Skip links

Uritz

📍
KoordenatuakLat: 42.870000 · Lng: -1.35
⛰️
Altitudea650 m
Ikusi Google Mapsen

Uritz: artea eta ondarea

1San Saturnino eliza

Herriaren goialdean kokatua dago, XII. mendekoa da eta, ondotik, hainbat berrikuntza egin zitzaizkion; XVI. mendean, bereziki. Oinplano laukizuzena du, bi tarte desberdinez osatua eta burualde laua. Zurezko korua kanoi-ganga batek dago estalia eta, gainerakoa, gurutzeria soil baten bidez. Ama Birjina eta Haurraren tailu gotiko bat dago, XIII. mendekoa. San Blasen erlikia-ontzi bat ere badago, XVII. mendean ondua, zur polikromatuzkoa.

2XII. mendeko Dorre-Jauregia

Elizaren oinetan, ibarreko Erdi Aroko dorretxerik handiena dago zut. Uriztarren leinuaren oinetxea da. Armarria hiru zerrenda urdin dira, urrezko eremuaren gainean, zizelkatuak, Lope Martinez Urizkoa izeneko zaldunak 1279an jada erabilia.

1949an Kultur Intereseko Ondasun izendatua, guztiz hondatua zegoen, harik eta Nafarroako Gobernuak erosi eta goitik behera zaharberritu zuen arte, duela 15 urte. Orain, luxuzko ostatua da landa-ingurunearen erdian.

3Karmengo Andre Mariaren baseliza

1802ko hiztegiak dio irudia, XIII. mendekoa, elizara eraman zela. Ez dago argi kokapen zehatza, baina Lakabeko bidean, badira baseliza oroitarazten duten toki-izenak: Elizazar, Ermitaldea, “Altico de la ermita” eta Ermitondo.

4Gurutzeak

Espozko bidean, Uroa herri hustuaren ipar-ekialdean, Gurutzegaina toki-izena dago jasoa, inguruan egondako gurutze edo hilarriren baten adierazgarri. Agiri zaharretan, 1892an, “cruz de Lacabe” (Lakabeko gurutzea) toki-izena dago aipatua, Uritzeko dermioan.

5Immatrikulazioa

Eliza Katolikoak 2003ko otsailaren 3an immatrikulatu zuen San Saturnino parrokia.

6Errota

Garcíaren kronika (1998) ekarriko dugu hona herriko errota nolakoa zen jakiteko: “Gaur egun, ibaiaren eskuinaldean, garai bateko eraikin nagusiko hormetako zimenduak daude agerian. Urdirotzera joateko bidexkaren ondo-ondoan zegoen kokatua. Alderdi horri “El Molino”, “Errotaldea” eta “Errotaondoa” erraten zaio. Nagoreko Huarte Ilarraz familiak utzitako agiri bati esker (egungo jabeak baitira), badakigu errotak zer neurri zituen eta zein ziren erabiltzen ziren tresnetako batzuk. Agiria notario-akta bat da, 1902ko maiatzaren 1ean Vicente Sancho Zapater jaunaren aitzinean emana.”

Uritz: historia

Karrika nagusian badira arku zorrotzeko hainbat atari, guztiak ere gotikoak, eder-ederrak, bai eta zenbait leihate biki eta armarri ere. Ordoki batean dago, 625 metroko altueran.

Demografiari begira, etxeen zenbaketetan, 17 zituen 1366an, eta 16, 1819koan. 1858an izan zituen biztanlerik gehien, 169 lagun, eta orduz geroztik, behera hasi zen zertxobait eta, ibarreko gainerako herrietan bezala, biztanle kopurua ziztuan jaitsi zen 1950etik 1970era bitarte, bai eta 1980ko hamarkadan ere, 121 biztanle izatetik 52ra eta 25era erori baitzen. Azken urteotan, hortxe dirau.

Aipatu beharra dago 1366ko zenbaketan, ibarreko herri handiena zela. Gainera, bizilagun guztiak noble zireneko herri bakarra zen.

Historia

Dorreen arkitektura defentsiboari lotutako historia.

This website uses cookies to improve your web experience.