Skip links

Artozki

📍
KoordenatuakLat: 42.830000 · Lng: -1.330000
⛰️
Altitudea600 m
Ikusi Google Mapsen

Artozki: artea eta ondarea

1Sortzez Garbiaren eliza

Herri guztia bezala, eliza ere 2003ko irailean eraitsi zuten Itoizko urtegia eraikitzeko. XIII. mendekoa zen. Oinplano karratua zuen, lau nabez osatua, eta burualdean bi albo-kapera zituen. Kanoi-ganga luzitua zuen eta, hartatik, nabea banatzen zuten harrizko arkuak ateratzen ziren. Ataria soila zen, erdi-puntukoa, gorapearen azpian. Kanpandorre luzea nabarmentzen zen eraikinean, ezkilendako baoak zituela. Kapera batean Erdi Aroko burdinsarea zegoen.
Hainbat irudi zituen: Jesus gurutzatuaren bi irudi, XVII. mendekoak; XVII. mendeko Ama Birjina bat; XVIII. mendeko Sortzez Garbiaren irudi bat, eta XVI. mendean ondutako bi: San Jose eta Haurra, eta Santa Luzia (berrerabilitako Ama Birjina bat omen zena). Horrez gain, katalogo monumentalean, XVIII. mendeko Jesus Haur bat aipatzen da, eta XIX. mendeko Doloreetako Ama Birjina bat. J. Irigarayren arabera, gurutze bat Iraizozko elizan dago (Ultzama), egunkari batean baieztatu zenez (DN, 2005-XII-24): “Artozkin, XVII. mendearen erditsuko Gurutziltzatu bat gurtzen zuten eta, orain, uretatik salbaturik, San Martin Toursekoaren elizan dago Iraizotzen (Ultzama)”.
Zilargintzan, zilarrezko kaliz bat zen nabarmentzekoa, trazu gotikoz eta errenazentistaz osatua, eta beste bat barrokoa, 1796an ondua. Halaber, bazegoen zilarrezko ostiario bat, XVII. mendekoa, eta San Joseren erlikia-ontzi bat eta bakea emateko bat, biak ere XIX. mendekoak. Azken urteetan, Lakabeko prozesio-gurutzea gordea zegoen, gero Elizbarrutiko museora eramandakoa.
Eliza harriz harri beste leku batera eramatea pentsatu zen, Itoizko urtegia bete baino lehen. Galtzera zihoan ondare guztia babesteko proiektu bakarra izan zen, baina azkenean, 2003an eraitsi zuten. (Ikusi eliza lekualdatzeko proiektua Artozkiko albisteetan, 1991-II-5).

2San Migel baseliza

“Leku honetatik hurbil, gain txiki batean, San Migel Goiaingeruaren basilika bat dago, jendeek maiz aski gurtua, eta alde honetako beharren asiloa da, jendea errogatibetan joaten baita edozein ataka erremediatzeko”. Arrietako apeza, 1787
Herritik hurbil, 5 minutura oinez, gain txiki batean San Migel baseliza zegoen, eraikin soila, oinplanoz laukizuzena, eta kanpai-horma txiki bat zuen ezkilarako. San Migelen irudia XVI. mendekoa zen eta honela zegoen sailkatua: “egikeraz zakarra”. Apezpikuak 1798an egindako bisitan, honakoa dago adierazia: “…San Migel baselizaren patroiari, sabaiaren lanketa azkartu dezan”. Jendea maiatzaren 8an joaten zen bisitan.

3Immatrikulazioa

Oraingoz ez dago daturik noiz immatrikulatu ziren Eliza katolikoaren alde Sortzez Garbiaren parrokia, hilerria eta San Migel baseliza, baina 2003an Nafarroako Gobernuak 1.679.019 euroko kalte-ordaina eman zion Eliza katolikoari eraikin hauengatik, bai eta Artzibarko Muniain eta Nagore herrietako eta Longidako Gorritz, Itoiz eta Orbaitz herrietako eliza, baseliza eta hilerriengatik ere. Artozkiko hilerriagatik Nafarroako Gobernuak 7.583,73 euro ordaindu zizkion Elizari, eta elizagatik, 594.797,48 euro.

