmenak eta ingurunearekiko harreman moduak transmititzen ziren, eta horiek orok ibarraren nortasuna ondu dute.
This website uses cookies to improve your web experience.