Espotz: artea eta ondarea
1San Martin eliza
Eliza txikia da eta gorapearen ondoan hilerria dago. Erdi-puntukoa da, Erdi Aroan egina, takoz eta bolaz apaindutako inpostaz osatua. Oinplanoa laukizuzena da eta kanpandorre txikia du eraikinaren alde apalean. Sakristia, berriz, burualdeari dago atxikia.
Atarian teilatu txiki bat dago eguraldi txarretik babesteko. Gaur egun, pixka bat birgaitu da, bizilagunek kanpandorre txikiko teilatua konpondu baitute ez aspaldi, bai eta jarleku berriak paratu ere. Hilerria eliza aitzineko patiorako sarreran dago; hantxe badira gurutze zahar batzuk, bi hilarri zahar eta hainbat berri.
Barnealdea soila da. Lurzorua zurezkoa, eta sabai aizuna. Zurezko eskailera bat igotzen da altuera apal-apaleko koru ñimiñora. Bataiarria Erdi Arokoa da, burdinazko tapa duela. Ontzia leuna da, apaingarririk gabea eta fuste txikia du.
Erretaula zaharra da, bi gorputzeko altuerakoa eta hiru kalekoa, zurezko zutabe txikiek banatuak. Erretaula, gehienbat, santuen margolan soilekin dago margotua. Monumentuen katalogoaren arabera, beheko gorputzean San Antonio eta San Anton daude irudikatuak, eta goikoan, berriz, Santa Ines, kalbarioa eta Santa Barbara. Erdiguneko gorputzean, San Martinen eskultura-lan txikia dago (eliza hari eskainia baitago) eta Ama Birjina eseria Haurrarekin, hori ere eskultura txikia, XVI. mendean datatua.
2Etarteko baseliza
Uste da Etarteko baseliza egon zela, izen bereko mendian; han, Perez Ollok hondakinak ikusi zituen 1983an. Gaur egungo datu bakarra jasotako toponimoa da, “la ermita”.
Igual apezpikuak 1798an herria bisitatu zuenean ez zuen aipatu: “No hay ermita, ni cofradía y menos beneficiado”. Lopez Sellesek 1952an hondakinak ikusi zituen mendiaren gailurrean, 6×3 metroko eraikin baten aztarnekin. (Altuera: 1.107 m.)
3Immatrikulazioa
Badirudi Eliza katolikoak immatrikulatu zuela 2008-2010 inguruan.
4Etxeak
Suen edo etxeen zenbaketan ez da aldaketa handirik 1366ko hiru etxeetatik 1819ko hiru etxeetara. 1858an izan zituen biztanlerik gehien, 33 lagun baitzeuden erroldatuak. Gero, handik aitzina, biztanleriak etengabe egin zuen behera. Bost lagun, 1960an, eta gaur egun, bat bakarra.
Espotz: historia
– 1379-1433. Idoateren arabera (1975): “no pagaba pecha en 1433 ni años anteriores, explicándose que «recude a los caçadores». Anteriormente, en 1379, se dice que su pecha era 15 dineros, encontrándose en la misma situación Oroz.” (ez zuen petxarik ordaintzen, ehiztariei ematen baitzien).
– 1615. Orreagari ordainketa. “Espoz” izeneko etxe handiak urtean 200 dukateko zentsua ordaintzen zion Orreagako kolegiatari, “con doce de redito”.
– 1751. urtea. Elizaren txostenen arabera: “Es abad el Arcediano de Valdeaybar, dignidad de la Santa Iglesia Catedral de Pamplona, y vicario don Pascual de Iribarren. Vale la vicaria cinquenta ducados de plata. Toca su presentacion libremente en todos los meses a dicho Arcediano como abad de la iglesia. La colacion al ordinario. No hay beneficios.”
– 1890. Nafar jabeak. Foru Diputazioaren landa-jabeen estatistiketan jabe bat ageri da Espotzen. Ripodasen deskribapenari jarraitzen diogu (1992): “Ignacio Ciaurriz es propietario de 60 Has, sólo 9 cultivadas, y 2 casas donde están de colonos 2 hermanos apellidados Zazpe.”
– 1986-91. Kontzeju tutoretuak eta desagertuak. Toki-administrazioari buruzko foru-legearen ondorioz, herri batzuk kontzeju izatetik kontzeju tutoretu izatera igaro ziren, eta 1991n batzuk desagertu ere egin ziren. 1986an Espotz tutoretua da, eta 1991n desagertu zen.









