Handik gutxira, eraikin horiek guztiak eraitsi zituzten Itoizko urtegia betetzeko. Muniaingo elizaren ataria Nagoren dago; Orbaitzekoa ondarean gordea dago —urtegiaren horman jartzea pentsatu zen—, eta Artozkikoa, lekualdatzeko proiektua bazuen ere, eraitsia izan zen. Gainerako ondareaz ez dago informazio handirik.

4Errota

XX. mendean desagertu zela baizik ez dakigu; zentral hidroelektrikotik hurbil zegoen. Herria bezala, 2003an haren hondarrak Itoizko urtegiaren azpian gelditu ziren. Garcíaren 1998ko kronikari jarraituko diogu:

<>

5Zubia, Zubizarreko zubitxoa eta beste handiago bat? Beste toponimo batzuk

Artozkiko zubiak Irati ibaiaren bi ertzak lotzen zituen herriaren ondoan, eta XIX. mendeko gerretan hainbat aldiz suntsitu zuten. 2003an desagertu zen behin betiko, herriko gainerako egiturak bezala, eremua Itoizko urtegiak urperatu aurretik. Zubien deskribapenean Videgainen kronikari jarraituko diogu (1977):

“Iratiren ezkerraldean, herria beste ertzera iristen da, Muniain aldera, zementuz berritutako zubi baten bidez. Egitura berriaren azpian, oraindik ere gordetzen du hiru begiko harrizko zubi zaharraren arkuetako bat; zubi hura Usozko presa egin zenean suntsitu zuten. Erregezaleen eta liberalen arteko borroketatik, erregezaleen gerran, Torrijos jeneral liberalaren igaroaldiaren oroitzapena gelditzen da, Aezkoako gaztelua erasotzera zihoala. Zubi zaharraren arku bat eraisteko agindu zuen, desagertua den Orotz-Beteluko zubiarekin egin zuen bezala (1823). Gertakari hori berriz errepikatu zen 1837an eta 1873an. Zubi zaharra edo Zubizar —hori erran nahi du euskaraz— erdi-puntuko arkuko zubitxo bat da, Ekizako errekaren gainean, Uli eta Ulotzerako bidean.” Ez dut baieztapenik Torrijosek zubia suntsitzeko agindu zuela. “Aezkoako gaztelua” seguruenik Arlekiako gotorlekua da, Aezkoako munizio-fabrikaren gainean zegoena, eta haren tropek konkistatu zutena.

Nafarroako Katalogo Monumentalaren arabera, 1989an hirugarren zubi baten hondarrak gelditzen ziren: “beste zubi baten hondarrak ere gelditzen dira, handiagoa, Iratiren ibilguaren gainean zabaldua; bi ur-ebaki eta arku bat baizik ez dira”.

Herriaren ondoko toponimo batek ibaiak igarotzeko maiz erabiltzen zen beste bide bat gogorarazten digu: txalupak. “La barca” toponimoa zubiaren ondoan jaso zen, eta normala dirudi ibaia igarotzeko txalupa bat erabiltzea, zubiak konpontzea oso garestia baitzen eta urteak behar izaten baitziren hori lortzeko; beraz, ibaiaren igarobidea beste modu batzuetara erraztu behar zen. Batzuetan almadia bat zen, besteetan txalupa bat, sirga edo kable batez lotua, igarobidea ziurtatzeko eta ezustekoak saihesteko.

Ibaian gora, Iñarbeko arroilaren sarreran, gaztelaniaz moldatutako beste toponimo bat jaso zen, “el puente”, eta berri gehiagorik ez dagoen egitura zahar bati egiten dio aipamena. Agian Katalogoak aipatzen duen hirugarren zubiaren lekua da. Lakabe herriaren parean gutxi gorabehera dago, harkaitzen atzean, eta badirudi herri eta eremu horrekin komunikatzeko balio zezakeela.

