Artziko Jauregi zaharberritu berria, Ibarrari izena eman diona, erromatar kokaleku baten gainean eraikia, ibarra gurutzatzen duen erromatar galtzadatik hurbil. Jauregiak, gaur egun, taberna-jatetxe zerbitzua eskaintzen du urtegiaren bukaeran dagoen bainu-eremuaren ondoan.
Artzi: artea eta ondarea
1Artziko Jauregia
Oinetxe moldeko jauregi zaharra da, mendez mende luzaroan nobleziarendako garrantzi handia izandakoa. XII. mendetik ageri da agirietan. XIII. mendeko osagai interesgarriak ditu, hainbat sute izan badira ere, ataria desagertuta, eta galeria eta barne patioa, berriz, mantenduta.\n\nGoialdeak leiho ajimeztatuak ditu eta XV. mendean berreraiki zen. Dorrea sakon eraldatua dago.\n\nHorrez gain, badago XVII. mendeko ahoztegi bat eta barneko patioa ixten zuten hainbat etxe. Jauregiko armarria, 1575eko deskribapenaren arabera, “urrezkoa da, zilarrezko hiru benera dituela”.\n\n2025ean birgaitua, ahalik eta gehien errespetatu da eraikinaren originaltasuna hiru hegaletatik bitan. Gaur egun, jendearen topagunea izatea espero da, taberna eta jatetxe zerbitzua emanen baita ibarrean barna dabiltzanei eta Artziko hondartzako bainulariei.
2ARTZI, erromatar herrixka
Artziko saihesbide berriaren azpian, jaurerriko lurretan, erromatar garaiko herrixka baten zantzuak aurkitu dira, Juan Mari Martínez Txoperenaren ikerketari esker eta Aranzadik 2012an egindako zundaketei esker, etorkizuneko ikerketetan baieztatu beharko direnak. Herrixkaren eginkizuna izanen litzateke erromatarrek galtzada kontrolatzea Auriztik Agoitzera bitarteko tartean. Izan ere, ohituraren arabera, 15 km-an behin, gutxi gorabehera, halako ostatu moduko bat paratzen zen bidean abereak aldatzeko eta atseden hartzeko. Establezimendu hori Aurizko ordokiko erromatar garaiko herriaren (agirietako Iturissa hura, agian) eta Agoitz inguruan legokeen beste herrixka baten artean egonen litzateke kokatua.
3Artziko arkeologia-aztarnategia
Ikusi https://valledearce.com/eu/erromatar-galtzada-eta-artziko-aztarnategia/
4Artziko hondartza
Ikusi https://valledearce.com/eu/artziko-jauregia/
5Andre Mariaren eliza
XII. mendeko eraikuntza. Oinplano laukizuzena du, hiru tartekoa, burualdea erdizirkularra duela. Haren ondoan, sakristia dago. Dorrea eraikineko oinetan dago eta soila da, ez oso luzea, eta bi bao ditu ezkiletarako. Baoak txikiak eta oso meharrak dira; bao nagusiak erdi-puntuko burualdekoak dira, kanpoaldera zutabe eta kapitel txikiak zizelkatuak dituela. Atari landua da nabarmentzekoa, bai eta ederki zizelkatutako hagaburu ugariak ere.\n\nAtaria erdi-puntukoa da, alde banatan bi zutabe dituela, bai eta kapitel historiatuak ere; bertan, pertsonen eskulturak daude, oso ongi landuak. Bestalde, xaloagoa bada ere, pantokratorra ere da aipatzekoa. Erdi-puntuko arkuak Jakako estilo xakeztatuak daude errematatuak. Arkuen artean bola eta giza buru batzuk ageri dira.\n\nHagaburuak askotarikoak dira, eta ongi landuak daude. Agian, gustu pertsonalagatik, musikarien irudiak aipatu behar dira, sakristiaren gainean, bekatuak irudikatzen dituzten zenbait irudiz gainera: konparaziora, upel bat duen gizona, bikote bat arrimaturik… Irudiak, izan ere, fededunak bekatuaren arriskuetan hezteko erabiltzen ziren: sabelkeria, diruzalekeria, lizunkeria, etab.\n\nElizako erretaula txiki eta ederra Burlatako elizara eraman zuten eta, gaur egun, albo batean dago. Erretaulak bost margolan errenazentista ditu.
6Ermitauaren etxea
Eraikina herri arkitekturaz egina da, toki estrategikoan kokatua, hots, Artzi aldeko aparkalekuaren sarbidean, Andre Mariaren elizaren azpian, bainu-eremuko aparkalekutik hurbil-hurbil, eta Artziko jauregitik hurbil, bai eta erromatar termen indusketetatik ere. Lanen xedea Ermitauaren etxea zaharberritzea izan da Artzi aldeko turismo informaziorako gunea izateko.\n\nElizatik hurbil, beste eraikin baten hondakinak daude. 1970eko hamarkadako agiri batean etxearen izena ageri da: Donetxea.
