Skip links

Gorraitz

📍
KoordenatuakLat: 42.850000 · Lng: -1.34
⛰️
Altitudea680 m
Ikusi Google Mapsen

Gorraitz: artea eta ondarea

1San Martin eliza

70eko hamarkadan zaharberritua. Oinplano laukizuzena du eta lau tarte, kanoi-erdiko gangaren gainean. Dorrea bi solairuko kanpai-horma da: lehenengoan, erdi-puntuko leiho gisako bi irekidura ditu, haietako batean kanpaia dagoela, eta bigarrenean irekidura bakarra, barnean burdinazko gurutze bat duela. Ama Birjina Haurrarekin irudi barrokoa dute. Hilerria, ibarreko beste eliza batzuetan bezala, elizaren sarreran dago.

Eliza egoera txarrean dago, eta hobekuntza handiak behar dira datozen urteetan ondarea gehiago gal ez dadin.

2Immatrikulazioa

San Martin parrokia hau Eliza katolikoak immatrikulatu zuen 2003-III-3an.

3San Migel baseliza

Zalantza dago baseliza hau egon ote zen, ikertzaile batzuek Eguesibarko Gorraitzen kokatzen baitute; Nuñez de Cepedak ez du baieztatzen, eta beste batzuek, hala nola Madozek bere hiztegian edo Altadillek, Artzibarren kokatzen dute.

Lopez Sellesek dio 1953an bizilagunek ez zekitela halako baselizarik bazenik. Ezagutzen den toponimian ez da harekin lotura izan dezakeen aipamenik ageri.

4Kastroa edo herrixka protohistorikoa. Biskaxun-El Castillo

[…] Biskaxun mendian, gaztelu baten hondakinak eta zenbait leize zeuden; herri-tradizioaren arabera, antzina mairuak bizi ziren haietan.

Daniel Otegui, 1969.

Gorraitzen ekialdean, Biskaxungo gailur hurbilean, “El Castillo” izeneko toponimo gaztelaniatua dago, eta han herrixka protohistoriko bat dago. Ikertu gabe dago, baina azalean Burdin Aroko zeramika-hondarrak aurkitu dira. Begi hutsez eta aireko argazkian ikusten da herrixka inguratzen zuen harrizko barrutia, askoz agerikoagoa ortoargazki zaharretan, 1956koan adibidez, non mendi-gailurreko perimetro-barrutia ikusten den.

Ibarrean aurkitutako garai horretako lehen herrixka da. Gaur egun, beste bi daude, J.M.M. Txoperena ikertzaileak Artzi jaurerriaren inguruan deskribatuak: “La Peña” eta Asnotz. Aztarnategiaren ikerketa arkeologikorik ez dagoenez, Armendarizek (2008) egindako fitxari jarraitzen diogu:

Defentsa-sistema. Perimetro osoa harresi sendo batek ixten du, tokiko kareharri landuz eraikia, harlanduxka-aparejuan, lehorrean ezarria. Inon ez dira bi paramentuak agerian ikusten, baina eroritako harrien neurriengatik uste dugu gehienez bi metroko zabalera izan dezakeela. Barrutirako sarrerari dagokionez, ez dakigu non zegoen, baina uste dugu ipar-ekialdeko angeluan egon zitekeela, eroritako harrietan sakonune arin bat ikusten baita.

Kultura materiala. Landaredi trinkoak eragozten du azaleko miaketa arrakastaz egitea, lurra ikusten ez delako. Dena den, Burdin Aroko eskuz egindako zeramika-multzo txiki bat bildu da.

Balorazioa. Altuera estrategiko batean kokatutako kastroa da, Irati eta Urrobi ibaien arteko interfluvioan, Nafarroako eremu menditsuan. Duen kokapen nabarmenari esker, Pirinioetako ibar hauek osatzen dituzten korridore naturalak begiz kontrola daitezke; haietatik komunikatzen dira, hegoaldean, Agoitzko eta Irunberriko arroak, eta, iparraldean, Orreagako edo Idopil/Urkuluko mendatea, Akitania aldera. Altuera absolutu eta erlatibo nabarmenak izan arren, tokian harkaitz-amildegirik ez dagoenez, perimetro osoa tinko inguratu eta babesten duten defentsa artifizialak diseinatu behar izan zituzten. Aztarnategiaren baldintza fisikoek eragozten dute kronologikoki adierazgarria den azaleko material-bilketa arrakastaz egitea. Hala ere, gotorleku motari esker argi ondoriozta daiteke Burdin Aroko esleipen kronokulturala. Oraingoz ez dugu bestelako datu arkeologikorik aldi horren ondoren bizilekuak iraun zuela frogatzeko, baina ez da baztertzen tokia herrixka gisa berrerabili izana garai erromatar berantiarrean eta/edo Erdi Aroan, ohikoa baita defentsa-bizileku mota horietan.