6Jauregia eta beste etxe batzuk

Katalogo monumentalari jarraituko diogu jauregia eta herriko etxe batzuk deskribatzeko: jauregia “bloke horizontal bat da, herriaren mutur batean altxatua, bi solairukoa; lehenengoan, erdiratu gabe, atea irekitzen da, arku apur bat zorrotza, eta haren gainean leiho bikoitz bat dago. Barnean patio laukizuzen bat gordetzen da: alde bat zurezko balkoiteria batek zeharkatzen du, beste bat kollandaz itxia dago, eta hirugarrenak erdi-puntuko arku bat du, giltzarrian Kristoren anagrama duela. San Migel baselizara doan bidezidorraren inguruan, ezaugarritzat deskribatutako mota errepikatzen duen etxe bat dago, sarrerako arku zorrotza eta bular-hormaz apaindutako leihoa dituena, eta inskripzio hau: CASA YNDA. Haren ondoan Indianoaren etxea deritzona dago, bloke kubikoa, XVII. mendeko ezaugarria, harlanduzko bi gorputz eta harlanduxkazko hirugarren bat dituena, erantsia dirudiena. (132. irudia). Beheko solairuaren erdian erdi-puntuko arku bat irekitzen da, eta haren gainean armarri bat dago, larru bihurrituzko kartelekin eta eremua lauzatua: lehenengo eta laugarrenean basurde bat ibilian, eta bigarren eta hirugarrenean hiru dorreko gaztelua (59. irudia).”

Caro Barojaren arabera, bi jauregi zeuden, gotikoa eta beste bat modernoa; azken hori Jauregizarko markesaren jabetzakoa zen.

7Zentral hidroelektrikoa

1906an jarri zen martxan, hasieran 360 kW-eko potentziarekin; horri esker, Electra Aoiz enpresak, “El Irati SA”ren aitzindariak, % 50 handitu zuen bere ekoizpena.

Domingo Elizondoren Electra Aoizek Artozkiko eskubideak erosi zizkion material elektrikoa instalatu zuen enpresari, Huici y Múgicari.

Agoizko zentrala martxan jarri zenean, enpresak —1909tik aitzina El Irati SA deitua— Artozkikoarekin batera lan egiten zuen, korronte trifasikoaren bidez (20 kV), eta korronte monofasiko bihurtzen zen Iratiko tren elektrikoak erabiltzeko. 1911n, Artozki-Agoitz-Iruñea linea elektrikoa modernizatu zen. 1923an zentral berri bat jarri zen martxan Orotz-Betelun, Iñarbekoa, Artozki-Agoitzeko ekoizpena osatu zuena.

1935ean, zentral honen ekoizpen-ahalmena 760 kW-era handitu zuten. 1925etik zegoen handitze-proiektua, baina ezin izan zen egin 600 HPko turbina berri bat erosi arte. 1934ko martxoan kanalaren handitzea bukatu zen, eta 1935eko abenduan turbina berria jarri zen martxan, Voith markakoa, AEG alternadorearekin, Elin AG transformadorearekin eta Babcock Wilcoxen karga-hodiarekin. Potentzia berriarekin, Agoitzekin lotzen zuen linea berriz modernizatu behar izan zen.

Irabiako urtegia eraikitzearekin —lehen fasea 1921-25 artean bukatu zen, eta geroago hainbat aldiz goratu zen—, El Irati, Iñarbe, Artozki eta Agoitzeko zentralek agorraldian batez beste 70 egun gehiagoz izan zuten ura (1.500 m3/s), eta guztizko ekoizpena 1.400 HP handitu zen. 1946an, elektrizitatearen banaketan zeuden galerak zirela eta, Irabia-Orotz-Artozki-Agoitz linea osoa (20 kV) aldatzea proiektatu zen berriz, 1,2 milioi pezetako aurrekontuarekin; 1950era arte ez zen bukatu, eta 1952an Iruñeraino luzatu zen.

