Skip links

Muniain

📍
KoordenatuakLat: 42.825000 · Lng: -1.335000
⛰️
Altitudea610 m
Ikusi Google Mapsen

Muniain: artea eta ondarea

1Santa Zezilia eliza

Erdi Arokoa jatorriz, baina 2003an suntsitu baino lehen gauza gutxi gelditzen ziren garai hartakoak: ataria eta bataiarria baizik ez, biak ere XIII. mendekoak (bataiarria ez dakigu non dagoen). Eliza soila zen, oinplanoz laukizuzena, sakristia atxikia zuela. Kanpandorre laukizuzena zuen eta erdi-puntuko irekieraren bat.

Badirudi 1989rako, Monumentu Katalogoa argitaratu zenean, ez zegoela irudirik, eta XVIII. mendeko erretaula barroko txiki baten egituraren hondarrak baizik ez zirela gelditzen.

Erdi-puntuko ataria Nagoreko etxe baten ondora eraman zuten, etxea herrixkaren jabeena baita (Txalaparta tabernatik 100 m iparraldera).

2Baselizak

1802ko hiztegi historikoan, bi baseliza daude jasoak, Kontzepzioaren Amarena eta S. Domingo de la Calzadari eskainitakoa, baina adierazi gabe Muniain izeneko zer herrixkatan dauden: Artzibarkoan, Gesalazkoan edo Iguzkitza ibarrekoan. Hedadurari begira, eta lotura duen toki-izenik ez dagoenez, ez dirudi Artzibarko herri honetakoak direnik.

3Immatrikulazioa

Ez dakigu noiz immatrikulatu ziren Elizaren estamentuaren alde Santa Zezilia parrokia eta ondoko hilerria, baina 2003an, Nafarroako Gobernuak 69.283’47 euroko kalte-ordaina eman zuen bi eraikuntzengatik. Guztira, Elizari 1.679.019 euro ordaindu zitzaizkion bi eraikin horien truke, bai eta Artozki, Nagore (Artzibar) nahiz Longidako Gorritz, Itoitz eta Orbaizko eliza, baseliza eta hilerrien truke. Handik gutxira, eraikin horiek guztiak suntsitu zituzten Itoizko urtegia betetzeko. Muniaingo eliz ataria Nagorera eraman zuten; Orbaizkoa, Ondare Zerbitzuan dago gordea. Artozkiko eliza, berriz, lekualdatzeko proiektua bazuen ere, azkenean eraitsi zuten. Ondarearen gainerakoaz ez da berri handirik, zer gelditu ote zen eta non ote dagoen.

Iduri du herriko bizilagunek erreklamazioa egin zutela, eliza beraiena zela adierazita. Azkenean, epaiketa egin zen, eta bizilagunek irabazi zuten.

4Hilarriak

Gauza jakina da bost hilarri zahar aurkitu zirela. Urrutiak (1974) hiru aztertu zituen eta, gaur egun, ez dakigu non dauden gordeak.

Nafarroako Gobernuaren Itoizko ingurumen-eraginaren txostena. Itoizko urtegiak inguruan izandako eraginari buruz Nafarroako Gobernuak egindako txostenaren ondare-atalera jotzen dugu. Adierazten dutenez, Vianako Printzea erakundearen 1983ko txosten batean oinarritzen da. Bitxia bada ere, Muniain ez da agertzen; beharbada, 1989an oraindik ez zuten garbi desagertuko ote zen.

5Etxeak

1366. urtea. Nafarroako erresumaren lehen errolda dei genezake. Bertan herriko su kopurua aipatzen da, gutxi gorabehera bizilagunak zituzten etxeen kopurua adierazten zuena, familiaburuaren izenarekin; normalean gizonezkoa zen, baina batzuetan emakume baten izena agertzen da, alarguna ziurrenik. Su bakoitzean batez beste 4,5-6 biztanle zeudela kalkulatzen da. Guztizkoa lortzeko, kapareen eta nekazarien bi zerrendak batzen dira. (Oharra: barra batekin bereizten ditugu suak).

MUNIAYN. Garcia el Maestro / Yenego Xemeniz / Summa: 2 su.

1645-2001 urteak. Oharra: Etxeen egungo azterketa udalaren proposamen baten zain dago; laster abiaraziko da, ibarreko etxeen izendapenean irizpideak eguneratu eta bateratzeko. Etxeen azterketa historikorako, Orreaga Ibarraren ikerketari (2002) jarraitzen diogu, etxeen izenak 1645, 1726 eta 2001ean jasotzen baititu (despopulatua).

Muniain: historia

Herriak halako profil bereizgarria zuen errepidearen gainean, jaurerri txiki batean antolatua balego bezala, Artozkiko zentral hidroelektrikoaren eta herriaren artean.

Hasieran ez zegoen garbi urperatuko ote zen edo kanpoan utziko ote zen eraitsi gabe. Urtegiari buruzko ingurumen-eraginaren inguruko hasierako txostenean (1989) ez zegoen jasoa herrixka eraisteko aukera, baina azkenean, hondeamakinek 2003an suntsitu zuten.

– 1751n, eliz txostenen arabera, “Es abad don Juan Jose Orradre. Vale la abadia cinquenta y cinco ducados de plata. Toca su presentacion libremente en todos los meses del año por costumbre inmemorial al lugar. La colacion al Ordinario. No hay beneficios.”

This website uses cookies to improve your web experience.