Asnotz: artea eta ondarea
1San Joan Bataiatzailearen eliza
Hondatuta. Oinplano errektangularrekoa da, eta ataria puntu erdiko arkukoa, dobela erradialekin. Argia sartzeko bi gezi-leiho txiki zituen, leiho gisa.
2Santa Kolonbako ermita
Ahozko tradizio batek ermita honen berri ematen du, baina ez da haren gainean besterik ezagutzen, ezta harekin lotutako toponimorik ere. 1798ko apezpikuaren bisitan ez da aipatzen, eta bertan adierazten da aurrerantzean Asnotzeko eliza Nagoreren mende egonen zela. 1802ko hiztegian Artziko apezak artatzen zuela baieztatzen da.
López Sellesek 1957an bisitatu zuen, eta zimenduak geratzen zirela dio. Zanduetara jaisten den lepo batean kokatzen du. Bizilagunek erran zioten aspaldi desagertu behar zuela, eta lehenago fraide bat igotzen zela meza ematera. Gaur egungo toponimia-ikerketek Santa Kolonba Uroa herri hustuaren ondoko lepo batean kokatzen dute, Espotzerako bidean, Sellesek kokatzen duen lekutik ez urrun.
Beste lan-hipotesi bat izan liteke Santa Kolonbako ermita Uroako jatorrizko eliza izatea, ermita gisa berrerabilia, baina gaur egun ez dago hori berresteko frogarik. (Ikus Uroa).
3Herrixka protohistorikoa
Juan Mari Martínez Txoperenaren azken ikerketek herrixka protohistoriko baten zantzu garrantzitsuak aurkitu dituzte gaur egungo Asnotz herri hustuaren ondoan. Gaur egun, natura bere lurra berreskuratzen ari denez, zailagoa da ikertzea, Gorraizko Bixkasunen gertatzen den bezala. 1956ko aireko argazkian argi samar ikusten da herrixkaren perimetroaren hedadura. Ibarraren parean, Artzi herri hustuaren beste aldean, Usotzerako bideko mendietan, “La Peña” izeneko lekuan, beste herrixka protohistoriko baten zantzuak ere aurkitu ditu. (Ikus Usotz herria, eta Txoperenaren informazioa: http://wiki.txoperena.es/tiki-index.php?page=Asnoz ).
4Etxeak
1366. urtea. Nafarroako erresumako lehen errolda dela erran genezake. Bertan herriko su kopurua aipatzen da, gutxi gorabehera bizilagunak zituzten etxeen kopurua adierazten zuena, familiaburuaren izenarekin; ohikoena gizona izaten zen, eta batzuetan emakume baten izena agertzen da, ziurrenik alarguna. Kalkulatzen da su bakoitzeko batez beste 4’5-6 biztanle zeudela. Guztizkoa lortzeko, hidalgoen eta nekazarien bi zerrendak batzen dira. (Oharra: barra batekin bereizten ditugu suak).
ASNOS. Martin Periz / María Martiniz. Summa: 2 su.
1645-2001 urteak. Oharra: etxeen gaur egungo azterketa udalaren proposamen baten zain dago; laster abiaraziko da, ibarreko etxeen izendapenean irizpideak eguneratu eta bateratzeko. Etxeen azterketa historikorako, Orreaga Ibarraren ikerketari (2002) jarraitzen diogu; hark 1645, 1726 eta 2001eko etxe-izenak jasotzen ditu.
Asnotz: historia
– 1198. Elvira Ximénezek eta haren senar Lopek Asnotzen zuten ondare osoa ematen diote Orreagako kolegiatari “con las nuevas ruedas que poseían en San Juan”. (zein San Juan?, Donibane Garazi?).
– 1290. Urte honetan Jimeno de Orizek eta haren emazte María Ruyzek Cazpen (ustez, benetako transkripzioa Çazpe, Zazpe izanen da), “S. Pedro de Landacoa”n eta Imarkoainen dituztenak ematen dizkiote Orreagako kolegiatari. Inguruko hainbat lekuko agertzen dira: Garcia Peritz de Cazpe, Pero Macua Cazpe, Garcia de Oloriz, Martin Abbat de Gulpegui (Gurpegi), Lop de Oloriz, Garcia Sanchiz de Oloriz, Furtuyn de Adayssa … eta haien artean Miguel Garceyz de Asnos.
– 1298an, Nafarroako gobernadoreak bi banderen arteko liskarrengatik egindako arbitraje batean “Pedro Garcia d’Asnoz” lekukoa agertzen da. 1299an berriz agertzen da salmenta baten lekuko gisa, baina beste transkripzio batekin: “Pero Garceitz d’Asnotz caualler”.
– 1327an kolazo batzuen (morroi modukoak) salmenta baten lekuko gisa “Pedro Garcés de Asnoz” aurkitzen dugu; 1298koa bera edo haren semea izan liteke.
– 1534an Asnos eta Aznoz gisa aipatzen da. Bi etxe zituen, bakoitza bere maizterrekin, eta eliza; Urrozko/Urrotzeko bizilagun José Franciscorena zen.
– 1716an Asnotzeko jaunak, Martín Iribarren Izco eta Melchora de Balanza, Artazkotzen bizi ziren (Oltza zendea), eta haien alaba Ana María Mendiorotzen (Lizoainibar) ezkondu zuten, Artazkotzeko Martín Joseph de Escolar Zirizarekin.
– 1753an Iruñeko Apezpikutegiaren txostenetan Asnotz hustuta dagoela adierazten da: “Asnoz. Es simple Abadia Rural del despoblado de Asnoz en el Arciprestazgo de Ibargoiti.”
– 1800ean jabe bakarra duela baieztatzen da, Urrozko/Urrotzeko bizilagun José Francisco, eta maizterrak elizaren ondoko bi etxetan bizi dira.
– 1833an herria lau bizilagunekin aipatzen da, Urrobi ibaiaren ondotik zihoan bide nagusitik legoa laurden batera.
– 1890ean Cecilio Oyarzun da jaurerriaren jabea, eta bi “kolono”ri errentan emana die, Monant anaiei.






















