Arrieta: artea eta ondarea
1San Lorentzo eliza
XIII. mende aldekoa da, eta mendeetan zehar asko eraldatu dute; azken eraldaketa handia 1950eko hamarkadan egin zen. Oinplano laukizuzena du, lau tartez osatua, bi albo-kaperarekin eta sakristia batekin. Kanoi-ganga luzitu baten azpian gelditu da estalita, eta hartatik nabe nagusia banatzen duten erdi-puntuko arkuak ateratzen dira. Albo-kaperetan, XVI. mendeko ganga barrokoak ikusten dira, izar-formako nerbioekin. Kapera batean, aldare txiki bat dago, bi irudi modernorekin eta, erdian, XIX. mendeko Doloreetako Ama Birjinaren irudi batekin. Beste kaperan, burdinsare moderno batez itxia, bataio-pontea dago, hura ere modernoa. Elizaren barnealde osoan zehar, Irunen egindako beirate ugari ditu, 50eko hamarkadako azken berrikuntzakoak.
Korua guztiz berritua eta modernoa da, eta handik sartzen da kanpandorrera; laukizuzena da, bi baorekin, ezkila banarendako.
Ataria erdi-puntukoa eta harrizkoa da, eta gurutze bat du grabatua ateburuan. Harrizko erdi-puntuko arkuen gainean bermatutako aterpe zabal baten azpian dago, eta hiru eskailera-maila erdizirkularren bidez sartzen da elizara. Lorategi txiki bat du sarreran.
San Lorentzo titularraren irudia modernoa da, eta Ama Birjinaren eta Haurraren irudi bat gordetzen du, XIV. mendekoa. Elizbarrutiko museoan parrokia honetako hainbat irudi daude, datatu gabeak: Ama Birjina bat eta San Joan bat, biak ere kalbario batekoak, eta San Ramon Nonato bat.
Alboetako batean, bataio-ponte modernoa duen kapera dago, beirate batek buruzagitua eta sarrerako burdinsare moderno batekin. Lehenagoko bataio-pontea iturri gisa erabiltzen da elizaren sarreran.
XVIII. mendeko erretaula baten berri ere badugu. Apezpikua edo haren ordezkariak herriz herri joaten ziren artzapezpiku-bisitan, parrokiako liburuak berrikusteko, apezen edo fededunen ezagutzak egiaztatzeko, edo elizen eta baselizen egoera ikusteko. Juan Lorenzo de Irigoyen apezpikua bisitan izan zen ibarrean 1770ean. Uritzen, Trinitateko ordena orokorrak ospatu zituen, eta Orreagan, San Mateokoak. Arrietako bisitan, hainbat irakaspen eman eta erretaula bat egiteko agindu zuen. Goñi Gaztambide ikerlariak kontatzen duenez, 1788an amaitu zuen Manuel Pérez zizelkari zangozarrak. Ez dakigu noiz galdu zen erretaula hori.
2San Martin baseliza
Hilerriari atxikia, estilo erromanikokoa da eta oinplano laukizuzen soila du, barnealdea argitzeko gezileihoekin. Ataria erdi-puntuko arkuduna da. Titularra San Martinen irudi batek ordezkatzen du, zaldi gainean, kapa erdibitzen pobre bati emateko, eta kontserbazio egoera txarrean dago. Apezpikuaren 1798ko bisitan, honakoa adierazi zuen: “Que se habilite y repare la Hermita de San Martin y hasta tanto no se haga función alguna” (gaitu eta konpon dadila San Martin baseliza, eta bitartean ez dadila inolako elizkizunik egin).
Tomás Sellesek 1954ko abenduan bisitatu zuen, eta adierazi zuen aldare eramangarri bat zuela eta San Martinen irudiari ezkerreko hanka falta zitzaiola. San Markos egunean bisitatzen zuten, apirilaren 25ean. Agiri zaharretan, euskarazko jatorrizko izena irakur daiteke: “Jaun Done Martia”.
3Immatrikulazioa
Elizaren eraikina Eliza Katolikoak immatrikulatu zuen 2003-III-3an.
4Etxeak
Etxe batzuk handiak dira, oinplano onekoak. Batzuk nabarmentzen dira; adibidez, hiru solairuko bat, azken solairuan balkoi luzea duena, isurialde txikiko teilatua eta erdi-puntuko harrizko sarrera ederra dituena; ateburuan ¿1745? data nabarmentzen da, bai eta zirkulu batean bildutako lore baten marrazkia ere, ez ohikoa, ohikoena ibarreko armarria edo Jesukristoren anagrama, JHS, izaten baita.
Beste etxe handi batek ere erdi-puntuko harrizko ataria du, dobela zabalekin, eta haren gainean bi leiho bikoitz, arku konopialekin baina erdiko zutabe gabe.
