Artzibarko historia
Beste arlo batzuk bezala, historia ere atzendua dago gure Ibarrean. Ez da tokiko ikerketarik eta, gainera, ez dago gure ibarrari buruzko aipurik Nafarroako edo eskualdeetako ikerlanetan. Artzibar ia ez da existitzen ere eta, aunitzetan, Orreaga aldea, Pirinioaurrea, mendebaldeko Pirinioa eta abar erraten zaio, datu orokorrak azaltzeko orduan. Horren ondorioz, herrien bizitzez gain, ibarraren bizitza bera ere uzten da ikusezin.

Gizakia historiaurretik bizi da Artzibarren. Megalitoen aztarnek eta erromatar garaiko aurkikuntza berriek adierazten dute jendea etengabe bizi izan zela Erdi Aroraino. Aro horretan, badirudi barne mugimenduak gertatu zirela biztanlerian, hainbat herri eta baserri agertuta eta desagertuta, dela demografia urriaren ondorioz, dela bizi-baldintzak hobetu zirelako. XIII. menderako, ibarraren eta herrien izenak ezagutzen ditugu. Bazen mugimendua, bazen ekonomia, hots, aziendari lotuagoa iparraldean, eta nekazaritzari lotuagoa, hegoaldean. Mahatsondoa barne, hainbati arraroa irudi balekioke ere.
Nafarroako XV. mendeko gerra zibiletan, ibarra bandoz aldatu zen behin baino gehiagotan, gerran ziharduten bertako nobleen joeren arabera. Ibarra, gainera, inongo bandotan ere ez zen nabarmendu, Gaztelak Nafarroa konkistatzea erabaki zuenean. Hainbat arrazoi izan zirela medio, ez zen aukerarik izan errege-erregina legitimoen alde ekiteko: biztanleria urria, zapalkuntza, eta tropa gaztelarrek hurbil dagoen Auritz hainbat aldiz hartu izana inguru guztia kontrolatzeko.
Konkistaren ondotik, 1793ra arte, ez zen gerra hotsik izan oro har, XVIII. mendearen hasierako Ondorengotza Gerra kenduta, ahaztu gabe garai hartako jendea pobrezian bizi zela.
1793-1876 aldia, ordea, gerra garaia izan zen, eta tropa lagunek edo etsaiek denetariko txikizioak egin zituzten ibarrotan: fusilamenduak, jendea derrigorrez errekrutatzea, lan behartuak, bortxaketak, etxe eta herri erreketak, bahikuntzak (ondasunak, dirua, janaria, azienda…).
36ko altxamendu faxistaren eta horrek piztutako gerra zibilaren bezperan, jendearen bizimodua XIX. mendearen antzekoa zen, landa-mundua osoa atzeratua baitzegoen, ia modernotasunik gabe. Gerraren eta ondotik etorritako diktaduraren ondorioz, bizitza beldurrezko film bat bezalakoa izan zen, zuri-beltzezkoa. Garai hartan, estraperloari eta kontrabandoari esker (muga hurbil baitago), batzuek etxeko ekonomia urria hobetzeko modua izan zuten, susto bat baino gehiago gorabehera. Demografiari dagokionez, ibarrak 1786an goia jo zuenetik (1.893 biztanle), biztanleriak beheiti egin zuen pixkanaka baina etengabe. 1900ean, oraindik ere 1.380 biztanle zituen, baina jauzirik basatiena 1950etik 1970era gertatu zen, jende olde izugarriak alde egin baitzuen hirietarantz. Ondorioz, 1.050 biztanle izatetik 320ra igaro zen, biztanleriaren herena baino gutxiago geldituta.
Izan ere, Iruñea eta Iruñerria industrializatzearen ondorioz, Artzibar eta hurbileko Agoitz-Irunberri aldea (Urraulgoiti, Urraulbeiti, Erromantzatua, Longida, Lizoain…) hustu egin ziren, herri hustuen kopurua ikaragarri handituta.

1
Megalito- eta hileta-ondarea
Tokiko adituek gidatutako ikerketa kanpainei esker, izugarri handitu da monumentu megalitikoen katalogoa. Hona hemen Ibarrean gaur egun dugun arkeologia-inbentarioa:
- 21 trikuharri eta tumulu bat, talde hileta-jarduketen erakusgarri.
- 3 iruinarri eta zista bat, garai hartako biztanleen konplexutasun sinbolikoaren adierazgarri.
- 2 harrespil. Burdin Aroko errituei lotutako egitura biribilak dira.
