Skip links

Euskara, gure hizkuntza

Euskara Artzibarko eta gure lurraldeko kulturaren historian txertaturik dago. Lekua izan du eguneroko bizitzan, agiri historikoetan, toki-izenetan eta azken euskal hiztunen oroimenean, eta horrek aztarna sakona utzi du ibarraren nortasunean.

Pirinioetako beste ibar batzuen aldean, goiz hasi zen euskara atzera egiten Artzibarren, XX. mendeko emigrazioak, despopulazioak eta kultur zapalkuntzak areagotua. Hala ere, testigantza, azterlan eta material sorta garrantzitsua gorde da, arrunt lagungarria gure Ibarreko hizkuntzen historia hobeki ezagutzeko.

Historia del Euskara

Artzibarko euskarari buruz gorde diren lehen lekukotasunak epaitegi eta elizako agirietan ageri dira.

1536an, euskarazko esaldiak jasota gelditu ziren Uliberri eta Arizkuren herriekin zerikusia duen ezkontza-promesa batean; zehazki, hautsitako ezkontitza baten inguruko auzi bati lotuak. Testuek erakusten dute hizkuntza eguneroko kontu pertsonaletan eta familiarretan erabiltzen zela.

1626an, Asnozko ezkontzaren karira, ezkontza-esaldiak ere jasoak daude agirietan, Orreagako bikarioaren aitzinean euskaraz erranak. Auziak erakusten du zein puntutaraino zegoen hizkuntza bizitza sozialean txertatua, bai eta jendartearen egintza erabakigarrietan ere.

XVIII. mendearen akaberan, euskararen erabilerari buruzko lehen gorabeherak agertu ziren kargu eta zerbitzu garrantzitsuetan.

1788an, agirien arabera, euskaraz ez zekien notario bat izendatu zuten, nahiz eta Longida eta Artzibar oraindik ere nagusiki euskaldunak ziren. Interpreteak behar izaten ziren auzietarako eta administrazio kontuetarako; beraz, horrek adierazten du euskara oraindik ere herritar gehienen hizkuntza nagusia zela garai hartan.

1778an, halaber, Artzibar, euskalduntzat jotzen ziren herrien zerrenda batean sartu zen eta, 1782an, Zangozako ordezkariekin almadiei buruz eginiko bileran, idatziz jaso zen Aezkoak eta Artzibarko diputatu eta erregidoreek, oro har, euskara baizik ez zekitela.

XIX. mendean zehar, Artzibarko euskararen inguruko aipamenak hasi ziren ugaritzen, filologiaren eta dialektologiaren ikuspegitik.

Hizkuntzalari bat, Louis Lucien Bonaparte, funtsezkoa izan zen. 1864an etorri zen gurera, Artzibarko euskararen hizkuntza aldaera aztertzeko. Haren lanetan hainbat eskuizkribu eta kristau-ikasbide ageri dira aipatuak, Urizko mintzoan emanak; besteak beste, Juan Cruz Elizaldek idatzitakoak.

Bonapartek hegoaldeko goi nafarreraren barnean kokatu zuen Artzibarko euskara, eta gerora egindako hainbat azterlanek nabarmendu zuten aldaera hurbil zegoela Artzi, Longida eta Eguesibarrarekin, eta ez horrenbeste, ekialderagoko beste ibar batzuekin.

XX. mendearen hasieran, euskara oraindik ere ibarreko herri aunitzetan mintzatzen zen. 1904ko Eliza Gidan, Artzibar Agoizko artzapez-barrutiko euskal eremu bakarra zen.

Hala ere, XX. mendean atzerapena azkar-azkarra izan zen. Hainbat azterlan konparagarriren arabera:

  • 1863ean, ibarreko jende gehiena euskalduna zen argi eta garbi;
  • 1936rako, hiztun kopuruak oso nabarmen egin zuen behera;
  • eta 1970-72. urteetan, bertan sortutako hiztun gutxi batzuk bakarrik gelditzen ziren Artzibarren eta Orotz-Betelun.

1916-1917an, Napartarra astekariak Eki goitizenarekin sinatutako hainbat kronika argitaratu zituen, Artzibartik idatziak, arrunt baliosak, hizkuntzaren erabilera eta haren atzerapenaren gaineko kezka erakusteagatik.

1921ean, Euskaltzaindiak bultzatutako Erizkizundi Irukoitza ekimenaren baitan, hizkuntzaren gaineko inkestak egin ziren Orotz-Betelun, Azparrenen eta Arrietan, herri horietako hiztunengandik lekukotasunak jasota.

30eko hamarkadan Aingeru Irigarayk euskararen egoera aztertu zuen Artzibarren, herriz herriko ezagutza hainbat mailatan banatuta. Adierazi zuen erabilera galera handia zegoela, bai eta belaunaldi haustura argia ere.

Azken urteotan, Artzibarren mintzatutako euskarari buruzko azterlanak egin dira, baina jakina, euskaldunen galerak ikerketa zaildu du eta, horren ondorioz, euskalkiaren aberastasuna betirako galdu da, hein batean. Hala ere, aldaeraren oinarri garrantzitsua gorde da.