8Itoizko ingurumen-inpaktuari buruzko Nafarroako Gobernuaren txostena

Nafarroako Gobernuak Itoizko urtegiak eremuan duen inpaktuari buruz egindako txostenaren ondare-atalera jotzen dugu. Adierazten dutenez, Príncipe de Viana erakundearen 1983ko txosten batean oinarritzen da. (Balioak 9tik 1era doaz, interes gutxienetik gehienera: 9 interes gutxi, 1 aunitz):

1. Zubia. Estiloa: Erdi Arokoa. Erabilera: publikoa. Interes arkitektonikoa: 9. Interes historikoa: 8. Interes funtzionala: erabilera egokia. Kontserbazio-egoera: ona. Gomendatutako jarduketa: mantentzea.

2. San Migel baseliza. Estiloa: herrikoia. Erabilera: erlijiosoa. Interes arkitektonikoa: 9. Interes historikoa: 8. Interes funtzionala: erabiltzeko egokia eta erraza. Gomendatutako jarduketa: obra errazak epe laburrean.

3. Etxea. Erabilera: bizitegia. Interes arkitektonikoa: 9. Interes historikoa: 7. Interes funtzionala: erabilera egokia. Kontserbazio-egoera: urritasun arina. Gomendatutako jarduketa: obra errazak epe laburrean.

4. Etxe-jauregia. Estiloa: gotiko-herrikoia. Garaia: XIII-XV. mendeak. Erabilera: bizitegia/nekazaritza eta abeltzaintza. Interes arkitektonikoa: 7. Interes historikoa: 6. Interes funtzionala: erabilera egokia. Kontserbazio-egoera: urritasun arina. Gomendatutako jarduketa: obra errazak epe laburrean.

5. Etxea. (Daturik gabe).

6. Etxea. Estiloa: gotiko-herrikoia. Erabilera: bizitegia/nekazaritza eta abeltzaintza. Interes arkitektonikoa: 9. Interes historikoa: 6. Interes funtzionala: erabilera egokia. Kontserbazio-egoera: ona. Gomendatutako jarduketa: mantentzea.

7. Sortzez Garbiaren eliza. Estiloa: erromanikoa. Erabilera: erlijiosoa. Interes arkitektonikoa: 7. Interes historikoa: 2. Interes funtzionala: erabilera egokia. Kontserbazio-egoera: ona. Gomendatutako jarduketa: mantentzea.

– Zentral hidroelektrikoa. Ez da industria-ondare gisa baloratzen, industria gisa baizik.

9Etxeak

1366. urtea. Nafarroako erresumako lehen erroldatzat har liteke. Herriko su kopurua aipatzen da bertan —gutxi gorabehera bizilagunak zituen etxe kopurua adierazten zuena—, familiaburuaren izenarekin; normalean gizona zen, eta batzuetan emakume baten izena agertzen da, seguruenik alarguna. Kalkulatzen da su bakoitzean batez beste 4,5-6 biztanle zeudela. Guztizkoa lortzeko, kapareen eta nekazarien bi zerrendak batzen dira. (Oharra: barra batez bereizten ditugu suak).

ARTOZQUI. Lope Xemeniz / Lope Enecoiz / Martín Xemeniz / Ochoa Eneguiz / Xemen Martiniz / summa 5 fuegos.

1645-2001. urteak. Oharra: etxeen egungo azterketa udalaren proposamen baten zain dago; laster abiaraziko da, ibarreko etxeen izendapenean irizpideak eguneratu eta bateratzeko. Etxeen azterketa historikorako, Orreaga Ibarraren ikerketari jarraitzen diogu (2002); 1645, 1726 eta 2001eko etxe-izenak jasotzen ditu.

Artozki: historia

XIII. mendean nola halako batasun administratiboa izan zuen eta erdarazko agirietan “Val de Artozqui” erraten zaio, baina oraindik ere ez dago argi zer eginkizun betetzen zituen, edota, are, Artzibartik independentea ote zen ere.