Hirugarren etxe batek ere erdi-puntuko ataria du, eta 1820ko inskripzio bat, harrizko leihoarekin bat egiten duena. Haren ondoan, egun borda gisa erabiltzen dela dirudiena, arku zorrotzeko harrizko ate bat dago, erdiko dobelan armarri soil batekin, eta haren gainean arku zorrotzeko leiho bikoitz bat, erdiko zutabe gabe.
Badira beste etxe interesgarri batzuk ere, hala nola hiru solairuko bat, inguruko bao txiki tipikoekin eta ganbarako balkoi luzearekin, frailek babestua. Sarrerako inskripzioaren arabera, 1831koa da.
5Arrietako jauregia
Armaria-buruko jauregia da, eta Urniza familiaren esku egon zen. Plazatik hurbil dago, eta gaur egun hiru eraikinez osatua da. Lehena ukuilu eta lastategi gisa erabiltzen zen, eta lehen solairuan arku zorrotz handi bat du, nabe osoa zeharkatzen duena. Erdikoa berritua dago, harriz inguratutako leiho ugarirekin eta balkoi batekin. Erdi-puntuko harrizko sarrera du buru, erdiko ateburuan armarria duela, gainerako harria baino kanpoalderago. Armarria Arrietako jaunarena da, eta marrazki geometrikoz eta lorez inguratua dago. Bi koarteletan banatua da: batean, basurde bat haritz baten azpian, Aezkoako armarriaren edo Aurizko armarri zaharraren berdina; bestean, puntu batzuk.
Sarreraren gainean leiho bikoitz bat dago, erdiko zutabe gabe. Beste ate txikiago bat modernoagoa dirudi. Dorrea muturrean dago atxikia. Oinplano karratu samarrekoa eta nahiko garaia da, gutxienez hiru solairurekin eta arku konopialeko hainbat leiho bikoitzekin. Sarrera soila da, harrizko ateburu batekin, kapitel soil gisa egiten duten bi harriren gainean bermatua.
6Arrietako jauregia
Azken urteotan, Artzibarko Udalak funtsezko urratsak egin ditu despopulazioaren aurkako estrategian, Arrietako Jauregia eraldatzeko proiektuaren aurrerapenaren bidez. Eraikina 2025ean erosi eta gero, coliving eta coworking gune bat eraikitzeko lanean ari dira, etxebizitza errazago eskuratzeko eta udalerriaren barnean garapen profesionala sustatzeko, etxebizitza gutxi baitago jendearen eskura eta, ondorioz, handia da landa-ingurunetik alde egiteko arriskua.
Arrieta: historia
Herria ibarraren ipar-ekialdean dago kokatua, 785 metroko altueran. Klimari eta landaretzari begira, herri piriniotarra da.
Arrieta Urrobi ibaiaren ezkerraldean dago kokatua, Errazugaina (Corona) mendiaren hegal erdian. Badira hainbat bide mendi inguruan Garraldara eta Orotz-Betelura joateko. Lehenago garrantzitsuak ziren. Garraldakoa aunitz erabiltzen zuten aetzek hiriburura joateko.
Demografiari begira, jende gehien bizi izan den herrietako bat izan da ibarrean. 1366an, sei etxe zituen eta, 1819an, hamaika. Bestalde, 1858-1887 artean izan zituen biztanlerik gehien: 210-223. Ondoren, etengabe jaitsi zen, 1950etik 86ra bitarte, haustura handia gertatuta, 114 erroldatu izatetik 47ra igaro baitziren.
1265. Aberingo tenplarien komendadoreak etxe bat ematen dio Lizarrako San Nikolas elizako errektore Juan Lopez jaunari, parrokia horretan. ”con volontat e atorgament dels frayres d’aquela meysma casa, ço es assaber, frayre Pere de Gerp, cambrer, e frayre Pere d’Arrieta, capelan, e frayre Martin d’Areyllano, e frayre Guarcia d’Auerin”.
1315. Miguel de Arrieta, harakina da, Iruñeko bizilaguna.
1325. Orbaibarko Pedro Periz de Echanok baratze bat saltzen dio Iruñean Sancho Martinez de Ejeari, katedraleko kalonjeari: “es assaber don Garçia Bon d’Arrieta lo correyer et don Martin de Goinni lo bureler, uezins de Pampalona”.
1339. Mahasti baten salmenta-gutuna, Martin de Arrietak eta haren emazte Domeca de Herassek Erribetako San Pedro monasterioari egina. ”Martin de Arrieta, moliner, vezin de Pampilona et dona Domeca de Herasse, sa muyller, vendem a uos, dona Johana Peritz de Larrassoyna, priora el monasteri de les dones de Sant Peyre de Ribes, pres Pampalona, et a uos, dona Thota Peritz de Larraya, Thota Yuaynnes de Lerraga et Catheljna Nauar, dones el dit monesteri”.
1365. Zangoza. Zangozako bizilagun Johan Périz de Arrietak irabazitako auzia, “Peirot eta Peiretón” haurren tutore gisa, mahasti batzuen salmentan.
Zenbait datu solte.
