Skip links

Hiriberri

📍
KoordenatuakLat: 42.920000 · Lng: -1.32
⛰️
Altitudea780 m
Ikusi Google Mapsen

Hiriberri: artea eta ondarea

1San Andres eliza

Herriaren erdigunean dago Erdi Aroko eliza, XIX. mendean konponketa garrantzitsuak egin zitzaizkiona. Sarrera azken garai horretakoa da, atea inguratzen duten marrazki eta zutabeekin.

Nabe laukizuzen irregularreko oinplanoa du, burualde erdizirkularrarekin. Kaperak ditu alboetan, eta barnealdeak hiru tarte ditu, haiek ere desberdinak. Estalkia parpain-arkuen gainean bermatzen da, eta koruak, zurezkoak, sabai laua du.

Azken urteotan, pintura zaharraren aztarnak aurkitu dira hormetan, baina ez da gehiago ikertu, eta zertxobait hondatuta daude. Elizak ur-jarioak ditu eta egoera ertainean dago.

Sarreraren parean gurutzefika barroko bat dago; monumentuen katalogoaren arabera, aunitz birmargotua izan da.

Bataiarriak Erdi Aroko jatorrizko ontzia gordetzen du, baina oinarria antzinako pulpitu bateko harri berrerabilia da.

XIX. mendearen erdialdean, desamortizazioaren ondorioz, dirudienez Iruñeko San Frantzisko komentutik, erretaula bateko kalitatezko zurezko erliebe batzuk ekarri ziren, eta alboetako kaperetan paratu ziren. XVII. mendearen lehen herenaldeko estilo erromanista berantiarrekoak omen dira. Erliebe batek San Frantziskoren bizitza du gai, eta besteak, originalagoa, su-gurdi baten gaineko santu bat erakusten du, San Elias dela uste dena.

Erretaula nagusia XVII. mendearen lehen erdikoa da, estilo erromanista berantiarrekoa. Mendeetan zehar egindako hainbat lanek aldatu dute, eta jatorrizko egituratik gutxi gelditzen da. Behealdean, koadro txikietan margotuta, lau santu ageri dira: San Saturnino, San Sebastian, Santo Domingo eta San Fermin. Erdiko gorputzean, kalitate oneko hiru tailu ageri dira: Ama Birjina Haurrarekin, erretaulan buru, eta Alcalako San Diego eta San Buenaventura. Burualdearen alboetan, San Andres eta Santa Barbararen bi eskultura barrokok osatzen dute elizako eskultura-multzoa.

2Immatrikulazioa

San Andres parrokia Eliza Katolikoak immatrikulatu zuen 2003ko otsailaren 3an.

3Garbitokia

Auzorik urrunenean, azken urteotan garbitokia konpondu dute auzolanean, eta gaur egun egoera onean ikus daiteke.

Teilatupea eta arropa garbitzeko egokitutako harriak dituzten garbitokiak eraikin berri samarrak dira. Etxeko lanik gogorrenetako bat, kasu honetan emakumeena, arropa etengabe garbitzea zen, normalean ibaian, erreketan edo hurbileko iturrietan, udan zein neguan; izan ere, 1960ko hamarkadara arte ez ziren eskualdean garbigailuak zabaltzen hasi.

4Etxeak

1366. Nafarroako erresumako lehen erroldatzat har liteke. Bertan herriko su kopurua aipatzen da, gutxi gorabehera bizilagunak zituzten etxeen kopurua adierazten zuena, familiaburuaren izenarekin; normalean gizon bat izaten zen, eta batzuetan emakume baten izena ageri da, ziur aski alarguna. Kalkulatzen da su bakoitzeko 4,5-6 biztanle zeudela batez beste. Guztizkoa lortzeko, kapareen eta nekazarien bi zerrendak batzen dira. (Oharra: barra batez bereizten ditugu suak).

VILLANUEUA. Martin Martiniz / Saluador / Lope Urdina / Sancho Sanchiz / Ochoa Martin / Yenego Yeneguiz / Summa: 6 fuegos.

1645-2001 urteak. Oharra: Etxeen egungo azterketa udalaren azterketa-proposamen baten zain dago; laster abiaraziko da, ibarreko etxeen izendapenean irizpideak eguneratu eta bateratzeko. Etxeen azterketa historikorako, Orreaga Ibarraren ikerketari (2002) jarraitzen diogu; hark 1645, 1726 eta 2001eko etxe-izenak jasotzen ditu.

Hiriberri: historia

Hiriberri izenari begira, pentsa liteke herria berri samarra dela, baina, 1366ko agiriaren arabera, sei su zituen. Auzo bat du erdigunean, elizaren inguruan, eta bestea, berriz, zertxobait baztertua; ziur aski, geroago eraikia.

Demografiari begira, 1366ko zenbaketan, sei etxe zituen, eta halaxe iraun zuen mendez mende, sei ere baitzituen 1587an. 1819an, berriz, bat gutxiago, bost. Biztanleetan, berriz, 1887an izan omen zituen gehien, 130 bizilagun (1858ko datuak falta dira) eta, handik honat, gero eta gutxiago, 1960-70eko hamarkadetan zartako latza jaso arte, erroldatuak 70etik 30era jaitsi baitziren. Gero, 43ra arte igo zen 1986an, baina gero, berriz ere beheiti (23, 2012an).

– 1751. 1751ko eliz txostenen arabera, “Esta unida esta iglesia a la de Arrieta, y es Abad don Juan Miguel de Vizcai. Vale la abadia sesenta ducados de plata. Toca su presentacion libremente en todos los meses del año por costumbre inmemorial a los vecinos de este lugar, que con el de Arrieta componen concexo. La colacion al Ordinario, como se hizo relacion en dicho lugar de Arrieta en la letra A.”

This website uses cookies to improve your web experience.