Azken hamarkadetan, herria urtegien mehatxupean zegoen. Duela 40 urte, urtegia handitzeaz mintzatzen zen. Erraten zen herria urpean geldituko zela. Azkenean, Itoizko urtegiak behin betiko desagerrarazi zuen Artozki.

Baratze, belardi eta zerealendako alor zenbaitez landara, azken urte horietara arte mahasti batzuk mantentzen ziren. Irati aldeko Muniainekin batera, Artozki zen ardantzearen ipar-muga.

Biztanleriari begira, 1366an hiru etxe edo su zituen, eta 1553an eta 1819an, berriz, hamalau. XIX. mendearen erditsuan izan zituen biztanlerik gehien, 168 bizilagun 1858an, bai eta 1936ko gerraren inguruan ere, hots, 156 biztanle 1930ean eta 150 1950ean. Handik aitzina, jaitsiera etengabea gertatu zen.

– 1296. Artozkiko biztanle baten lehen izenetako bat. Lekuko gisa agertzen da Garcia Lopez Orreagako priorearen agirian; prioreak zenbait ondasun trukatzen ditu Orreagako (Auritz) herriko alkate, juratu eta kontzejuarekin. “nos don Garçia Lopiz per la gracia de Deus prior del hospital de Ronçauals e lo conuent d’aquel meteiss logar, atorgam e uenem de maniffest que nos auem donat en cambi de uostra peça que uos auietz en Ateguren aquel prat que nos auiem en Gayllarraynneta, a uos alcalde e iuratz e a tot lo cosseill de Ronçauals, sabudament lo qual prat se ten d’una part con lo prat de dona Sancha fiylla de Oxoa d’Iriuarren qui fo, d’altra part se ten con la terra uezinal. Sabudament per lo qual prat aguimes en cambi de uso alcalde e iuratz e de tot lo cosseill de Ronçauals la deuantdita peça, sabudament la qual peça se ten d’una part con la nostra peça meteyssa, d’altra part se ten con lo camin del rei que va contra Pamplona e Aezcoa, d’altra se ten con la peça de don Lop Sanz d’Artozqui, d’altra part se ten per part Bidossi con la peça de don Amoros e la terra uezinal.”

– 1303. Salmenta bateko lekukoa. Millia Pelegrin andreak mahasti bat saltzen dio Eugiko Martin Peritzi. ”Testes sunt don Hynieguo Guarçeitz de Mon Real podador, don Miguel d’Artozqui lo baster e corretor, don Felip del Pont de la Reyna bureller e don Martin lo corretor.”

– “Artozkibar”. XIII. mendean, zergak ordaintzeko zerrendetan egitura berezi bat ageri da, Artozkiko ibarra; haren hedadura baizik ez dakigu: inguruko Artzibarko zenbait herri, Orotz-Betelu barne. Testu baten arabera, “Val de Artozqui” honako herriek osatzen zuten: “Artozqui, Arizcuren, Huli, Yriverri, Chipua, Sarrassu, Horay, Azpparren, Orotz, Oçotz, Munyain, y Hurdaci”. Ez dakigu ibar independentea ote zen edo banaketa administratibo bat, XIX. mendeko bidearen (vereda) antzekoa. Ekialdean antzeko zerbait gertatzen zen, Aietxuko ibar txikia aipatzen baita, Nafarroako foruen lehen idazketan ere agertzen dena; gerora, Urraulgoiti ibarrean sartu zen.

– 1362. Nafarroako erregeak ordainketa bat jasotzen du gerrara ez joateko. Karlos II.a Nafarroako erregeak 45 libra jasotzen ditu zenbait herritatik, haien biztanleek gerrara joan behar ez dezaten. Herriak Artzibarkoak dira; “Ocoz” Orotz da, eta bakarra da kokapen argirik ez duena: “Vidati”. Hala dio testuak: “Karlos por la gracia de Dios rey de Nauarra, conte d’Eureus, recognoscemos que de los lauradores d’Adacxa, d’Ocoz, d’Azparren, d’Oray, d’Artozqui, de Vidati, Lacaue, Munayn, Vsoz, Equiça, Gurpequi, Ocha, Vrdiroz et Espoz, de los quoalles aqueyllos que fueron mandados yr a la present guerra d’Aragon, porque sean escusados esta vez, segunt la composicion fecha por Garcia de Leach, recebidor de la nuestra merindat de Sanguessa, auemos recebido, los quoalles son deliurados a Iohan Dehan, nuestro chambarlent, por meter en nuestros cofres, quoaranta cinquo libras de karlines prietos, de que nos tenemos por bien pagado […].”

