Skip links

Uliberri

📍
KoordenatuakLat: 42.865000 · Lng: -1.355000
⛰️
Altitudea750 m
Ikusi Google Mapsen

Uliberri: artea eta ondarea

1San Bizente Martiriaren eliza

80ko hamarkadan, zutik zegoen eraikin bakarra zen herri hustuan, azken urteotan jendeberritua. Oinplano laukizuzen soila duela, erdi-puntuko ataria bakarrik nabarmentzen da elizan, bai eta kanpandorreko dorre zapala ere. Elizbarrutiko museoan, Uliberriko Ama Birjinaren eta Haurraren irudi erromaniko eder bat dago gordea.

Urrutia ikerlariak 1974an deskribatu zuen bataiarria, eta ondarearen arpilatzearen arriskuaz ohartarazi zuen:

“Eliza erromaniko bat ere badu, atari oso-oso soilarekin. Bataiarria Azparrengoaren oso antzekoa da; desberdintasun bakarra da goiko frisoko erdi-esferak falta zaizkiola eta gurutzeen tarte horizontala falta dela zenbait zatitan; gainerakoa berdin-berdina da. Hala ere, xehetasun arriskutsu bat adierazi behar dut: elizako atearen sarraila hautsita dago, eta bisitatu nuenean (1973-10-21), bataiarria bere tokitik mugitua zegoen, atera hurbilduta… Jainkoak daki zer asmorekin. Litekeena da eliza zaharraren konponketa edo zaharberritzea izatea, baina, herrixka abandonatuekin gertatzen ari dena ikusita, arrazoi aunitz zeuden zalantza egiteko, eta, horregatik, Orotz-Beteluko apezari abisua eman nion; hark bisita egin zion herrixkari nire baieztapenak egiaztatzeko, eta badakit gaia mugitzen hasi dela. Horrekin ase gabe, lerro hauek baliatzen ditut kasua zabaltzeko eta Nafarroako ondare artistikoa kontserbatzea nahi duten guztiei dei egiteko, elkarrekin ahalegin bat egin eta amaiera eman diezaioten gure baseliza, herrixka eta baserri abandonatuak jasaten ari diren arpilatzeari.

Aski da desagertzen diren hilarri, irudi, erretaula, giltzarri eta atari osoekin!

2Baseliza

Igual apezpikuak 1798an baieztatu zuen herri honetan ez zegoela baselizarik: “No hay ermita, capellanía ni cofradía alguna” (ez dago baselizarik, kapellautzarik ezta kofradiarik ere).

López Selles 1954an ibili zen San Ramon toki-izenaren bila, herriaren iparraldean, eta honela kontatzen du: “Baselizaren aztarna arin batzuk gelditzen dira; duela urte aunitz desagertuko zen, herritik hamar bat minutura, erreka txiki baten beste aldean. Parrokian irudi bat dago bazterrean utzia, oso hondatua; agian, santu honena izango zen. 650 metro, gutxi gorabehera.”

3Etxeak

Oharra: Etxeen egungo azterketa Udalaren proposamen baten zain dago; laster abiaraziko da, ibarreko etxeen izendapenean irizpideak eguneratu eta bateratzeko. Etxeen azterketa historikorako, Orreaga Ibarraren ikerketari (2002) jarraitzen diogu; 1645, 1726 eta 2001eko etxe-izenak jasotzen ditu.

Uliberri: historia

Ibarreko alderdirik ahantzienean kokatua dago, hau da, Irati ibaiaren ezkerraldean, Olozi eta Arizkuren herrien artean. Hiruak ere jendez hustuta gelditu ziren aspaldian, eta bai Uliberrin, bai Arizkurenen, berriz ere bizi da jendea. 700 metroko altueran dago.

Herriaren historia aztertzeko orduan, arazoa da aunitzetan Uli izena baizik ez dela ageri, ezin jakinik Artzibarko Uliberri edo Longidako Ulibeiti ote den. Hori dela eta, erreferentzietako batzuk zalantzazkoak dira.

Euskaltzaindiak ibarreko herri izenak ikertu eta, euskarazko testuetan erabiltzen zen Uli Goitiren ordez, Uliberri berreskuratzea erabaki zuen, izen hori ageri baita XVI. mendeko zenbait testutan.

Oharra: kontuan izan behar da batzuetan nahasmena egon daitekeela Ulibeitirekin, Longida ibar auzoko herriarekin.

– 1052-VII-21. Jimeno Galindezek etxe bat eman zien Leireko apezpikuari eta monasterioari Ulin: “Hec est scedula donationis uel traditionis que fieri iussi ego Eximinio Galindonis de uilla que dicitur Uli.”

– 1085. Nafarroako errege Antso Ramirezek eta haren semeak, Frotardo abadearen aginduz, ondasun ugari eman zizkioten Leireri, hala nola Igari, Erronkari eta Santa Graziko (Zuberoa) monasterioak, Izizeko jauregia, etab., eta Uliko eliza.

– 1098. Garde herriaren eta Leireko monasterioaren arteko liskarrak konpontzeko hitzarmenean, “senior Fortun Lopeiz de Uli” ageri da lekuko gisa.

– 1126. Lope Fortuñonesek hainbat etxe utzi zizkion Leireri Zangozan, bai eta Uliko bere etxeak eta lurrak ere: “illas casas de Sangosa […] et media terra de Ulle […] Et post suos dies de mea germana illas hereditates de Ondosse et de Ulle”.