2
Jendeztatze protohistorikoa
Metalen Aroranzko trantsizioaren erakusgarri, gainetan gotorturiko hainbat kokaleku aurkitu dira. Horrelako herrixkak estrategikoki zeuden kokatuak lurraldea kontrolatzeko eta baliabideak aprobetxatzeko, eta haien defentsa-topografia dute bereizgarri:
- Gorraizko herrixka (Gaztelua): Biskaxun mendian kokatua.
- La Peña eta Asnotz herrixkak: Zandueta, Artzi, Uritz eta Nagore aldea begipean duten kaskoetan kokatuak.
3
Erromatar garairanzko trantsizioa
Baieztatu da erromatar galtzada bat zegoela Urrobi ibaiaren ibilbideari jarraikiz. Zaragozatik etorriko zen, Agoitzen barna, eta Urrobi ibairantz joanez, Aurizko zelaietaraino iritsiko zen. Handik Ibañeta aldera jotzen zuen, erromatar garaiko galtzada-trazatu berri baten bidez, Luzaideko ibarrean beheiti jotzeko.
Erromatar garaia
Galtzada K.a. I. mendearen inguruan egin zen, sei eta zortzi metro bitarteko zabalerarekin eta bide osoan ez zuen % 6tik gorako desnibelik. Armadak, postak, salgai astunez beteriko gurdiak eta beste ibili ziren galtzadan barna, harik eta Erromatar Inperioa erori zen arte. Hondatzearekin batera, gero eta gutxiago erabili zen. Hala ere, ferra-bidetako erabili zen XIX. mendearen bukaerako eta XX.aren hasierako errepide berriak agertu arte.
Ibilbidean, gainera, sei miliarri aurkitu dira. Harrizko mugarri horiek milia (milla passum) bakoitzaren ertzean paratzen ziren, hau da, 1.481 metro bakoitzeko. Haietan, grabatu edo margoen bidez, galtzada eraikiarazten edo konponarazten zuen enperadoreari buruzko informazioa ematen zen edota zer-nolako tartera zegoen hurrengo mansio (galtzadako geralekua) edo civitas (herria) direlakoak.
Azterlanek diote giza talde haiek urtaroka eta etengabe baliatzen zituztela ibarretako natur baliabideak, gainetan kokaturiko herrixketan komunitate antolatuak ezarriz. Baskoien lurraldera iritsitako erromatar espedizioek gizarte eta lurralde arloko egitura horiek aurkitu zituzten, K.a. I. mendean; une hartan, jendeztatzea berrantolatzeko prozesua hasi zen, horren ondorioz, gainetako biztanleak pixkanaka ibar zolako ardatz logistiko eta ekonomiko berrietarantz eramanda.
Erdi Aroa: egitura soziala eta geopolitikoa
Erdi Aroan, Artzibarko administrazioa finkatu zen eta protagonismo estrategiko handia izan zuen. Izan ere, arkeologia-aurkikuntza berrien eta antzinako kartografiari buruzko azterlanen arabera, ikusi da ibarrak garrantzia izan zuela eta Nafarroako Erresuma egituratzeko ardatz bat izan zela.


Mugarri historikoak
778. urtean errotik aldatu ziren gauzak, Orreagako Guduaren ondorioz. Izan ere, baskoiek behar bezalako ahalmena izan zuten Karlomagnoren armadaren aurka borrokatzeko, eta horrek adierazten du antolamendu sozial eta militar aurreratua zutela, sortzeko zorian zegoen Iruñeko Erresumaren aitzindaria. Gero, VIII. mendetik XII.era, ibarra “kokaleku-laborategi” bat bezalakoa izan zen. Izan ere, presio demografikoak, izurriteek eta mugaldeko gatazkek eraginik, hainbat kokagune agertu eta desagertu ziren (Irizar eta Ekieta, adibidez), egungo herrien mapa osatuta.
Aldaketa horiez haratago, ordea, Ibarrak jakin izan du gordetzen bere nortasunaren funtsezko osagaiak, tradizioaren eta egokitzapenaren arteko orekari eutsita.
Administrazioaren eta demografiaren bilakaera
Artzibar egitura konplexuko unitate administratiboa izan zen. Horrela, XI. mendetik aitzina, erregetzaren ordezkariek –hala nola, Lope Gartzesek eta Eximio Artzeitzek– ibarraren gaineko eskumena izan zuten, justizia kontrolatuta eta zergak bilduta. Errolda “su”en arabera zegoen antolatua (familia-unitateak). Bada, ibarrak 127 su zituen 1366. urtean, eta 210, berriz, 1819an.