– 1372-I-11. Usungo artxiduakonak Artozkiko jauregiak erosten ditu. Goñi Gaztambideren kontakizunari jarraituko diogu (1962): “Gillermo Broakoa, Usungo artxiduakona, Burgos ondoko Santa Marina de Cavia monasterioa —indarrez okupatua zegoena— berreskuratzeko konpromisoa hartu zuen, korriedoa gutxitzen bazioten, bai eta Miluzeko errota eroria bere mahasti, baratze eta gainerako ondasunekin berreraikitzekoa ere, bere dignitateari batzen bazioten. Apezpikuak eta kabildoak onartu zuten. Lehenak agerrarazi zuen Usungo artxiduakonaren kolazioa berari bakarrik zegokiola, eta errota batzeagatik kabildoak ez zuela eskubiderik eskuratuko izendapen horretan (1372ko urtarrilaren 11). Broak Santa Marinako monasterioa 285 libra karlinetan saldu zuen eta Artozkiko jauregiak 130 libratan erosi zituen; Andre Mariaren egunean korriedo bat eta urteurren bat ordaintzeko konpromisoa hartu zuen, eta gainerakoa beste errenta batzuk erosteko gorde zuen. Kabildoa ados agertu zen.”

– 1373. Jauregien salmenta berria. Pavonek (2001) jasotako berri baten arabera, erregearen aginduz Antso Orozkoak Artozki, Urdazi eta Orotzeko jauregiak saltzen dizkio Peire Arraitzakoari.

– 1600. Petxa ez den zentsua. 1600ean, Artozkiko juratuek argi utzi nahi dute ez dutela petxarik ordaintzen, zentsuak baizik, betebehar gutxiagoko beste zerga bat. Hala azaltzen du Noain ikertzaileak (2006): “Petxaren alde sozial bikoitz hori —jasotzen zutenei ospea ematen zien eta ordaintzen zutenentzat lotsagarria zen— dago, itxuraz izendapen kontu soila besterik ez dirudienaren azpian, 1600. urtean Artozkiko bizilagunek egin zuten ondasun-aitorpenean. Kontzejuaren kargen atalean, leku horretako juratuek honakoa aitortu zuten: -“Que deben a don Miguel Donamaria de Aoyz y a su cassa sendas cargas de trigo de a seys Robos que son doze Robos de trigo y según dize el dicho don Miguel es pecha y estos que declaran dizen es censso perpetuo…-” . (Ikus Nagore ere).

– 1601. Parrokia-gurutzearen enkargua. Herriak parrokia-gurutze bat enkargatzen dio Jeronimo Nabaskues zilarginari; gaur egun desagertua da.

– 1650. Etsaingo jauregia. Artozkiko bizilagun Migel Iribarren Etsaingo jauregiaren jabea zen, Anue ibarrean, eta Nafarroako Entziklopediaren arabera, auzia izan zuen Nafarroako erregeordearekin, Villenako markesarekin, jauregi horren zenbait zergarengatik: “auzia jarri zion ondare-administrazioari, orubearen eta erantsitako ondasunen kuartelen beherapena zela eta”.

– 1674. Orreagari ordainketa. 1674an, herriko zenbait etxek 200 dukat ordaintzen zizkioten urteko zentsu gisa Orreagako kolegiatari. Etxeak hauek ziren: “Salinas, Elizari, Tanariz, Dibarrena, Zubiatecoa y Hugalderena.”

