
EUROVELO 3 BIZIKLETA BIDEAREN HOBEKUNTZA ARTZIBARKO UDAL BARRUTIAN BARRENA
Bicimugi proiektua 2022an osatu zen, Nafarroaren eta Pirinio Atlantikoen artean bizikletendako ardatz bat sortzeko, EuroVelo 3 bizikletendako azpiegitura garatze aldera, tarterik handiena Nafarroako Foru Komunitatean gauzatuta. Erromesen Ibilbidea erraten zaio (Pilgrims Route) eta Trondheim (Norvegia) eta Santiago de Compostela lotzen ditu (5.100 km)
Mugaz gaindiko Europako lankidetza proiektu honen helburua da bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzea landa eta mendi eremuetan, ingurumena errespetatzen duten eta karbono kantitate txikia isurtzen duten garraio-sistemak garatuz eta hobetuz, eta horrela, eskualde osoko jarduera eta lurralde dinamizazioa sustatuta. INTERREG POCTEFA ekimenaren barnean sartu zen eta Landa Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) finantzatu zuen, bai eta Nafarroako Gobernuak eta Nasuvinsa Sozietate Publikoak ere.
Obrak 2022an bukatu eta gero, ikusi zen ibilbideak diseinu arazoak zituela Artzibarko hainbat tarte eta lekutan. Hori dela eta, 2025ean, hainbat lan egin dira malda handieneko tarteak hobetzeko, segurtasuna eta azpiegituraren mantentze ona bermatze aldera, jendeak erabil dezan. Zehazki, honako hobekuntza hauek egin dira: drainatze-sistemak hobetu eta arekak paratu dira ur azaleko isurketa behar bezala bideratzeko, halako isurketak gertatzen ziren tarteetan; zola konpondu eta ibilbideko hainbat tokitako errodadura-geruzan atzemandako akatsak zuzendu dira; eta zementu bidezko egonkortze tratamendua eman da zolari erresistentzia handiagoa emateko.
Obraren kostua, guztira, 214.337,63 € izan da; den-dena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Funtsek ordaindua (PSTD-BIZIKLETA BIDEAK), Europar Batasuneko Next Generationek eta Nafarroako Gobernuak finantzatua.

