– 1129. Uliko zenbait bizilagun. 1129an, “Blanco Garces de Ulli” ageri da, eta beste agiri batean ”Sancio Ennecones de Ulle”, 1134an berriz agertzen dena. 1130ean, “Garcia Fortuniones, clauero de Ulli”. 1130ean, “Joanne Galinz de Ulli”k lur bat saldu zuen bere herrian. 1138an, “Fortunius, frater eius, in Uli”.

– 1134. Fortún Garcések eta haren emazte Todak hainbat ondare eman zizkioten Leireri, horien artean etxe bat Zangozan eta mahasti bat Ulin. ”Sancio Ennecones de Ulle” ageri da Uliko lekuko gisa: “Et in vurgo vetulo de Sancossa unam casam quam tenet Calvet […] Trado similiter in villa que dicitur Ulli unam obtimam vineam quan dedit michi don Didago propter multa servicia que feci ei et multa dona dedi in auro et argento et jumenis. Fidanças; senior Sancio Garceç de Filera, Sancio Ennecones de Ulle.”

– 1513. Zenbait zerbitzutarako, apezarena kasu, bera partekatzen zuten bi herriek, eta batzuetan, zenbaketetan eta zerga-ordainketetan, herri bakar gisa ordaintzen zuten; hala gertatu zen 1513ko ordainketan: bost etxe zenbatu zituzten bi herrien artean, eta 19 sos ordaindu zituzten zergetan, elkarrekin.

– 1539. Yanguas y Mirandaren arabera, “cuyo señorío pertenecía en el año 1539 á Miguel Périz de Donamaría […]” (haren jaurgoa Miguel Périz de Donamariarena zen 1539an).

Uliberri landaretza 02– 1536. Atzerritarrak beren lurrean. Bizilagun ospetsuak ere izan ditu, hala nola Jasoko Xabier santu nafarraren hurbileko bat. Gertakaria 1536koa da: Gaztelak Nafarroa konkistatu ondoren, Nafarroa Beherekoak edo ihes egindako edo emigratutako garai bateko Goi Nafarroakoak atzerritartzat hartzen zituzten beren lurrean, eta atxilotu egiten zituzten. Hala gertatu zitzaion Uliberriko bizilagun bati. Gertakari hau Arizkurengo bizilagun batekin izandako ezkontza-auzi baten barruan sartzen da (ikusi auzia Arizkurenen). Satrustegiren azalpenei jarraitzen diegu:

“Martin de Jaso, San Frantzisko Xabierren hurbilekoa, naturalem patriae de bascos eta Artze ibarreko bizilaguna, atzerritarren legearen aurkako delitua egin zuena eta preso eraman zutena Iruñera, erresumakoa zela alegatu arren […] Martin de Jassu hauitante en Vli dize que por Vra. md. a sseydo mandado que1 exponiente de fianzas de costas en la caussa y pleyto que ante V.M. leva con Catalina de Arizcuren la quoal no es tenido de dar el exponente por quanto a sseydo y es avido por vezino y natural deste regno porque abra dizeocho años que vibe y reside en Vli y en otras partes deste Regno y despues de diez años es abido por vezino conatural de donde reside, como porque la dicha defendente no a pidido la dicha fiaduria en tiempo ni como debe y ni es parte para pidirla y en caso que lo susodicho lugar no ubiesse como el exponiente porque no puede aber fiador dara caucion juratoria de lo que por la dicha defendente se pide porque pide y suplica mande proceder en la dicha caussa y pide cumplimiento de justicia.”

– 1675. Apeza joan egin zen. Urte hartan, Uliberriko eta Arizkurengo bizilagunek salaketa jarri zuten, herriko apeza Agoitzera joan zelako bizitzera. Ramosek (2004) kontatutako epaiketaren laburpenari jarraitzen diogu: “Uliberri. Fiskala Joseph de Berrio Uliko eta Arizkurengo abadearen aurka; honek bere apezgoak utzi ditu, ordezko bat utzita, eta Agoitzen bizi da, han onura bat baitu. Abadeak ziurtagiri mediko bat aurkezten du, epilepsia-eraso bat izan zuela eta berriz gertatzeko arriskuan zegoela erakusteko. Orduan, fiskalak irregular deklara dezatela eskatzen du. Iruñeko bi doktoreri irizpena egiteko agintzen zaie, eta haiek ebazten dute ez dagoela berriz gertatzeko arriskurik, hiru urte igaro baitira lehen erasotik. Bere abadietara itzultzeko agintzen zaio.“

– 1751. Elizako txostenen arabera, “Uli de Arce. Es Abad don Martin de Reta. Vale la abadia sesenta ducados de plata. Toca su presentacion libremente en todos los meses del año por costumbre inmemorial a Juan de Reta, vecino de este lugar como señor temporal de el. La colacion al Ordinario. No hay beneficios.” (Hau da, Juan de Retak aurkezten zuen abadea, herriko jaun gisa).

– 1890. Jabe nafarrak. Diputazioaren landa-jabeen estatistiketan José Itoiz ageri da: Uliberrin 47 hektarea, bi etxe, hiru korta eta artzain bat bere kargura ditu; Gurpegin, 68 hektarea eta bi etxe; Otsan, 11 hektarea eta hiru etxe, eta etxe bat Nagoren.

– 2011. Beste bizimodu batzuk Uliberrin (frantsesez). Frantsesezko irrati-erreportajea, 27 minutukoa, Uliberriko eguneroko bizimoduari buruz, argazki-erreportaje txiki batekin. Interneten:

This website uses cookies to improve your web experience.