Imizkotz: artea eta ondarea
1San Pedro eliza
Monumentuen katalogoak dio XIX. mendeko eraikuntza izan daitekeela, Erdi Aroko arrastoak aprobetxatuta. Nabe bakarra du, eta hilerria, sarreran. Fatxadan badago trazu xaloko erliebe txiki bat, hots, Ama Birjina eder bat, Haurra ondoan duela.
Barnealdean, estalkia zurez dago dinteldua. Koru txikia ere zurez egina da. Barnealdean, ate gainean, badago armarri noble bat, baina ezin jakin oraingoz zer jatorri duen.
Agian, bataiarria da elizak Erdi Arokoa duen gauza bakarra.
Lau irudi dira buru. Ama Birjina eseria gotikoa da, eta Haurra, berriz, irudi barrokoa. Halaber, Santa Ageda dago, XVI. mendean zizelkatua, eta beste bi irudi barroko, hots, San Pedro eta beste Ama Birjina bat, Haurra duela. Monumentuen katalogoaren arabera, kalitatez eskasak dira.
2Immatrikulazioa
San Pedro parrokia, Eliza Katolikoak 2003-II-3an immatrikulatua.
3Salbatore eta Santiago baselizak
Agiri zaharretako toponimian, San Salbador edo San Salvador ageri da 1734, 1747 eta 1834an. Gaur egun, ez dago bildurik lotura duen toki-izenik; agian, alderdi horri, gero, “collado de la Joxepita” erran zitzaiolako erdaraz. Santiago baseliza Juandetxako erran izan zaion mendirako bidean zegoen. Gaur egun, toponimia ofizialean, Jaun Done Xakue erraten zaio, eta 1.201 metro ditu garaieran.
Bi baselizen deskribapena egiteko, López Sellesen oharrak ekarriko ditugu hona, 1952ko azaroan ibili baitzen baselizak zeuden kokalekuetan.
“Salbatore. Baseliza hau egun «el collado de la Joxepita» deitzen dioten lepoan zegoen. Izen bereko emakume bat leku horretan hil izanari zor zaio izena. Aztarna batzuk gelditzen dira, ezpelen artean, Gorraitzera doan bidean. Lekua bi herrien arteko muga da, eta horrek pentsarazten dit izan ote daitekeen Gorraizko baseliza berbera, adbokazioa ezberdina izanik ere. 1.020 metro, gutxi gorabehera. (B. 1952-11-29.)
Santiago. Gaur egun, desagertua da. Mendiko bidean egon zen. Zimendatze aztarnak gelditzen dira, bai eta harri landuak ere. Duela berrogeita hamarren bat urtera arte, jendea erromerian joaten zen leku horretara, Mendekosteko bigarren egunean, ordurako hondatua bazegoen ere. Santuaren irudia eramaten zen, gaur egun parrokian dagoena. 1.220 metro, gutxi gorabehera. (B. 1952-11-29.)”
4Etxeak
Etxe gutxi daude, guztiak ere eraikuntza ederrak, erdi-puntuko atariak dituztela, harriz eginak. Eraikin bat hondatua dago; agian, lehenago jauregia izandakoa, Erdi Aroko leiho ederra agerian.
1366. urtea. Nafarroako erresumako lehen errolda dela erran genezake. Bertan, herriko su kopurua aipatzen da, gutxi gorabehera bizirik zeuden etxeen kopurua adierazten zuena, familiaburuaren izenarekin; normalean gizonezkoa izaten zen, eta zenbaitetan emakume baten izena ageri da, ziur aski alarguna. Kalkulatzen da su bakoitzean batez beste 4,5-6 biztanle zeudela. Guztizkoa ateratzeko, kapareen eta nekazarien bi zerrendak batzen dira. (Oharra: barra batez bereizten ditugu suak).
YMIZCOZ. Garcia Xemeniz / Yenego Xemeniz / Garcia Yriarte / Domingo d’Ustes / Summa: 4 fuegos // Xemen Garcia / Summa: per se.
1645-2001. urteak. Oharra: Etxeen egungo azterketa Udalaren proposamen baten zain dago; laster abiaraziko da, ibarreko etxeen izendapenean irizpideak eguneratu eta bateratzeko. Etxeen azterketa historikorako, Orreaga Ibarraren ikerketari (2002) jarraitzen diogu; 1645, 1726 eta 2001eko etxe-izenak jasotzen ditu.
Imizkotz: historia
Gaur egun, pista asfaltatu batean barna iritsiko gara herriraino, Gorraitzeraino doana. Bide zaharra, berriz, Urrobiko herri hustutik igotzen zen zuzenean.
Herri txikia izan da. Izan ere, 1366ko zenbaketaren arabera, bost su edo etxe izan zituen 1366an (inoiz baino gehiago). 1819koan, berriz, hiru. Biztanleriari dagokionez, 1786tik 1858ra izan zituen gehien, 46 eta 48, hurrenez hurren. Handik aitzina, jende kopurua poliki jaitsi zen, baina ikaragarri 1950-70 artean, 29 erroldatu izatetik 6ra pasatuta.
Iragana, meatzaritzari lotua.