XX. mendearen bigarren erdian, Artzibarren mintzatzen zen euskara bere azken hatsetan zegoen.

Hainbat ikerlarik datuak, grabazioak eta lekukotasunak jaso zituzten azken hiztunengandik. Ikerlarien artean, besteak beste, Pedro Irizar, Koldo Artola, Iñaki Camino, Orreaga Ibarra edo Aitor Arana dira aipatzekoak.

Ikerlanotan aipatutako herrien artean, besteak beste, honako hauek ageri dira:

  • Uritz
  • Hiriberri
  • Arrieta
  • Lusarreta
  • Azparren
  • Espotz
  • Imizkotz
  • Saragueta
  • Urdirotz
  • Orotz-Betelu

Bereziki oroitarazten da Soledad Arbonies zela Artzibarko euskararen zati bat oraindik ere gordetzen zuen hiztunik gazteena, 1980ko hamarkadan, 1920an sortua.

Artzibarko hizkuntza-aldaera

Azken azterlanek

hegoaldeko goi nafarreraren barnean sailkatu dute ibarreko euskara; Artziko aldaera deritzonaren baitan, hain zuzen ere.

Aldaera horretan, Pedro Irizarrek bi azpialdaera bereizi zituen:

  • iparraldekoa, Arrieta, Azparren, Gorraitz, Imizkotz, Lusarreta, Saragueta, Hiriberri eta Orotz-Betelu herrietan;
  • eta hegoaldekoa, hegoalderago dauden herrietakoa.

Ezberdintasunok aditz forma batzuetan ageri ziren bereziki, gure Ibarreko mintzoaren barne aberastasunaren erakusgarri eta euskalkiendako duen interesaren adierazgarri.

Euskararen inguruko testigantzak eta oroimena

Euskarak Artzibarren egindako bidea, azterlan filologikoetan ez ezik, testu, bertso, inkesta, kantu eta azken hiztunen lekukotasunetan ere dago gordea.

Material dokumentatuen artean, honakoa da nabarmentzekoa:

  • Urizko euskaran idatzitako kristau-ikasbideak eta dotrinak;
  • Orotz-Betelun jasotako bertsoak, ele bitakoak;
  • Napartarra astekarian argitaratutako kronikak;
  • Koldo Artola eta beste ikerlari batzuek bildutako testigantzak eta grabazioak;
  • eta ibarreko mintzoaz berrikitan egin diren azterlanak.

Horrek guztiak, beraz, gure Ibarrean mendez mende eguneroko bizitzan mintzatu den hizkuntza berreraikitzeko bidea ematen digu.

Toponimia: euskararen lekuak

Euskarak mendez mende izaniko indarra arrunt modu agerikoan ikusten da gure herri, leku, dermio eta etxeen izenetan.

1998an, Euskaltzaindiak Artzibarko herrien euskal izenak aztertu eta proposamena aurkeztu zuen, eta 1999an, Nafarroako Gobernuak, Artzibar / Valle de Arce ele bitako izena onetsi zuen ofizialki, bai eta herrietako euskal izenak ere.

Haien artean, adibidez, honakoak:

  • Artzi
  • Arizkuren
  • Arrieta
  • Artozki
  • Azparren
  • Ekiza
  • Espotz
  • Gorraitz-Artzibar
  • Gurpegi
  • Imizkotz
  • Lakabe
  • Lusarreta
  • Muniain-Artzibar
  • Nagore
  • Otsa
  • Saragueta
  • Uliberri
  • Urdirotz
  • Uritz
  • Usotz
  • Hiriberri-Artzibar
  • Zandueta

Toponimia da euskarak gure lurraldean duen lekuari buruzko testigantzarik iraunkorrenetako bat eta, halaber, biderik garrantzitsuenetako bat haren segida historikoa ulertzeko.

Azkenaldiko egoera eta berreskurapena

Azken hamarkadetan, hainbat ekimen abiarazi dira euskara gure Ibarrean sustatzeko.

Haien artean, honakoak:

  • Euskara Zerbitzu bat sortu da, gure inguruko beste Udal batzuekin batera;
  • ordenantzak eta protokoloak egin dira haren erabilera sustatzeko;
  • euskarazko eskolak AEKren bidez;
  • eta bertako oikonimia eta toponimia berreskuratzeko lanak.

Horrez gain, Ibarreko ia haur guzti-guztiek D ereduan ikasten dute Agoitzen eta hurbileko beste ikastetxe batzuetan.

Nafarroako Estatistika Institutuaren arabera (Nastat), Artzibarren erroldatutakoen % 26,4 euskaldunak dira eta, % 13,4, euskaldun hartzaileak.

Euskarak Artzibarren eginiko ibilbideari dagokionez, erran behar da hizkuntza mendez mende gure lurraldeko bizitzaren funtsezko atala izan zela eta, atzerapena gorabehera, aztarna sakona utzi duela oroimenean, toki-izenetan eta ikerketa linguistikoan.

Gure begirada ibarreko euskaran pausatzen dugunean, bertako ondare immaterialaren funtsezko osagaian dugu begirada pausatua.

This website uses cookies to improve your web experience.