– 1196. urtea. Beharbada, bizilagun baten lehen aipamena: Ochoa de Eslavak eta Elvira de Arrietak hainbat etxe eta ondasun ematen dizkiote Orreagako kolegiatari Olatzen, Olaetan, Erdotzainen, Bizkarreta-Gerendiainen, Erroibarren eta Arrietan bertan, bai eta hiru kolazo ere Gorritzen, hau da, lurrari atxikitako hiru nekazari.
– 1262-IV. Peitauinak, haren senar Jimeno de Orozek eta haien seme-alabek Aurizko hainbat etxe ematen dizkiote Orreagako kolegiatari. Lekukoen artean: “Arnalt de Adassa, Semen de Oroz, Miguel de Azparren, Lop de Imizcoz, Garcia de Gorraiz, D. de Arrieta cruziller…”
– 1200-1215. urteak. Gil de Ezperunek Arrietako kolazo bat saltzen dio Orreagako priorari (lurrari atxikitako nekazaria), Gutierre Guerreterizo izenekoa.
– 1751n, elizako txostenen arabera: “Esta unida a la parroquia del lugar de Villanueva del mismo valle de Arce, y es abad don Juan Miguel de Vizcai. Vale la abadia sesenta ducados de plata. Proveenla por costumbre inmemorial los vecinos del lugar. De la colacion al Ordinario. No hay beneficios.” Hau da, ibar bereko Hiriberriko parrokiari lotua zegoen, eta herritarrek hautatzen zuten abadea.
– 1787an, Arrietako abadeak jakinarazi zuen bere herri-lurretatik eta Hiriberrikoetatik zura ateratzen ari zirela armadako arraunetarako, bai eta Tuterako ubiderako beste material batzuk ere. Halaber, adierazi zuen mendian badela “Batallaco biscarra” deitzen duten toki bat, non, Nafarroako erregeen garaian, bertako jendeak tropa frantsesak garaitu baitzituen, baina ez zuen erran noiz. Erran zuen, era berean, Urrobiko meatzeetako mea-hondarrak Arrietako eta Hiriberriko bi herrietako lantegietan aprobetxatzen zirela.
– 1822. urtea. Urte hartako udan, hamabost apez kendu zituzten beren karguetatik matxinatutako erregezaleak babesteagatik (gero, haiek izan ziren garaileak), eta kargutik kendutako apezen artean zen Arrietakoa, José Elía, bai eta Erroko herri auzokoa ere, Miguel Zalba.
– 1901. Meatze berria. 1901ean, meatzaritzaren bidetik jo zuen herriak, “la Iluminada” meatzea salatu baitzen; baina ez zirudien emankorra zenik, 1902rako itxita baitzegoen (ikusi meatzaritza).
– 1847-1911. Echeverria, Sanferminetako txistularia. Arrietan sortutako Javier Echeverría Navarlaz txistulari ospetsua izan zen, eta Iruñeko sanferminak alaitu zituen bere bizitzaren azken egunetara arte: 1847tik 1911ko uztailaren 11ra arte, Iruñean hil zen arte. Kronika Aralar egunkaritik hartua da (ikusi Aranburu, 2012): En la multitud que acompañaba a la comitiva de gigantes y enanos, ediles y cabezudos, destacábase un bohemio pintarrajeado marsellés, de tez morena, labio grueso ligeramente gris, ojos negros y negras y encrespadas guedejas, tocando el clásico tum-tum. Este popular txistulari se llamaba Francisco Javier Echeverría, gitano de nacimiento, que vivía en el pueblo de Arrieta, de donde venía a Pamplona a pie todos los años, para acompañar a la pareja de gigantes negros. En 1909 vino por última vez, cuando contaba con 99 años.” (Ikusi heriotzaren berria hemerotekan, 1912-VII-12).
– 1901, merkatua. Urte hartan, Nafarroako merkatuen artean Arrietakoa aipatzen da, baina ez da jakiten noiztik antolatzen zen, ezta zenbat denbora iraun zuen ere. Ez dirudi luzaroan, Aurizek azoka eta merkatuak baitzituen, eta Urrotzen, Agoitzen eta Donibane Garazin ere bazeuden (gerra arte, merkatura joateko autobusa zegoen)… eta 1914rako Aribeko hamabostaldiko merkatuaren lehen saiakerak ikusten dira; ez zen gerra arte errotu, 1937 aldera, eta garrantzitsua izan zen eskualdean, 1960ko hamarkadaren hasieran gainbehera etorri eta desagertu zen arte.
– 1956, Itursendoko iturria. 1956an, Aurizberrik Arrietako Itursendo iturburuaren eskubideak erosi zituen 75.000 pezetan, herriko ur korrontea izateko. Zalantza da gaur egungo toponimian lur-eremu hori Hiriberriko dermioan dagoela. Iturburua Urrobiren ezkerraldean dago, ibarreko lurraldearen hasiera-hasieran.






































