Igoera hasi bezain laster, kobre lantegi baten hondakinak aurkituko ditugu, XIX. mendekoa, Urrobi herri desagertuko baselizarekin nahasita. San Bartolome ermita da (ikusi Urdirozko azalpena) eta, zenbaitetan, jauregia zela erran izan da. Meategiak Urrobi herrikoak ziren, laster jendez husturik gelditu zena. Urdirotzek eta Imizkotzek Urrobiko lurrak landu eta, gero, bereganatu zituzten.
Aipatu beharra dago nahasmendu historikoa gertatu dela Imizkotz inguruko meategiak kokatzeko orduan. Hasieran, badirudi gehienak Urrobi herrixkatik hurbil zeudela, baina Urrobi jenderik gabe gelditu zenean, herri mugakideek lur haiek landu eta, gero, banatu zituzten. Horregatik, aunitzetan, Urrobiko meategiez mintzatzean, herri batean edo bestean kokatzen dira, zenbaitetan argi izan gabe zer administrazio-lurraldetan dauden.
– 1261. Urte hartan, María López de Murillok Imizkotzeko bi kolazo eman zizkion Orreagako kolegiatari (morroi gisa).
– 1262-IV-22. Andre Çuria emakumeak eta haren senar Tomásek etxe bat eman zioten Orreagako kolegiatari, Iruñeko Nabarreria auzoan. Agirian, Andre Çuria “Cauiel de Imiçcoç”-en alaba gisa aurkezten da.
– 1262-IV. Peitauinak, haren senar Jimeno de Orozek eta haien seme-alabek Aurizko hainbat etxe eman zizkioten Orreagako kolegiatari. Lekukoen artean: “Arnalt de Adassa, Semen de Oroz, Miguel de Azparren, Lop de Imizcoz, Garcia de Gorraiz, D. de Arrieta cruziller…”
– 1309. Urte hartan, Xemen Sánchezek Gorteko alkateen aurrean adierazi zuen Imizkotzeko kolazoak kolegiatarenak zirela.
– 1330. Isuna, zauritzeagatik. Lope de Miscoz mandazainari hiru mando eta zaldi txar bat konfiskatu eta saldu zizkioten isun gisa, zeren, Ochoas Garciarekin batera (Garssia de Garayoaren semea eta Aurizko bizilaguna), Sancho Garssia zauritu eta ia hil baitzuten.
– 1477. Imizkotzeko “Asarategui” etxeko nagusiak betiko urteko zentsuan hartu zuen, lau gari-errobo ordainduta, Orreagako kolegiatak Urrobi herri hustuan zuen etxe bat eta ondasunak.
– 1652-XI-1. Imizkotzeko jauregiaren jabe Miguel Andrések Gorteari eskatu zion bi ofizial izenda zitzala, jauregia konpontzeko behar ziren lanak baloratu eta aurrekontua egin zezaten.
– 1751n, elizako txostenen arabera, Imizkotzen “Es abad don Francisco Sarriguren. Vale la abadia cinquenta ducados de plata. Toca su presentacion libremente en todos los meses del año por costumbre inmemorial al lugar. La colacion al Ordinario. No hay beneficios.” (Hau da, herriak berak aurkezten zuen abadea, betidanik zuen ohituraz).
– 1794. Herria erre zuten. 1794ko urrian, Frantziako tropa iraultzaileen erasoaldi handi batek sutan utzi zuen Nafarroako Pirinioa: Otsagabia, Luzaide, Garaioa, Garralda, Auritz, Etxalar… Artozki eta Imizkotz ia osoa. Orreaga Ibarrak (2011) transkribatutako zerrendak dio Artozkin hamahiru etxe eta borda bat erre zirela, eta Imizkotzen hiru etxe eta jauregi bat. Irakur dezagun Imizkotzen erretakoa: “el Palacio de todo quemado con su Pajar Id… la Casa de Iriarte quemada del todo y dos Pajares Id… La casa de Sanchotena la mitad quemada y dos Pajares Id… la casa de Asiateguy una partida, y dos Pajares del todo.”
– 1898. Basozaingoa. Foru Diputazioak baso-zerbitzua berrikusi zuen, bere barruti eta zaindariekin, eta Artzibarren Nagore eta Imizkotz hautatu zituen basozainen egoitza izateko: “12.a DEMARCACIÓN. Comprende el valle de Arce. Se le asignan dos guardas, uno de los cuales residirá en Imízcoz y el otro en Nagore. Su presupuesto parcial es de 1.368,75 pesetas.”
– 1986-91. Kontzeju tutoretuak eta desagertuak. Toki-administrazioari buruzko foru-legearen ondorioz, herri batzuk kontzeju izatetik kontzeju tutoretu izatera igaro ziren, eta 1991n, are, batzuk desagertu egin ziren. 1986an, kontzeju tutoretuak dira
– 1995. Nafarroako gaztainadiak. Nafarroako Gobernuak Nafarroako gaztainadi garrantzitsuenei buruz egindako txostenetan, Goizuetako Urumea ibaikoak, Luzaidekoak, Ultzamakoak, Bidasoako errekakoak, Genevillako mendetakoak eta beste baso txikiago baina garrantzitsu batzuk aipatzen dira, hala nola Eugikoak, Abaurregainekoak eta Imizkotzekoak. Gaur egun, ez dirudi bertako gaztainadia hain egoera onean dagoenik.




















