– 1697. Ezkonsaria. Ohitura zen, familiako kide bat ezkontzen zenean, ezkonsari bat ematea bide berriari ekiteko. Ibar hauetan arazoa zen familiek ez zutela aski seme-alaba guztiei ezkonsaria emateko, eta, beraz, hautatu behar izanez gero, etxeko alabek jasotzen zuten, etxean geldituko zen kidea salbu, gizona izan edo emakumea. Hala gertatu zitzaion Juan Munuze artozkiarrari, familia apalekoa; ezkonsaria bere ahizpa Gregoria eta Mariarendako gordetzea erabaki zen, eta “a los hijos varones no se les dé nada, por respeto que son hombres y es poco los bienes que tienen” (semeei ez zaie deus ematen, gizonak direlako eta ondasun gutxi dituztelako). (Moreno eta Zabalza, 1999).

– 1746. Almadia-enpresaria. Irati ibaia, Eska edo Zaraitzu bezala, almadia-ibaia izan zen, zenbait historialarik diotena baino trafiko handiagoarekin, baina Iratiri buruzko azterketa on bat falta da. XVIII. eta XIX. mendeetan, Orotz eta Artozkiko enpresari txiki batzuk agertzen dira, egurraren ustiapenean eta almadietan garraiatzen aritzen zirenak. Zangozako bidesariaren 1819ko almadia-pasaeren zerrenda batean honakoa aurkitzen dugu (data parentesi artean jartzen dugu; Carasatorreren webgunetik hartua): “(22-II-1819) Fernando Elizondo de Oroz 300 tablas pagó… (26-IV) Bautista Bidondo de Oroz 200 tablas pagó… (26-IV) Martín Legumberri de Oroz 200 tablas pagó… (25-V) Fernando Elizondo de Oroz 300 tablas pagó… (25-V) José Barceló de Oroz 250 tablas pagó… (22-VI) Bautista Bidondo de Oroz 150 tablas pagó… (22-VI) Juan Legumberri de Oroz 150 tablas pagó…”.

Almadiazaleen arazoen artean ziren ur-goraldi bortitzak, ertzetan prestatutako enborrak eramaten zituztenak; zenbait almadia bidean bertan suntsitzen ziren. Enbor solteak ibaian behera zihoazen eta ibai ertzeko bizilagunek baliatzen zuten haiek biltzeko. Jabe batzuek, galduz gero, nahiago zuten monasterioei ematea. Horrela, Juachin Arana artozkiarrak limosna gisa eman zizkion Zangozako Karmeldarren monasterioari bere marka grabatua —A itxurako marrazki bat— zuten enbor guztiak: “En 29 de diziembe año 1746 abiendo llegado al combento Juanchín de Arana, residente en Artozqui, cedió y dio de limonsna todas las maderas suis que pasasen del puente de Lumbier en abajo con su marca […] así como tienen facultad de los demás fabricantes que acostumbran cortar en los términos de Franzia”.

– 1786. Txistularia. Iruñean, Artozkiko txistulari Juan Valentin Allordari ordaintzen zaio musika jotzeagatik. Oraingoz, ezagutzen dugun Artzibarko lehen musikaria da.

– 1794. Konbentzio Gerra (1793-95) eta herriaren erretzea. 1794ko urrian, tropa iraultzaile frantsesen eraso handi batek sutan utzi zuen Nafarroako Pirinioa: Otsagabia, Abaurreak, Garaioa, Aribe, Garralda, Auritz, Luzaide, Arnegi, Etxalar… eta Imizkotz eta Artozki ia osorik.

Zerrenden arabera, Imizkotzen hiru etxe eta jauregi bat erre zituzten, Lusarretan borda bat, eta Artozkin, hamabost etxe zituenean, hamahiru eta borda bat erre zituzten; gainerakoak salbatu ziren. Erretako etxeen izenak irakurtzen ditugu: “del errero, Zubiate, Janariz, Echeverricoa, del Conzejo, Garciarena, el Palacio que es del Arcedianato Usum, Inda, Lugea, Joana Zury, (dos), un pajar de casa Garaichenecoa, Juan de Izco dos casas pequeñas.”

