Skip links

Urrobi

Egilea: Mikel Belasko
Egilea: Mikel Belasko

Toponimia

Urrobi
Urrobi · Ezagutu herria →

Ibarra eta ibaia estu lotuta daude, eta batzuetan haien izenak bat datoz, Erro eta Zaraitzu kasuetan bezala. Artzibarren, ordea, ez da hori gertatzen. Alde batetik, bi direlako ibar honi bizia eman dioten ibaiak, eta, bestetik, bien izenak ez datozelako bat Artzirekin: Urrobi eta Irati. Murgil gaitezen Urrobiko uretan!

XIX. mendean ibai honek bi izen zituen: Artxura eta Urrobi. Urrobiren esanahiari dagokionez, ibai bati buruz ari garenez, norbaitek pentsa dezake hasierako ur- horrek ura adierazten duela, Urederra ibaiaren kasuan bezala. Baina euskaraz argi bereizten dira ur- eta urr-; beraz, ur- (ura) baztertuko dugu. Urrobi ibaiaren izena gaur egun hustua dagoen Artzibarko herri batetik dator. Herri izan zen Urrobi horrek mugak izan ditu duela gutxi arte, bai eta bere toponimia ere. Urrobin meategiak izan ziren, eta badago Zilarzilo izeneko leku bat, meategi haien kalitatea adierazten diguna. Horregatik uste dugu Urrobi izenean urre ‘metal hori gorrixka’ eta hobi ‘zuloa’ ditugula. Hau da, herriaren (eta ibaiaren) izena gure gizartean gehien preziatzen den metalari lotuta dago: urreari. Alde batera utziko ditugu, beraz, urrak, zuhaitza zein fruitua, fonetikaren ikuspegitik azalpen bikaina izan litekeen arren.

Bestalde, Urrobiren kasuan baztertu dugun ura Artxuran aurkitzen dugu. Hala ere, ez dugu Artxura izeneko lekurik aurkitu Urrobiren ibilbidean. Horrek, -ura bukaerarekin batera, Errorekin alderatzera eramanen gintuzke: Artzi ibaia edo Artxura! Ez da % 100 ziurra den azalpena, baina sendotasuna du. Artxura (Urrobi) ibaiak Artzitik gurutzatzen du ibarra, eta logikoa litzateke herri horren izena hartzea. Iratik, adibidez, ez du gauza bera egiten. Egia da Artzura espero genezakeela eta ez Artxura, baina egia da, halaber, Archura izena XIX. mendeko Nafarroako hiztegietan baizik ez dela ageri, eta ez dakigula nondik lortu zuten informazio hori: inguruan erabiltzen zen izena zen ala agiriren batean jaso zuten. Beraz, ez dakigu zer irizpiderekin erabili zuten euskal izen hori gaztelaniaz.

Laburbilduz, Urrobi izenak urrearen balioa du, eta Artxura, berriz, Artziri ospea eman nahi izan zion izena da.

Herria gaur

Urrobi irudietan

UrrobiUrrobiUrrobiUrrobiUrrobiUrrobiUrrobiUrrobi