Artzi: historia
Artzi Ibarrari izena ematen dion jaurerria da. Urrobi ibaiaren ezkerraldean dago, Zandueta eta Nagore artean, gaur egun Itoizko urtegiaren bukaera denez partez urpean dagoen ordokian. Jauregia 595 metroko altueran dago, eta eliza metro batzuk gorago. Jauregia U itxurako hainbat eraikinez osatua dago, eta elizatik hurbil beste eraikin baten hondakinak daude; 1970eko hamarkadako agiri batean Donetxea izenez ageri da.
Biztanleria
Sekulan ez zen jende aunitz bizi. Suen edo etxeen zenbaketaren arabera, 1366an bat zegoen, eta 1819an, berriz, sei. Biztanleetan, 1858-1887 aldian izan zituen gehien: 41, hain zuzen ere. 1960an, 7 lagun bizi ziren eta, handik hamar urtera, inor ez.
Jaurerri honen eta haren jaunen historiari jarraitzea zaila da; izan ere, Ibarrari izena emateaz gain, laster noble aunitzen “abizena” bihurtu zen.
– 1173. Lekukoa. Iruñeko Andre Mariaren elizari egindako errege dohaintza batean lekuko aunitz ageri dira; haien artean, erregeak Aezkoan zuen ordezkaria, “Lope Gimenones in Aezcoa”, eta Artziko bi anaia ere, “Garcia Garceiz et suo germano Lope Arceiz de Arceiz de Arci”.
– 1219. Burgiko jauna. Ohoreak zituzten erregearen jaunen artean, Lope Ortiz de Arce aurkitzen dugu Burgin (Erronkari).
– 1239. Erregearengandik hurbil zeuden nobleen artean, Lope Garcés de Arce aurkitzen dugu.
– 1261. Orreagako Kolegiatak etxe bat erosi zuen Artzin, eta beste dohaintza batzuekin batera, herriaren zati baten jabe egin zen.
– 1368. Erregeari egindako maileguari buruzko 1368ko Nafarroako kontu erregistroan, herri honek «no a labrador» dela adierazten da; kapare bakarra zuen, Adam de Urtubia izeneko bat.
– 1439an, Pedro de Urtubia aipatzen da Artziko jaun gisa.
– 1631. Yanguasek dio Artzik errotagatik zentsu bat ordaintzen ziola erregeari, “Ascárraga, Igunin y Urroz” lekuekin batera.
– 1445. Irailean, Nafarroako gerra zibilean, Vianako Printzea Lizarrara joan zen bere kapitainekin, eta haien artean zegoen “Señor de Arce”.
– 1624-1636. Ahari-bahitzeak. Auritz herriak bi auzi izan zituen Antonio Arce y Agorretarekin, Artziko jauregiko jaunarekin, “carnereamiento”-agatik, hau da, txerriak bahitzeagatik.
– 1753an, Gregorio Ejea da abadea. Urte hartako txostenen arabera, abadiak berrogeita hamar eta hirurogei dukat zilar artean balio zuen; haren hornidura, betidaniko ohituraz, Antonio Oscariz y Arce jaunari zegokion, Iruñeko bizilagunari, lekuaren jaurerri tenporala harena baitzen. Ez zegoen onurarik.
– 1817-1818ko Gorteak. Nafarroako azken aurreko Gorteetan, nobleziaren besoan, “Don Julian María de Oscariz y Arce, Fernandez Bazan, Agorreta y Beaumont” ordezkaria dago, Arce eta Arleta lekuetako jauna, Artzi eta Agorretako armaginen oinetxe jauregien jabe gisa.
– 1819an, Ibarreko hiru jaurerri lekuetako bat da, Amokain eta Olozirekin batera; gainerakoak errege lekuak ziren.
– 1881. Urte horretatik aitzina, haren parrokia Nagoreko San Julianekin bateratu zen.
– 1890. Nafarroako jabeak. Diputazioaren landa-jabeen estatistiketan, jabe handi bat ageri da: Josefa Ozcáriz. Rípodasek (1992) deskribatutako jabetza zerrendaren arabera, Artziko jaurerri zaharraren jabea zen, 6 etxe eta korta batekin, ia 38 hektareako nekazaritza azalerarekin (18 lugorrian eta beste 20 lehorreko laborantzan), eta 7 maizter zituen. Josefa Ozcáriz, gainera, Artzibarko Usotz kontzejuan 13 hektarearen jabea zen, eta Esteribarren beste 30 hektarearena, Olloki, Zabaldika eta Erleta kontzejuetan.




