Kontserbazio-egoera. Ondare-balio handiak ditu, tokiko landaredi trinkoak edozein erasotatik babestu baitu, pertsonen eta animalien ohiko ibilera eragozteraino aztarnategian, harresiaren eroraldiko korridorea salbu, zuhaitzik gabea eta sasi gutxiagokoa baita.

5Etxeak

Suen edo etxe zenbaketen arabera, 1366. urtean bi zituen, eta 1587koan, berriz, lau. Bestalde, 1858an izan zituen biztanlerik gehien (43), eta 36, 1930ean. XX. mendeko 60ko hamarkadan hustu zen, baina 1981az geroztik, berriz ere izan du jendea erroldatua. Azken urteotan, zehazki, 10 eta 7 erroldaturen artean izan ditu.

Gorraitz: historia

Herri txikia da, ordoki eder eta txiki batean kokatua, 910 metroko altueran. Gaur egun, Imizkoztik iritsiko gara pista asfaltatuan barna edo Orotz-Betelutik, lurrezko pista bat hartuta.

Elke eta Pausaran mendietara igotzeko abialeku ezagunena da.

– 1262-IV. Peitauinak, haren senar Jimeno de Orozek eta haien seme-alabek Aurizko hainbat etxe ematen dizkiote Orreagako kolegiatari. Lekukoen artean: “Arnalt de Adassa, Semen de Oroz, Miguel de Azparren, Lop de Imizcoz, Garcia de Gorraiz, D. de Arrieta cruziller…”

– 1601. Urte horretan, Orreagako kolegiatak 25 peoikadako soro bat zuen Aldabarrenen, lehenago mahastia izandakoa.

– 1751n, elizaren txostenen arabera: “Es abad don Martin de Iturralde. Vale la abadia treinta ducados de plata. Toca presentacion libremente en todos los meses del año por costumbre inmemorial al lugar. La colacion al ordinario. No hay beneficios.”

– 1849. 1848-49 artean, hainbat altxamendu errepublikano eta karlista izan ziren, gerratzat hartzera iristen ez direnak, nahiz eta batzuek bigarren karlistada deitu. Gobernu ofizialak matxinatuen aldeko edozein mugimendu edo babes baretu nahi izan zuen, eta gauza bera Diputazioak, susmagarriak atxilotuz, haien artean inguruko batzuk. 1849 hasierako inguruko gertaera batzuk irakurtzen ditugu, hala nola Aezkoako munizio-lantegiaz jabetzeko saioa edo Orotzeko eta Gorraizko bizilagunen atxiloketa, Larraioz ikertzaileak kontatuak (1956): ”Intentaron los carlistas apoderarse de la fábrica de armas de Orbaiceta, en connivencia con el centinela Joaquín Jaime, soldado de Artillería, pero fracasó el proyecto por haber sido apresados dentro de la misma fábrica el 1 de febrero, Pedro Echamendi y Bautista Olasagasti, que habían penetrado en ella para favorecer su ocupación. Los secuaces de Urbiztondo se mostraban activos en apresar a todo sospechoso de simpatía hacia la rebelión; fueron llevados a la cárcel de Pamplona los vecinos de Oroz Betelu, Santiago Reta, Veremundo Maya y Pedro Juan Barrando, por ocultar las armas propias de «cuando estuvieron en la facción» en julio del año anterior; Antonio Espinal del lugar de Gorráiz, acusado de esparcir «noticias falsas y sediciosas», así como Pedro Arce, Juan Martín y José Zubiri, también por ocultación de armas, si bien los dos últimos fueron puestos en libertad a los pocos días, «por no comprobarse cargo alguno contra ellos».

– 1986-91. Kontzeju tutoretuak eta desagertuak. Toki-administrazioari buruzko foru-legearen ondorioz, herri batzuk kontzeju izatetik kontzeju tutoretu izatera igaro ziren, eta 1991n batzuk desagertu ere egin ziren. 1986an Gorraitz tutoretua da, eta 1991n desagertuko da.

This website uses cookies to improve your web experience.