Lakabe: artea eta ondarea
1Santa Luzia eliza
Herria urte luzez egon zen hutsik, eta eliza hustu egin zuten. Egoera onean dago. Gaur egun, ez du eginkizun erlijiosorik, eta kanpandorrea etxebizitza da. XIII. mendean eraikia, garai hartako eraikuntza aztarna batzuk ditu oraindik. Oinplano laukizuzena du, tarte berezirik gabe, koruaren tartea izan ezik, erremarkatua baitago. Ataria soila da, arku zorrotz gotikoa du eta gorapeko teilatupean dago estalia. Dorreak erdi-puntuko baoak ditu ezkilarako; batzuk itsutuak, eta beste batzuk, leiho bihurtuak. Hala nabeak nola dorreak hainbat leiho berri dituzte. Gainera, burualdean irekidura zahar bat dago, gaur egun kolorezko beirez itxia.
XVI. mendeko margo-oholak, guztiak ere kalitatezkoak, prozesiorako gurutze bat eta zilarrezko kaliz bat elizbarrutiko museoan daude gordeak. Oholak 1950ean zaharberritu ziren (ikusi egunkariko berria).
Ondoko hilerrian gurutze gehienak desagertu dira, baina disko erako hainbat hilarri daude.
Nabarmendu behar da elizaren kokalekua: herritik 200 bat metrora dago, muino txiki batean; ohikoa da ibarrean, baina nahiko salbuespena inguruan.
Toponimia erlijiosoa. Kalbarioxar. Kalbario eta zar hitzez osatua. Alderdia herriaren ipar-mendebaldeko bizkar batean dago, Kristoren kalbarioa oroitarazteko. Han ere, ziur aski, gurutze bat edo hiru egon ziren. Ohitura baitzen gurutzeak paratzea herrietatik hurbileko muinoetan eta urtero bedeinkatzen ziren.
Muskilda. Toki-izen hau Gorraizko bide zaharrean dago, mugan berean. Izenak harri multzoa edo montoia erran nahi du eta ohikoa izaten da gure inguruan eraikuntza zaharrak izendatzeko, hau da, tumuluak, eraikuntzak, erlijio lekuak…
2Etxeak
1366. urtea. Nafarroako erresumako lehen errolda dela erran genezake. Bertan, herriko su kopurua aipatzen da, gutxi gorabehera bizirik zeuden etxeen kopurua adierazten zuena, familiaburuaren izenarekin; normalean gizonezkoa izaten zen, eta zenbaitetan emakume baten izena ageri da, ziur aski alarguna. Kalkulatzen da su bakoitzean batez beste 4,5-6 biztanle zeudela. Guztizkoa ateratzeko, kapareen eta nekazarien bi zerrendak batzen dira. (Oharra: barra batez bereizten ditugu suak).
LACAUE. Yenego Garcia / Martin Yeneguiz / Summa: 2 fuegos.
1645-2001. urteak. Oharra: Etxeen egungo azterketa Udalaren proposamen baten zain dago; laster abiaraziko da, ibarreko etxeen izendapenean irizpideak eguneratu eta bateratzeko. Etxeen azterketa historikorako, Orreaga Ibarraren ikerketari (2002) jarraitzen diogu; 1645, 1726 eta 2001eko etxe-izenak jasotzen ditu.
Lakabe: historia
Herria 745 metroko altueran dago, hegal erdian. Sarbide txarrak zituen, nekez iritsi baitzitekeen ibilgailuz, harik eta Itoizko urtegiko saihesbidea egin zen arte. Orain, errepide nagusia herritik 500 metrora dago.
Su edo etxe zenbaketari dagokionez, Lakabek bi su zituen 1366an, eta sei, berriz, 1553-1587an. 1819an, berriz, bost. Biztanleetan, 1858 inguruan izan zituen gehien (47) eta, orduz geroztik, gero eta gutxiago, hots, 21, 1950ean, eta 7, 1960an. 80ko hamarkadan, gazte talde batek herria lehengoratzea erabaki eta komuna bat eratu zuen.
– 1287. Urte hartan, “Arnalt de Lacave” aurkitzen dugu zergak ordaintzen, “roturas de los montes” direla eta (mendiak lur-berritzeagatik).
– 1364-I-27. Errege-dohaintza. Nafarroako erregeak zenbait lur eman zizkien Iruñeko burguei. Haien lurrekin muga egiteagatik aipatzen diren pertsonen artean, “Garcia de Lacaue carpentero”-ren mahasti bat aurkitzen dugu.
– 1402-1410. Idoate ikerlariari (1975) jarraitzen diogu Lakaberi buruz: “1402an, ondare-prokuradoreak mendia errentan eman zion txerriendako, 16 urrezko florinen truke, herri honetako García de Zunzarren izeneko bati. Hartzaileak, herriak ordaintzen zituen petxei edo zergei buruz idaztean, «nichil» idatzi ohi du, hau da, ezer ez. 1410ean bizilagun bat zegoen (…), 1413an bezala, larrea eta mendia errentan emanda zeudela (…) Abadea Artozkin bizi zen, eta bizilagun bakarrak 46 sos ordaintzen zituen «cuarter» kontzeptuan.”
– 1610. Lakaben nola izendatzen zuten jendea. Ana Zabalzak izen-abizenei buruz egindako azterketa (1999) baliatuko dugu, Lakaben jendea nola izendatzen zuten ikusteko: “1610ean, Ederrarena etxeko oinordekoa ezkondu zen, Lakabe herrixka txikian (Artzibar). Kontratuaren arabera, gazteak Martín de Usoz zuen izena, Pedro de Usoz eta Juana de Lacaberen semea. Ezkontza egin zenean, oraindik bizi zen amaren aldeko amona, zeinengandik amak etxea heredatu baitzuen; Graciana de Lacabe Machinena zuen izena. Martinen hiru arrebek amonaren izen bera zuten, Graciana, eta haren anaia bakarrak amaren izena hartu zuen, Juan. Usoztarrek, gizon zein emakume, garaikideen artean gehien errepikatzen ziren izenak dituzte; emakumeek, aurreko bi belaunaldietan oinordeko izan baitziren, jatorriko herriaren izena erabiltzen zuten abizen gisa, eta amonak etxe-izen bat gehitzen zion, Machinena.”
– 1751n, elizako txostenen arabera, “Es abad don Miguel de Artozqui. Vale la abadia sesenta ducados de plata. Toca su presentacion libremente en todos los meses del año por costumbre inmemorial al lugar. La colacion al Ordinario. No hay beneficios.”
– 1986-91. Kontzeju tutoretuak eta desagertuak. Toki-administrazioari buruzko foru-legearen ondorioz, herri batzuk kontzeju izatetik kontzeju tutoretu izatera igaro ziren, eta 1991n, are, batzuk desagertu egin ziren. 1986an, kontzeju tutoretua da, eta 1991n berriz ere kontzeju bihurtzen da.















