Jaunen eta elizaren erregimena
Egitura sozioekonomikoa sakon zegoen lurraren jabetzari lotua. Mezkinoen eta nekazari-morroien figurak dira nabarmentzekoak. Morrontza bidez lurrari atxikitako nekazariak ziren. Erakunde handiek –hala nola Orreagako Kolegiatak eta Leireko Monasterioak– eta noble-leinuek Ibarreko ondarearen zati handia kudeatzen zuten, dohaintza eta errentamenduen bidez.
Gatazkak eta nobleen leinuak
Behe Erdi Aroan zehar (XIV.-XV. mendeak), Ibarra familia-leinu handien eraginpean egon zen, hala nola Artzitarrak eta Uriztarrak. Nafarren gerra zibilean (1451 eta 1464), agaramontarren eta beaumondarren artekoan, hau da, erregearen aldekoen eta Vianako Printzearen aldekoen artekoan, herriak eta ibarrak bi bandotan zatiturik egon ziren.
XVI.-XX. mendeak: gizartearen eta ekonomiaren bilakaera, eta mugaldeko gatazkak
Aro Modernoan zehar, Artzibar are garrantzitsuagoa izan zen Nafarroako Erresumaren Pirinioetako muga defenditzeko tenorean, behin Gaztelako Koroan sartu eta gero. Mende haietan, prekarietate ekonomikoa izan zen ezaugarri, bai eta kaparetasun kolektiboaren aldeko borroka eta gerra egoera etengabea ere.
Biziraupeneko ekonomia
Pirinioetako eguneroko bizitzak eskasia izan zuen ezaugarri. Ehiza funtsezkoa zen elikadura osatzeko, nahiz eta jarduera hura zorrotz arautua zegoen eta, oreinari dagokionez, nobleek baizik ez zuten zilegi huraxe ehizatzea, eta maiz, bizilagunei isunak paratzen zitzaizkien. Ekonomiari begira, mugarria izan zen 1568. urtea, ibarrak petxa berrerostea erabaki baitzuen, hau da, Artiedako jaunari ordaintzen zitzaion zorra (jaun-zorra). Zenbatekoa 4.580 dukat urretan izan zen. Diru alde izugarria izan zen. Horrek eta urte haietako uzta txarrek eraginda, krisi ekonomiko latzak jendea erdi-erditik jo zuen.
Ibarra, bastioi militarra
Mugaldea zenez, Artzibarko biztanleek “bortuko soldadu” izaera zuten, Pirinioetako edo Bortuetako pasabideak defenditu behar baitzuten:
- Egitura militarra: Ibarreko alkatea gerra-kapitaina zen, eta urtero “alardeak” egiten zituen Nagoren, hau da, armak berrikusteko ekitaldiak.
- Kontraforuaren aurkako erresistentzia: XVII. eta XVIII. mendeetan zehar, Ibarrak bere foruen alde egin zuen Koroaren eskakizunen aurka, zerbitzu militarrean gehiegikeriak salatuta eta legeak ezarritako mugetatik kanpo emandako zerbitzuen ordainez kalte-ordainak eskatuta.
- Zerbitzu osagarriak: borroka egiteko mobilizazioez gain, jendea funtsezko lan logistikoak egitera behartzen zuten. Adibidez, 1823ko espedizioan, bideetako elurra kendu behar izan zuten artilleriarako edota azpiegitura estrategikoen defentsa prestatu, hala nola Eugiko arma olarena.
Gerra kronikak (1793-1876)
XVIII. mendetik XIX.enera arteko aldia bereziki latza izan zen, gerrak etengabe piztu baitziren ia hogeita hamar urtean, biztanleria eta ondarea txikituta:
Konbentzio Gerra (1793-1795)
Urterik suntsigarrienak izan ziren. Ibarrak biztanleriaren % 12 galdu zuen, eta tropa frantsesek herri aunitzetako (Artozki, Imizkotz, Arrieta) jauregiak, etxeak eta bordak erre zituzten.
Frantsestea (1808-1814)
Nafar gerrillaren jarduera nabarmendu zen (Espoz y Mina, Krutxaga). Ibarrean mugimendu estrategikoak izan ziren, bai eta frantses garnizioen aurkako erasoak ere. Bi bandoek, gainera, zerga handiak ordainarazi zizkioten eta azienda bahitu zuten.
Karlistaldiak eta gerra errealistak
XIX. mendean zehar, ezegonkortasun politikoak iragaitzako eta etengabeko kuartel gune bihurtu zuen Ibarra, “muga bizi” gisa zuen eginkizuna XIX. mendearen bukaerara arte sendotuta.
















