780 metroko altueran dagoen herria da. Gaur egun, lurzoru nahiko pobre eta higatua du, pinudiz inguratua. Inguruan, jendez hustu ziren eta berreskuratzen ari diren herri edo baserri txikiak daude: Ekiza iparraldean, Arangozki ekialdean, Artanga hegoaldean eta, mendebaldean, Uliberri eta Olozi.
Ez da ageri 1366ko etxe zenbaketan, baina bai Ezpeletako Behe Nafarroako familiaren 1379ko agiri batean, Arizkuren herriari buruzkoa dela uste duguna. Nolanahi ere, beste agiri batzuekin baieztatu beharko da herria agirietan noiz agertzen den.
1514an, bi su edo etxe zituen. 1553an, berriz, bost, eta hortik behera joan zen, 1819an hiru izan arte. 1786an izan zuen biztanlerik gehien, 30 lagun, eta 1858an 24; hortik aitzina, behera jo zuen harik eta 50eko hamarkadan erroldatuak desagertu ziren arte. 1990eko hamarkadaren bukaeratik berriz jendez bete da, eta, Olozi eta Uliberri bezala, ibilgailuz lurrezko pista txar batetik baizik ezin da iritsi.
Komunikazioei dagokienez, bideak txarrak ziren, baina Arizkurenek Aezkoa-Milagro errege-abelbidearen hurbiltasuna izan zuen alde, Arangozkirekin muga egiten duen mendilerro hurbiletik igarotzen baita, egungo bideetatik 2 km ingurura. Abelbideak garbi egoten ziren, garai hartan garrantzitsuak baitziren aziendaren igarobiderako. Alderdi honetako abelbidearen trazatua eta erabilera Peña Santiagok eta S. Martínek deskribatzen dizkigute (1966):
“Bigarren abelbidea Urraulgoitin sartzen da Aretako mendatetik; han amaitzen dute Zaraitzutik datozen artaldeek lehen eguna. Handik Aristu errekarantz jaisten dira, zubi batetik gurutzatuz, izen bereko herrixkatik beheraxeago, eta ondoren Artangako mugaraino igotzen dira, Mendigaña dermioan, eta han egiten dute gaua. Hantxe, Arizkuren (Artzibar) eta Arangozki eta Artanga (biak Urraulgoitikoak) mugakide diren puntu horretan, batzen zaizkie abelbideei Elkoazko aziendak, lehen etapan, eta handik aitzina transhumantziako bide berari jarraitzen diote. Aristuko artaldeak ere bide beretik doaz. Aieskoak, Jakoisti eta Zubizarretik, puntu berean iristen dira.”
Zenbait kargu, abadearena kasu, Uliberrirekin partekatzen zuen (ikus Uliberri), eta noizbait Olozirekin ere (ikus 1868ko berria); era berean, zerga ordainketetarako zenbaketa batzuetan, 1514koan esaterako, unitate bakar gisa zenbatzen zen Uliberrirekin batera.
1970. Latxagaren kronika. Interesgarria da Latxaga apaiz eta ikerlariak 1970 aldera egin zuen bisitari buruz euskaraz idatzitako kronika irakurtzea, 1976an argitaratua; Benito Urtasun azparrendar apaiza izan zuen lagun. Aurreko paragrafoetan, Uliberritik iristeko zailtasuna deskribatzen du (ikus herri horretako kronika). Arizkurenen, herri garrantzitsu baina abandonatu batekin egiten du topo, hondamenerako bidean. Bataiarri hautsia ikusteak herri honen desagerpenaren seinale txarra ematen dio. Adierazten du alderdi hau, Olozi-Uliberri-Arizkuren, laster oihan sarrezin handi bat izanen dela. Bidaide Urtasunek esaten dio Urraulgoiti ibar auzokideko herriek bide bera daramatela, eta aitortzen du orduan baliteke alderdi hau Nafarroako basamortu basotsu eta basatiena izatea.
Arizkuren: artea eta ondarea
1Bineta
Pinudiz inguratua eta Aezkoatik Milagrora doan errege-abelbidetik hurbil kokatua dago. Komunitate alternatibo batek hondamenetik eta ahanzturatik erauzi ditu etxeak.
2Eliza
Gaur egun, hondatua dago. Oinplano laukizuzen soila zuen. Kanoi-ganga zuen, zertxobait zorrotza. Lehen solairu edo koru bat izan zuen, zurezkoa. Duela urte gutxi arte, margolan barrokoen aztarnak zeuden paretaren batean. Ataria erdi-puntukoa da, Jesukristoren anagrama, JHS, agerian duela. Dorrea karratua da, ezkilendako bi leihatek zapaldua.
3Gurutzea
Arizkuren eta Uliberri artean, Arizkurengo Gurutzea izeneko alderdia dago, gaur egun erdaraz “paco de la Cruz” deitua. Baliteke lehenago hantxe bertan bideko gurutze bat izatea.
4Etxeak
Gaur egun, Nafarroako Oihan Ondarearen finka bat da. 90eko hamarkadaren bukaeratik, jendea bizi da eta 13 - 20 erroldatu bitarte ditu.
Arizkuren: historia
Arizkuren eta Uliberri artean, Arizkurengo Gurutzea izeneko alderdia dago, gaur egun erdaraz “paco de la Cruz” deitua. Baliteke lehenago hantxe bertan bideko gurutze bat izatea.
Ikerlarien artean ez du gurutzea inork aipatu, baina herriaren hegoaldean, Artangako mugan, “Sabaltore” eta “paco de Salbatore” dermioak daude; beraz, baliteke lehenago baseliza bat edo bideko gurutzeren bat izatea. 1851n, “San Salvador” ageri da idatzia. Badago zer ikertu.
1366. urtea. Ez da aipatua Nafarroako lehen errolda horretan.
1645-2001. urteak. Oharra: etxeei buruzko egungo azterlana Udalaren proposamen baten zain dago. Laster, abian jarriko da, ibarreko etxeen izendapenean irizpideak eguneratzeko eta batzeko. Orreaga Ibarraren ikerlana erabili dugu (2002) etxeen gaineko azterlan historikorako, etxeen izenak jaso baititu 1645, 1726 eta 2001ean.
Kaztelualdea
(Agiri zaharrak: Gaztelualdea, 1851; Gastelualdea, 1892). Toponimo hurbila da, Milagrotik Aezkoarako errege-abelbidean, zelai txiki batean, bi haitzen ondoan, 1.000 metro inguruko altueran; agian eraikin zaharren bat egon zen han. Ikertu gabe dago, edo behintzat ez da daturik argitaratu, baina halako toponimoek aztarna zaharrak adierazi ohi dituzte, Erdi Aroko eraikinen batenak edo historiaurrekoak ere. Garai historiko desberdinetako eraikinak gainjarrita egotea gertatzen da, leku estrategikoa bazen garai aunitzetan erabili baitzen bizitzeko edo alderdi bat kontrolatzeko.
Hurbil antzeko kasuak daude, hala nola Gorraizko Biskaxunen “El Castillo” toponimo gaztelaniaztatua, non herrixka protohistoriko baten gotorlekuaren aztarnak dauden. Hurbileko beste herrixka protohistoriko batzuek antzeko toponimoak dituzte: “El castillo” Galotzen (Zaraitzu); Gaztelu Ralan (Longida); Gaztelualdea Jakoistin (Urraulgoiti)…






