– 1844-1845. Etxezainak bizilagunen aurka. Artozkin eta Azparrenen, etxezainek salaketa bat jartzen dute bizilagunen eskubide berak izateko. (Ikus gertakaria eta azalpena Azparrenen).

– 1857. Madrilgo nekazaritza-erakusketa. 1857an estatu mailako nekazaritza-erakusketa handi bat egin zen, eta probintzia bakoitzak bere enpresa eta produkturik onenak aurkeztu zituen. Nafarroatik, besteak beste, Mosso, Bezunartea y Cía enpresa joan zen —urte batzuk lehenago “empresa Irati” deitua—, batez ere Iratiko oihanean aritzen zena; oihaneko eta Irati ibaiaren inguruko egurra eraman zuten, lanean zuten kalitatea erakusteko. Laginen artean, Artozkiko bi ezki eraman zituzten: “Dos troncos frescos de pinabete de Irati. Dos ejemplares de pinabete seco de Irati. Tres troncos frescos de haya de Irati, con su corteza. Un tronco de roble de Oroz-betelu con su corteza, partido por sus diámetros. Dos troncos de tilo de Artozqui, descortezados.”

– 1906. Zentral berria. Artozkiko zentral hidroelektrikoa inauguratzen da.

– 1915. Zubiaren berrinaugurazioa. Artozkiko zubia neurri batean suntsitu zuten karlistaldian, 1837an (ikus albisteetan), eta 1915era arte ez zion Diputazioak dirulaguntzarik eman behin betiko konpontzeko; urte berean berrinauguratu zen. Obretan zementua erabili zen, ez harria.

– 1936ko abuztua. Maisu-maistren arazketa. 36ko gerrak Nafarroako maisu-maistra aunitzen arazketa ekarri zuen, fusilatzen ez zituztenean. Gutxienez 229 kargugabetu zituzten, eta ez dakigu ongi zenbat hil zituzten. Irakasleen arazketak berehala hasi ziren, abuztuan: batzuk betiko kargugabetu zituzten, eta beste batzuei zigor arinagoak ezarri: urtebetez lanik gabe, nahitaezko lekualdaketa, soldata galtzea… Batzuek 1977ra arte ez zuten lanpostua berreskuratu.

Artozkiko maisu Salvador Urrestarazu Adin, nolabait erran, zortedunenetakoa izan zen, urtebetez bakarrik baitzegoen lanik eta soldatarik gabe, “erakunde muturreko bateko afiliatua izateagatik”. Zorte bera izan zuen Orotz-Betelu herri auzoko maisu Jesus Ballaz Olorizek.

1980ko hamarkada. Hemingway hemen izan zen. Kontatzen dutenez, uda batean emakume amerikar ilehori bat iritsi zen herrira bere mutil-lagunarekin, herria ezagutzera. Bizilagun batzuek, harriturik, zergatik zuen interes hori galdetu zioten, eta hark erantzun zuen Hemingwayren alabetako bat zela. Elkartean bildurik, kontatu zien aitak maitasun handiz oroitzen zuela herri hura, Irati ibaiaren ertzeko leku eder bat, sanferminen ondotik atseden hartzera joan ohi zen horietako bat, eta hainbat aldiz egona zela bertan. Inork ez du istorio hau aipatzen; Auritzez hitz egiten da, haren oinarrizko gunea, Iratiko oihanaz, Aribeko arrantzaz… baina inork ez zuen Artozki desagertuarekin lotu. Garaia da hori idazteko Hemingwayz eta Nafarroaz berriz mintzatzen denean. Bertan izan zela egiaztatzen duten argazki pare bat badira.

– 2003-2010. Suntsipena eta desagerpena. 2003ko irailean, hondeamakinek herria eraitsi zuten. 2010ean, Artozkiko kontzejua iraungi zen ofizialki, hango erroldatuak Azparrenen sartuta. Artozkiko bizilagun izaniko batzuek Azparrenen eraiki dituzte etxeak, eta beste batzuek, Nagoren.

This website uses cookies to improve your web experience.