Skip links

Erromatar galtzada eta Artziko aztarnategia

Historia bizia Nafarroako Pirinioen bihotzean

Artzibarko erromatar galtzada

Bideak gurutzatzen du Caesaraugusta (Zaragoza) eta Burdingala (Bordele) lotzen zituen erromatar bidearen zati bat. Bidea Zangozatik zetorren, Irati ibaiaren ibilbideari jarraituz. Ekain (Longida) Urrobiren arrora igarotzen zen, Artzibarren barna goiti eginez, Orreagaraino iritsi eta Ibañetan beheiti egiten zuen Luzaidera joateko eta, handik, Bordelerantz jotzeko.

Galtzada K.a. I. mendearen inguruan egin zen, sei eta zortzi metro bitarteko zabalerarekin eta bide osoan ez zuen % 6tik gorako desnibelik. Armadak, postak, salgai astunez beteriko gurdiak eta beste ibili ziren galtzadan barna, harik eta Erromatar Inperioa erori zen arte. Hondatzearekin batera, gero eta gutxiago erabili zen. Hala ere, ferra-bidetako erabili zen, XIX. mendearen bukaerako eta XX.aren hasierako errepide berriak agertu arte.

Ibilbidean, gainera, sei miliarri aurkitu dira. Harrizko mugarri horiek milia (milla passum) bakoitzaren ertzean paratzen ziren, hau da, 1.481 metro bakoitzeko. Haietan, grabatu edo margoen bidez, galtzada eraikiarazten edo konponarazten zuen enperadoreari buruzko informazioa ematen zen edota zer-nolako tartera zegoen hurrengo mansio (galtzadako geralekua) edo civitas (herria) direlakoak.

Miliarriak: “seinale” erromatarrak

Sei miliarri aurkitu izanari esker, trazatua egiaztatu da. Harrizko mugarriak dira, milia erromatar bakoitzeko paratuak (milla passum, hau da, 1.481 metroren baliokidea).Haietan honakoei buruzko informazioa grabatzen zen:

  • Galtzada eraikiarazten edo konponarazten zuen enperadorea
  • Hurrengo mansio edota civitas arteko tartea.

Elementu horiei esker, zehatz berreraiki dezakegu bidearen garrantzi estrategikoa.

Nola egiten ziren erromatar galtzadak?

Jendeak uste duenaz bestela, erromatar galtzadak ez zeuden guztiz lauzatuak.Honelako egitura zuten:
1. Agregakinez edo zagorrez osaturiko geruza trinkotuak
2. Alboko drainatze-sistema
3. Goian, errodadura-geruza, harea mehez osatua

Lauzak hiriguneetan baizik ez ziren erabiltzen. Gainera, animaliek ez zuten ferrarik erabiltzen; horrenbestez, harri hutsez osaturiko zoladura ezegokia gertatuko zen.

Ezagutu ibilbide osoa Wikiloc-en

ibilbidearen bukaera

Artziko arkeologia-aztarnategia

Urrobi ibaiaren ertzean kokatua, Pirinioetako sarrera naturalean, Artziko aztarnategia leku estrategikoan zegoen Pirinioak gurutzatzen zituen bide zaharrean. Inguru hori trantsizio eremua da orografiaren, klimaren eta paisaiaren aldetik; horrenbestez, leku ezin hobea izan zen Zaragoza eta Bordele arteko ibilbidean geralekua izateko.

Gunearen erabilera etengabea

Artziren berezitasuna da etengabe erabili dela erromatarren garaitik gaur eguneraino, diakronia historiko baliosa eskainita.

Erromatarren garaian hasi zen erabiltzen bide-geltoki gisa (K.a. I. mendearen bukaera) eta Erdi Aroan izan zuen segida, ondareren aldetik elementu nabarmenak izan zituela:

Andre Mariaren baseliza

Artziko Jauregia

Nafarroako Gobernuak birgaitua

Ermitauaren Etxea

Nafarroako Gobernuak birgaitua

Informazio panelen bidez eta eraikina 3D moldean berreraikiz, bisitariek lehen eskutik ezagutuko dituzte gunearen bilakaera eta eraldakuntza, K.a. 1. mendearen akaberatik bide-geltokia izan baitzen.
This website uses cookies to improve your web experience.